|
Garbiñe. Katalina Eleizegi
HAMARGARREN ATALA
Lehengoak, LARRAIN, LIDE, ANDERE LAGUNA, IBON, ZAINDARIA eta GUDARIAK.
(Eskuinetik atea irekitzen da, agertzen da Zaindaria, eta besoa altxatuaz esaten du:)
ZAINDARIA Larraingo jauna.
(Sartzen dira gelan Larrain, Lide, Andere laguna, Ibon eta Gudariak)
UGARTE ZAHAR Zu ere etorri zara, jauna?
LARRAIN Larraingo jaunak, egin behar duena, beti egiten du, eta gaur nire eginkizuna etxe honetan dago.
UGARTE ZAHAR Eskerrik asko.
LARRAIN Aurrean zareten guztiok entzun ezazue: Ezbai gabeko agiriek, Garbiñeren erru-eza garbi azaldu dute, eta nik, ekadoi bezala, erabakitzen dut berri hau zabaldu dadila biztanle guztien artean. Beraz, Garbiñe, garbi ezagutzen zaitugu, eta garbi azaldu behar duzu. Hau horrela izanik, zaindaria, ekadoiaren izenean, ken iezaiozu buruko zapi hori.
LIDE Ez, aita; neuronek kenduko diot...
LARRAIN Nahi duzun bezala.
LIDE (Lehenbizi musu emanda kentzen dio Garbiñeri buruko zapia lurrera boteaz) Zu adina pozten naiz, Garbiñe.
GARBIÑE Sinisten dut, Lide.
LARRAIN Orain, ekadoiaren erabakia ikusirik, Ugarteko alaba Garbiñe, ezagutzen al duzue neskatxa garbi bezala? (guztiek eskuineko besoa altxatuaz diote:)
GUZTIAK Bai!
LARRAIN Horrela legearen aginteak osatuko dituzue. (Garbiñerengana aurreratuaz) Nire zoriona.
GARBIÑE Eskerrik asko, jauna.
LARRAIN Ez duzu zer esker emanik. Zikindua bezala agertu zinenean, ni izan nintzen aurrena zure gain, gogorkiro legea botatzen. Ezaguturik ez dela horrelakorik, nik laguntzat neukan baten azpikeria besterik ez dela, ni naiz lehena, zure buruko estalki lotsagarria kentzen, zure erru-eza aitortu eta zure izena goratzen. (Gero Ugarte Zaharrengana joaten da) Zuri ere nire zoriona, Ugarte.
UGARTE ZAHAR Eskerrik asko... Alderdi horretatik nire bihotza zanpatzen zuen harri handi bat, kendu balidate bezala nago... baina, ikusten duzu, jauna, nire bilobak zer itxura daukan... Galdu behar ote dut?
LARRAIN Eraman duen galbidearen lotsak gaixotu du, poz honek sendatuko du.
IBON Jakina, aitona! Oraindik... (Hirurak hizketan bezala)
GARBIÑE Zuk ez dakizu, Lide, zenbat eskertzen dizudan ni ikustera etortzea...
LIDE Zer uste zenuen? Ni zutaz ahaztuta nengoela? Lehenago etorri ez banaiz, nire aitak utzi ez didalako izan da...
GARBIÑE Ongi egin du zure aitak.
LIDE Baina... Utz ditzagun orain hizketa ilun hauek eta alaitu zaitez, Garbiñe...
GARBIÑE Alferrik...
LIDE Etorkizun ederra daukagu aurrean.
GARBIÑE Zuk bai, Lide...
LIDE Bai zuk ere.
GARBIÑE Nik ere bai... hemen ez ordea: goian.
LIDE Ez; Garbiñe. Hemen eta goian. Zuk oraindik osasuna eta zoriona iritsi behar dituzu...
GARBIÑE Gogo gaitzek ez daukate hemen sendagairik (Atari aldetik batek “Itsasoa” abesten du.)
(Barrenen) (batek)
Itsasoa laño dago
Baionako alderaino
Nik zu zaitut maiteago
Txoriek beren umeak baino
|
(Abesti bitartean, Garbiñek Iboni begiratzen dio, Lidek ikusten du, eta eskua bekokira eramanaz esaten du beretzat:)
LIDE (Zer gogoratu zait? Horrela ote da?)
(Abestia bukatzen da, eta Garbiñek bakarrik balego bezala esaten du:)
GARBIÑE (Zorionekoak, beren nahitasuna ager lezaketenak)
LIDE (Garbiñeri begiratuaz) Garbiñe...
GARBIÑE E!
UGARTE ZAHAR Zer da!
KONTXEXI Zerbait al du?
LIDE Ez... ez da ezer... (Isilaldi txiki baten ondoren) Garbiñe: zuk Ibon maite duzu... (Garbiñek arnasa larri bat egiten du, eta ezer esaten ez du) Orain ezagutzen dut zure gaitza. Garbiñe gaixoa!
GARBIÑE Hau ezkutuan neukala, hil nahi nuen...
LIDE Ondo gordea zeneukan.
GARBIÑE Zuk ezagutu duzu... nik... aitortzen dut.
LIDE Horrengatik horrelako aldaketa zure aurpegian izan zen.
GARBIÑE Ibonek maite zintuela ezagutu nuenetik. Ezin... ezin ahaztu.
LIDE Eta hala ere ahaleginak egin dituzu ni Ibonekin batzeko.
GARBIÑE Hori bai... ahal guztia.
LIDE Ez dizut behin ere behar bezala eskertuko.
(Garbiñek berriz ere arnasa larri bat egiten du, eta doi-doi esaten du:)
GARBIÑE Garbiñek egiten dizun azkeneko eskaria da bere aitorpena ezkutuan eduki dezazula...
LIDE Nire barrenean ezkutatua geldituko da.
GARBIÑE Bai... Lide... ni banoa... Ibon...
LIDE (Deituaz) Ibon... Ibon...
IBON (Alderatuaz) Zer duzue? Zer duzu, Garbiñe? (Garbiñek Lide eta Ibonen eskuak elkartzen ditu esanaz:)
GARBIÑE Ibon... Lide... Zuen otoitzetan, Garbiñez ahaztu ez zaitezte.
IBON Beti gogoan edukiko zaitugu.
LIDE Beti zutaz oroituko gara.
GARBIÑE Bai... Zorionekoak izan zaitezte... a!
LIDE Aitona! Aita! (Garbiñeren inguruan jartzen dira)
UGARTE ZAHAR Neure biloba maitea!
KONTXEXI Gure nexka zoragarria!
GARBIÑE Jaungoikoak horrela nahi du! Agur aitona! Ni banoa...
UGARTE ZAHAR Laster zure bideari jarraituko diot.
GARBIÑE Orain... Agur... (Gorantz begiak jasoaz) Jauna... (Hiltzen da.)
LIDE (Deituaz) Garbiñe! Garbiñe! (Negarrez) Hil da!
(Guziak belaunikatzen dira)
UGARTE ZAHAR Hil!
LARRAIN Jaungoikoaren aurrera iritsi da.
(Atari aldetik berriz batek “Itsasoa” abesten du.)
(Barrenen) (batek)
Gure oroiz aita dago
Lainopean gaberaino
Nik zu zaitut maiteago
Arraintxoak ura baino.
|
|
Itsasoa laino dago
|
|
|
(Abesti hau entzuten den bitartean zapia poliki-poliki jaisten da.)
AMAIA.
|