1.13. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiñe »  1.13. atala

Garbiñe. Katalina Eleizegi

HAMAHIRUGARREN ATALA



Lehengoak eta LIDE.



LIDE (Lide ezkerreko atetik agertzen da) Zu al zinen, Ibon?

IBON Bai, ni naiz, Lide. Zu ikusi gabe, egun bat ere ezin egon naiz.

(Biak elkarren aldamenean esertzen dira. Garbiñe atzexeago zutik gelditzen da.)

LIDE Ez dakit, Ibon, hori egiaz esaten didazun.

IBON Badakizu, bai. Aspaldi honetan egunero natorkizu, eta gehiago eta gehiago zu ezagutzen zaitudan bezala, zailago aurkitzen dut zu ikusi gabe egotea.

LIDE Bai, esan...

IBON Hogei urte dituzu, Lide. Nik hogeita bost. Elkarrekin bizitzen jartzen ez bagara laster, bakoitzak geure aldetik aldendu beharko dugu.

LIDE Hori ez...

IBON Hau gerta litekeela, bururatu hutsaz, hiltzeko larriak nabaritzen ditut. Ez zara hain gogorra izango, Lide, eta nire emazte izan nahiko duzula esadazu baietz.

LIDE Ibon... nire aitak beste bati hitza eman dio.

IBON Eta zer? Zuk ez duzu eman. Eta zure hitza, zure baietza, niretzat dela badakit. Ez al da horrela, Lide? (Pixka batean isiltzen da) Ez al didazu erantzuten? Isiltzen zarenean, baietza ematen didazula ezagun da.

LIDE Nire aitak bere hitza ordaindu nahiko du.

IBON Zuk lehenago niri eman didazu. Ez al da horrela?

LIDE Baina...

IBON Erantzun iezadazu, Lide. Ez al da horrela?

LIDE Bai.

IBON Bai! Hitz horren bidez kendu dizkidazu zalantza guztiak. Zure baietza entzun ondoren ez dit inorengatik axolarik. Hori zen nik nahi nuena. Horrek erakusten dit nire aspaldiko amets gozoa egia dela.

LIDE Beraz atsegindu al zara orain?

IBON Pozak txoratu behar nau! Bai asko maite zaitudala, Lide!

LIDE Egiatan?

IBON Nire mingainak ezin lezake esan behar bezala.

(Hizketari isilik jarraitzen diote biek.)

GARBIÑE (Garbiñek biei begiratuaz) Bai zorionekoak direla! Baina ni... Garbiñe gaixoa! Negar egitea besterik ez zaizu gelditzen! Zergatik, nire bihotz gaixoa, hain gora igo nahi izan duzu? Horra orain behea jo. Barru-barruan ezkutatuko ditut nire samintasunak, inortxok ere jakin gabe. Errukigarri gelditzen banaiz ni, zoriona izan dezala Ibonek. Maite dut eta! Bai, maite dut!









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org