|
Jose Elizondo. Alkate Ona
Hirugarren Irudia
Lehengoak eta Ijito andrea
Ijito andrea.- (sartuaz) Txester** ederrak etxekoandrea.
Kaxilda.- Ez ditugu behar.
Ijito andrea.- Txit merke emango dizkizut.
Txomin.- Ekar ezazu berau sartuta edukitzeko sumitzezko kaiola bat, nik erosiko dizut eta.
Urtzale.- Ja, ja, ja! Hau Txomin arrano arranoa!
Kaxilda.- Joan zaitez emakumea, honek ez dizu ezer erosiko-eta.
Ijito andrea.- (aulkian esertzen da) Ezer erosten ez badidazu ere, zerbait hartu behar dut barau gorrian nago-eta.
Kaxilda.- Zer hartu nahi duzu bada?
Ijito andrea.- Ekar ezazu ogi puska bat eta kuartillo bat ardo.
Kaxilda.- Zu ere egarberaren bat bazara.
Ijito andrea.- Txiki txikitatik honelakoxea naiz.
Kaxilda.- Nire gizona bezalakoa, beraz.
Txomin.- Berritsu madarikatua! Zazpi mila arrano mututuko al zaituzte.
Urtzale.- Non duzu ukuilua?
Txomin.- Eginkizunen bat al daukazu ukuiluan? Behiak ikustera bazoaz alperrik joango zera; gurean ez dago behirik
Urtzale.- (sabelari eutsiaz) Ez; beste zeregin bat etorri zait bat batera.
Txomin.- Zoaz, zoaz gizajo hori; ezagun duzu zer duzun-eta. (joaten da Urtzale ukuiluko atetik)
**Txester= otar
|