|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
ZAZPIGARREN ATALA
Lehengoak eta GASPAR
(Gaspar atzetik agertzen da.)
GASPAR Zer agintzen duzue, jaunak?
LARRAIN Esan iezaiok Lideri Egurtza jauna eta ni haren zain gaudela.
GASPAR Esango diot, jauna.
LARRAIN Gainera agindu ezak guretzat arratsaldekoa jangelan jar dezatela.
GASPAR Bai, jauna.
LARRAIN Zaindariari esan iezaiok itxiaraz ditzala ateak eta nire morroiak bakoitza bere aldera doazela. Agindu ezak gainera, jaun honen morroiei arratsaldekoa eman diezaietela; eta ez daitezela ahaztu zaldiak ukuilura eraman eta nahikoa garagar emateaz.
GASPAR Ongi da, jauna.
EGURTZA (Larraini) Nik ere, zure baimenaz, badut zerbait zure morroiari esan beharra.
LARRAIN (Gasparri) Entzun eta egin itzak zintzo, jaun honen aginduak.
EGURTZA (Larraini) Eskerrik asko, Larrain. (Gero Gasparri) Jon, nire jarraitzaile gazteari esan iezaiok nire esku-kutxa ekar dezala hona.
(Gaspar joaten da, zaindariari handik ateratzeko keinu eginaz. Honek ezpataz jaunak agurtuaz Gasparren agindua egiten du eta bere gudariekin joaten da).
|