1.03. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiņe »  1.03. atala

Garbiņe. Katalina Eleizegi

HIRUGARREN ATALA.



MAŅU eta LIDE, gero GASPAR.



MAŅU Zure aitak ez dit ezer ere sinistu nahi. Zergatik ote da?

LIDE Aztiaren izengoiti txarra daramazu, zuk diozuna sinisteko. Besteek bezalako biziera zergatik ez daramazu?

MAŅU Ai, nire andere polita! On asko egiten dut nik edonon. Zuk ez dakizu, zu bezalako zenbat neskatxa beren zalantzetatik atera ditudan. Zuk ere bat edo bat izango duzu, nahi al duzu asmatzea? Ekarzu zure esku zuri eder hori, eta berehala etorkizuna asmatuko dizut.

LIDE Ez, Maņu! Etorkizuna Jaungoikoak bakarrik daki, eta bere eskuetan dauka. Ez al zara beraz oroitzen?

(Gaspar sartzen da atzeko sarreratik, esku batean platera zerbait jakirekin eta bestean edalontzi eta bonbilla bat dakartzala. Hitzik esan gabe mahai gainean jartzen ditu. Gero Lideren aurrean burua makurtuaz dasa:)

GASPAR Zer gehiago agintzen duzu?

LIDE Ezer ere ez. Joan zintezke. (Gaspar joaten da atzetik) Jan ezazu berehala, bestela hoztu egingo da-eta.

MAŅU (Jaten hasiaz) Zure osasunerako. Hau da gauza ederra! Ugaritu bitez zure ondasunak, zure eta nire zorionean.

(Lidek barrez edari-ontzira ardoa botatzen dio esanaz:)

LIDE Edan ezazu, Maņu... Alde-alde pozten zara jo zaituztelako... ez da horrela?

MAŅU Bai horixe behintzat; hura joan zen, eta... bestela ez nuen horrelakorik harrapatuko...

LIDE Ni ere pozten naiz bada, min gehiago ez duzunean...

MAŅU Zure ama bezalakoxe errukitsua zara, eta nik beti gogoan edukiko zaituztet. Eta orain oroitzen naiz lehenago hasi dugun hitzaldiaz... Jaungoikoari ere ez naiz, zuk uste duzun esker gabekoa... gaur meza nagusian hantxe nintzen. Egia esateko, meza entzuteagatik ere bai, baina... zu eta zure aita, jarleku antzeko hartan ikusteagatik joan naiz gaur elizara.

LIDE Bai?... Gaizki...

MAŅU Zein ederra zeunden! Batek baino gehiagok nik egin dudana egin du... Zuri begira egon, meza entzun beharrean.

LIDE Gaizki egina. Elizara Jaungoikoa aintzatzera eta goratzera joaten da, gainerakoak karrikarako utziaz.

(Maņuk noizean behin zerbait jan edo edan egiten du.)

MAŅU Guztiok ez gara ordea zu bezain onak.

LIDE Ni ere ez naiz ona...

MAŅU Bai, bai...

LIDE Ahaleginak egiten ditut izateko; eta hori edozeinek lezake...

MAŅU Baina...

LIDE Zutaz kupitzen naiz, Maņu, ikusten dudalako hemen gorrotatua bizi zarela, eta betiko zoriona galtzeko bidean zabiltzala.

MAŅU Irudipenak...

LIDE Ez, Maņu, ez; izakera aldatu behar duzu. Gaur bertan biziera berriari hasiera eman behar diozu, nirekin, baratzean dugun elizatxora joanaz, eta nirekin han otoitz eginaz. Ikusiko duzu zenbatez hobeto eta atseginago biziko zaren... Zerura iristeko itxaropenak, asko laguntzen ditu garraztasunak. Nahi al duzu?

MAŅU Zuk agintzen didazuna ezin ukatuko dizut. Zure amari eta zuri zor handiak dizkizuet eta...









     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org