|
Garbiņe. Katalina Eleizegi
BOSGARREN ATALA
Lehengoak, IBON eta KONTXEXI.
(Ibon eskuineko atetik eta Kontxexi ezkerreko bigarren atetik lasterka ateratzen dira.)
IBON Zer da?
KONTXEXI Zer da hemen?
IBON Zer egiten du atso honek?
UGARTE ZAHAR Hori da, Ibon, petral hori, guri kaltea egin diguna.
KONTXEXI Sorgin ori?
IBON Zu?
MAŅU Ni... baina...
IBON Esadazu laster: zer, nola eta noiz, egin duzu? (Ibonek esaten ditu hitz hauek, zorrotz-zorrotz Maņuren aurrean jarriaz.)
MAŅU Egurtzak, nik erakutsita; gezur-geznari edo mandatariak nik aukeratuta, harrapatu zintuzten gau hartan, eta gero salatu zaituzte. Nik antolatua zen guztia.
UGARTE ZAHAR Atso zital, gaizto horrek!
IBON (Aitona laztanduaz) Hau poza, aitona! Gure erru-eza agertu da.
KONTXEXI Aitona! Horra egia azaldu.
IBON Poztu zaitez!
KONTXEXI Poztu gaitezen!
UGARTE ZAHAR (Iboni alde batera eginaz) Gazteak zarete, eta gutxi ikusten duzue.
IBON Zergatik?
KONTXEXI Nola?
IBON Berak dio.
KONTXEXI Berak aitortu du.
UGARTE ZAHAR Eta nork sinistuko dio Maņu aztiari?
KONTXEXI Izan ere...
IBON Hala da! Bere hitzak indarrik ez du.
MAŅU Banekien zer gertatuko zen, eta horrengatik joan naiz lehenago, bi gezur-geznari edo mandatariekin, Larrain jaunarengana, eta bere aurrean azaldu dugu egia, dena den bezala aitortuaz.
UGARTE ZAHAR Eta Larraingo jaunak zer esan du?
MAŅU Ezaguturik egia, Garbiņeri neskatxaren izen garbia bihurtu behar zaiola burua estaltzen dion zapi lotsagarria kendurik.
KONTXEXI Hala ere! Jaungoikoari eskerrak!
MAŅU Hemen duzue laster Larraingo jauna bera, egindako okerrak zuzentzera. Berehala datorrela esan dit.
IBON Aitona: orain poztu al gintezke?
UGARTE ZAHAR Orain, bai.
KONTXEXI Garbiņeri berri on hau ematera noa, nagusi; eta gainera ekarrarazi egingo dut.
UGARTE ZAHAR Zoaz, bai, zoaz... Itziarko Ama, eskerrik asko! (Kontxexi joaten da ezkerreko lehenengo atetik)
Ugarteko horma zaharrei bihurtuko zaie orain asabengandik jasotako izen ona.
IBON Eta zu, Maņu: zer burutasunek eman dizu agerpen hau egiteko?
MAŅU Ez nekien nor zen Egurtzak galdu nahi zuen gizona. Gero jakin dut, zu zinela, eta nahaspila hura Lideren kaltean zela. Eta nik Lideri kalte txikiena egin baino lehen, utziko nuke nire besoa mozten.
IBON Eskerrik asko.
MAŅU Horrengatik egin dudana egin dut ahal izan dudan azkarrena, nahiz gero espetxean neure burua ikusi. Lide da niretzat inor ez bezalakoa.
IBON Beste askorentzat ere bai.
MAŅU Gaiztoa banaiz ere, ez diot Lideri kalterik egingo.
UGARTE ZAHAR Hire bizian, gaur egin dun lehenengo gauza on bat.
MAŅU Esanak esan, banoa. Txarkeriak egiten baditut, Lideri ez... Lideri ez... ez. (Joaten da eskuineko aldetik.)
|