2.02. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiñe »  2.02. atala

Garbiñe. Katalina Eleizegi

BIGARREN ATALA



Lehengoak eta KONTXEXI.



(Kontxexi zuhaitz-aldetik buruan saski bat dakarrela sartzen da.)

GARBIÑE Hona hemen Kontxexi, ohitu bezala lasterka, langileei afaria emanda.

KONTXEXI Lasterka? Ibili beharko etxe honetako lanak egingo badira. Beti lasterka bizi naiz, hil ere, horrela egin beharko naiz.

UGARTE ZAHAR Zertan dira arto-ereile horiek?

KONTXEXI Ederki orain, nik eramandako afaria garbitu dutenean.

UGARTE ZAHAR Zein sorotan ari dira?

KONTXEXI Hementxe... Bertaneko honetan. Ikusi nahi badituzu, lagunduko dizut, utzitako gauza batzuen bila joan behar dut-eta.

UGARTE ZAHAR Joan-etorri bat egiteko gogoa badaukat bada.

GARBIÑE Zoaz bada, aitona.

KONTXEXI Zoaz, bai; hauek utzi eta berehala han naiz; elkarrekin etorriko gara. (Baserrian sartzen da)

GARBIÑE Bai, aitona, hirurok etorriko gara.

UGARTE ZAHAR (Jaikiaz) Ez daukat bada kemen handirik...

GARBIÑE Oraindik bai, Jaungoikoari eskerrak. Beldurra, beldurra daukazu hezurretaraino sartua...

UGARTE ZAHAR Beldurra, urteak eta... gainerakoak, bazenekike zenbaterainoko zama egiten duten!

GARBIÑE Oraindik gizon gordina zaude, aitona.

UGARTE ZAHAR Gordina?... Zuk bai uste... Har bat daukat barren-barrenean.

GARBIÑE Harra?

UGARTE ZAHAR Har hori zu zara.

GARBIÑE Ni?

UGARTE ZAHAR Bai, zu... Ikusten ez dudalako zure begietan lehengo alaitasun pozgarria; zure masailetan nabaritzen ez ditudalako barre-irri gozoen ildaska zoragarriak; entzuten ez ditudalako zure eztarritik sortzen ziren abesti leun eta eztitsuak, nire barrena pozez betetzen zuten abesti gogoargi haiek.

GARBIÑE Irudipenak... irudipenak...

UGARTE ZAHAR Irudipenak?... Jaungoikoak hala nahi dezala! Zu gabe, zer egin behar du, aitona gizajo honek!... (Ugarte Zahar joaten da eskuin-aldean atzetik. Begira gelditzen zaio Garbiñe).

GARBIÑE Ez horrelakorik esan, aitona! Poliki ibili. Berehala bagoaz.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org