|
Bilintx
PAGINAS INEDITAS EN PROSA (1)
I
Zuk badakizu zierto, egiyetan eta txit asko maite zaitutala, bañan alare zuk uste alako milla biderrez aundiyago da zuganako nik sentitzen detan naitasuna, iñork sekulan sentitu ez dezaken añakua.
Neri etzait gogoratzen ez beste ezer, eta ez beste iñor; zu bakarrikan zauzkat beti goguan minutu batian ere paltatu gabe, ala egunaz nun gabian. Zuk bakarrik betetzen dezu nere pentsamentu guziya.
Zu zera neretzat guziya mundu onetan. Zu zera nere osasuna, nere asnasea, nere bizitza, nere eliza, nere zerua eta nere gloriya.
Jaungoikoak berak bi eskuakin jaso ala naitasun jarri zuen nere biotzian zuganako.
Eguzkia ispilluan bezela sentitzen eta ikusten zaitut nere animan; izarra urtan bezela nere pentsamentuan, eta niniya begiyan bezela zauzkat nere biotzaren erdian.
Ez du txoriyak sentimentu geyago artzen, bere umeakin zeukan kabia norbaitek ostu dion meriyo, palta arkitzen duen denboran, nola nik artzen detan zu merezi izateko diña ez naizela gogoratzen zaitan bakoitzian.
Pentsamentu neretzat danik tristiena orrek ixuri arazi dizkitan malkotan estali liteke mendi bat.
Ikusi:
“Colección de J. Manterola”, 43’garren orria, eskuz idatzia.
“Cancionero Vasco - J. Manterola, 2.ª serie, Tomo I, Abril de 1878”.
“Bilintx - Neurtitzak eta neurri gabeko itzak, 1911, Donostia’n, Martin, Mena y C.ª’ren etxean”, Euskal-Esnalea’k argitara-arazia.
Iru auetatik lendabizikoan, Manterola’ren bertso bilduman, 41 ta 42’garren orriak falta dira. Norbaitek artu ta indarrez atereak dira. Orri oyetan zeuden zati auek, lenengoa ta bigarrena oso osorik ta irugarrenaren erdia, “...batian, sentitzen det barrena...” dion ortaraño.
Urrengo iru zatiak ere emen aitatu ditugun tokietan arkitzen dira, beste iñun ez, guk dakigunez beintzat. Beraz, bakoitzean aitatzerik ez du merezi, ta ez degu egingo.
II
¡Maitiago zaitut...! ¡txit maite zaitut, ezin esan aña maite zaitut! ¡Jesus! ¡au maite zaitut! ¿Badakizu zergatik egiten detan, zu zerala meriyo, ainbeste negar? Zergatik ni zuretzako argizaya naizen, eta zu neretzako eguzkiya zeran, eta eguzkiyak argizaya nola ez du urtuko?.
Arduaren edo beste zerbaiten espiritua ¿ikusi al dezu beñere su eman ta garretan?.
¡Ura gar polita egiten du!.
Begira zazu bada: biyotz nerean dago amoriyuaren zumua, amoriyuaren espiritua biyotz nerean dago, eta nola zu zeran nere eguzkiya, zure begiratuak neretzako eguzkiyaren errañuak dira, eta errañua oyek piztutzen dute nere biyotzeko amoriyuaren espiritua ori, eta zure onran garretan dago, gau ta egun, eta lenago ilko naiz ni, au itzaliko dan baño.
Zu zera nere aingeru guardakoa. ¡O! ¡Zer ona zeran neretzako!.
¡Ni penatzen naizenian, zu, nik merezi gabe, nitzaz kupitu egiten zera!.
Berinkatuak izan ditezela bein eta milla bider, zuri dizutan naitasuna dala meriyo, pasa ditutan penak, zuri dizutan amoriyuagatik ixuri ditutan malkuak, zergatik guztiyak merezi dituzun, eta geyago ere bai, eta milla bider geyago, eta oraindikan ere geyago. Eta orla ta guzti’re, etzaude niganako ezere zorretan, zergatik zuk itz batekin, begiratu batekin, tontorka ta gañezka pagatzen nazu.
¡Noiz iritxiko ote da eguna nerea izango zaitutana!.
¡A zer kuidaduakin gobernatuko zaitutan! ¡a zer bizi-modutxua eman biar dizutan! ¡A zer alegiñak egingo ditutan zu kontentu irukitzeko!.
Mayian zu izango zera lenbizi serbitua. Zuretzako izango da gauzik onen guziya.
Esnea degunean zuretzako tela, mamiya degunean zuretzako gaña, eta sagarrak, udariak, muxikak edo zerbait orlako degunean, zuretzuko piñenak, zuretzako aundiyenak, zuretzako ederrenak. Eta intxaurrak ditugunean, nik puskatuko ditut, eta azalak atera ta mamiyak jarriko dizkizut aldamenean; eta gaztañak ditugunean, nik txurituko ditut zuk jan bear dituzunak.
III
Esan zadazu, Juanatxo: zuregana natorrenian, etxe au ikustiakin bat, ¿zerk egin arazten diyo nere biyotzari balantz?; eta barrena sartzerakuan errespeto aundiz, eliza batera sartzen banitz bezela, ¿zerk eraman arazten dit eskua burura, txapela erazteko desiotan, zer egiten detan ere azturik? Eta zuk arpegira begiratzen dirazun denboran ¿zerk begiratu arazten dit lurrera?; eta izketan asitzen banaitzazu, ¿zerk ematen dit toteltasun ura?.
Ez dakizula diyozu, eta ojala bazeneki: bañan zuk jakin ez arren nik dakitan kasuan, ¿naizu kontatzia?.
¿Bai?.
Ea bada. Jarri zaite aditzen.
Ikusi al dezu beñere baratza batian, bere txortenaren puntta-punttan, graziyazko patxaran koloka dabillen lore bati aize goxozko baga batek nola eragiten diyon balantz?.
Modu artara bertara nere biyotza dago esperantza medar baten gañian, eta etxe au ikusten detanakin batian sentitzen det barrena nola sartutzen zaitan poztasunezko baga bat, zeñak eragiten diyon nere biyotzari balantz, aiziak loriari bezela.
Sartzen naiz etxe ontara eliza balitz bezela errespeto aundiz, zergatik etxe ontan bizi dan aingeru bat nere sentira guziyakin adoratzen detana, eta ikusten zaitutan aldiro aztutzen zaizkit beste gauza guztiyak eta etzait gogoratzen zu adoratzia baizik; argatik eramaten det esku bat burura txapela erazteko desiotan, zer egiten detan ere azturik.
Illargiyaren argiya balkoi bateko kristaletatik gela batera iragazten dan bezela ixil ixilik eta gozo gozo, zure begiratuaren gozotasuna iragazten zait begiyetatik biyotzera, biyotzetik banatzen zait sentira guziyetara, lore ontzi bateko buketaren usaya sala guziyan banatzen dan modura; opiyua balitz bezela lo-arazten dit kordia, kentzen dizkit zuri begiratzeko indarrak, eta argatikan begiratzen det lurrera, zuk arpegira begiratzen dirazun denboran.
Eguzkiyak landariari zumua eraten diyon gisara, nere begiyak eraten dute zugandik amoriyo gozo bat, zeñak utzitzen nauben orditu banitz bezela; amoriyozko orditasun arrek ematen dit toteltasun ura zurekin izketan astian.
Ortatik kontura zintezke zuri bakarrik dizutan naitasun, biyotz nerian orlako sentitasun eztiyak mugi-arazten dituena, zenbateraño izango dan aundiya eta zenbateraño purua.
Zu zera munduan maitiena zaitutana, zu zera maitiena izatia merezi duena, eta zu zera, neretzako beintzat, munduan dan miraberik politena.
Berezi ditezela beste milla arki litezken politenak, jarri zaitzatela danaren erdi erdiyan, eta izango zerare marrubi bat milla masustaren erdiyan jarriya, iruriko dezu izar bat argi milla jiran dituzula, eta ainbeste apirillen erdiyan zu, bakarrik izango zera mayatza.
IV (2)
Gisa artan dago Sakripante zutikan, Anjelika bere mentura tristiaren testigu duela; negarkara dago, ez ainbeste besuan eta oin batean daukan oñaziagatik, nola menderatua izanak ematen diyon damutasunagatik.
Arpegiyan lotsa ezagun zitzayola, etartzen du Anjelikaren laguntza, eta baldin dama eder arren konsueluak izan ez bazuten danik penatuenari ere itz eragiteko birtutea, uste det oraindik mututua egongo zala.
Pakeztu zaite, jauna, -esaten diyo-, erortz ori bakarrik itxeki biar zayo zure zaldiyaren erbaltasunari; biarraguak zituen errepausa eta janariya gonbatia baño. Ez det uste gañera, ezagutzen ez degun orrek batere gloriyarik irabazi duenik topara onen bitartez, bara batetan egin duen erretiradak esaten digu nola ezagutu duen garaituko zenukela.
Konsolatzen dagokiyon bitartian ikusten dute datorkiyotela mandatari gisako bat zaldi txar baten gañian; tronpeta bat darama zintzilik, iruri du dagola larriturik eta kantsatua.
Boza irixi liteken tamañara allegatu bezin laster, galdetzen diyo Sakripanteri ikusi al duen pasatzen zaldun bat armadura txuriz estaliya kaskuaren gañian kolore igualeko lumazko ttontor bat duela.
Onduegi ikusi det -erantzun du kristau-ezak-, artxek utzi nau gisa ontan. Esan zadazu nola duen izena billatu al dezatan.
Txit gusto aundiz -esan diyo mandatariyak-. Jakin zazu ezik, izan zerala umildua bildurgarriya bezin ederra dan mirabe gazte batengandik, eta esateko bere izenez, zeña dan txit sonatua, esango dizut bitoriya arrapatu dizuna dala Bradamanta.
Itz oek esatiakin bat bridak irriyatu ta irrutitzen da mandatariya, utzirik sarrazenua umildurik eta sekulan bañan nastutuagua.
Triste eta lotsaturik pentsatze bakoitzian emakume baten besuak ain errezki garaitu zuela, itzik egin gabe iyotzen da Anjelikaren zaldi gañera, bera jartzen du gañankan, eta badijua toki paketsuagoko baten billa.
Ozta ibilli dituzte lauen bat milla kana, nun beste soñu batek arretzen duen basoko ixiltasuna, ikusten dute zaldi kementsu bat urrez bordatutako eskutarma bat gañian zuela, errollak eta lubakiyak saltatuaz, pasarisuan arbolak beren adar eta guzi puskatzen zituela.
Nere bista iragaz baliteke arbol oyen eta lañu lori orren tartetik -diyo Anjelikak-, orren ots aunditsu igasi dijuan zaldi ori Bayardo da, bai, etzait dudarik gelditzen, uraxen da bera da, eta badiruri berariyez datorrela, zaldi onen jaso-al eskasak jartzen gaituen larritasunetik kentzera.
Saltatzen du Sakripantek lurrera, arrimatzen da zaldi arroante arengana, eta nai diyo bridetatik eldu, bañan Bayardo bueltatzen zayo atziaz eta tiratzen dizka pullankazo bi, kobrezko mendi bat auts biyurtzeko aski ziranak.
Suerte gabeko prinzipia doi doi libratzen da, bañan orregatikan, egun batzuek kanpoan igaro dituen bere jabia berriro ikustarakuan, zakur leyal batek izan lezazkiken poz eta umiltasunakin berakin, zaldi noblia alderatu zayo Anjelikari; etzayo aztu nola kontu egiten ziyon Abraken, Anjelikak Reinaldo amatzen zuen denboran, bada bein bañan geyagotan izandu ziyon jaten ematen.
Eusten diyo Anjelikak brida batetik ezkerreko eskuakin, eta eskuyekoarekin palakatzen dizka petxuak eta lepua.
Orduan Bayardo miresgarrizko somaz doaitua, dago geldi eta ardiya bezin umil.
Sarrazenuak lipar ontan saltatzen diyo bizkarrera eta estututzen du indarrez. Anjelikak uzten du bere zaldiya eta ixirtzen da Sakripanteren atzian; bañan begiratzen dute batetan arma ots aundiya datorren toki batera, zaldun bat guziki armatua berengana dator korrika, eta dontzella ederrak koleraz eta etsimenez beterik ezagutzen du Aimon-ko dukiaren semea dala.
Umant arrek maitiago du Anjelika bere biziya baño, eta Anjelikak berriz ez du ikusi nai begitan, usuak mirotza bañan geyago.
Orregatik, izan zan denbora bat zeñetan maitatu zuen Anjelikak Reinaldo, eta orduan Reinaldok etzuen ikusi ere nai; orain arkitzen dira oso mudatuak.
Sorgin iturri bitako urak egiyaztu milagro au, bata bestiaren onduan irriyatzen dira Ardenasen: batak betetzen du biyotza amoriyozko desioz, eta bestetik eraten duena erortzen da ajolagabetasun guzizkuan.
Reinaldok eran zuen lenengotik eta daka amoriyoz erretzen. Anjelikak bestetik ito zuen bere egarriya eta orain aren biyotzak ez daka Reinaldoganuntz gorrotua eta bekaitza besterik.
Zalduna ikustiakin bat geratzen da donzella ikaraz mututurik, galtzen ditu puntu artan bere begiyetan erregintzen ziran alaitasuna eta distira, oroyatzen zayo kopeta eta dardarizazko bozakin erregutzen diyo Sakripanteri iges egin dezala beste gerrariyari itxogon gabe.
¿Ain gutxiyan dakazu nere baloria -erantzun du sarrazenuak-, nun duda egiten dezun eskudatuko zaiturala? ¿Aztu al dituzu Albrageko batalla eta zu salbatziagatik, kasikan armarik gabe, Agrikan eta bere ekerzito guziyakin batitu nitzan arrats ura?.
Anjelikak, zer egin ez dakiyela, ez du erantzuten, bañan Reinaldo alderatu zayote bitartean, eta aurrera dator zirkazianua meaxtuaz, bada ezagutu ditu zaldiya eta emakume ainbeste adoratzen duena, eta berriro jayotzen zaizka biyotzian amoriyo eta koleraren su guziyak.
Bañan urrengo kanturako gordetzen det naikidari arroante ayen arteratu zan gudaren kontaera.
Oharrak:
(1) Manterola’k ala dio: ...Cuatro son los trabajos de esta índole que he hallado entre los manuscritos de Vilinch: los tres primeros originales, y en los que el poeta derramó sus sentimientos amorosos, quizás como preparación para nuevas composiciones en verso, tal vez simplemente para dar desahogo a la pasión que encerraba su pecho. El último es un capítulo de leyenda, que por el asunto y por su corte especial parece ser traducción.
(2) Manterola’k ala dio: “Un Capítulo de Leyenda (Encontrado entre los papeles de Vilinch de su puño y letra)”. (Bertso-bilduman). “Este trabajo constituye indudablemente la traducción de algún capítulo de leyenda, del que no he podido hallar otro rastro alguno entre los manuscritos de Vilinch. (Cancionero Vasco).
Euskal-Esnalea’k argitara-arazitakoak, berriz, alaxe dio: “Idazti au erderatik biurtutakoa da: Ariosto’k egindako Orlando furioso’ren lenbiziko eresitik artua dago.
|