|
Jose Elizondo. Alkate Ona
Hamargarren Irudia
Lehengoak eta Bizargina
Bizargina.- (sartuaz) Kaixo jaunak!
Urtzale.- Ongi etorri.
Txomin.- (bere artean) Hemen da Sangrijuelas arrano hau.
Bizargina.- Zer diozu Txomin?
Txomin.- (haserre) Laga egidazu bakean, arrano birekin; ez daukat berriketarako gogorik.
Urtzale.- Ez iezaiozu hitz egin, andrearekin haserretu da eta.
Bizargina.- Nik zer egingo diot bada? (Txomini) Nola daukazu txoria? Ikusiko al dugu?
Txomin.- Ikusi ezazu airean doana, ez nire galtzarbekoa, kilker arranoa.
Bizargina.- Sendatu al zaizu, bada?
Txomin.- (emakumearen hitza irudikatuaz) Sendatu al zaizu bada? Hizketan, nire andrea dirudizu. Noiz arrano ikasi behar duzu gizonek bezala hitz egiten?
Bizargina.- Gaur, guztiz haserre zaude; andreak gaizki hartu zaitu, nonbait.
Txomin.- Zer andre eta zer pazi? Hobe zenuke sendakuntzan hobeto saiatuko bazina, nire antzera, inor sufritzen eduki gabe.
Bizargina.- Nik zer egingo dizut, zu odol eta haragi txarrekoa bazara?
Txomin.- Zer haragi eta zer urdai? Txarra izanda ere zati galanta jango zenuke, goseti arrano horrek.
Urtzale.- Baita nik ere orain daukadan gosearekin: Aaaaa...! Hau da barau luzea! Aste Santua dela iruditzen zait.
Bizargina.- Tira Txomin; nahi baduzu, sendakuntza egingo dizut.
Txomin.- Sendakuntza? Hilkintza esan bazenu zuzenago asmatuko zenuen. (Urtzalegatik) Sendatu ezazu honen korkoxa.
Urtzale.- Ez, ez; ez niri ukitu.
Bizargina.- Ez gizona, ez; urte askotan iraun diezazula.
Urtzale.- Hala bedi.
Txomin.- Hala bedi esaten du alajaina! Hori da konformidadea!
Txomin.- Zer egingo diot bada?
Txomin.- Honezkero aizkorarekin ebaki nuen nirea izan balitz Ernioko gailurra dirudien konkor hori.
Bizargina.- Txomin, sendakuntza egitea nahi ez baduzu, kontuak egin ditzagun eta eman egidazu eman behar didazuna.
Txomin.- Kontuak egin behar al ditugu? Egin ezazu kontu, kontuz konturatu garela eta kontatu iezazkiozu amonari.
Urtzale.- Hau da kontuz!
Bizargina.- Ez diot amonari kontatuko; alkateari kontatuko diot kontu hau. Egingo al dugu kontua edo ez?
Txomin.- Nahikoa kontu daukat nik, galtzarbeko txorien zulakadak kontatzen. Zoaz alatxanpaina.
Bizargina.- Ez duzu nahi? Alkateagana noa, bada.
(Joaten da Bizargina erdiko atetik)
|