III. egintza 3.01. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiñe »  III. egintza 3.01. atala

Garbiñe. Katalina Eleizegi

HIRUGARREN EGINTZA



Antzokian Ugarteko gela bat agertuko da. Eskuinetara ate bat. Ezkerretara bi ate; lehenbizikoa Garbiñeren gelakoa eta bigarrena sukaldekoa. Leiho bat ere izango da. Horman Itziarko Amaren irudi bat. Gainera mahai bat, kutxa bat eta aulki batzuk.


LEHENENGO ATALA



UGARTE ZAHAR bakarrik.



UGARTE ZAHAR (Eserita dago) Ez dakit oraindik ametsak ala egiak diren nire etxean gertatuak. Nire etxea! Ugarte!... Oraindaino burua altxatuaz eta bekokia goian jarriaz esaten nuen horma hauek nire jaiotza ikusi zutela. Eta harrokeria bidezkoa zen! Inoiz ez da nire asabengatik on besterik esan. Behin ere ez dute Ugartetarrak, beren buruak, eguzkiaren argira agertzeko, lotsa izateko ezer egin. Inguru hauetan den etxerik zaharrenetakoa da, eta egundaino, niretarrek, gaizki hitz egiteko biderik eman ez dute. Eta orain? Jaungoikoak daki, Ugarteko aitonarengatik esango dituztenak!... Nire antzinakoek irabazitako izen ona galdu dudala behintzat... Eta horretarako laurogei urte izatera iritsi naiz! Jauna! Hau jakinik zergatik lehenago atera ez ninduzun ludi negargarri honetatik? Nire bilobaren izen ona gordetzeko utzi ninduzun, eta nik hori egiten jakin ez dut. Izen horri lurperatzen utzi diot, eta lotsaz estali ditut nire egun laburrak. Heriotzak, heriotzak bakarrik argituko du nire bizitza ilun hau. Zatozkit heriotza! Zatozkit laster! Izaera lotsagarri honen zama gehiegizkoa da niretzat. Ez dut gehiago bizi nahi. Hil nahi dut... laster... berehala... Nondik? Nola?... (Alde batera eta bestera ero batek bezala begiratzen du. Azkenik leiho aldera begira gelditzen da esanaz:) A! Hortik lurrera lau kana badaude... nahikoa nire izaera bukatzeko. (Altxatzen da, eta pixkaka, pixkaka makila baten laguntzarekin leiho aldera doa). Ez didate, bizi naizela, barrerik egingo! Hil nahi dut. Bai, hil! hil!... (Honetan horman dagoen Itziarko Amaren irudiari begiratzen dio, eta ikaratuta belaunikatuaz dio:) Zertara noa! Ama, asketsi! Asketsi, Ama! Ez dakit zer egiten dudan! Nahigabeak itsutua nauka! Nire burua arren! zuzendu ezazu. Larritasun honetan, lagundu nazazu. Ama! Zuk guztia zenezake, eta aitona gupidagarri honen otoitza entzungo duzu... Bai, entzungo duzu, eta zure bitartez egipen garratz honetan egia argi azalduko da. Zugan daukat nire itxaropen guztia. (Altxatuaz). Garbiñe gaixoa! Hori zorigaitza etorri zaizu gainera!...









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org