1.06. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiñe »  1.06. atala

Garbiñe. Katalina Eleizegi

SEIGARREN ATALA



LARRAIN, EGURTZA eta GASPAR



(Atzetik zaindaria sartzen da eta ezpataz Larrain jauna agurtu eta gero joaten da. Berehala, sartzen da berriz, atzetik gudariak beren astamakilekin dakartzala; errenkadan jarrita zenbatu egiten dituen bezain laster, sartzen da Egurtza, Gasparrek bidea erakutsiaz. Gaspar ateetan gelditzen da, eta Larrainek Egurtza laztanduaz esaten du:)



LARRAIN Hau zoriona niretzat, etxean Egurtza jauna ikusiaz.

EGURTZA Nirea handiagoa da oraindik, Larraingo jaun ahaltsuaren etxean honelako harrera aurkituaz.

LARRAIN Bakoitzari dagokion harrera egiten zaio etxe honetan.

EGURTZA Niri opa didazuna, dagokidan baino ere garaiagoa dela iduritzen zait.

LARRAIN Ez dezazula uste, Egurtza jauna.. (Gasparri) Hoa, Gaspar, eta urrutiratu gabe hor hurrean gelditu hadi. (Gaspar joaten da) (Gero Larrainek Egurtzari bere aulkia erakutsiaz dio:) eser zaitez, Egurtza.

EGURTZA Larraingo jaunaren aulkian ez naiz eseriko.

LARRAIN Larraingo jauna zu zara, etxe honetan sartu zarenez gero.

EGURTZA (Eseriaz) Eskerrik asko, Larrain, nire etxean zuri beste horrenbeste egiteko zaletuta nago.

(Larrain beste aulki batean eseri da.)

LARRAIN Eskerrik asko, Egurtza.

EGURTZA Lehendabizi azaldu behar dizut zer zoriontsu ezagutuko nintzatekeen, emaztearen heriotzak Larraingo jaunaren bihotzean ireki duen zauria zerbait ixten asmatuko banu.

LARRAIN Eskergarria da zure nahi ezin eta hobe ori; baina nire zauri hau, behin ere itxiko ez dena da.

EGURTZA Kupigarria da bai. Eta alaba?...

LARRAIN Gaixoa! Amarik gabe gelditu da! Ez dakit nire aurrean itxurak egiten dituen... nik haren aurrean bezala; baina, ni baino etsiagoa agertzen da. Nik berriz garaia aurrera doan bezala, hutsune handiagoa aurkitzen dut nire bihotzean.

EGURTZA Nire lagun gaixoa! Ezagun duzu nahigabea hurretik ikusi duzula.

LARRAIN Ez nuen uste nahiezak horrenbeste menderatuko ninduenik.

EGURTZA Oraindaino gizon bihozdunaren ageriak eman dituzu beti; eta orain ere, jakingo duzu, ez daukat zalantzarik, zure nahigabea menderatzen.

LARRAIN Jaunari horrela nahi dakiola! - Eta zer diozu zure ibilketaz? Nola joan zaizu hego aldean?

EGURTZA Ez dakart handik ezer berririk. Batzuetan kristauek pittin batez aurrera egiten dute, afrikarrak hego aldera bultzatuaz; besteetan berriz, hauek aurreratzen dira, kristauak atzeratuaz...

LARRAIN Hutsa...

EGURTZA Hutsaren ordekoa. Ni han egon naizen sei hilabeteetan, ez dugu ezer ere egin; eta aspertua etorri naiz nire etxera.

LARRAIN Ederki egina.

EGURTZA Iritsi ordurako esan didate izan duzun galera negargarria, eta izan ahal dudan lasterrena etorri natzaizu: lehenbizi zure samintasunean laguntzera, eta... bigarren, berriz... zuri... eskari bat egitera.

LARRAIN Nahi duzuna eska iezadazu; nik egin nezakeena bada, pozik egingo dizut.

EGURTZA Zuk duzun gauzarik ederrena eskatzera natorkizu.

LARRAIN Ez dut sumatzen...

EGURTZA Esan dizut, han eta hemen ibiltzen aspertu naizela; eta nire etxean, eroso, eta oraindainoko, zalapartarik gabe bizitzeaz zaletu naizela. Horretarako emazte on bat behar dut. Zuk horrela nahi baduzu, zure alabaren zoriona egitea izango da, hemendik aurrera, nire gogo bakarra.

LARRAIN Egurtza! Nire bihotza alaitu eta samintzen duzu, bat-batean.

EGURTZA Zergatik?

LARRAIN Zer pozgarriago aita batentzat, bere alaba zu bezalako gizon bati emaztetzat ematea baino? Eta une berean, eduki ezazu gogoan aita horrek ez duela beste pozik, bere alaba bakar horri begiratu, eta bere hitzak entzutea baizik.

(Larrainek aurpegia eskuaz estaltzen du.)

EGURTZA Alaba eta lagunaren ordez, alaba eta semea izango dituzu.

(Larrain pittin batean erantzun gabe egoten da; eta gero bat-batean burua altxatuaz dasa:)

LARRAIN Inork ez du berekoi izan behar, eta gutxiago aita batek bere alabaren zoriona galtzeko. Nire bizi guztian eman dizudan nire adiskidetasunen ageririk handiena, Egurtza, gaur ematen dizut. Zorionekoak izan zaitezte biok. (Egurtzak Larraini eskuan muin egiten dio.)

EGURTZA Eskerrik asko, Larraingo jaun ahaltsua. Zure hitzek zeru oso-osoa jartzen dute nire aurrean. Bada urtebete zure alabaren iduria begietan nerabilela. Eta orain nire amets guziak osatzen dira. (Elkar laztanduaz egongo dira pixka batean; gero Larrainek lehen esandako zintzarria joko du. Zertara zoaz?

LARRAIN Lide ekarraraztera.

EGURTZA Honelako zorionik, ez dut nire bizi guztian ezagutu.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org