II. egintza 2.01. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiñe »  II. egintza 2.01. atala

Garbiñe. Katalina Eleizegi

BIGARREN EGINTZA



Antzokian, baserri baten sarrera agertuko da. Eskuinetara zuhaitz batzuk, batek aulki bat inguruan duela; atzean baratzako sarrera.



LEHENENGO ATALA.



UGARTE ZAHAR eta GARBIÑE.



(Zuhaitzak inguruan dauzkan aulkian biak eserita daude.)

UGARTE ZAHAR Bai giro ederra dugula aurten arto ereiteak egiteko! Aspaldiko urteetan ez da horrelako udaberririk izan. Oroitarazten dizkit ni gaztea nintzenekoak. Haiek egunak!... Joan ziren, behin ere gehiago ez bihurtzeko.

GARBIÑE Oraingoak ere joango diren bezala.

UGARTE ZAHAR Zuk orain daukazun logelan egiten genuen hiru anaiek. Gure aitak egunabarreko ezkila elizan jotzen zuenean, gure gelan sartzen zitzaigun «Angelus» otoitz eginaz, eta berehala lauek morroien batekin geure lanari hasiera ematen genion, inguratzen gaituzten soro hauetan... Hamaika abesti gozo abestu genuen.

Gure ama maiteak goiz asko gosaria, sorora bertara, eramaten zigun, eta guztiok elkarrekin zuhaitz baten itzalpean, gozoro gosaltzen hasten ginenean, han beren habiak zituzten txantxangorriak ere guri begira pozten ziren...

Etxerakoan berriz, beti bi lore-sorta eder biltzen genituen: bat, etxean daukagun Itziarko Amaren aurrean jartzeko, eta bestea geure lurreko amarentzat izaten zen.

GARBIÑE Oroipen ederra.

UGARTE ZAHAR Aldaketa handia egin du Ugarteko etxe honek geroztik! Aita hura, ama hura hil ziren. Anaia haiek hemendik joan ziren. Nire emazte gaixoa, nire alaba bakarra, zure ama...

GARBIÑE Amatxo gaixoa! Beraz zenbat oroitzen naizen! (Orain batez ere!)

UGARTE ZAHAR Zure aita zena... Guztiak, guztiak joan ziren. Zu bakarrik gelditu zara, Garbiñe, nire zahartzaroko urteak argitzeko! (Garbiñek sudur-zapia begietara darama) Garbiñe gaixoa! Zure aitonaren kezka saminak entzuteko jaioa! Ez dizut gehiago horrelako oroipen negargarririk berrituko.

GARBIÑE Bai, aitona! horrelakoak esaten dizkidazunean, nire gogoa, haur bat bere amaren magalean aurkitzen den bezain ongi egoten da.

UGARTE ZAHAR Horrengatik ez dizut nik horrelakorik esan behar, eta batez ere orain, gaixo zaudela.

GARBIÑE Ni ez nago gaixo, aitona! Zure irudipenak baizik ez dira.

UGARTE ZAHAR Nire irudipenak?...

GARBIÑE Bai, aitona, bai.

UGARTE ZAHAR Zer uste duzu? Zu bakarra zaitut eta... ez zaitudala begiratzen?

GARBIÑE Ikusten dut baietz, baina...

UGARTE ZAHAR Zugan egiten den aldaketarik txikiena ere ez da nik ezagutu gabe igarotzen. Badira egun batzuk berriz zure abestirik entzuten ez dudala... Zer duzu?

GARBIÑE Ezer ez...

UGARTE ZAHAR Ez al diozu zure aitonari esan behar? Zure begietatik argia ikusten duen honi.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org