1.12. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiñe »  1.12. atala

Garbiñe. Katalina Eleizegi

HAMABIGARREN ATALA



GARBlÑE bakarrik, gero IBON eta GASPAR.



GARBIÑE Ibon! Ez daki Lidek hitz horrek nire bihotza porrokatu duela. Barrenean gordea zegoena ezpainetara azaldu zait. Ez nekiena, uste ez nuena badakit: Ibon maite dut. Bai, maite dut. Ez arrebak anaia bezala; emakume batek gizasemea maita lezakeen nahitasun sendoenaz. Ez nekiena jakin dut, eta hori nire nahitasuna besteren eskuetara joan denean. Zertarako jakin behar nuen bere garraztasunez itotzeko! Izate negargarria!

Baina... dioenez, ordea, Ibonek ez dio oraindik horrelako hitzik esan... Nork daki? Onenean, Lidek bera dela uste arren, ni naiz hautua... Nork daki!... Ez, ez, Ugarteko alabak ez ditu begiak hain gora jaso behar. Iluntasun negargarrian zabaltzen dira nire begiak nire nahitasun sutsuaren hobia nabaritzeko. Hau atsekabe samina!

(Gasparrek barrendik esaten du). Bai, etxean dira.

IBON (Ibon ateratzen da atzeko sarreratik) Hara! Zu bakarrik al zaude hemen, Garbiñe?

GARBIÑE Orain arte bakarrik nengoen; orain zurekin nago.

IBON Egia; eta Lide?

GARBIÑE Lide... bai, Lide... laster etorriko da.

IBON Ondo da. Aitona nola dago?

GARBIÑE Ongi...

IBON Ilun zaudela deritzot. Zerbait gertatzen al da?

GARBIÑE Bai, eta ez. (Jauna, zure laguntza eskatzen dizut.) Zatoz, Ibon; eser zaitez nire aldamenean, arreba batek egiten duen bezala hitz egin behar dizut.

IBON (Eseriaz) Beti arrebatzat eduki zaitut, eta horrela maitatu ere.

GARBIÑE Arreba... bezala...?

IBON Bai; bene-benetan arreba bezala, arreba on, atsegin, maitetsu baten antzera.

GARBIÑE (Nire zorigaiztoan!) - Ibon: Maite al duzu Lide?

IBON Bai, Garbiñe. Ezagutu al duzu?

GARBIÑE Zerbait... (Zorigaiztoan!)

IBON Eta...

GARBIÑE Ezer ez... (Ez dakit zer esan). Maite baduzu, maitasun hori lehenbailehen agertu behar diozu bada.

IBON Ez ote du bada, zuk bezala ezagutu?

GARBIÑE Ez dakit. Dakidana da bere aitak beste bati hitz eman diola.

IBON (Bat-batetan altxatuaz) Eta berak zer egin du?

GARBIÑE Ezer ere ez oraindik.

IBON Berehala berari hitz egin behar diot. Non da?

GARBIÑE (Lide joan den atea ireki, eta deitzen du:) Lide! (Gero Iboni) Zer uste zenuen: zuk bakarrik begiratzekoa zela Lide?

IBON Hala da. Niri hori bururatu behar zitzaidan. Eskerrak zuri, nire arrebatxoa.

GARBIÑE Arrebatxoa... bai...









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org