1.11. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiņe »  1.11. atala

Garbiņe. Katalina Eleizegi

HAMAIKAGARREN ATALA



LIDE eta GARBIŅE.

LIDE (Negarrez) Niri gertatzen zaidana, Garbiņe, izugarria da.

GARBIŅE Ez negarrik egin, Lide. Zuk uste duzun adinakoa ez da onenean izango.

LIDE Ez al duzu ikusi nire aita haserre joan dela?

GARBIŅE Ez dezazula uste...

LIDE Eta hasiera besterik ez da oraindik!

GARBIŅE Lide, ez estutu...

LIDE Amatxo maitea, zu bizi bazina, ez litzateke hau gertatuko. Arren, ama! Adieraz iezaiozu lurrean utzi zenuen alabari estutasun honetan zer egin behar duen.

GARBIŅE Badakizu zuri laguntzeko, gertu nagoela beti.

LIDE Badakit, Garbiņe. Gaur, Jaungoikoak, bere aingeru bat bezala bidali zaitu etxe honetara. Zu gela honetan sartu zarenean, zer esan ez nekiela nengoen.

GARBIŅE Zer bada?

LIDE Ikusi al duzu nire aitarekin joan den jaun hori? Egurtza da...

GARBIŅE Abizen horren aditzera badut.

LIDE Egurtza horrek bada, emaztetzat hautu nau..

GARBIŅE Hara...

LIDE Nire aitari eskaera egin dio, eta nire aitak baietza eman du. (Berriz ere negar eginaz)

GARBIŅE Eta horrengatik negar egiten duzu?

LIDE Bai, ez dut nik hori nahi eta...

GARBIŅE E?

LIDE Beste bat nahi dudalako.

GARBIŅE A!

LIDE Nire aitak berriz, behin bere hitza emanez gero beteko du...

GARBIŅE Egipen honetan, zure hitza zure aitarena bezain indarrekoa da; eta berak ere horrela ezagutuko du... maite duzun gizona, zu adinakoa baldin bada.

LIDE Begira, Garbiņe: elkarri oraindik ez diogu aitortu, hitzik ere ez dugu esan; baina uste dut zinez maite nauela; eta nik berriz... nola ukatu... ezin hartaz ahaztu naiz...

GARBIŅE Mingainak baino lehen, begiek aitortzen dituzte gauza horiek.

LIDE Nire aitak buru arintzat dauka, baina nik, ondo ezagutzen dudala uste dut, eta ez da horrelakoa, Ibon...

GARBIŅE Ibon?

LIDE Bai, Ibon, nire lehengusua.

GARBIŅE (Arnasa larri bat egiten du) Ibon! Maite zaituelazko kezkarik gabe zaude?

LIDE Ustez behintzat bai. Baina... zergatik galdera hori? nik ez dakidan zerbait al dakizu?

GARBIŅE (Eskua bekokira eramanaz, eta beretzat, esaten du) Honen hitzek bihotza zauritzen didate.

LIDE Zer duzu, Garbiņe? Gaixo al zaude? Aurpegi txarra jarri zaizu.

GARBIŅE Ez ikaratu, Lide. Ez da ezer. (Hau nahigabea!) Eguratsean beti ohitua bainengoen, etxe barrunbeak gaitz egingo zidan. Leihoa ireki beharko duzu. (Lide altxatzen da, eta leihoa irekitzen du.)

GARBIŅE (Garbiņek beretzat) Anaia bati bezala nahi niola uste nuen; bihotzaren garrasietan ezagutzen dut, barrenagoko maitasuna dela.

LIDE Zergatik ez duzu lehenago esan?

GARBIŅE (Barre-irri bat eginaz) Ikusten al duzu? Igaro zait. Orain, ongi nago.

LIDE Zer nahi duzu ekartzea?

GARBIŅE Ez dut ezer behar. Zutaz hitz egin dezagun.

LIDE Hori, hori... Zergatik egin didazu lehengo galdera hura?

GARBIŅE Ezergatik ez.

LIDE Gaizki al deritzozu nik Ibon maitatzea?

GARBIŅE Ez, Lide. Badakizu, nire amak nirekin batean hazi zuela, eta senideak bezala garela...

LIDE Hala da.

GARBIŅE Maita ezazu, ona da-eta...

LIDE Den bezala. Egurtza jaun horrek bere burua handitzat eduki arren, ez nuke Ibonen ordez jarriko.

GARBIŅE Ongi diozu. Bakarrik, lehenbailehen bere hitza behar duzu, aitari garbi esateko.

(Mailadian gora urrats-hotsak entzuten dira).

LIDE Norbait dator, logelara noa; negar egin dudala ezagutu ez dezaten... Geldi zaitez zu hemen.

(Ate txikitik joaten da lasterka.)









     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org