3.06. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiñe »  3.06. atala

Garbiñe. Katalina Eleizegi

SEIGARREN ATALA



UGARTE ZAHAR, IBON, KONTXEXI eta GARBIÑE.



IBON Aitona! Gure atsekabeak alde egin du.

UGARTE ZAHAR Bai. Ibon. Ez naiz behin ere ahaztuko zure gizontasunaz. Gizon bezala azaldu zara.

IBON Noski. Egurtza baino gizonago.

UGARTE ZAHAR Ez diezadazula aitatu ere izen lotsagarri hori. (Garbiñe, burua zapiaz estalia, doi-doi Kontxexiren besotik dator. Ibonek bi aulki jartzen dizkio: bat esertzeko eta bestea oinak ipintzeko.)

IBON Hara Garbiñe. Gaixoa! Burua estalia dauka oraindik.

UGARTE ZAHAR Biloba! Zoriona gure etxean sartu da. Burua estali gabe ibiltzeko eskubidea baduzu... Zure erru-eza agertu da...

IBON Bai, Garbiñe; egin diguten azpikeria argi azaldu da, eta ez daukazu zergatik burua estali.

KONTXEXI (Garbiñeri buruko zapia kentzera egiten du, esanaz:) Behin ere ez zuen zapi honek estali behar neskatxarik garbienaren burua.

UGARTE ZAHAR Ez diezaiozula kendu, Kontxexi. Jarri diotenak ken diezaiotela.

IBON Hala da.

UGARTE ZAHAR Alaitu zaitez, Garbiñe. Erru-eza azaldu den bezala, sendatu ere laster egingo zara; zure aitonaren azkeneko urteak alaitzeko, Ugarteren lehenagoko egun zoragarriak berpizteko... Izen ona bihurtu dizun Amak, osasuna ere bihurtuko dizu.

GARBIÑE Egin lezake, aitona, berak horrela nahi badu; baina... Goiko jaunak beregana eraman nahi baldin banau... zergatik guk ezetz esan behar diogu? (Ugarte Zahar bigarrengo ate aldera negarrez doa, eta esaten du:)

UGARTE ZAHAR Lore ihartua ez da berpizten. (Joaten dira Ugarte Zahar eta Kontxexi atzetik sukaldera.)









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org