|
Jose Vizente Echagaray
Donostiyako gaztetxoak
milla zortzi eun da ogei eta zortzi garren
urteko eguberri bezpera gabean
(1)
Baserri-Kanta
1
Zarrak eta gazteak,
etxian, auzoan,
gaur zoratu dirade
entero beingoan:
aditu dutelako
Jesusen jayotza,
dantzan eta kantari
ojuka dabiltza.
|
2
Nekatzen diraneko
egiñikan suba,
baniatu dediyen
apari-moduba:
munduba egon arren
pozak ernaituba,
ez dago gure tripa
beñere aztuba.
|
3
Agertzen dira puska
etxeko guztiyak,
tupiña, burruntzali,
padera, paziyak,
eltze, bombilla, pitxar,
txaltxiñak, kaikubak,
plater, baso, damboliñ,
poto, katillubak.
|
4
Sukalde-bazterretan
ez dago eskasa,
bakallaba, txardiña,
bitxigu, legatza,
opill, ogi, taloa,
gaztaña, arraultza,
udarea, sagarra,
esnea ta gazta.
|
5
Bultzatzeko ederki
onenbeste jende,
sagar eta mats-urak
guztiz on dirade:
baña eratekoan
kontu neurriyari,
ez gabiltzala gero
lurrean igeri.
|
Euskaritxoa
Donostiyara gatoz
agirando billa,
ez gerade bakarrak
badirade milla:
kapusayak burutik,
eskuban makilla,
soñu eta kantari
arreta, mutilla.
|
Zortzikoa
1
Arreta, jende onak,
kristabak, atozte,
gure lege adiña
adi ezazute,
milla bat zortzi eun
eta ogei urte,
zortzi geyagorekin
aurten dira bete.
|
2
Ordu ezkero beti
da urterokoa
oroipen atsegiña
kristabakikoa,
berriturik zoriyon
gau arretakoa,
Zeruko Aitak berak
emanikakoa.
|
3
Orduban etorri zan
gizonarengana,
guztiya egiñ eta
egingo duena,
zerubak eta lurrak
egiñ zituena,
asiyera azkenik
iñoiz ez dubena.
|
4
Bera da santuaren
egiyazko jauna,
zerutarren errege
eta jabe dana,
sortutako guztiya
mendean daukana,
diyotena guztiyak
makurtzen belauna.
|
5
Guztiya al dubenak
guztiya emanik,
ez du bear mesede
esker iñorenik:
baña amoriyua
geyegi izanik,
gizonarekin dago
gaur lagun ekiñik.
|
6
Ogei ta amairu
urte bizitu zan
umill eta pobrea
neke ta penetan,
beti gizonarekin
zegoen izketan,
egiya erakusten
ordu guztiyetan.
|
Euskaritxoa
Gaur zelebratzen degu
Jesusen jayotza,
gaur da zoriyoneko
kristabaren poza:
gaur dago atsegiñez
beterik biyotza,
gaur guztiyok alegre,
kontentu bakoitza.
|
Ikusi:
Kanta-papera, moldiztegiaren izenik gabea. (Bonaparte-ren bertso-biduma, New Library, Chicago.)
Paperak, norbaiten eskuz auxen erantsita dauka: “Donosti... ......... 1856 P. Baroja”. Puntoz jarri degun tokian, paperean ezin irakurri ditugun letra batzuk daude.
(1) Gabon-kanta auek Echagaray-renak dirala, ez du iñork iñon esaten; bañan itxura guzia arena dute. Argatik jarri ditugu liburu ontan.
|