|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
|
XIII. ehunkialdian gertatua bezala antzeztuko du.
Antzerkian agertuko da Larrain jauregiko gizategia. Eskuinetara ate eta leiho bat. Atea Larraingo jaunaren logelakoa. Ezkerretara bi ate. Lehenengo atea etxe barrenerako, eta bigarrena izango da ezagutzen ez den ate txiki bat. Atzean sarrera apain zabal bat. Eskuinetan aulki handi eder bat, aldamenean beste txiki bat duela. Ezkerraldean mahai bat zintzarri batekin. Non-nahi eseri-aulkiak eta beste mahai txiki bat idaztiak gainean dituela. Gizategi hau oso apain egongo da eta etxe-tresnak bezala janzkerak ere aro hartako antzekoak izango dira.
Ezker-eskuinak egintzaileenak.
|
LEHENENGO ATALA
LARRAIN jauna, eta LIDE
(Larrain jauna aulki ederrean eserita dago eta aldameneko txikian Lide “Testamentu zaharreko” idaztian Daviden Edestiaren bukaera, bere aitari irakurtzen ari zaio. Biak oso apainak, baina beltzez jantziak daude. Lidek idaztia itxi eta mahai-gainera darama, bere aitak hitz egiten duen bitartean.)
LARRAIN Alditik aldira ederrago deritzat askotan irakurri eta entzun dudan David errege ospetsu eta deunaren edesti horixe: gaur baino bihar ederrago. Nor ez da adorez betetzen, ikusten duenean artzain argal hura, bere aitak eta anaiak ezertakotzat ez zeukaten mutiko hura, pixkaka-pixkaka, igotzen dela Israelgo erregearen jarlekuan esertzera.
Hasiera, batez ere, ederra da. Goliat filistear gizon indartsu hark, israeldarrak ikaratuta dakartza ezertarako gauza ez direla...
Nola ote zeuden gudari israeldarren agintariak! Han banengo bezala nabaritzen dut beren estutasuna.
Zuk ez dakizu, Lide, zer nahigabea den gudari-buru batentzat, bere mendekoak argalduak eta ikaratuak ikustea.
LIDE Behin ere aurkitu al zara horrela, aita?
LARRAIN Bai, behin. Horrengatik dakit zer den atsekabe hori. Inguruko jaun batzuk, ni artean gaztea nintzela, elkartu ginen; eta geure mendeko batzuk hartuta, joan ginen Nafarroako erregearen ikurrinaren mendean guda egitera.
Eraman gintuzten hego alderantz, Afrikako gizatarrak zeuden aldera. Behin ere ez zait ahaztuko hango beroa! Gu, euskaldunak, motelduak geunden eguzki ikaragarriaren azpian; eta afrikarrak berriz, gure arerioak, baziruditen bero gehiago izanaz biziago aurkitzen zituztela beren buruak! Erruz ziren gainera, eta gu gutxi.
Honetan iritsi zen bada, elkar jotzeko garaia. Alferrik! Gureak geldirik zeuden. Aurrera mutilak! esaten genien. Bai zera! Lotsaturik geuronok jarri ginen aurre-aurrean, eta orduantxe batzuek jarraitu ziguten. Gehienek ezin zuten ordea. Beroak eta egarriak gaixotuak baitzeuden.
Hala ere, Jaunaren laguntzaz ez genuen atzera egin, aurrera baizik; baina nik ez dakit zenbat gutar gelditu ziren hilda, lur kiskalgarri hartan.
LIDE Hori negargarria da guda! Zergatik ote da ludi honetan horrenbesterainoko elkar ezin ikusia?
LARRAIN Nik bezain ondo dakizu, gizaldia txarrera makurtua datorrela bere sustraitik; eta gure lehenengo gurasoek egindako hobenaren nahigabeak geuronokin daramatzagula.
LIDE Bai, aita. Hori horrela dela ezagutzen dut; baina, nik esan nahi nukeena da, nahigabe horiek, elkarri lagunduaz gutxitu beharrean, gerok, geure bekaizkeriaz ugaritzen ditugula.
LARRAIN Gaztea zara oraindik, gizonaren argaltasuna ezagutzeko. Herritarrak elkarrekin ongi ezin etorri bagara, nola nahi duzu maitatzea, gugandik urruti bizi direnak?
(Oihuak eta iskanbila entzuten dira atari aldetik, eta oihu haien tartetik hitz hauek:)
(Barrenean) Ixo, sorgin gaizto hori! Zuk gaixotu duzu nire haurra.
LARRAIN Orain ere Mañu aztiarekin dute zerbait. Askotan esaten dizut, Lide, ez dudala nahi emakume hori hemen agertzea.
LIDE Kupigarria da bada gaixoa! Gainera, auzokideek uste duten adinako gaiztoa ez du izan behar. (Lide altxatzen da eta leihotik begiratzen du.)
LARRAIN Zuretzako guztiak onak dira. Oraindik ez didazu inorengatik esan gaiztoa dela.
(Berriz ere oihuak entzuten dira esanez:)
(Barrenean) Horri...! Horri...!
LIDE Aita! Jotzera doaz! Emakume hori etxean sartzera noa...
LARRAIN Ez duzu horrelakorik egingo.
LIDE Aita! Nire amak ere (G. B.) gupida zion, eta berak ere sartuko zuen...
(Atarian emakume-garrasi bat entzuten da.)
LARRAIN Nahi duzuna egizu bada...
(Lide lasterka joaten da atzeko sarreratik.)
|