1838: Karlos Bostgarren Errege deitzen danari


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Etxagarai Jose Vicente »  1838: Karlos Bostgarren Errege deitzen danari

Jose Vizente Echagaray



1838





Manterola-k onela dio:



“Echagaray, que profesaba ideas liberales, ha dejado entre sus canciones políticas sus Chapel-churi euscaldun baten Ay, ay, ay, cantac, (escritas en 1838); su Carlos Bostagarren erregue deitzendanari Euscaldunac zortzicoa (1838), y una composición en vascuence y castellano A la paz, escrita en 1839, todas las cuales fueron impresas sin nombre de autor.” (1)

1838-ngoa, “A la paz” deritzan ori, ez degu iñon ere arkitu. Bañan beste biak bai.

Beste bi oyetako lenengoan, iduripenez karlista ukatu edo ernegatu bat asmatzen du, onek esango lituzkenak bertsotan jarriaz.

Bigarrena izugarria da; Echegaray-k euskeraren itzik zital-amorratuenak bildu ta Don Carlosen gañera iraultzen ditu. Ori zergatik ote dan jakiten errez dago:

1837-ngo Mayatzean, Don Carlos Euskalerritik atera zan 17 batalloyekin eta milla bat zaldizkoekin. Mayatzaren 24-an, Huesca-n, karlistak liberalai jorraldi latza eman zieten, auen buru, Iribarren jenerala, bertan zauritu ta gero ilda geraturik.

Urrena, Garagarrillaren 2-an, Barbastro-n, karlistak berriro garaille gertatu ziran, liberalak Oráa jenerala buru zutela.

Orregatik dio Echegaray-k 6-gn bertsotan: “Jaca-tik Huesca-ra, andik Barbastro-ra”. Eztakigu Jaca zertako aitatzen duan; karlistak ez baitziran andik pasa.

Bañan, liberalak jipoituak izanik, bi burruka oyek doi-doi aitaturik, Lerida-ko Gra deritzayon erriko burrukaz pozez eta luzaro mintzatzen da, eraso ontan liberalak -barón de Meer jenerala buru zutela- irabazi zutelako. Ori San Antonio bezperan gertatu zan.

Cabrera apaizgai izana zan. Ori naikoa du Echegaray-k ari “apaiz ernegatua” deitzeko 8-gn bertsoan.

Bañan, Don Carlos eta Cabrera andik pixka batera, San Pedro egunean, alkartu ziran, Cherta deritzayon errian, Don Carlosen batalloyak Ebro ibaya txalupetan igarotzen ari ziran bitartean, Cabrera-k Borso jeneral liberala menderatuaz.

Manterolak ala esaten badu ere, ez degu uste Echegaray-k bertso auek 1838-gn. urtean jarri zituanik. Izan ere, ez du ez beste burrukarik eta ez beste iñolako gertaerarik aitatzen, ainbat alako 1838 urtea baño len gertatu izanagatik.

Urrengo burruka Chiva-n (Valencia) izandu zan, Uztaillaren 15-an; ontan liberalak -Oráa jenerala buru- gertatu ziran garaille.

Urrena, Abuztuaren 24-an, Villar de los Navarros deritzayon errian (Zaragoza) izandu zan, ontan karlistak irabazirik, liberalak Buerens jenerala buru zutela.

Andik abiatuta, pausorik utsegin gabe, Agorraren 12-an, karlistak Madriko ateetaraño, Vallecas-eraño, iritxi ziran.

Batalloyak Madrid asaltatzea nai zuten, bañan, ori egin bearrean, erretiratzeko agindua izan zuten, Madrid aurrean geldirik egonda gero. Eraso izan baliote, Madrid berea zutela diote liburu askok. Andik Euskalerrira itzuli ziran, ziur asko gerra irabazteko aukerarik ederrena eskutik galduta.

Dana dala, oso nabarmen dago bertso auek karlisten joan-etorri oyen denboran egiñak daudela, liberalak estuasunik gorrienean ikaraz aidean zeudelarik.

Bolara artan iñoiz baño aundiagoak esan zizkaten liberalak karlistai: “hordas de asesinos” eta ortik aurrerakoak. Alakoekin beterik daude orduko liberal-paperak.

Ez da, beraz, arritzekoa, Echegaray-k ere beste itz-jariorik ez badu.



(1) José Manterola: “CANCIONERO VASCO” Segunda serie, Tomo IV, pág. 55.)



Karlos Bostgarren Errege Deitzen Danari

Euskaldunak Zortzikoa



1
Basoko erregea,
Karlos bizar gorri,
Majestade aundia,
gaur agur zerorri:
Isabelen tronuan
nai badezu jarri,
Madrilla joan oi zera
ametsetan sarri.
2
Karlos odolgiroa,
zital arritua,
zori ordu gaitzean
mundura sortua:
errege txantxetako
madarikatua,
gizatxar mendekari
dollor kaltetsua.


3
Karlosek lege bage
nai luke agindu,
gogoak dionari
bizia ekendu:
zar eta gaztearen
egunak azkendu,
Ezpañiako lurra
ezurrez apaindu.
4
Illobaren koroa
ezin atziturik,
osaba Karlos dabil
burua galdurik:
txoratua beingoan
ez dauka zentzurik,
ez arrazoi, ez lege,
ez ezaguerarik.


5
Ezkurrean ametsa
du txerri goseak,
eta beti Madrillen
Karlos erregeak:
arbolari begira
dio azeriak:
eldu bageak daude,
oraindik berdeak.
6
Emen eror, an altxa,
bera eta gora,
eskintxoka dijoa
Karlosen denbora:
Jaca-tik Huesca-ra,
andik Barbastro-ra,
gero etorri zaigu
txoria eskura.


7
Madrilla bearrean
galdurik bidea
Cataluña-ra joan da
sasi-erregea:
bakan etorri oi da
bakarra kaltea,
bidea galdu eta
ondoren jendea.
8
Apaiz ernegatua
jeneral Cabrera,
zegoan irtentzeko
Karlosen bidera:
bata eta bestea
itzuli joan dira,
zergatik Baron de Mer
sartu dan erdira.


9
Aita San Antonio
bezpera eguna,
illaren amabia
etzuben txit ona:
korde bage zegoan
Karlos alarguna
galdurikan ugari,
gizonan, gizona.
10
Karlos ikaraturik
egon da begira,
nola bere jendea
dijoan mendira:
amorratu zorian
igeska asi da,
ortzak estutu eta
illeari tira.
11
Karlosen konsejari
jakintsun bakarra,
Abarca Obispoa,
jeneral azkarra:
Eleizaren abea,
fedeko indarra,
bedeikazioakin
egiten du gerra.
12
Karlos iltzen daneko
gordetzen fedea,
aurreratua dago
bere aldarea:
Abarca-k garbitua
zeruko bidea,
Requiescant in pace
apaiz erregea.


IKUSI:

Moldiztegiaren izenik gabeko kanta-papera. (New Library, Chicago.)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org