|
Jose Elizondo. Alkate Ona
Hamahirugarren Irudia
Txomin, Urtzale, Alkatea, Bizargina eta Ertzaina
Ertzaina.- (atetik) Egun on dagizuela, jaunak. Alkatea hemen aldago?
Alkatea.- Hemen nago, bai; aurrera etorri zaitez.
Ertzaina.- (Alkateari antzezki eta eskutitz bat emanaz) Hauek bidali dituzte berorrentzat.
Alkatea.- (Hartzen dizkio eta eskutitza irakurtzen du) Urdauriko alkate jauna: Gizon ikaragarri batzuek erbestetik etorri zaizkigu eta ernai egon zintezke, hauetakoren bat horraino joan ez dagizun. Gizon hauen egitekoa, bonbekin kristau guziak hiltzekoa da (besteei) Aditzen al duzue?
Txomin.- Ni ez nau hilko; "portestante" egingo naiz-eta.
Kaxilda.- Lehen ere nahikoa "portestante" zera.
Alkatea.- Ixo! (irakurtzen) Gizon gaizto horietako baten antzezkia (erretratua) bidaltzen dizut, horraino iritsia balitz ezagutu dezazun; korkox antzekoa da baina korkoxaren ordez bonba bat darama; kontuz ibili zaitez Urdauriko alkate, anarkista da-eta.
(Alkateak, aldizka, antzezkiari eta Urtzaleri begiratuaz) Zer da hau? (Urtzaleagatik) Antzezkikoa eta berau bat dira (Urtzaleri) Zu zera, zu, anarkista. Zer duzu bizkarreko hori? Bonba?
Urtzale.- Ez jauna; zera... zera...
Alkatea.- Aitzakia asmatu ezinik zaude; eman egidazu bonba edo xahutuko zaitut; gizon hiltzaile likitsa (heltzen dio Urtzaleri besoetatik eta ertzainari esaten dio: Aguazila, ken iezaiozu bonba.
(Aguazilak txamarrapetik eskua sartuta ateratzen dio Urtzaleri gazta berri bat egin ditun ahaleginarekin zerbait banatu zaiola eta lurrera boteaz dio:) Lehertu zait!
(Ertzainak hitz haiek esandakoan, Txomin mostradore atzean ezkutatzen da; Alkatea Urtzaleri utzita erdiko ateraino ihesi joaten da; Ertzaina mahaipera eta Bizargina ezkerreko atera.
Urtzale.- (Gazta lurretik jasoaz) Jaunak ez zaitezte beldurtu, gazta berria da eta.
Alkatea.- Gazta? Gaztarekin hiltzen al dituzu gizonak?
Txomin.- Bai; arratoiak bezala.
Ertzaina.- Hil baino lehen hamaiketakoa egingo dugu.
Urtzale.- Goseak nengoen eta, artzain txabola batetik hartu dut.
Alkatea.- Laga ezazu bada geldi-geldi mahai gainean.
(Urtzalek lagatzen du gazta mahai gainean)
Alkatea.- Aguazila, usain egiozu, ea gazta den edo ez.
Aguazila.- Nik ez diot usainari igartzen, jaiotzezko usain gabekoa naiz eta.
Alkatea.- Txomin; zuk egiozu, bada.
Txomin.- Bai zera! Lehertu eta sudurra airean eramango lidake; hobe dugu gure andreari deitu; hiltzen bada ere ez da askorik galduko.
Alkatea.- Dei iezaiozu, bada.
Txomin.- (deiadarka) Kaxilda!
|