|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
SEIGARREN ATALA
IBON, UGARTE ZAHAR eta GARBIÑE.
(Iluntzen hasten da).
(Ugarte Zahar eta Garbiñe eskuineko atzeko aldetik agertzen dira. Ibon lasterka haiengana doa.)
IBON Ikusten dudanez, aitona, oso bizkor zaude.
UGARTE ZAHAR Bizkor izana, Ibon. Sorotik ikusi, eta etorri natzaizu.
IBON Ni joan behar nintzaizun, aitona. Eta, zu, Garbiñe, ondo al zara?
GARBIÑE Bai, Ibon. Eskerrik asko.
(Ibonek aitonari besotik heltzen dio, Garbiñek utzirik; eta hirurak aulkidun zuhaitz aldera doaz.)
UGARTE ZAHAR Ondo? Ondo nahi!
GARBIÑE Aitona...
UGARTE ZAHAR Ez al duzu ikusten, zer goibel dagoen?
(Ugarte Zahar aulkian esertzen da, eta Garbiñe bere ondoan.)
IBON Egia, Garbiñe: zer duzu hain goibel egoteko?
GARBIÑE Ezer ez...
IBON Gaixo zaudela uste duzu eta horrengatik iluntzen zara... Uste hori buruan hartzea nahikoa da gaixotzeko.
GARBIÑE Ez, Ibon, ez; ez nago goibel. Aitonak eta zuk beti barrez egon behar dudala uste duzue.
IBON Eta zergatik ez? Tira, tira; utzi alde batera laino horiek eta abestu ezazu, zuk egiten dakizun bezala, zure eztarriko ahots gozoa entzuteko zoratzen gaude eta...
GARBIÑE Gaur ez, Ibon... (Barren ona daukat nik!)
IBON Zergatik?
GARBIÑE Eztarria itxia daukat.
UGARTE ZAHAR Utzi egin beharko diozu.
IBON Gaur uzten dizut... baina bihar bazkaritara etorriko naiz, eta...
UGARTE ZAHAR Gaur ere zain egon gara.
IBON Bihar etorriko naiz bada, eta “Txori errexiñula” entzun gabe, ez naiz etxera joango.
UGARTE ZAHAR Bai, bai; biak abestu behar duzue, horrenbeste aldiz egin duzuen bezala. (Barrendik nekazarien abestiak entzungo dira. Abestuko dute “Itsasoa”) Hara; gure soroko langileak
(Barrenean abestuaz)
Itsasoa laño dago
Baionako alderaino;
Nik zu zaitut maiteago
Txoriek beren umeak baino.
|
GARBIÑE (Ahaztarazi beharrean, abesti hauek ere, nire nahigabea berritzen dute)
(Barrenean abestuaz)
Gure aita, oroiz dago
Lainopean gaueraino;
Nik zu zaitut maiteago
Arraintxoak ura baino.
|
|
Itsasoa laino dago
|
|
|
IBON Horrela abestuko dugu biok, Garbiñe.
UGARTE ZAHAR Zeinek izan lezakeen horien osasuna. Zerbait hartuko al duzu, Ibon?
IBON Eskerrik asko, berandutu egingo litzaidake.
UGARTE ZAHAR Zergatik zara hain larri joateko?
IBON Gauero, afalondoan, Larraingo etxera ikustaldi bat egitera joaten naizelako.
GARBIÑE (Zer oroipenak berritzen dizkidaten orain!)
UGARTE ZAHAR Egia! Ez nintzen oroitzen; Larrain jaunari joan al zaio oso haserrea?
IBON Oso haserretu zen gero, Garbiñe, egun hartan?
GARBIÑE Bai...
IBON Zu oso ikaratuta zeunden.
GARBIÑE Ez zen gutxiagotako... Egurtza jauna, joan zen bezala joaten ikusita (Eta nire barrenak ikara handigoa dauka oraindik, zuk aldendu didazulako).
IBON Egun batzuetan, Larrain, bekoki ilunez agertzen zen. Lidek ordea...
GARBIÑE (Lide!)
IBON Lidek limurtuko luke basoan dabilen katamotza ere... eta bere aita, jakina. Zein zoragarria den, aitona!
GARBIÑE (Hau nahigabea!) (Garbiñek eskua bekokira eramaten du)
IBON Eta hizkuntza berriz eztitsuagoa du! Ikusiko bazenu! Zeruan bertan ere, ez da hura baino aingeru ederragorik izango.
GARBIÑE (Nahita ere, ezin, ezin eraman dut!)
UGARTE ZAHAR (Barrez) Ezagutzen dut, Ibon.
IBON Ez nintzen oroitzen hona maiz etortzen dela. Zuzen al nago, ala ez, horrenbeste goratzen dudanean?
UGARTE ZAHAR Bai, Ibon! Ez dakizu zenbat pozten naizen...
GARBIÑE (E!)
UGARTE ZAHAR Zugatik eta beragatik pozten naiz. Biok onak zarete, eta zorionekoak izango zaretela deritzot...
GARBIÑE (Hau zorigaitza!)
|