|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
HAMARGARREN ATALA
GARBIÑEbakarrik, azkenean KONTXEXI.
GARBIÑE Harritzekoa da! Zer esan nahi ote dit? Eta zergatik berak lehenago esan ez dit? Nahi eta nahi ez... gaur esan behar didala... Maite dudala, ezagutu ote du? Eta Lide utzi, eta ni hartzeko asmoa ote du?... Lidegatik txoratuta dago... horregatik... Onenean ez... Gizonek badakite horrelako itxurak egiten. Izan liteke bere bihotza niregana aldendua egotea; Lide, handizkia delako emaztetzat hautatzea; eta orain nik daukadan gaitza ezagutu eta nigana bihurtzea... Nik maite dut, bai, egunetik egunera gehiago maite dut. Ahazteko ahaleginak egin arren, nahitasun sutsuagoa sortzen da nire barrenean. Berari ere hori bera gerta liezaioke... Usteko zuen ni arreba bat bezala nintzela beretzat, eta honela, ikusi nauenean, ezagutu du arreba bat baino gehiago naizela berarentzat... (Bekokira eskua eramanaz.) Zer ari naiz ni? Nire burua zuzen ez dago... Ibon eta Lide elkarrenganako jaioak dira; eta ni, Ugarteko alaba Ibonentzat gutxi naiz... Ibonek nigan zerbait ezagutu badu... nik kenduko diot burutik eta hemendik aurrera ezkutuagoan nire barrena edukiko dut... Bihotza: porrokatuko dut... eta zer? Ugarteko alabak ez du horrelako azpikeriarik egingo, eta gutxiago Larraingo Lideri...
Jauna, eman iezadazu egin behar dudana egiteko indarra! (Gorantz begiak jasoaz) Zeruan, zeruan izango da nire gogoak egingo duen indarraren saria. Bai, argi ikusten dut ludi hau utzi behar dudala; ezagutzen dut nire bizia nigandik doala.
Aitona! Zuk bakarrik gupida ematen didazu. Ahaleginak egin ditut nire gaitza gordetzeko, baina zure maitetasunak agertu du... Ez gara ordea luzaroan elkarren urruti izango... Han goian, aitona! samintasunik gabeko zoriona izango da.
KONTXEXI (Baserriko atetik). Garbiñe!
GARBIÑE Banoa. (Baserrira joanaz).
KONTXEXI Emakumea, bururik bai al duzu, gaixo zaudela garai honetan atarian egoteko.
GARBIÑE Zaude isilik, aitonak nabaritu gabe.
KONTXEXI Hemen gaude zer duzun ezin asmaturik, beldurrak airean, eta zu...
GARBIÑE Ixo, ixo, ixo... (Sartzen dira baserrian)
|