3.04. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiņe »  3.04. atala

Garbiņe. Katalina Eleizegi

LAUGARREN ATALA



UGARTE ZAHAR. Gero MAŅU.



UGARTE ZAHAR Ez nuen gutxiago uste bere jauntasun eta zuzentasunagandik...

Beste batek, onenean, Garbiņe gaixoa bere izen oinperatuarekin hiltzen utziko zuen, gehiago begiratu gabe... baina Ibonek ez; Lideri zion nahitasun bizia bazterreraturik erruaren itzal atsekabea zuzendu nahi du.

Errurik ez dutela, ez dut bada sinistuko beren gogo zintzoa ikusirik!

(Eskuineko atea pixkaka irekitzen da, eta Maņu aztiaren burua agertzen da).

MAŅU Oraindaino ongi noa... Aitona bakarrik dago eta horrek ni bultzaka bidaltzeko adinako indarrik ez du. (Sartzen da, atea berriz itxiaz). Zuregatik, Lide, Maņu aztiak bere burua espetxean sartzeko zorian jartzen du. (Urrats batzuk aurrera egiten ditu eta aitonak, begiratuaz, dio):

UGARTE ZAHAR Nor da?

MAŅU Ni naiz. Ugarteko nagusiarekin hitz egitera nator.

UGARTE ZAHAR Hi? Hi, Maņu aztia? Zertara hator? Etxe hau gehiago nahastera? Hoa, hoakit nire aurretik; ez dinat hiri hitzik entzun nahi.

MAŅU Noizbait asmo onen bat izan badut, oraingoan da bada. Garbiņeren izen ona eta zure zoriona dakartzat.

UGARTE ZAHAR Ez dinat sinisten. Horrelako asmo onak badakartzana, zergatik isilka eta inork ikusi gabe sartu haiz?

MAŅU Bestela honaino etortzen utziko ez zidatelako...

UGARTE ZAHAR Eta ez geninan ezer ere galduko.

MAŅU Entzun iezadazu, eta gero nahi duzuna esan ezazu...

UGARTE ZAHAR (Hartara berak nahi gabe, jarrarazi balute bezala) Tira bada...

MAŅU Oroituko zara, noski, orain hamarren bat egun inguru hauetan izan zen ekaitz ikaragarria... Gaua infernuko sarrerak izan behar duen bezalako beltza zen... Euria goian-behean gelditzen ez zen... Haizearen txistuak ehunka sugek belarriaren ondoan jarrita egingo luketen hotsa gogoratzen zuen; tximistak, iluntasun hura noizean behin argiturik begiak ikaratzen zituzten; eta zuhaitzen adarrak haizeak ibilirik, diren piztia gaiztoen antzak egiten zituzten.

UGARTE ZAHAR Ez nagon gero ni, hitz politak entzuteko.

MAŅU Ni ere ez, esateko. Ez zaitut nekatuko.

UGARTE ZAHAR Ea, bada.

MAŅU Maņu aztia aldapa gora zihoan, hemen erori eta han altxa, bere txabolara... Noizbait ere iritsi nintzen, eta atea ondo itxi ondoren, nire jantzi bustiak aldatu nituen. Gero sua piztu eta epeltzen nengoela...

UGARTE ZAHAR Eta zer axola zaidan niri hik gau hartan egin hituenak gatik?

MAŅU Orain esan behar dudanagatik bai.

UGARTE ZAHAR Esan ezan bada, esan behar badun.

MAŅU Niretzat oso gogor delako atzeratzen naiz zerbait.

UGARTE ZAHAR Eskea badun, eska ezan... eta hoa hemendik. Hire berriketak entzuteko gogorik ez zeukanat.

MAŅU Ez dut ezer ere eskatzen, entzun dezazun baizik. Zure onagatik ari naiz.

UGARTE ZAHAR Zer, bada?

MAŅU Hara: su-ondoan nengoela, bada, esan dudan bezala hitz hotsa atarian sumatu nuen. Lehenengo nire irudipenen bat izango zelakoan, ez nuen hartakotzat hartu... Gero, argi ezagutu nuen ordea, ez zela nire irudipena. Nor ote zen? Etsaiak eta nik...

UGARTE ZAHAR Biak etsai asko.

MAŅU Bakarrik izan genezaken, gau hartan, mendi hura igotzeko ausardia... Berehala atera nintzen nire zalantzetatik, atean deitu zutelako, esanaz:- “Maņu aztia, ireki ezazu, zure beharrean naiz-eta”.- “Nor zara?”-galdetu nuen.- “Egurtza jauna”-erantzun zuen.

UGARTE ZAHAR Egurtza?

MAŅU Egurtza, bai, Egurtza.

UGARTE ZAHAR (Larri-larri Maņuri begira jarriaz): Eta... eta... zer gehiago?

MAŅU Begiratu nuen ate zirrikitutik, eta hiru zaldizko zekartzan aurrean.

UGARTE ZAHAR Eta haietakoren bat...

MAŅU Itxaron. Hitz egin zuena jaitsi zen, eta argi ezagutu nuen jantzian jauna zela.

UGARTE ZAHAR Egurtza...?

MAŅU Noski. Ireki nuen atea, eta berehala jaun hark besteei esan zien: “Itxaron ezazue”.

UGARTE ZAHAR Eta hiri, hiri zer esan zinan?

MAŅU Sartu zen gehiago gabe nire txabolan eta su-ondoan jarriaz esan zidan: Harrituko zara Maņu, gau honekin zuregana etortzeaz. Jakin ezazu bada, ekaitz ikaragarri hau hutsa dela, nire barrenean dagoenaren aldamenean jarriz gero”.

UGARTE ZAHAR Infernuko suak behar lituzke bere barrenean!

MAŅU Zioen gainera: “Gizon batek itzal egiten dit, eta bera galdu bitartean, kiskaltzen dago nire odola. Jakinik zuk txarkeriak ederki eta ezkutuan egiten dakizula, zugana nator egin behar dudanaren galdez”.

UGARTE ZAHAR Jauna bezalako laguntzailea.

MAŅU Gero azaldu zidan emakume bat hautu zuela emaztetzat.

UGARTE ZAHAR Bai...

MAŅU Eta bere aitak baimena eman eta gero, emakume horrek ezetza eman ziola, beste bati baietza lehenago eman ziolako.

UGARTE ZAHAR Hala dun...

MAŅU Nik barre egin nion...

UGARTE ZAHAR Barre...

MAŅU Esanez, ur gutxi behar zuela itotzeko; eta nahikoa zuela, galdu nahi zuen gizon hori, neskatxen batekin, bakarrik, gauean, nonbait jarraraztea...

UGARTE ZAHAR Hik sortu huen...

MAŅU Eta berak eta beste bi gizonek ikusirik behar zen lekuan salatzea!...

UGARTE ZAHAR Sorgin madarikatua!...

MAŅU Gizon hark, nor baldin bazen, neskatxa hura emaztetzat hartu beharko zuela.

UGARTE ZAHAR Hi haiz, hi, nire Garbiņeren izen ona galdu duena.

MAŅU Bai, baina...

UGARTE ZAHAR Sorgin nazkagarria!

MAŅU Kendu bezala, bihurtuko diot.

UGARTE ZAHAR Hago isilik, biziarekin ere ez dun ordainduko egin dunan gaitza.

MAŅU Nik ez nekien...

UGARTE ZAHAR Lepoa bihurritu eta ere ez.

MAŅU Nik ordea...

UGARTE ZAHAR Atso sorgin hori... lehertuko haut! (Ugarte Zaharrak jotzeko zorian makila altxatzen du, eta Maņuk oihu bat eginaz alde batera egiten du.)

MAŅU Ai!

UGARTE ZAHAR Txiki-txiki egingo haut!!









     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org