|
Jose Elizondo. Alkate Ona
Zortzigarren Irudia
Urtzale bakarrik
Gizajoa Zoratu behar du bere andrea mututu nahirik. Kotorra erosi du emaztearen jarduna isiltzeagatik. Orain baten lekuan bi kotor izango ditu ardantzale errukarriak. Bakoitza bere zoramenak darabil! Zer egi handia esan zuen hau esan zuenak. Ni ere banabil bizibidea eratu ezinik, baina gaurkoagatik sabel aldia ondo gozatu behar dut Txominen bizkar bada ere. Gizon bihozbera dirudi zakar xamarra bada ere, eta zakarra izatea behar ere badu daukan andrearekin: txirriska baino areago da berriketan hasten danean eta hasteko hutsa behar du. Nik ez dakit zenbait emakumeri, horrenbeste hitz egiteko arnasa eta txistua nondik sortzen zaien. Niri behintzat hitz bigarrenerako, eztarria hego haizeak jota bezala lehortu, eta txistua, ingurdua baino lodiago egiten zait; orduan mingaina aho sabaian pegatuta edukitzen dut eta txori emea baino mutuago gelditzen naiz. Baina, hau da patxada daukadana! Onik onenean kartzelara eramango banaute ere ez dakit eta putreak baino gibel handiagoarekin, hemen nago, bilatuko ez ninduketen lekuraino ihes egin gabe. Zenbat gaiztakeri eragin ohi ditu behar izateak! Bildotsa baino otzanagoa naizelarik, beharrak gaiztakeria eragin dit. Goseak nengoen-eta zeharo ahuldu behar nintzen, bai, eta orduan, sartu artzain txabola batera, esnea edo zerbait elikagarri eskatzeko asmoarekin: inortxo ere ez zegoen eta zer egin dut? Hartu dut... (pauso hotsa aditzen da) Baina norbait dator...
|