|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
LAUGARREN ATALA
EGURTZA eta IBON.
(Egurtza atzeko zuhaitz aldetik agertzen da).
EGURTZA Hemen ordaindua geldituko da Ibonek egin didan iseka. Zirtzil horrek usteko zuen azpiratu eta lagako zuela gure etxe leinargiaren izen ospetsua. Orain jakingo du txikitxoa dela aukeratu duen arerioarentzat (Baserriari begira) Gaur gauean ikusiko dute Ugarteko horma zaharrek zer den Egurtza...
(Une honetan Ibon, eskuetan ehiza-tresnak dituela baratzeko atetik agertzen da. Egurtza isiltzen da eta elkarri begiratu txarrak egiten dizkiote.)
EGURTZA Txoroa eta buru arina, osabak deitu zizun...
IBON Osabak esango zidan; zuri ordea ez dizut esaten lagako.
EGURTZA Erronka horiek... hemen... bai; Ugarterako han nonbait zara; baina, Larrain jauregira begiratzeko adina, ez zara.
IBON Ugarten eta Larrainen behar diren neurriak betetzen badakit.
EGURTZA Ez; Larraingo jauregian, gizona behar da, eta zu...
IBON Ni?... Zer?...
EGURTZA Zu, oraindik... gaia zera, besterik ez.
IBON Ongi diozu. Hala da. Zuk nahi ez baduzu ere, ni naiz Larraingo Lideren gizongaia.
EGURTZA Hori ikusiko dugu.
IBON Hori ikusia dago.
EGURTZA Laster jakingo da.
(Egurtzak zuhaitz aldetik alde egiten du Ibonek pixka batean begiratzen dio, eta gero esaten du:)
IBON E! Utz ditzagun alde batera zoro horren harrokeriak. Nahikoa lan badauka bere buruarekin, Lidek ezetza eman dionez gero.
Ikusi dezagun zer dioten Ugartetarrek (Baserriko atea joaz) Eup! Ez al da hemen inor bizi? (Pitin bat itxoin eginaz) Ez dira hemen... Sorora joanak izango dira... Agerbide ona, gaixo ez daudela behintzat. Garbiñe, nola ote da?
|