3.07. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiñe »  3.07. atala

Garbiñe. Katalina Eleizegi

ZAZPIGARREN ATALA



IBONeta GARBIÑE.



IBON Hau poza, Garbiñe! Egin diguten azpikeria agertu da, garbi gelditu gara, eta orain Lide maita nezake, batere kezkarik gabe. Bai zorionekoak garela!

GARBIÑE Bai... Lide... zu... horrela izango zarete...

IBON Eta zu ere bai. Horrelako berri ona hartuta ez zara gehiago pozten?

GARBIÑE Bai, Ibon; niretzat zorionik handiena da neure burua garbi ikusten dutela jakitea, eta nire erru-eza agertu dela ikastea.

IBON Nola zaude bada hain eroria?

GARBIÑE Gaixo nago! Hemen, bihotz aldean, horrelako larritasun bat nabaritzen dut... eta nire heriotza...

IBON Heriotza ez, aitatu ere ez duzu egin behar.

GARBIÑE Bai, Ibon, bai.

IBON Gaixotasuna bakarrik, eta hori Egurtzagatik. A! baina utzi niri. Nire ezpatak harrapatuko du.

GARBIÑE Ibon! Arren eskatzen dizut, ez dezazula horrelakorik egin. Nik asketsi diot, zuk ere horrela egin behar diozu, Ibon.

IBON Garbiñe! Hark zure osasuna galdu du.

GARBIÑE Hark... ez...

IBON E? Nola?

GARBIÑE Lehenago ere gaixo nengoen... Agindu iezadazu, Ibon, ez diozula gaitzik egingo...

IBON Zuk horrela nahi baduzu...

GARBIÑE Nik agintzen dizut.

IBON Nahi duzun bezala egingo dut.

GARBIÑE Bai; hori egin behar duzu. Ibon; gaizki nago...

IBON Zuk uste duzun adina ez.

GARBIÑE Bai, bai. Eta apaiz jaunari etortzeko esan behar diozu; laster, uste dut, bere laguntza ongi hiltzeko beharko dudala...

IBON Apaiz jaunari, gure, uste zen ezkontzarako deitu zaio, eta etorriko da. Baina badirudi, Garbiñe, zerorrek heriotzari deitzen diozula...

GARBIÑE Ez... ez...

IBON Lide eta ni zorionaren jabe egingo gara, eta zu ere zoriontsu egingo zaitugu.

GARBIÑE Bai, bai; zorionekoak izango zarete, eta hori izango da niretzat ere zorionik samur eta atseginena.

IBON Banekien, Garbiñe.

GARBIÑE Zuek ondo, alai, pozkiro zaretela jakiteak nire bihotzaren zale guztiak aseko ditu.

IBON Laster ikusiko duzu bada. Larrain jauna da, zure erru-eza aitortu behar duen ekadoia; bere bila noa, eta geurekin etorriko da Lide ere, gure atsegintasun pozgarria hemen ikus dezazun.

GARBIÑE Zoaz, bai; honela ikusi nahi zaituztet.

IBON Berehala hemen gara bada, eta jakingo dute guztiek: “Lide Ibonena izango dela”.

GARBIÑE Bai, horrela izango da. (Joaten da Ibon eskuineko aldetik)









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org