2.03. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiņe »  2.03. atala

Garbiņe. Katalina Eleizegi

HIRUGARREN ATALA



GARBIŅE eta KONTXEXI.

(Garbiņe erdi negarrez zuhaizpean etzaten da)



GARBIŅE Lehertuko nintzela uste nuen! Nire nahigabe saminak barruan gorde nahi, eta ezin! Kanpora irteten, nahi ez arren! Hau lanbidea! Amatxo maitea, begira iezaiozu zerutik zure alaba bihozmindu honi!... Amatxo!

KONTXEXI (Irteten da baserritik saski hutsa esku batean eta zapia bestean daramatzala) Zer da? Negarrez?... Gaizki al zaude?

GARBIŅE Ai Kontxexi!... Hau zorigaitza!

KONTXEXI Baina... Non duzu min?

GARBIŅE Barrenean... barren-barrenean. Eta gorde nahi, eta ezin gorde, eginahalak eginagatik azaltzen zait. Handia baita...

KONTXEXI Oinazeak al dituzu?

GARBIŅE Ez da bihotzeko zarrastadak bezalako oinazerik. Ez eta nahigaberik nahitasunak sortzen dituenen antzekorik.

KONTXEXI A! Nahitasun minak al ditugu? Lanak, dagoena dagoen tokian, utzi eta senargai bila hasi beharko dugu.

GARBIŅE Kontxexi! Ni nagoen bezala ikusi eta, jostaketan erantzuteko bai al duzu ahalmena?

KONTXEXI Ez, nire maitea, ez. Ez horrengatik haserretu. Amak maiteko zintuen nik baino gehiago; beste inork, ez. Hori, egon zaitez jakinaren gainean.

GARBIŅE Horrengatik bada; eta amarik ez dudalako, eta nori aitorturik ere ez, eta barrenean ezin gorderik itotzen naizelako, zuri esan nahi nizun, eta zuk...

KONTXEXI Nik... nik gaixo eta negarrez ezin ikusi zaitudalako, alaitzeagatik esan dizut... baina esan, esan nahi duzun guztia, hemen nago ni, edozer entzuteko.

GARBIŅE Ez diozu ordea, Jaungoikoagatik, ezertxo ere aitatuko, ez aitonari, ez Iboni...

KONTXEXI A! Ibon al da nahaspila honen guzien korapiloa? Berehala egingo ditugu bada horrenak: lepazamarretik heldu eta, hona etorri beharko du airean.

GARBIŅE Ez da hori, Kontxexi.

KONTXEXI Ezkailu hori da beraz? Ezer behar duen guztian hemen da gero eta... elkarrekin hazi, arrastaka ibiltzen ikasi ordurako biak elkarrekin; gero beti biak...

GARBIŅE Anai-arrebak bezala.

KONTXEXI Bai bada.

GARBIŅE Eta nik, arrebak anaiari dion nahitasunarekin nahi niola uste nuen; baina Liderekin ezkondu behar zuela jakin nuenean, ezagutu nuen nire nahitasuna besterik zela.

KONTXEXI Utz dezala bada hura, ezkondu bedi zurekin, eta guzia egina dago.

GARBIŅE Hori ezin liteke...

KONTXEXI Maite duzula ez diozu bada?

GARBIŅE Bai, eta maite dudalako Ibonen zoriona huts-hutsa nahi dut.

KONTXEXI Eta?

GARBIŅE Ibonen zoriona berak aukeratu duen emaztearekin dago.

KONTXEXI Lide txatxala horrekin? Ez sinistu! Zurekin zori hobekoa izango da. Bai, noski. Izango den bezala.

GARBIŅE Ez, Kontxexi, ez. Ibonek Lide maite du...

KONTXEXI Eta zu ez? Harrotuko dut horregatik.

GARBIŅE Ez! Ez diozu ezer esango; berari egiten diozun zapuzkeria bidegabeak nire bihotza zauritzen du.

KONTXEXI Zer egin behar dugu, bada?

GARBIŅE Negarrez itoko banaiz ere, lagundu Iboni zorionekoa izaten.

KONTXEXI Bai. Eta zu orain zauden bezala, mintsu, gaixo, negarti...

GARBIŅE Ez al duzu ikusten maite dudala?

KONTXEXI Eta nik ez al zaitut maite?

GARBIŅE Nirea ordea egiazko nahitasuna da.

KONTXEXI Eta nirea zer da: txantxetakoa? (Isilaldi baten ondoren):

GARBIŅE Ondo egingo al diozu Iboni? Ez al da horrela?

KONTXEXI Hala beharko... bestela haserretuko zara zu eta... Begira: nik nahi dudana da zu ondo ikusi, ez egun hauetan bezala ostiral santuko aurpegi horrekin.

GARBIŅE Nola nahi duzu bada?

KONTXEXI Aitona ere oso larritua dago.

GARBIŅE Ikusten dut bai...

KONTXEXI Orain ere zalantzan egongo da ez goazelako.

GARBIŅE Goazen bada (Joanaz) Ez diozu aurpegi txarrik jarriko, e?...

KONTXEXI Ez, emakumea, ez...

GARBIŅE Ondo egingo diozu, e? zapuzkeriarik gabe. Asko maite dut-eta! Erotuko nintzateke gaizki ikusiko banu.

(Zuhaitz aldetik joaten dira).









     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org