3.09. atala


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Eleizegi Katalina »  Garbiñe »  3.09. atala

Garbiñe. Katalina Eleizegi

BEDERATZIGARREN ATALA



GARBIÑE, UGARTE ZAHAR eta KONTXEXI.



(Ugarte Zahar eta Kontxexi sukaldetik ateratzen dira.)

UGARTE ZAHAR Bakarrik al zaude, Garbiñe?

KONTXEXI Bakarrik? Zer egin du bada Ibonek?

GARBIÑE Joatea egin du. Orain arte hemen egon da.

UGARTE ZAHAR Jakin izan banu bakarrik zeundela...

GARBIÑE Badakizu, bakarrik egon arren, beti nire gogoan zaitudala, eta nire ezpainetatik zure izenak alde egiten ez duela.

UGARTE ZAHAR Bai gozoa zarela, Garbiñe! Zure hitz eztitsu gabetarik, nola nahi duzu ni bizitzea?... Nola zaude?

GARBIÑE Gaizki, aitona, gaizki.

KONTXEXI Ez dezazula horrelakorik aitatu ere.

GARBIÑE Bai, gaizki nago.

UGARTE ZAHAR Orain guztia zuzendu den honetan ez zara nire aldamenetik joango...

KONTXEXI Zer joan behar du.

GARBIÑE Zuretzat mikatza bada ni zugandik urrutiratzea, niretzat ere, aitona! zu mikatz ikustea da, garai honetan, bihotza gehiena samintzen didana... Bestela, erbeste honetako neke eta garraztasunak zeru ederreko zoriontasunaz aldatzea ez da negargarria, pozgarria baizik.

UGARTE ZAHAR (Negarrez) Ondo diozu, erbeste negargarrian bizi garela; zuk loratzen zenuen niretzat, eta zuk alde eginez gero, ni ere laster izango naiz zure ondoan. (alaituaz)

KONTXEXI Tira, tira, utzi itzazue hizketa negarti horiek; eta hemen, poztu, alaitu egin behar da.

UGARTE ZAHAR Ongi dio, Kontxexik. Horrela da.

GARBIÑE Aitona: ezin ordea.

KONTXEXI Bai, bai: eginahalak egin behar dira. Erru-eza azaldu denez gero, atsegin agertu behar dugu.

UGARTE ZAHAR Hori da, gure poztasuna ezagutu dadin.

KONTXEXI Berehala hemen da Larraingo jauna...

UGARTE ZAHAR Izan ere, Larraingo jauna...

GARBIÑE Bai... Larraingo jauna...













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org