|
Jose Elizondo. Alkate Ona
Laugarren Irudia
Txomin, Kaxilda eta Ijito andrea
Ijito andrea.- Saskirik erosten ez badidazue, etorkizun ona asmatuko dizuet.
Kaxilda.- Zer etorkizun eta joankizun? Nahikoa lan izango duzu zerorrenari igartzearekin, eta isilik zaude.
Txomin.- Isilik zaude bai, honek bakarrik hitz egin dezan; hau noiz edo nola mututuko den asmatzen badidazu, gosaria doan emango dizut.
Ijito andrea.- Hori gauza erreza da; erosi ezazu kotorra bat eta andrea inbidiaz mututuko zaizu.
Kaxilda.- (eskoba hartuta jotzeko keinua egiten dio Ijito andreari) Zoaz hemendik, likitsa.
Txomin.- Laga iezaiozu bakean (Ijito andreari) Ardo saltzez aspertu naiz eta nola aberastuko nintzake?
Ijito andrea.- Erosi edo ostu ezazu loteriako txartel bat eta igurtz ezazu korkox baten konkorrean; lehenbiziko saria ateratzen ez baduzu, lepoa moztu degidatela.
Kaxilda.- (Ijito andreari) Zaude isilik txaldan alaena, gezurra darizu barra-barra eta.
Txomin.- (pozaz) Hau mauka! Korkoxari igurtzi eta beste gabe aberastuko naiz (Kaxildari) Zoaz estankora eta erosi ezazu loteriako txartel bat; azkar ibili zaitez, aberastu behar gara-eta.
Kaxilda.- Gizona, zoratu al zera?
Txomin.- Zoratu bai zu, txartela ekarri ezazu berriketa gutxiekin.
Kaxilda.- Ekarri beharko diot bakea izango ba dut.
|