2.07. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiñe »  2.07. atala

Garbiñe. Katalina Eleizegi

ZAZPIGARREN ATALA



Lehengoak eta KONTXEXI.

(Kontxexi ateratzen da baserritik, erbi bat eskuan dakarrela)



KONTXEXI Hona non dakardan, Ibon, zuretzako erbia: gizen eta eder askoa.

IBON (Erbia hartuaz) Hala da.

KONTXEXI (Ez balitz beste gajo horrengatik) (Garbiñeri begiratuaz) E? Zu ez zaude ondo, Garbiñe! Aurpegiko margo guztia joana daukazu

(Bekokian eskua jartzen dio.)

UGARTE ZAHAR (Ikaratua) Zer duzu, nire biloba maitea?

(Eskutik heltzen dio) (Ibon, aurrean begira jartzen zaio. Garbiñek burua alde batera eta bestera eragiten du.)

IBON Zer duzu, Garbiñe?

GARBIÑE Ezer ez da. Zorabio txiki bat.

KONTXEXI Etxera, bada, etxera. Zerbait bero hartuko duzu.

IBON Hori da, ongi dio Kontxexik.

GARBIÑE Baina...

UGARTE ZAHAR Bai, bai: eraman ezazue. (Garbiñe altxatzen da, eta Kontxexirekin etxe aldera hartzen du. Ibonek ateraino laguntzen dio.)

KONTXEXI Goazen, bai, goazen.

GARBIÑE Berehala hemen naiz, aitona.

UGARTE ZAHAR Hobe duzu etxe barruan gelditu.

GARBIÑE (Iboni) Aitonak ikusi ez bazuen, halere... Ibon, arren! zuzendu ezazu oker hau. Ez dezala uste aitonak...

IBON Utzi niri, Garbiñe. Ez estutu.

GARBIÑE Eskerrik asko.

IBON Bihar arte. (Sartzen dira baserrian Garbiñe eta Kontxexi.)

UGARTE ZAHAR Zer deritzozu, Ibon?

IBON Hori hutsa da, aitona; edozeini beste horrenbeste gertatzen zaio.

UGARTE ZAHAR Ez da gaurkoa bakarrik. Zenbait egun badira nolabait dabilela. Ibon! Nire zainetako odola emango nuke lehengo alaitasunarekin ikusteagatik.

IBON Ikusiko duzu bada, aitona; ez kezkarik izan. (Iluntzen doa.)

UGARTE ZAHAR Jaungoikoak entzun zaitzala! Haur horixe da Ugarteko itxaropen bakarra. Ibon! Arreba bat bezala maitatzen duzula badakit. Zer egingo dut beraz?

IBON Lehenbizi: ez behinik behin estutu behar baino gehiago. Nik ahaleginak egingo ditut, bera eta zu alaitzeko.

UGARTE ZAHAR Bai, bai, sendatuko ahal da! Urteak duen arorik onenean, eguzkia inoiz baino distiratzaileago dagoenean, loreek beren hostoetan margo biziagoak agertzen dituztenean, eta txoriek beren abesti gozoenak abesten dituztenean, ezin liteke nire biloba bezalako gazte bat galdu.

IBON Ongi diozu. Sendatuko da. Agur, aitona, bihar arte... Esan bezala, zuen bazkaldar izango naiz.

UGARTE ZAHAR Agur, Ibon. Zure zain egongo gara.

(Ibon zuhaitz aldetik joaten da)









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org