|
Jose Vizente Echagaray
Zortzikoa
Erregiña Isabel Bigarrenaren
Ezkontzari Ipiñiya
Eta Kantatua Donostian Igande
Gauean (1)
1
Isabel bigarrena
gure Erregiña,
aingeru maitagarri
zeruak egiña:
ar ezazu, Donosti,
leyaltasun fiña,
beti izan dizuna
oberik eziña.
|
2
Amasei urte bete
dituzun eguna,
autu dezu artzeko
senar on laguna:
lengusu D. Franzisko
Asis gure Jauna
egiñ dezu Errege
deiturik zugana.
|
3
Ezkontza onen onran
dago Donostia,
naikeraz eta pozez
beterik guztia:
atsegin aundietan
erakutsi naya
bere zorioneko
zor dizun doaya.
|
4
Jayo ziñan ordutik
urte bi baño len,
Donostiko semeak
fusillakin geunden,
biotzeko Isabel,
zure defenditzen,
guztiok borondatez
odola itxurtzen.
|
5
Orduan eta orain
beti gera lenak,
leyaltasunarekin
Isabeltxorenak:
garai gaitzan baña len
etsai berarenak,
eriotztuko gaitu
gazte zar geranak.
|
6
Ezkontza oroigarri
aundi geyegia,
Isabelen biotza
txit urrikaria:
zuek barka dezute
uts egin guztia,
eta zabaldu ate
askori itxia.
|
7
Gaur guztia da festa,
soñu eta dantza,
umore onarekin
kontentu bakoitza:
zelebratzen Isabel
onaren ezkontza,
guztiz ezaguna da
gure barren poza.
|
8
Isabelen ezkontza
egiñik aurrena,
bereala eragin du
aizpatxoarena:
biak bizi ditean
albait ondoena,
eska zagun grazia
Jaungoikoarena.
|
(1) 1846-ngo Urriaren 10-an ezkondu zan erregiña. Arekin batera, bere aizpa Maria Luisa Fernanda ezkondu zan.
IKUSI:
Kanta-papera, moldiztegiaren izenik gabea. (Bonaparte-ren bertso-bilduma, The New Library, Chicago.)
(Bertso auek ere Echagaray-renak ematen dute. Argatik jarri ditugu liburu ontan; bañan beste arrazoirikan ez degula aitortu bearrean gaude.
|