|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
HAMABIGARREN ATALA
Ibon bakarrik
IBON (Eskuin aldetik agertzen da eta baserriaren aurrean jarririk dio:) Guztia lo dago, eta Garbiñek zerbait ezkutu esan behar badit, beldurrik gabe esan lezake. Ilargia bakarra izango dugu aurreko. Zer ote du? Gero eta gutxiago ulertzen dut zertara nakarren ni hona. Zer zeukan, lehen izan naizenean, esan behar didana esan besterik? Bestela, bihar arte itxoin, eta ez ni garai hauetan hona ekarrarazi... Honek itxurarik ere ez du. Edozeinek jakinez gero, zer esango luke!
Gaixo dago, eta horrengatik nator... bestela, ez nuke nik egingo, eta ez berari ere utziko egiten, horrelako itxuragabekeriarik. (Baserriko atean deituaz:) Garbiñe! (Ibon aulki aldera joaten da.) Hau ere egin beharko dugu... Deitu eta berehala aulkidun zuhaitz aldera joateko, izan da hartu dudan agintza.
Gaixoa! ez dabil ondo!
Nork ezagutu oraingo Garbiñe erori eta itzalian, lehengo Garbiñe lerden eta jostailua!
|