1.04. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiņe »  1.04. atala

Garbiņe. Katalina Eleizegi

LAUGARREN ATALA



Lehengoak eta LARRAIN jauna.



LARRAIN (Sartuaz) Nik ez dakit zer dudan; ezin lorik egin dut (Maņuri haserre begiratuaz) Oraindik hemen al dago atso hau? Berriz ere egongo zara bai zu, aurrean horrelakoak jarriz gero. (Esertzen da.)

LIDE Oraintxe gindoazen biok elizatxora, otoitz egitera.

LARRAIN A zer otoitza izango den sorgin horrek egingo duena!

MAŅU Zure alabaren aldamenean, jauna, eta berak esaten dituenaz nire bihotzak ere, nahiz ez zuk sinistu, gorantz begiratzen du.

LARRAIN Bai, bai; gorantz eginda nire alabari zerbait ateratzen diozulako. Beherantz egiteagatik, beste norbaitek gehiago ematen badizu, laster da beherantz zure bihotzaren izeneko hori.

MAŅU (Altxatuaz) Ezagutzen dut aurrean ez nauzula ikusi ere nahi.

(Lide ere altxatzen da.)

LARRAIN Eser zaitez, Maņu. Oso alderdi txarrekoa nago, eta pixka bat alaitzeko ipuin bat esan behar didazu. Gai honetan gain-gainekoa zara diotenez eta...

MAŅU (Eseriaz) Zorionekoa izango naiz, Larrain jaunaren ingurutik laino beltzak kentzen baditut.

LARRAIN Ea bada.

MAŅU Ipuina dirudiena gertatu da gaur herrian. Ez al dakizue?

LARRAIN Ez gero gezurrik esan.

MAŅU Jauna...

LARRAIN Zer da bada, zer da, ipuina dirudien gertaera hori?

MAŅU Inguru guztiak ez du bestetaz hitz egiten.

LIDE Entzun dezagun bada. (Lide esertzen da.)

MAŅU Hamaika bider joan zarete zeuen emazte eta amarekin gaur, meza ondoren, agerian egiten den jaia ikustera. Aurten, jakina zegoen! zer egingo zenuten. Andre deun, ongile eta zuzen hark utzi duen hutsunea, ezin ahaztu zenezakete.

LARRAIN Eta ba al du zer ikusirik esaten ari zarenak, eta esan behar duzun gertaerak? Zoaz aurrera, gure bihotzak dauden baino gehiago ilundu gabe.

MAŅU Esan nahi nuen alegia, horrengatik ez zenutela gaurko jaia ikusiko, eta zer gertatu den jakingo.

LARRAIN Esango al duzu, ala ez?

MAŅU Ez haserretu, jauna... berehala esango dut eta...

LIDE Has zaitez, Maņu...

MAŅU Horra bada. Badakizue zezen txiki batzuk askatuta ibiltzen dituztela, gaurko egunaz agerian, gazteria haiekin jolastu dadin. Gaur bada, zezen haietako batek ataka hautsi du, eta karrikan gora lasterka hasi da, bidean aurkitzen zituenak porrokatzeko zorian...

LIDE Jaungoiko maitea! Inor harrapatu al du?

MAŅU Ezta inortxo ere.

LIDE Zer gertatu da bada?

MAŅU Zer gertatu den?... Arnasarik gabe gelditu gara guztiok, ikusi dugunean jaun gazte bat, etxe batetik ateratzen, eta zuzen-zuzen zezenaren aurrera joaten. Batetako gauza izan da: heldu dio zezenari adarretatik, eta bere aurrean apal-apal jarri du. Berehala joan zaizkio beste gazte batzuk laguntzera, eta horrela ez da gaur izan negargarrizko egun bat.

LIDE Jaunari eskerrak!

LARRAIN Eta nor zen jaun gazte hura?

MAŅU Ibon...

(Lide ikaratuta).

LIDE Ibon?

MAŅU Bai, Ibon; Jaunsoro etxekoa. Zuen ahaidea.

(Lide larri-larri:)

LIDE Eta ez da elbarritu? ez du ezer izan?

MAŅU Ezta ezertxo ere.

LIDE Zorionean!

LARRAIN Oraingoan ere ongi irten zaio; baina mutil horrek nahigabe garratzak eraman behar ditu, bururik gabe ibiltzen delako beti.

(Lide altxa eta bere aitarengana joanaz).

LIDE Aita, ez horrelakorik esan. Ibon gizajoa!

LARRAIN Gizajoa, bai; bere buru arinagatik.

MAŅU (Altxatuaz) Nik nire ipuina esan dut. Ez al dut saririk irabazi?

LARRAIN Nahikoa izaten duzu etxe honetatik.

LIDE Lehendabizi, agindu duzuna egin behar duzu. Zatoz nirekin otoitz egitera.

MAŅU Pozik. Nik nire hitza ez dut jaten...

LARRAIN Izan liteke... baliteke...

MAŅU Agur, jauna, gaizki esanak asketsi.

LARRAIN Bai, eta ez zaitezela hemen gehiago agertu.

(Maņu eta Lide atzetik joaten dira.)













     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org