|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
HAMALAUGARREN ATALA
Lehengoak, LARRAIN eta EGURTZA.
(Larrain eta Egurtza atzeko sarreratik etortzen dira. Ibon altxatzen da eta Garbiñe Lideren aldamenean jartzen da).
LIDE Eskerrik asko, Garbiñe. Bai ona zarela!
(Ibonek Larraini muin egiten dio eskuan, esanaz):
IBON Nola zaude, osaba?
(Larrain haserre samar)
LARRAIN Ez zu bezain ondo eta txoro. Jakin dut gaur eguerdian egin duzun erokeria.
IBON Osaba...
LARRAIN Horrelako berotasunak gudarako gorde behar dira, gudarako. (Egurtza erakutsiaz) Egurtza jauna, nire aspaldiko laguna.
IBON (Pixka bat burua makurtzen du esanaz) Atsegin dut ezagutzeaz.
LARRAIN (Egurtzari Ibon erakutsiaz) Ibon, Jaunsoro etxeko jauna.
EGURTZA Urte askoan. Zure aita ezagutu nuen. Gudari bihozdun eta sutsua zen.
LARRAIN Semea izango den baino hobea. Honek beti uste du haur dela. Hor eta hemen jolasten ibiliaz onena egina dago.
EGURTZA Zer nahi duzu bada... gaztea da oraindik. Gainera, hartara jarriz gero, inor baino hobea izango litzateke agian.
LARRAIN Izan liteke. (Larrainek guztiei esaten die eta Lide eta Garbiñe altxatzen dira) Orain, etxekoak zaretenez gero, jangelara joan baino lehenago, ikusi behar duzue senargaiak Lideri egin dion emaitza (Lideri) Non duzu?
IBON (Senargaia?)
(Lide negarrez hasten da).
LARRAIN Orain ere negar egiten duzu? Malkoak, hobenak aitortzen direnean bakarrik agertu behar dira gure begietan.
GARBIÑE (Lideri isilka esaten dio:) Lide! Orain da garaia! Hitz egin ezazu.
(Lide aitarengana joanaz).
LIDE Aita! Asketsi oraindaino isilik eduki badut. Hitza beste bati emana daukat.
EGURTZA Nola? Besti bati?
(Larrain oso haserre)
LARRAIN Alaba! Zure aitari ezer esan gabe, horrelako baietza emateko ausardia izan duzu? Ez nuen uste zuk, Lide, horrelakorik egingo zenuenik. Larraingo etxea ez duzu horrela batere goratzen. Eta nor da, bere burua agertzeaz lotsatzen den gizon hori?
IBON Ni naiz, osaba.
LARRAIN E?
EGURTZA Ibon!
IBON Bai, ni. Jostailutzat eta haurtzat naukazu beti, eta horrengatik ez dizut lehenago nire barren-asmoa agertu. (Ibon belaunikatzen da Larrainen aurrean, eta Lide ere bai bere ondoan) Lide ukatzen badidazu, zure iloba hobiratuko duzu.
LIDE Aita!
LARRAIN (Begiratu ere egin gabe esaten du:) Altxa zaitezte. (Gero Egurtzari) Ez zen hau nire asmoa.
EGURTZA Badakit zuk errurik ez duzula. Agur, Larrain; behin ere etxe honetan sartu ez banintzen hobe nuen.
(Egurtza atzeko sarrerara joaten da, eta esku-keinu batez Jon deitzen du. Beste esku-keinu batez, mahai-gainean dagoen kutxa eramanarazten dio, eta berehala oihu handi batez esaten du:)
Egurtzak iseka hau ordainduko du... Lide ez da Ibonena izango!
(Egurtza, aurrean Jon daramala, lasterka joaten da.)
Bat-batetan zapia jaisten da.
|