|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
ZORTZIGARREN ATALA
GARBIÑE bakarrik.
GARBIÑE Nire barrenean gertatzen dena, neuronek ez dakit, eta ezin ulertu dut...
Pozik nago?... Ilun nago? Poza eta samintasuna nire gogoan, biak batean daude. Neskatxaren izen garbia neureganatzea pozik handiena da. Baina... gezurrezko errua nire gain zegoen bitartean, Ibonen jabe izateko bidean nengoen. Orain betiko alde egin dit. Errurik gabe gelditzen naiz, baina maite dudan gizona gabe ere bai. Erruaren azpian nengoenean gizon hori niretzat nuen. Zertarako ordea nahitasuna besterentzat bazeukan! Buru guztia nahastu behar zait, zer esaten dudan ere ez dakit. Nire bihotza, heriotzaz joa dago Ibonek Lide maite zuela ezagutu nuen egunetik. Bai, Ibon, zuk jakin gabe, lokarri gogorrez bezala lotua zeneukan nire bihotza, eta nik askatzeko egin dudan indarrez porrokatu da. Ezin bizi naiteke: gero eta gero nire arnasa larriago eta estuagoa da. Nahigabeak itotzen nau. Ludi honetatik banoala ezagutzen dut.
Aitona! azkeneko urte hauetan zure gogoa pozez bete nahi nuen, lehen igarotako nahigabeak ordaintzeko!... eta nik... nik eman behar dizut handienetako bat!
|