|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
BOSGARREN ATALA
IBON eta KONTXEXI.
(Kontxexi sartzen da zuhaitz aldetik eskuan saskia duela, Ibonek ikustean dio:)
IBON Hori da hori: azeria ateetan, eta etxean inor ez.
KONTXEXI Ez zaude zu azeri txarra (Garbiñe haserretuko ez balitz, a zer nolakoak entzun beharko lituzkeen.)
IBON Ez nintzen ni azeria; beste bat zen.
KONTXEXI Zure antza izango zuen.
IBON Nolanahi ere, zuetakorik inor ez zegoen hemen. Oso harrotu zarete, Kontxexi!
KONTXEXI Harroa ere laster apalduko litzateke nire tokian jarriz gero.
IBON Zer bada?
KONTXEXI Hara: arnasa lasai hartzen ere uzten ez didate. Urte-aro honek oso beldurtzen nau.
IBON Etxekoandretzak ere, bere alderdi txarrak baditu.
KONTXEXI Buruhauste handiak behintzat, nahiz zuek, gizonek, ez uste. Orain bertan, ematen dut zurekin patxadan nagoela, eta sukaldea nire zain dago.
IBON Horretarako ezbairik gabe aitortzen dugu, zuk bezain ondo, ez duela inork jana maneatzen inguru hauetan.
KONTXEXI Bai, eta hala ere ez zara gaur bazkaltzera etorri. Zure zain egon gara. Basahuntza ere bagenuen.
IBON Ni baino ehiztari bikainagoak badira bazterretan.
KONTXEXI Zer? Gaur ere hutsik al zatoz?
IBON Bai emakumea: goiz eta arratsalde ibili arren, ez dut txori baten aztarnarik aurkitzen. Eta Larraingo jaunak ehiztari azkartzat eduki nazan, zuregana nator, hemen sakela betetzeko asmoz.
KONTXEXI Ez da harritzekoa, ez. Bi ehiza batean darabiltzazu eta... bat ondo ez egitea...
IBON Orain ere, zerbait esan nahi zenuke zuk.
KONTXEXI A! nahi dudan guzia esango banizu, entzun beharko zenituzke zureak eta bi.
IBON Zer bada?
KONTXEXI Isilik hobe dugu egon (Ai! Garbiñe haserretuko ez balitz!)
IBON Esadazu bada, zer ehiza daukazun niretzat.
KONTXEXI Egia esan duzu bada, atarian azeria zegoela.
IBON Ni ez nintzela esan dizut.
KONTXEXI Zu adinakoa ez zen izango behintzat.
IBON Zergatik?
KONTXEXI Hark ezer eraman gabe alde egin duelako, eta zuk zerbait gabe ez duzulako joan nahi.
IBON Zer daukazu bada?
KONTXEXI Erbi bat badut.
IBON Ekarri.
KONTXEXI Ekarri... (A zer nolakoa ekarriko nizukeen nik.) Hara non datozen aitona-bilobak (Eskuinera begiratuaz.)
IBON A! Bai. Ekarri bada.
KONTXEXI Banator, banator (Baserrian sartzen da.)
|