|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
HIRUGARREN ATALA
Lehengoak eta IBON.
(Ibon, aurpegi oso eroriarekin sartzen da eskuineko atetik).
KONTXEXI Hona hemen Ibon. Egurtzaren azpikeriaz zerbait jakin al duzu?
UGARTE ZAHAR Ageririk ez duzu sumatu?
IBON Alferrik izan dira, eman ditudan urratsak... Nigana etorri zen gezur-geznari edo mandataria bilatu ezin da. Garbiñerengana etorritakoa berriz...
KONTXEXI Hori Bordazarreko Txomin dela badakigu. Ongi ezagutu nuen. A! nire begia...
IBON Berbera da. Baina nik bidali nuela dio beti.
KONTXEXI Gezur-zulo, alaena.
IBON Ongi dakit nik Egurtzaren egitekoak direla hauek.
UGARTE ZAHAR Noski.
KONTXEXI Diren bezala.
IBON Egurtza! Ederki jakin duzu, zure sarea jartzen. Erori naiz euli bat armiarmak egindako sarean erortzen den bezala. Neure burua altxatzeko indarrik gabe gelditu naiz. Nire zorigaiztoan daramatzat Lideren bihotz zauritua, eta Garbiñeren bizi errukiz betea. Behin ere ezagutu ez baninduten hobe zuten. Gaixoak!...
UGARTE ZAHAR Alferrik dira negarrak! Oker honetan zuzendu litekeen pixka ahal den lasterrena zuzendu egin behar da.
IBON Zuk agintzen duzuna egingo dut. Badakizu, aitona, zure agintza betetzeko gertu nagoela.
UGARTE ZAHAR Orduan, Ibon, gaur bertan ezkondu behar duzu Garbiñerekin.
IBON Gaur bertan.
KONTXEXI Garbiñe ezin liteke gaur elizara joan.
UGARTE ZAHAR Etxean behar badu ere, gaur, gaur ezkondu behar du bada.
IBON Ongi da.
KONTXEXI Hemen dagoen goibeltasuna ikusita, etxe honetan gaur ezteiak direla esateak ere...
UGARTE ZAHAR Gaur izango dira bada.
KONTXEXI Andregaiaren itxurari begiratuta ezkontza baino heriotza bertarago daukala ematen du... Gaur behintzat... Noan, noan sukaldera. (Ezkerreko bigarren atetik joaten da).
UGARTE ZAHAR Entzun duzu: Garbiñe gaizki dago eta berehala ezkondu behar duzue, apaiza gaur eguerdia baino lehenago ekarriaz.
IBON Horrela egingo da. Lideri nion nahitasun sutsuari, azken-agur samin eta garratz bat eginaz, neroni joango naiz apaiz jaunaren bila, hamarrak alderako etor dadin...
UGARTE ZAHAR Ez, Anton nire morroia bidal ezazu... Uste osoa beragan eduki liteke.
IBON (Atera joanaz) Orain bertan. (Joaten da eskuinetik).
|