|
Jose Elizondo. Alkate Ona
Bosgarren Irudia
Lehengoak eta Urtzale (Kaxilda gabe)
Urtzale.- Hau deskantsua hartu dut.
Txomin.- Gure baratzeko babak mesede izango dute
Ijito andrea.- (Urtzaleri) Gizontxoa, nahi al du etorkizunaren berri jakin?
Urtzale.- Zein dator, bada, obispoa edo errege?
Ijito andrea.- Ez dut hori esan nahi; berorren...
Urtzale.- Behorrak mendian; ni ez naiz berorri, zu edo i baizik.
Txomin.- (Bere artean) Korkoxa ere ez da mingainez motza; nire andrearekin uztartu daiteke
Ijito andrea.- (Urtzaleri) Esan nahi dizut edo diat, eze, zure edo hire etorkizun ona agerraraztea nahi duzun edo nahi duan?
Urtzale.- Etorkizun ona? Etorri behar onekoa izan banintz ez nian bizkarrean daukadan hau izango.
Txomin.- Tira laga iezaiozu berriketari eta aditu zakitzat zer esaten dizun.
Urtzale.- (Ijito andreari) Tira bada esan ezazu esan behar duzuna, emakumea.
Ijito andrea.- (Urtzaleri eskua hartuta) Denbora asko baino lehen aberastuko zera.
Urtzale.- Aberastu? Ez behintzat eguzkia oraingo bidean badabil. Nondik nora ni aberastu?
Ijito andrea.- Zuk badaukazu anaia bat erbestean.
Urtzale.- (harrituta) Egia da! (bere artean) Nola jakin ote du?
Ijito andrea.- Anaia hori, laster zeharo aberastuta etorriko zaizu.
Urtzale.- Ez gehiago esan; ez gehiago esan; nahikoa dut...
Ijito andrea.- Zaude, gizona, zaude oraindik. Eta egun batetik bestera hilko da.
Urtzale.- Bapo! Eta orduan dauzkan diru guziak niretzat izango dira.
Ijito andrea.- Eta aziendak ere bai.
Urtzale.- (txanpon batzuek patrikeratik aterata ematen dizkio Ijito andreari) Eutsi; ardotarako neukan dirua bada ere; mesede izugarria egin didazu-eta.
|