|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
BOSGARREN ATALA
LARRAIN bakarrik, gero GASPAR.
LARRAIN Etorriko da bai, bere mingain leunaz, bakoitzari bere aldera hitz eginaz.
Nire alaba Lide oso txoratu da... bide onean jarri behar duela hori... hori... (Atarian adar-hots bat entzuten da.) Nor ote dator nire etxera? (Leihotik begiratuaz) Bost zaldizko direla besterik ez dut ikusten. (Mahai gainean dagoen zintzarria jotzen du, eta berriz ere leihotik begiratuaz dio:) Zertara ote datoz? Ez ahal didate berri txarren bat ekarriko. Bat zahartzen doan bezala guztia beltzagoa ikusten du, eta hutsagatik ikaratzen da.
(Gaspar atzetik sartuaz:)
GASPAR Zer agintzen duzu, jauna?
LARRAIN Zaindariari esan iezaiok ate nagusia zabalaraz dezala, eta mailadian bi aldeetan erreskadan, etxean diren morroi guztiak jar ditzala.
GASPAR Bai, jauna. (Joaten da eramanaz aztiarentzat ekarritako platera eta abar).
(Larrainek berriz ere leihotik begiratzen du, eta dio:)
LARRAIN Oraintxe bertaratu dira bada, eta hala ere ezin ezagutu ditut, altxa duten hautsagatik. (Zaldiaren urrats-hotsa entzuten da, eta berriz adarrena ere bai.) Hara! Egurtza da. Aspaldian ez genuen elkar ikusi... Noiz etorri ote da gudatik?
Horri ere urteak aurrera joan zaizkio. Eta nire aldean gaztea da... Zenbateraino zahartu ote naiz ni! Hau poza! Egurtza lagun ona izan dut beti.
Emaztea joan zaidan honetan, berriz, lagunez lehen baino ere gehiago oroitzen naiz.
|