|
Garbiņe. Katalina Eleizegi
HAMAHIRUGARREN ATALA
IBONeta GARBIŅE, gero EGURTZA eta bi aurrekoak.
Garbiņe baserri-atean agertzen da, eta Ibonen aldera aurreratzen da. Ibon, berriz, Garbiņeri bila pixka bat doakio).
IBON Gabon, Garbiņe...
GARBIŅE Gabon, Ibon.
(Biek aulkidun zuhaitz aldera egiten dute).
IBON Gau ederra gaurkoa. Zeru guzia izartua dago.
GARBIŅE Hala da. (Esertzen dira eta Garbiņek dio:) Zer behar didazu?
IBON Nik... ezer ere ez.
GARBIŅE Baina...
IBON Zuk zertara ekarrarazi nauzu?
GARBIŅE Nik!... Zuk deitu didazu!
IBON Nik?
GARBIŅE Zuk!
(Honetan Egurtza, laguntzen dioten bi gizonekin Iboni eta Garbiņeri aurrean jartzen zaie.)
EGURTZA Nahiz isilka ibili...
GARBIŅE Ai!...
IBON E!...
EGURTZA Luzaroan hobendariak agertzen dira.
IBON Egurtza, zure azpikeria bat da hau.
EGURTZA (Bi aurrekoei) Ikusten duzue: Ibon, Jaunsoro etxeko nagusia eta Garbiņe, Ugarteko alaba bakarra, zuhaitz onen azpian, gauez, bakarrik aurkitu ditugu.
IBON Bai, zerorrek sortu duzun nahaspila zital baten bitartez.
EGURTZA Zuek zarete aurreko, eta behar den lekuan agertuko duzue.
GARBIŅE Aiton gaixoa! Lotsaz hilko zara...
IBON Doilorra! ez besteren, doilorra! eta Jaun izena daramazu!
EGURTZA Zuk baino hobeto.
IBON Gezurra!
EGURTZA Ikusiko duzu, hau jakiten denean, Jaunsoro izena, zein ederki goratua geldituko den.
IBON Zure izen nazkagarria baino garaiago.
EGURTZA Ikusiko da. (Garbiņeri) Eta, zu, emakume: Neskatxa izena betiko galdu duzu...
IBON Gezurra!
GARBIŅE Ai!
EGURTZA Bihartandik, gure legeek agintzen duten bezala, zure burua, zapiaz estalia agertu behar duzu.
GARBIŅE (Egurtzaren aurrean belaunikatuaz) Jauna, arren! Nitaz gupidatzen ez bazara, nire aitonaz egin zaitez.
(Ibonek Garbiņe besotik helduta altxa eta baztertzen du.)
IBON Ez! Ez! Ez! Altxa zaitez, Garbiņe. Horri ez iezaiozu ezer eskatu. Hori bezalako gizon petral bati ez zaio eskatu behar... Atera egin behar zaio biziarekin batean. Honela. (Ezpata atera eta Egurtzagana doa. Honek ere ateratzen du bere ezpata.)
EGURTZA Zatoz, gauza bazara.
(Bi gizonek atzetik Ibon heltzen dute. Hau borrokatzen da; ezpata eta soin-estalkia erortzen zaizkio.)
IBON Likiskeria, petralak!
EGURTZA Ez dut nire ezpata (Egurtzak ezpata gordeaz) zikindu nahi, zu bezalako gizon lohitu eta galduaren odolean.
IBON Azpikeria egileak beti izan ohi dira beldurti eta ustelak, baina zu bezain nardagarria inor ez.
EGURTZA Ni?...
IBON Zu, bai, zu!
GARBIŅE Ai! Ai! Ai! (Garbiņe korderik gabe erortzera doa. Ibonek jasotzen du).
IBON Neskatxa honen bizia zure bizkar joango da.
EGURTZA Emakume horrek neskatxa izena galdu du.
IBON Ez du galdu, ez, nahiz zuk, basati horrek, horrela nahi.
EGURTZA Lehen ere esan dizut, bihartandik burua zapiaz estalia agertu beharko duela.
IBON Gezurra diozu, ez du errurik, ez hobenik eta nik bere izena goratuko dut.
EGURTZA Bide bat bakarra daukazu: ezkondu zaitez berarekin.
IBON Horren bila al zabiltza azpikeria lohitsu hauen bidez?
EGURTZA Egin zioten iseka Egurtzak ordaindu du.
IBON Gezurra diozu, basati amorratu horrek.
EGURTZA Lide ez da Ibonena izango!
IBON Petral... likiskeria... nazkagarri hori.
EGURTZA Lide ez da Ibonena izango.
Bat-batetan zapia jaisten da.
|