|
Garbiņe. Katalina Eleizegi
BIGARREN ATALA
LARRAIN bakarrik, gero LIDE, MAŅU eta GASPAR.
LARRAIN Nork esaten dio ezetz? Nik behintzat ezin dut. Emaztea hil eta horixe besterik ez zait gelditu. Zer egin behar dut nik, bere zoriona besterik! Eta hain ona da eta! Ez zaio gogoratzen inork ere gaiztakeriarik egin lezakeenik. Nola bada? Guztiok bera bezalakoak bagina, ludi hau zeru eder bat izango litzateke. (Altxatzen da, eta leihotik begiratzen du) Isildu ditu! Zerbait esango zien, egunero baino gehiago eskua zabalduaz, eta hor doaz txintik atera gabe.
Maņu aztiaz zer egin ote du? (Urrats hotsa mailadian gora norbaitzuk baletoz bezala entzuten da) Ez ahal du gora ekarriko! Direnak direla, gora datoz bada... (atzeko sarrerara joanaz dio:) Nik esan dudana: gora dakar inork begiz ikusi ezin duen atso hori... (Errietan bezala).
(Hau esanez sartzen dira gelan, Lide, besotik Maņu daramala, eta atzexeagotik Maņu aztiaren makilarekin Gaspar, Larraingo morroia.- Lidek eserarazten du aztia aulki batean, eta Larrainek bitartean dio:) Zertarako dakarzu honaino?
LIDE Asketsi, aita! Jo egin dute, eta berriz ere harrapatuko balute, beste horrenbeste egingo liokete onenean, horrengatik etxean eduki nahi dut, besteak joan bitartean.
LARRAIN Eta zergatik ez duzu ezkaratzean utzi?
LIDE Morroiek ere ezin ikusi dute.
LARRAIN Zerbaitegatik izango da. (Maņuri begiratuaz.) Ez al da horrela, Maņu?
MAŅU Ez dezazula uste, jauna, dudan ahalmena gaitz egiten ibiltzen dudala. Nahi banu egingo nuke, eta horrengatik inguru hauetan gertatzen diren nahigabeen errua niri ezartzen didate. Eta ez da horrela. Sinistu ezazu, jauna! Dudan ahalmen hori jartzen dut nire senideen zoriona egiteko. (Lidek Gasparri makila eskatzen dio, eta honek makila emanaz dasa:)
GASPAR Zerbait agintzen al duzue, jaunak?
LIDE Eguerdian gelditu den zerbait jaki berotu ezazu, eta ekar iezaiozu honi.
GASPAR Berehalaxe, andere. (Burua pixka bat makurtzen du eta joaten da.)
LARRAIN Ni ere logelara noa, lo-xusta bat egitera. Ez gero sinistu, Lide, aurrean daukazun horren esanik, alde guztietatik gezurra dariola dago eta...
MAŅU Gaiztoa banaiz ere, ez dut aingerutxo honi gezurrik esateko ausardiarik.
LARRAIN (Joanaz.) Ez dakit bada... Ez nuke behatza sutan jarriko, zure hitzaren aldez. (Joaten da.)
|