|
Jose Elizondo. Alkate Ona
Hamalaugarren Irudia
Lehengoak eta Kaxilda
(Kaxilda sartzen da eskuineko atetik kotorraren kaiola eta tximua dakarzkiela)
Kaxilda.- Zer da horrenbeste Kaxildarekin? (Txomini) Zuri ere hesteetako mina egin al zaizu?
Alkatea.- Emakumea zabiltza azkar (harrituta) Baina, zer tresna dakartzazu? Familiarekin al zatoz?
Txomin.- (Kaxildari) Laga itzazu eskuetako horiek eta usain egiozu mahai gaineko horri, ea gazta den edo ez.
Kaxilda.- (Joan eta gaztari usain eginaz) Gazta da; ondo usain ederrekoa halere.
Alkatea.- Behatza sar iezaiozu ea barruan zerbait ote daukan.
Kaxilda.- (gaztari behatza sartuta geri milizkatuaz) Idiazabalgo gazta berria da.
Txomin.- (bere ezkutalekutik irtenda) Ez da bonba. Tira, zertan zaudete beldurraz? A zer soldaduak zuek gerra baterako!
(Alkatea, Ertzaina eta Bizargina beren ezkutalekuak lagata iruditegiaren erdira etortzen dira
Alkatea.- Izua pasatzeko gazta jan dezagun Txomin, atera egiguzu pitxar bate ardo eta esaguzu zertarako dauzkazun kaiolako txori hori eta tximua etxean gordeta. Ume ordezkoak al dituzu?
Txomin.- Esango diot egia. Nire andrea hain da berritsua...
Kaxilda.- Bai eta zu isila, arranoka hasten zarenean.
Alkatea.- Emakumeak isilik. Esan ezazu, Txomin, esan behar duzuna.
Txomin.- Hain da berritsua, eze, galtzarbeko txoria ere bere berriketak direla-eta irten zait.
Kaxilda.- Ardoagatik.
Alkatea.- Ixooo! Bestela multa botako dizut.
Txomin.- Hara non etorri zaidan nire minaren osakuntza ijito andre baten bitartez.
Alkatea.- Zer bada? Belarren batzuek agindu al dizkizu?
Txomin.- Ezta belarriak ere; kotorra erosteko agindu zidan, nire Kaxilda mututu dadin, eta handik laster ijito giza bat etorri zait animalia hauek zekartzala. Urtzale bitarteko dela tratua egin dugu eta hona hemen orain zer gauza ederren jabe naizen.
Kaxilda.- Ederrak bost behatzean; zu bezalakoak.
Urtzale.- Kaiolakoa, guztiz hiztuna omen da.
Alkatea.- Txomin, hitz eragin iezaiozu kotorrari.
Txomin.- (hartzen du kaiola eta mahai gainean ipintzen du) Tira kotorratxo esan zerbait jaun hauei. (ez du ezer esaten)
Alkatea.- Andrea mututu beharrean kotorra mututu zaizu, Txomin.
Txomin.- Ez arranoa; hitz egin beharko du edo mokoan jota zaputza kenduko diot. Kotorra arranoa hitz egingo al dun edo ez? (kotorra isilik dago)
Urtzale.- Nola nahi duzu hitz egitea mokoa lotuta daukala?
Txomin.- Egia da, izan ere. (kaiolako atea irekita txoriari mokoa askatzen dio esanaz) Orain, orain egingo digu Frantziako presidenteak egin zuen sermoia. Tira kotorratxo, hasi zerbait esaten. (Txoriak, beleak ohi duen bezala, kua, kua! egiten du eta guziak barrez hasten dira eta alkateak dio:)
Alkatea.- Txomin, zure kotorra belea da; ederra sartu dizu ijitoak.
Txomin.- Hilko dut, horrelakorik egin badit, tranposo arranoa; hamar duro besterik ez dute balio.
Kaxilda.- Hamar duro! Gizon etxe hondatzailea; zuk kendu behar didazu osasun guzia.
Txomin.- Zeini aditzen zaizue txori kontuan?
Urtzale.- Niri.
Txomin.- Ikus ezazu ondo, kotorra edo belea den.
Urtzale.- (txoriari eskua luma gainetik pasatzen dio eta esaten du: Txori hau gainetik pintatua dago, eta azpia kedarra baino beltzagoa du; bele huts hutsa da.
Txomin.- Deabruen adarrak! Hilko dut ijito biraoa.
Alkatea.- Onena ikusi dugu; orain ikus dezagun monaren dantza, nahigabea pasatzeko.
Txomin.- (hartzen du tximua eta mahai gainean ipintzen du esanaz) Tira makakiko dantza adi Frantzian dantzatzen diren bezala.
Urtzale.- (tximuagatik) Honek ere muturra lotuta dauka.
Txomin.- (askatzen dio eta esaten du:) Nola ito ez animalia gaixoa arnasarik hartu ezinda? Tira makakito, dantza adi, polit hori.
(tximuak dantzan hasi beharrean katuaren miaua egiten du. Miau! (esanaz) (Txominek jotzen du ukabilarekin eta animaliak) Fuu! (egiten dio) (Beste guziak barrez hasten zaizkio eta dio:)
Alkatea.- Katua sartu dizue monatzat, Txomin.
Kaxilda.- Hemendik aurrera, Txomin arrano deitu beharrean, Txomin kaiku deituko dizute.
Txomin.- Zaude isilik emakumea, bestela hilko zaitut; hau ere niri gertatu behar zitzaidan, ez ditut hamar duro alperrik eman.
Urtzale.- Andrea pozez zoratzen dago; oraingoan ez da sei hilabetean isilduko.
|