2.09. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiņe »  2.09. atala

Garbiņe. Katalina Eleizegi

BEDERATZIGARREN ATALA



TXOMIN bakarrik, gero GARBIŅE eta KONTXEXI.



(Zuhaitz aldetik azalduaz)

TXOMIN Ez dira bada hauexek, ni bezalako gizon batentzako egipenak. Eta hala ere egin behar! Nork esaten dio ezetz Maņu aztiari... Batzuk badira bai, esaten dutenak, atso sorgin hori beste edozein bezalakoa dela, baina, badaezpada ere, nik ez dut gaizki gelditu nahi emakume horren aurrean... Ez dakit gezurrak ala egiak izango diren; baina, diotenez, makina bat negar, kalte eta nahigabe, gaizki nahi dituen sendietan, jartzen omen ditu. Eta gero eta ilunagoa ikusten dut berriz nire egipena! Zergatik Maņuk berak esan ez dit zer egin behar dudan, beste jaun harengana bidali gabe, haren agindua egiteko esanaz? Eta hura begiratua egin dit jaun hark! Oroitu hutsaz ez dakit noraino ikara sartzen zaidan. Agintarazi dit ez dudala behin ere agertuko bera ezagutzen dudanik. Hobe nuke! Eta ez, sartu naizen nahaspilan sartuta egon... Zerbait diru ere eman dit; ez dakit zenbat den bera... Jaungoikoak nahi dezala ni honetatik ondo ateratzea! (Baserrira alderatuaz) Ausardia behar da gero, ni egitera noana egiteko... eta hala ere egin behar... Dar-dar nago. Aurrera baino atzera nahiago nuke egin, eta hala ere ezin utz nezake (Baserriko atea joaz) Eup! Ni egitera noana zitalkeria bat da, bai jauna; ez da hau gizonen egitekoa, ez jauna, ez, ez den bezala, ez...

KONTXEXI (Baserriko ate erdia ireki eta azalduaz) Nor da?

TXOMIN Ni, bai... zera, zu, zera... esaiozu Garbiņeri datorrela honaino.

KONTXEXI Alajaina! Ez duzu gutxi uste, gure nexka daukagula hor atarira edozeinengana bidaltzeko. Ja, jai!

TXOMIN Ez, zera... ni, ez naiz ni...

KONTXEXI Zu ez zarela?...

TXOMIN Bai ni, baina zera..., Ibonek bidaltzen nau; bai, zera... Ibonek.

KONTXEXI Ibonek?

TXOMIN Bai, Ibonek berak, zera... Ibonek. Bai al dakizu? Ibonek... e?

KONTXEXI Ibon al dugu orain ere? Emango nioke nik. Zatoz bada, zatoz barrura.

TXOMIN Barrura? Ez, ez! Atarian, esan du Ibonek, zera... atarian. Ibonen aginduz hitz bi esan behar dizkiot atarian... zera... atarian...

KONTXEXI Deitzen ez badiogu haserretu egingo da eta, deitu egin beharko (Barrura joanaz) Garbiņe!

TXOMIN Ibonek... bai, Ibonek... Gezurra da, eta ez txikia, Ibonek honelakorik agindu didanik! Eta nik ez dut bihotzik honelako zatarkeriarik egiteko. Eta nik... ez... ez... ez... Baina, sorginak jakiten badu, betiko hondatuko nau. Hauxe da lanbidea! Agindutakoa egin beharko. Baina, Txomin, hi ez haiz horrelakoa, ez dezakek horrelako doilorkeriarik hik egin. Egia diok; to, horrela duk. Goazemak hemendik, Txomin. Goazemak.

GARBIŅE (Atarira irtenaz) Zer da?

TXOMIN A, bai... zera... Ibonek, e... Ibonek; badakizu... zera... Ibonen aldetik, zerbait ezkutuko esan behar dizula; eta, zera, gaur bertan, e? gaur bertan, hamarrak aldean, zera... atari honetara etorriko zaizula.

GARBIŅE Ibonek? Bera hemen zen arestian eta...

TXOMIN Ez dakit, e? ez dakit. Niri, zera, horrela esateko agindu didate, eta... Agur. (Ihesi joaten da.)









     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org