|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
HAMARGARREN ATALA
Lehengoak eta GARBIÑE
(Garbiñe barrendik).
GARBIÑE Lide! Lide! Non zara? (Berehala Garbiñe agertzen da ezagutzen ez den ezkerreko atetik, eta ikaratua bezala gelditzen da esanaz:) Asketsi, jaunak... Ez nuen uste Lide besterik hemen egongo zenik.
LARRAIN Eta nola etorri zara honaino, niretakoak ikusi gabe?
GARBIÑE Jauna: elizatxora joan naiz, han Lide aurkituko nuelakoan baina ez zegoen. Igo naiz bere gelara eta... alferrik. Inon aurkitu ez dudanean etorri naiz hona... Ezagutzen dut gaizki egin dudala... Asketsi.
LARRAIN Errua ez da zurea, etxeari hobeto begiratu behar lioketenena da.
GARBIÑE (Sartu den atetik ateratzera bezala egiten du). Asketsi... banoa...
LIDE (Lide Garbiñerengana joanaz): Ez zaitezela joan, Garbiñe! Aita! Biok elkarrekin pozik egoten gara-eta...
LARRAIN (Haserretuta) Lide: uste nuen andre izatera iritsi zinela, eta ikusten dudanez, ume bat besterik ez zara...
EGURTZA Utz iezaiozu bere lagunarekin egoten. Ez da harritzekoa gertatu dena. Eduki ezazu gogoan, behin ere bururatu ez zaiona esan zaio-eta.
LARRAIN Hala beharko. Geldi zaitez, Garbiñe. (Egurtzari) Orain, arratsaldekoa hartzeko garaia iritsi bitartean, erakutsiko dizut, Egurtza, horrela nahi baduzu, Larraingo etxeko iskilu-gela.
EGURTZA Pozik, Larrain. (Lideri, oso eztitsu) Agur... Lide... (Garbiñeri) Agur.
(Lide eta Garbiñe aro hartako erara agurtzen dute)
LIDE eta GARBIÑE Agur.
(Larrain eta Egurtza ate aldera doaz, eta Larrainek dio)
LARRAIN Egurtza, gutxienez hiru ehunki dituen ezpata bat badut, eta bere edestia niganaino...
(Larrain eta Egurtza joaten dira).
|