IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ameriketak eta bertsolariak »  1. Uztai historikoa

1. Uztai historikoa

Uztai historikoa



Tradizionalki beti esan ohi izan da Euskal Herria izan dela mendeetan zehar Ameriketarako migralarien jarioa gehien ugaritu duenetako lurraldea. Zera esan beharrean gaude, dagoeneko birkonkista garaian Penintsularen Hegoaldeko euskal orobeak eta batez ere Zintzurrean zeuden euskal itsasgizonen presentziak erraztu egin zutela euskaldunen iharduera Amerikako hatzematean (1).

Hain zuzen ere eta Fernandez de Pinedok dioenaren arabera, euskaldunek "utzi egin zuten Flandesekin burutzen zuten merkatalgoa eta utzi ere Terranovako arrantzaguneak irabazpide haundiagoko Indietako lasterketaren truke" (2) . Han kokatu ziren merkatari, tratadista, burokrata gisa eta, beren martzaltasun unibertsalaren izenean, hartu ere hartu zituzten pribilejioko postuak nolabait sorterriarekiko harreman berri batzuei hasera emanez. Horren arabera erraztu egin zuten Euskal Herrian sorturiko espainiar kolonietaranzko jario migralaria, Antillatarantz, Mexikorantz, Perurantz, Txile eta Venezuelaranzkoa. Azkeneko hau XVIII. mendean taiutu zen orduantxe eratu berriko Caracaseko Konpainia Gipuzkoarrari esker eta bere bidez. Zeren, Garate Ojangurenen eritziz "enpleguak, ondorengoak, faktoreak eta Gorteetarako diputatuak kontutan hartuz gero, garbi baino garbiago gelditzen baita Euskal gizasemeak zirela Konpainiako posturik garrantzitsuenak lortzen zituztenak.Gauza ugari aldatu ziren, fondatzaileak ere, berriketa asko sartu zen, batipat akziodun etziren bazkidei zegozkienak, baina azken batez, gipuzkoarrak izango ziren talderik ugariena eta eraginkorrena osatzen zutenak (3) . Beharbada zera esan dezakegu, hemen, Konpainia honetan datzala XVIII. mendeko lehenengo urteetan kostaldea Amerikaranzko jario migralari garrantzizkoena izatearen arrazoia. Aldiz, barnekaldeak mendearen bigarren zatian hasi zuen bere iharduera merkatalgo-libre errejimenak eraginda.

Hemendik aurrera migrazioa eta amerikar merkatalgoa guztiz lotuta daude, joan etorri soilki komertzialak gero eta usuagoak zirelarik. Halere, badirudi XVIII. mendearen aurretiko migrazio jarioa etzela soilik eta esklusiboki Ameriketan gauzatu; antza denez Penintsulako beste zenbait probintzik ere ezagutu zuen. Aita Manuel Larramendik dioenaren arabera ez da lanik izango Gaztelan, ez Aragoien ez Frantzian non euskal harginek ihardungo ez direnik. Dena dela, Ameriketako meatzak izango dira talde ugariena erakarriko zutenak.

Bestalde, XVIII. mendearen amaiako eta XIX.ren hasierako merkatalgoaren aldigaiztoak, amerikar independentziarekin amaituko denak, aldatu egin zuen euskal migrazioaren izakera. 1853an Espainiar migrazioaren legeztatzea eman zenetik hirurogeiko hamarkada bitartean, non ahuldu baitzen joputza Kuban, izugarrizko migratze jarioa eman zen ordurarte urriki irrikituriko Hego Ameriketako tokietara. Bertan ezarriko da gehiengoa, ahaideen eta ezagunen merkatal etxeetan,kate-migrazio eredua jarraituz.

V. Vazquez de Pradaren datuen arabera, euskal migralarien % 60tik 70era Plata Ibaiko lurraldeetara abiatuko da, Argentina eta Uruguayera, "fortuna egiteko haina irauteko" (4) hartutako destinoak. Mexiko, Txile, Cuba eta Venezuela ez dira hain garrantzizkoak izango.

Bitartean, eta W.A. Douglass eta Jon Bilbaoren ikerketen arabera (5) , Amerikar Mendebaldera zuzenduriko euskal migrazioa martxan jarri da, batez ere 1848tik aurrera, guk aztertu ditugun bertsolariengan somatzen den bezala, El Doradoren mitoak indarra hartzen duen momentutik aurrera, Kaliforniako lurraldeetako urrearen sukarra migralari gehienen burmuinean. "Amerika onibardun eta landetxedun aberatsen lurra izango da. Amerika zerbait abstraktoa bailitzan aurkezten da, mitikoa, irudimenak puztua... egunero aurre egin behar zitzaion errealitate garratzetik urrun gelditzen zen zerbai (6)t" .

Gero, ardi-hazkuntza negozioa izango da, 1880 inguruan euskal migrazioa nabarmenki ugarituko duena. Ordurako Argentinako lur gehiena dagoeneko hartuta dago, eta goldearen agerketari esker, loretu egingo da laborantza. Aldiz, zera ekarriko du, lurraren inflazioa, abeltzainen mugimenduak eragotziko dituena, batez ere bazterretako eremuetara jo beharko duten artzainenak. Amerikar Mendebaldean, bestalde, larrerako egokitzat jo zitekeen lur gehiena jaberik gabekoa zen ondiño; jabego publikopean aurkitzen zela esan nahi dugu. Hazkunde prozesu azkarrean aurkitzen zela esan dezakegu, Argentinako Pampa JM de Rosasen tiraniaren ondoren (1830-52) egon zen bezala. Guzti honek euskaldunen alde jokatu zuen, eskulanerako zuten jarrera beharbada kulturalari esker. Jarrera hau itxuragabe nabarmentzen zen espainiar landetxedunenarekin gonparatuz gero, kontutan hartuz azkeneko hauek erdeñari bezala hartzen zutela eskulana. Euskaldunen lan gogorraren etikak eta euren giza berdinkidetasunak zilegiko diete denborarekin entrepresa kolektiboak eratzea, larren maizterkuntza izenpetu ondoren eta lur publikoak erabiltzearen abantailarekin. Guzti honen ondorio "izango da euskalduna abelazkuntza industriako osagarri etniko garrantzizkoena bilakatzea, batipat ardiaren industriarena, XIX, mendearen amaiako eta XX.ren hasierako Amerikar Mendebaldean" (7) . Hain zuzen ere, arazoren bat baino gehiago ere erakarri zien bertako jatorrizkoekiko, "napur eta kentzaile" (8) gisa salatu izateraino.

Bi eragilek bat egingo dira Amerikar Mendebaldeko euskal kolektiboa murriztua izan dadin Hego Ameriketako beste zenbait lurraldetan sortu zirenekin konparatu ahal izateko. Alde batetik, ekonomi ereduaren aniztapena, non laborantza eta abelazkuntzaren interesek rol politiko eskasagoa hartuko duten beste zenbait alorrekin konparatuta, meatzena hain zuzen ere adibidez. Bestetik, hizkuntzaren hesia, esate baterako migralari irlandarrarekin desabantailan jarriko duena.

Dena dela,gaur egungo idazle gehienek diotenez, XIX. mendeko azken bi hamarkadatan, euskal migralari gehienek Hego Ameriketara jo zuten batez ere, Ipar Ameriketara baino. Halere, nahiz eta baieztapen hau ontzat eman, uste dugu ezin dela Euskal Herriko lurralde guztietara zabaldu. Douglass eta Bilbaoren ikerketetan oinarrituz, Californiako lehen euskal migralari gehienak Iparraldekoak zirela ikusten dugu eta presentzia hau askoz garrantzizkoagoa zela Amerikar Mendebaldean Hegoaldekoenarekin konparatuta, bizkaitarrak ere kontutan hartzen ditugularik. Hau, gure eritziz, nahiko garbi gelditzen da bertsolarien presentzia kualitatiboa barrutik aztertuz gero. Iparraldeko euskaldunak izango direla, esan nahi dugu batez ere, migralarien estilo etikoa markatuko dutenak, Etchamendy adibidez.

Goian aipaturiko idazleen datuen arabera, 1900etik 1920 bitartean -zalantzarik gabe Amerikar Mendebalderako euskal migrazioa gehien ugaritu zeneko garaia- frantziar nazionalitatea zuten 263.183 migralari eta espainiar nazionalitatea zuten 178.947 sartu ziren Estatu Batuetan, urteko bataz bestekoa 13.159 eta 8949 zelarik. Baina ez da erraza guzti horietatik zernolako portzentaia hartzen duten euskaldunek jakitea, estatistika ez baita batere zehatza eta guztiz murritzak baitira horri buruzko ikerketak, batez ere Iparraldekoei buruzkoak, nahiz eta A. Gachiteguy, P Barberen, Etcheverry eta Douglassen lanak azpimarragarriak izan.

Bestalde, Hegoaldeko lau probintziei buruzko estatistikari dagokionez, eta berriro ere Douglass eta Bilbaoren lanak aipatuz, badirudi espainiar nazionalitateko Estatu Batuetaranzko migralariei buruzko datuak batez ere euskaldunei dagozkiela nahiz eta "montañés (santanderino) batzuk" (9) ere bertan azaldu, zeren beste espainiar probintzietatik ez baitzen migralari bakan bat edo beste baino azaldu Amerikar Mendebaldean. Gaia aztertu dutenen azterketak Hego Ameriketara zuzenduriko euskal migrazioaren ardatzetan sartzen gaitu, honako hauenak besteak beste: Cola y Goiti, L. Etcheverry, Llande, J. Bilbao, Caro Baroja, Otazu, Ispizua ... gaur egungoak direnetara iritsi arte: E. Fdez de Pinedo, C. Idoate, M.P. Pildain, M. Vazquez de Prada, M. Azcona Pastor... eta abar. Honez gainera badira beste zenbait egile fenomenoa estadu mailan aztertzen dutenak, noizean behin salbuespen probintzialak eginez. Honako hauen kasua litzateke: M Rothnoss (1949), N. Sanchez Albornoz, J. Maluquer de Motes, Yáñez Gallardó Katalunyarako, Díaz Trechuelo Andalucia eta Extremadurarako eta Macías Hernandez Kanariasetako.

Ohar hauekin ez dugu inola ere migrazioari buruzko kritika historiografikoa egin nahi (10) , gure lanaren helburu nagusitik aldenduko baigintuzke, baina garrantzizkoa iruditu zaigu bertsolarien sentimenduei, euren perzeptzioei, oinarri bat ematea, erreferentzi puntuak eskaintzea eta nolabait argibide bat aurreratzea, gaurko ikerketen arabera euskal Ameriketako migrazioak izango luken garrantzi eskas hori adierazi ahal izateko, guk inola ere partaidetzen ez duguna. Hain zuzen ere, bertsolariek utzitako lerroek mundu oso baten parametroak eskaintzen baitizkigute, nahiko itxiak izan arren, kultura oso eta ia zirkular baten adierazgarri nabarmenenak bertan dirautelarik, lan honetan guztiz garbi islatzen den bezala.

Beraz, ezin dugu ziurtasun osoz amerikar kontinentearen bi aldetara zenbat euskaldun joan ziren adierazi, eta are gutxiago zenbat joan ziren Iparraldetik eta zenbat Hegoaldetik. Halere, Douglassek, zenbaki absolutuak ematen dizkigu Argentina eta Amerikar Mendebaldeko populaketa ezberdintasunak aztertzerakoan. Berak dioenez ezberdintasun hau oso da nabarmena 50.000tik 100.000 bitartean jartzen baititu Amerikar Mendebaldera joandako euskal migralariak, Argentinara joan ziren ia milioiaren aurrean.

Egia esan datu hauek nahiko zehaztasun gutxikoak iruditzen zaizkigu eta puztu xamarrak, batez ere Argentinari dagokionez. Hain zuzen ere, estadu osotik Nicolas Sanchez Albornozek "masa migrazioa" (11) deitzen duen 1880-1930 bitarteko garaian joan ziren 3.685.932 migralarien artetik bakar bakarrik %2 zela euskalduna kontutan hartzen badugu. Estimazioa Sanchez Albornozena da eta datu zehatza Consuelo Naranjorena, berari IGEk (Instituto Geográfico y Estadístico) emandako datuak egiazkoak izatekotan (12) .

Honen arabera 75.000 inguru izango lirateke garai zehatz horretan Euskal Herritik joan zirenak. Zenbait autorek fenomeno honi "biztanlegoaren hazkundearen mekanismo autoerregulatzaile" deitzen diote (13) nolabait hazkundeak errekurtsoen gain ezartzen duen presioa bigunduko lukeena.

Edo bestela "iheserako balbula demografiko eta soziala" bailitzan definitzen dute (14) . Honek esan nahi du malthusiar estiloko egoera baten aurrean gaudela, demografiak lur-errekurtso murritzei egiten dien presioaren ondorio. XIX. mendeko lur-errekurtsoen mugazia hau guztiz orokorra da mende amaiako lur-krisialdi estrukturala jasango duen Penintsulan.

Mendean zehar eman ziren klima aldaketek eragin txarra izan zuten ale ekoizpen dagoeneko urrian. Ekoizpena klimaren eta lurraren eraginpean zegoenez, errendimendu oso eskasak eman zituen, iraupen mailatik nahiko hurbil.

Errendimendu eskas hau izan zen, Lur-Erreforma liberalak laborantzari eta kontsumo-produktuei ezarri zizkien zergekin batera, XIX. mendearen amaian elikagaiak garestitu zituztenak.

Halako egoera baten aurrean, eta Ameriketatik masiboki etorritako ale merkeagoek sorturiko krisialdi eta atzerapenaren ondorioz Europako ekonomiak hondoa jo zuen eta Espainiako ekonomiak ere aldatu behar izan zuen: librekanbista izatetik babestaile bilakatu zen. Orain barne merkatua bultzatzen saiatuko da eta ekonomi arlo garrantzitsuena babesten, laborantza hain zuzen ere.

Hala eta guztiz ere, politika babesle honek etzuen inola ere konpondu iraupen krisialdiek ezarririko arazoa. Saiatu bai, saiatu ziren arazoari irtenbidea ematen, laborantzarako lurren kopurua haundituz, errendimendu gutxikoak izan arren. Ondorioz, denborarekin errendimenduak murrizten joan ziren. Horrez gainera, laborantzarako teknika egoki baten ezak eta eskasia garaian inportapenei jartzen zitzaizkien eragozpenek gaiztotu egin zuten egoera.

Dena dela, badirudi "izurriteen amaia, artoa eta patataren etorrera eta lugintzaren hedadura" (15) , beraien intentsifikapenarekin batera, nahiko izan zirela krisialdi garai hontan populazioaren hazkundeari eusteko. J. Rodriguez Osunak dioenez garai hori bat dator 1800tik 1860ra zabaltzen den demografi-hazkundearekin. Sasoi hortan "urteko populazioaren igoera % 0,63-koa izango da, ia bost milioiko biztanle gehikuntza ekarriko duena" (16) .

Hortik aurrera eta mendearen hasiera arte, aurreko seudo iraultza demografiko txiki hau eten egingo da eta ezin izango du mantendu benetazko laborantza iraultza baten ezagatik hain zuzen. 1887 eta 1898 inguruan ematen diren elikagai krisialdiak direla ta, gordindu egingo da gizon eta errekurtsoen arteko desoreka. Urteko hazkuntza tasa % 0,45 ra jeitsiko da. Haatik ere, ezin dugu ahantzi Penintsulako lurralde guztiek ez dutela modu berdinean jasaten, orduan ematen baitira lehen indrustrializatze saioak, Barcelona eta Euskal Herrian kokatuko direnak. Toki hauetako malthusiar erlazioa nahiko urrun geldituko da beste zenbait lurraldeekiko.

Neurri haundi batetan, hau barne-migrazio mugimenduen ondorioa izango da, murriztuak izan arren, lehen industrializatzea gertatzen ari den lurraldeetara zuzentzen baitira. Garai hontan hasi eta XX. mendearen lehen zatian garatu zen fenomenoak batez ere 1950tik aurrera jo zuen gailurra.

Periferiako lurralde hauetara joko du Penintsula barruko jendetza erruralak, bizimoduaren hobekuntza baten bila. Pentsamolde honen arauera, Perpiña Grauk zera dio, "populazioak aberastasunaren jarioari darraiola" (17) . Populazio aldakuntza hauek izugarrizko eragina izango dute hartzaile-gunetan, hain zuzen ere lurralde erruraletako gazteen ernaltze eta jaiotze eredu ugalkorragoak ekarri zituztelako.

Adibidez, Euskal Herriak, 1860tik aurrera bere hazkunde begetatiboa baino askoz hazkunde positibo haundiagoa ezagutuko du. Euskal Herriak, jaiokuntza aldetik betidanik lurralde ugalkorra ba zen ere, orain, Madrid, Barcelona eta Las Palmasekin batera, izugarrizko gehikuntza ezagutuko du, Lehenengo Gerra Karlista eta 1855ko kolera izurritea jasan behar izan arren.

Egia da Euskal Herria bere egituraketa ekonomiko tradizionalaren eskutik sartu zela Aro Modernoan, kostaldeko lurraldeei, Bizkaia eta Gipuzkoari, zegokiena, Garcia de Cortazarrek "elikagai defizit kroniko" gisa definitzen duena. (18) Laborantzaren ikuspegi batetik, barnekaldeko probintziak ziren aberatsenak nahiz eta beren lurgintza errekurtsoak urriak izan. Araba eta Nafarroari buruz ari gara, noski. Beraz, aitzinan Gaztelatik egiten zen bezala, orain ere Bizkaiak eta Gipuzkoak alea inportatu beharko dute bertako laborantza guztiz defizitarioa baitzen bi probintzietako populazio gehikuntzari aurre egiteko, "probintzi bietan bertako lurrak manten zezakeen jende baino gehiago baitzegoen" (19) . Bestalde, ukaezina da eskasia hau bultzagarri gertatu zela eskulan eta merkatal arloak garatu ahal izateko, hauek zilegiten zutelarik "aleak ekarri eta gordetzeko exzedentea sortaraztea" (20) . S. Albornozek bikoitza gisa definitzen duen laborantza eta industrial ekonomi honi esker eta berak bultzatuko duen inmigranteen etorreragatik emango da Euskal Herriko demografi erritmoaren aldaketa.

Honaino iritsi baldin bagara, arrazoi arras sotil batengatik izan da hain zuzen ere: Ameriketara nahiz beste zenbait probintzitara ala probintzi bereko beste zenbait tokitara ematen den euskal migrazioa ulergaitza izango litzateke Euskal Herrian gertatzen den populazioaren gehikuntza hori gabe, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoakoa.

Ideia honetarako datuak ekarriz, J.M. Azcona Pastorrek dioenez, 1857tik 1900era populazio gehikuntza haundia eman zen garai hartan Euskal Herrian, batez ere Bizkaiari eragin ziona, 160.000 biztanle izatetik 290.000 izatera pasa baitzen. Aldiz, Arabako populazio egonkor gelditu zen eta Nafarroakoa %2,5 gehitu. Euskal populazioa 1860ko 429.186tik 1930ko 811.710 gehitu zen (21) . Zer esanik ez, historigileak datu hauetan ez ditu Ipar Euskal Herriko probintziak sartzen.

Dena dela, hazkunde izugarri hori ia esklusiboki Bizkaian eman zela esan beharrean gaude, 1900 inguruan Gipuzkoara zabaldu arren. Hazkunde horrek progresiboki joko du gorantz, industrializatze prozesuaren martxaren arabera. Aldiz, beren geraldi tradizionala izan zen prozesuari Nafarroak eta Arabak eginiko erakarpena, hots, despoblaketa makurra. Miguel Artolak eta Jordi Nadalek oso garbi utzi dute zernolako erakarpen indarra daukaten probintzi hiriburuek gune erruraleen gain halako iraupen ekonomian.Hori gertatu zen bai Iruina bai Gasteizekin, nahiz eta ez izan Bilbok izan zuena bezain garrantzizkoa. Badirudi "Somorrostroko meatzetara emandako probintzi barneko migrazioa" (22) inportantea izan zela.

Bestalde, estadistikek garai honetako hilkuntza tasak, bai haurrenak nahiz helduenak, beste probintzietako bajuenetakoak direla adierazten digute, euskal jaiokuntza Espainiako batez bestekoa baino murritzagoa izan arren. Antza denez, nahiko lasai ezar dezakegu garapen ekonomikoa eta herio tasa bajuen arteko lotura. Beraz, lehen adierazitakoak argitzen du Euskal Herriaren populazioaren gehikuntza, "ezkontza momentua berantiarra" (23) izan arren, berarekin dakarren ugalkortasun murriztea eta guzti.

Beraz, industrigune hauetan, batez ere Bizkaian, lan-eskaerak menperaturiko lan merkatu zabala ematen da. Berehala asetzea ezinezko zenez, bizi eta ekonomi baldintza hobeak ekarri zizkien beraien lan eskaera baino populazio aktibo gehiago zuten probintzi laborari horiei. Hori dela ta, gizarte errurala deuseztatzen joan zen, "euskal laborariaren proletarizatze prozesua azkartzen zelarik" (24) .

Hala ere, euskal iraultza industrial izutiak lanpostu gutxi sortarazi zuen eta hazkunde demografikoa eta beste probintzietan murrizten zihoazen lan aukerak bide, Ameriketarako migrazioarentzako oinarriak jarri ziren. Europarako migrazioa aldiz, eskasa izan zen eta ia esklusiboki Frantziara zuzendua.

Beraz, migrazio prozesu inbertitu baten aurrean gaude. Ifarretik Espainiako erdi eta hegora ematen zen migrazioa bere azkenetan dago. Migrazio berrien norantza alderantzizkoa izango da: Hegoaldetik ifarrera nahiz Amerikaranzkoa.

Migrazio transozeanikoak XIX. mendean eman ziren. Europako beste nazioetan baino beranduago, halere, seguraski aurreko mendeko populazio politikaren ondorioz, zeinek gehiago azpimarratzen zuen jaiokuntza eta osakidetza migrazioa baino.

Egia esan, aleen krisialdiek Estaduaren ezintasuna erakutsi zuten populazioaren bizitza birmatzeko, eta horregatik ireki zen migrazioa 1853an, 1903an, berriz, legealdetiko eragozpen guztiak baztertuta gelditzen zirelarik. Honela, Jordi Nadalek dioenez, 1868tik aurrera esan dezakegu populaketa politika amaituta dagoela eta "birpoblaketa legeen zikloaren amaia eta migraziorakoen sorkuntzan gaudela" (25) .

Beraz, guzti hau aurrean dugularik, galdera honetara iritsi gara: nola gerta liteke, gutxi gora behera, gu aztertzen ari garen garai hontan, hots, 1876tik 1936ra, Euskal Herria migralari hartzaile haina migralari esportatzaile izatea?. Ameriketara ematen den emigrazioaren historiografian aurki ditzakegu zenbait erantzun. Dena dela, zenbait kasutan galderak sortarazi duen benetazko zalantza hondora iritsi gabe eman dira erantzunak. Adibidez, Lhandek alde batetik bulkada atabikoa ematen du arrazoitzat edo euskalduna "atseginez izatea baserritarra" (26) bestetik, industrializatze prozesua bezalako berrikerien aurkakoa. Bestalde, W.A. Douglassek eta Jon Bilbaok planteiamendu iradokikorragoak egiten dituzte, nolabait E. Fdez Pinedo, Azcona Pasor eta beste zenbaiti abiapuntu gertatu zaizkienak, besteak beste. "Etxejaun izatea" zen seguraski gizon batentzat itzelik haundieneko rola. Aldiz, hiritarrei "kalekuak" esango zaie, sarri etsipena, zintzotasun eza eta miseriazko bizitza ezkutatzen zituen terminoa peioratiboa. Herri kantek ere goratu egiten zuten baserriko bizitza, norberaren duintasuna eta independentzi pertsonala birmatzen zituena. Hiriko bizitzak, bestalde, besteen pean lan egitea suposatzen zuen (27).

Hori dela eta, hirian mehatzari ala langile gisa, beste norbaiten irabazpidean menpeko gisa, aritu baino lehen euskaldun askok eta askok nahiago izan zuten Ameriketara fortuna egitera abiatzea, peoi gisa amaitzeko arriskua jasan arren. Horrekin batera, Douglassek eta Bilbaok diotenez, era horretan Mundu berriak honako agintzari hau betetzen zuen: urte batzutan lanean aritu ondoren, itzuli eta garatzen zegoen "mugako ekonomia bateko entrepresarien" taldekide izatea (28) .

Gure ustez, hau guztiz eztabaidagarria da. Industriaren hariak, ia denak, entrepresari klase murritz baten eskuetan zeudela hartu behar dugu kontutan, liberalak euren arteko gehienak, gerra karlistatan herri xehe karlistaren aurka jardun zirenak, horrela herriaren gaizkikusia jasoz. Nahiko zaila gertatzen zaigu joatean proletarizatzeari halako beldurra ziona itzuleran entrepresarien artean kokatzea. Gainera, erabili ditugun lehen eskuko iturriek, bertsolarienak hain zuzen ere, ideia guztiz ezberdina eskaintzen digute, Douglass eta Bilbaorenetik nahiko urrun. Badirudi hara abiaturiko gizonen helburua guztiz indibidualista dela, beraien bizimodua hobeagotzeko fortuna egitera bultzatuko dituena. Ez dute gero bizitza konplikatzeko inolako asmorik: urrezko hortzak, bibotea, kotxea... herrikoen oneritzia, ezkontza ona eta batez ere zahartzaro oparo eta lasaia dira euren xeheak beteko dituzten lilurak.

Bestalde, Fdez de Pinedoren eritziz, orohar profesionalki kualifikaturik zeuden pertsona hauen emigrazioak "inolako dudarik gabe izugarrizko abantaila suposatu zuen herrialde harleentzat eta galera euren sorterriarentzat" (29) , orduantxe ari baitzen garatzen hemengo industrializatze prozesua. Badirudi Euskal Herriak Europako beste zenbait lurralden joera berdina izan zuela, bat etorri bait ziren migrazio mugimenduak eta iraultza industrialaren garapena. Ingalaterra dugu adibide.

Dakigunez, Euskal Herria ez zen kasu berezia izan Mundu Berrira abiaturiko jario migralarien artean; aldiz, XIX. mendetik XX.mendearen lehenengo urte bitartean, intentsifikatu zen fenomeno zabal baten barruan sartu beharko genuke. Kronologikoki multzoko euskal migrazioa atzeratuta gelditzen da Bretainia Haundia, Irlanda edo Alemania bezalako nazioekin konparatuz gero, baina orohar halako amankomuneko ezaugarriak dauzka Europako hego-ekialde eta hegoko naziotako "migrazio berriarekin" (30) konparatuz gero. Nazio hauetako migrazioa 80-ko hamarkadan gauzatu zen, Euskal Herrikoa bezalaxe, multzoka ematen dena kontutan hartuta hain zuzen.

Bestalde, Kuznetsek dioenez, migrazio jarioaren hastapenetan ematen den aldaketak, nolabait zera erakusten du: "industrializazioaren eraginez, eta laborantzan eman diren aldaketen ondorioz Europan gertatu den dislokaketaren inpakto progresiboaa" (31) . Honen arabera, emigrazioaren hastapen geografiloak aldatu izanaren arrazoia lurralde horien eboluzioan bilatu behar da, Europako industrializazioaren geografian haina.

Garai hontan, eta zehazkiago 1876-1896 bitartean, Euskal Herria Manuel Gonzalez Portillak "ziklo historiko berri" gisa definitu duen hortan sartzen da. Horren arabera, gizarte tradizionala krisialdian erortzen da batez ere Aintzinako Erregimenaren ekonomi-ereduaren hauskuraren ondorio bezala. Motiboa, produkzio modu gisa emanten den oinarri industrial indartsuko kapitalismoaren birmaketa izango da (32) , zein 1960ko ekonomi arloko mirari arte ez den bere lozorrotik irtengo (33) .

Hain zuzen, Espainak Europarekiko jasaten duen nolabaiteko ekonomi atzerapena gehitu egingo da XIX. mendean zehar, batez ere, Mundu Berriko espainiar migrazioaren hondoraketa dela ta, merkatu galeraren ondorioz.

Halere, lurraren arloko egitura arazoak izan ziren ekonomiaren garapenerako eragozpen nabarmenenak.

Laborantzaren erreforma eraginkor baten porrotak, batipat lurraren jabegoari zegokionak, zera suposatu zuen, industri arloa -oraindik guztiz hasiberria eta tokiz tokikoa izan arren- laborantza atzeratuaren zoriarekin lotuta aurkitu zela. Berriztapen teknikorik gabeko laborantza, kostoak gutxituz eta industriarako eskulana liberatuz produktibitatea gehitzeko gauza izan ez zena, eguraldiari begira beti iraupen mailako errendimendua baino ematen ez zuten lur idorrak.

Populazioaren hazkunde tasei eutsi ezin ziren produkzio sistema honi beste zenbait faktoreen eragina atxekitzen badiogu, iraultza liberala, 1853tik aurrera emigrazioa erraztuko duten legeak eta lurralde harleen ekonomian sortarazten diren aldaketak besteak beste, orduan badirudi halako zerikusirik sortzen dela emigrazio tasa, demografi dentsitate eta krisialdi ekonomikoaren artean. Dena dela, baieztapen hau onartzen badugu ere, baditugu gure zalantzak, ez baitirudi zilegi kasu guztitara zabaltzea. XIX. mendearen lehen erdialdeko demografi hazkunde izugarria eta errekurtsoen gain eragin zuen presio izugarria izan dira, irteera masiboa bultzatuz sortarazi zuen emigrazioaren motibo gisa behin eta berriro aipatu direnak.

Europa zeharkatzen duen malthusiar fantasma hau bat egin zen Penintsulan dentsitate garaiko probintzietatik eman zen emigrazio jario bortitzarekin, zeinek garbi utziko zukeen "gehiegizko demografia, izan zela fenomenoaren motiborik garrantzitsuena" (34) . Planteamendu honen arabera, beraz, migrazioa populazioak errekurtsoen gain ezartzen duen presioa biguntzeko mekanismo erregulatzailea izango litzateke. Hain zuzen, errekurtsoak nahiko ez zirenean edo populazioak ez beste eboluzionatzean, nolabaiteko desoreketa estrukturala somatzen da Aintzineko Erregimeneko krisialdi orokorrarekin erlazionatzen badugu.

Argudio hori dela eta, hementxe adierazten dizkiogu gure zalantzak. Nola liteke Ameriketarako euskal migrazioaren indizerik altuenak 1876tik 1913 bitartekoak izatea, hain zuzen industriaren "take off"-a eta Euskal Herriko gizarte kapitalistaren finkatze prozesua ematen diren une berean? Hau adieraztean ez gara emigrazio tasa, demografiaren dentsitatea eta krisialdi ekonomikoaren arteko erlazioaz ari, ekonomiaren garapenari buruz baizik.

Dena dela, kanporako emigrazioan pentsatu aurretik, hirigune hurbilenekoera jotzea eta industri arloan nahiz zerbitzuenean saiatzea izango litzateke irtenbiderik logikoena. Euskaldun gehienek, aldiz, Euskal Herrian ekonomiaren garapen nabarmena gertatzen zen arren, nahiago izan zuten kanpora jotzea. Bi izan litezke horren arrazoiak: bat, I. Munduko Gerrate aurreko urteetan euskaldunek proletarizatzeari erakusten dioten erresistentzia; eta bi, euskaldunaren independentziarako joera, W.A. Douglass eta J. Bilbao-ren hitzetan "hirian lan egiteak besteen kontrolpean lan egitea suposatzen baitzuen".

Horrez ganera, Euskal Herria euskal nazionalismoaren birmatze prozesuan aurkituko da nolabait, neurri batean behintzat, Euskal Herriko, eta batez ere Bizkaiko industralizatze prozesuak sortarazitako gatezkei aurre egiteko jaioko dena. Penintsulatik datozen migralari edo "maketoen" etorrerak "oinarrietaraino ustelduko du Euskal Herria" (35) . Erakunde sozialistak, klaseen arteko borroka, kapitalismoaren jokaera eta industrializazioa bera, "urrikaleza, inmoralitate, birao, krimen, pentsakera libre, sinesgabekeria eta anarkismoaren" (36) sinonimo izango dira. Bizkaia errurala, aldiz, balore positiboen, aintzineko ohituren, lurrarekiko atxekimenduaren eta berdintasunaren haragiketa izango da. Antonio Elorzaren eritziz honako hontan datza Aranaren eraikuntzaren giltzarria: "Bizkaitik kanpoko langileen migrazio masiboak sortarazitako zitalkeria eta euskal herriaren araztasunaren arteko kontrastean" (37) .

Honek, dudarik gabe, gizarte erruralaren goralpena dakar berarekin. Ipar errural honek zuzenduko du Arana Goirik fundatutako nazionalismoaren norabidea, industrializazioaren aurkako jarreraren ondorio logikoa. "Hemen erruralkeria aberri izan zen eta hirikoitasuna aberriaren ukapena" (38) .

Beraz, arazoa etzen batez ere kapitalista industriala, hasiera hasieratik, ikuspegi nazionalista batetik euskal herriaren partaide ez zena, baizik euskal proletalgo industriala "proletalgo gorria" zeritzona. Hau horrela dela ta, eta Euskal Herrian lurrak kapitalismoaren bereganatzea jasango duenez, lurra uztea ala proletalgo gorri horren zati izate artean, lehenengo aukera egingo dute.

Baina ezin dugu esan lehenengo aukera egin zuten migralariek beren etxea "utzi" zutenik. Ez dugu uste hori denik hitzik aproposena, bertsolarien testuen arabera oso gutxitan planteatu bait zuten migralariek itzulerarik gabeko irteera.

“Ni urrutira joan arren,
illtzen ez bagera,
bilduko gera oraindik
gure bazterrera;
ametsak narabillde
atzera eta aurrera,
San Antongo menditik
Zarautzko ondarrera" (39)


Beti izango da familikoren bat etxearen kargu geldituko dena, migralaria bidalitako diruaren bitartez, hobekuntzaz arduratzen zelarik. Beraz, alboratu egin beharko genuke "utzi" kontzeptua. G. de Ustariz-en eritziz, indianoen diru laguntza hauek rol guztiz erabakiorra jokatu zuten famili askoren hobekuntza sozial eta ekonomikoan, "posible egiten baitzuten ahaide asko eta askok, doterik gabeko gizonezko ala emakumezko laguntza horiek gabe ezinezko izango zitzaiekeen maila har zezaten" (40) .

Emigrazioa zoriontsu bakan batzurentzat, botere estrategia bilakatzen zen, lurralde hartzaileek emandako aukera ekonomiko-politikotaz baliatu eta ameriketako egin ahal izateko. Gehienentzat, ordea, etzen inolako botere estrategia, garrantzizkoa ez behintzat, garbi dago denek ez zirela aberastu. Baina egia da ere euren filosofia erruralari irtenbidea ematen ziola, kapitalismoak itotze zorian jartzen zion bizimodu jasangaitzatik ihes eginez. Hala eta guztiz ere, XX. mendean sartzen garen heinean, eta batipat 1914-tik 1918-ko Lehen Gerratearen garaian, abagaduneak horretara bultzatuta "euskal laborariaren proletarizatze prozesuaren azkartzea" (41) ikusiko dugu, seguraski gerrateak bultzatu egin zuelako euskal kapitalismoa.

Egia da, Rio de la Platan, Cuban eta Puerto Ricon, besteak beste, artzai, artisau, laborari, peoi, merkatari, marinel... lanak "euskaldunen esku gelditu zirela, batez ere laborarien esku" (42) . Baina 1880-tik aurrera eta zehazkiago XX. mendeko lehen herenean gertatuko da migralari laborarien porzentaia industrialena eta merkatariena baino urriagoa izatea. E. Fernandez de Pinedok horri buruzko zenbait datu ekartzen digu eta berak dioenez, I. Munduko Gerratearen aurreko nahiz ondorengo urteetan "Bizkaitik irtendako laborarien kopurua, Espainiako bataz bestekoa baino txikiagoa izango da. 1902-tik 1914-ra %10, %53-en aurka; 1920-tik 1928-ra %19, %56-en aurka. Aldiz, industrigizon, artisau, merkatari eta irabazpide liberaletako perzentaia askoz altuagoa izango da: %23 Bizkaian, espainiar estatuko %5-aren kontra, Gerra Haundiaren aurreko hamarkadan eta %18, %10-aren aurka hogeien hamarkadan" (43) .

Fernandez de Pinedoren ustez, bi izango lirateke azkenengo hauen migratzearen arrazoiak; alde batetik Bizkaian pairatu behar zuten baldintza txarreko proletaritzearen aurkako postura; bestetik, hemengo soldata eskasak.

Horrez gainera, lurralde hartzaileen partetik, eskulan kualifikatuaren eskaerak Euskal Herrian baino aberaste aukera garbiagoa eskainiko die XIX.ren amaiatik I.Gerrate bitartean eta "Euskal Herriaren industria eta merkataritzarako trebetasunari irtenbideak emateko" bitarteko ezin hobea bezala ikusiko da. (44)

Mendearen amaian eta XX.aren hasieran, 1848-tik aurrea aurkezten zen askatasun, aurrerapen eta zorionaren munduak, "agindutako lur haundiaren" itxura hartuko zuenak, hain zuzen, izugarri erakarri zituen milaka pertsona, beren bizimodua aldatu ahal izateko.

Gure lan honetan ikusi dan bezala, batek baino gehiagok zerbait utopikoaren aurrean gaudela esango du. Eta ez dago hau ukatzerik, baina gure ustez, bertsolariek adierazten diguten utopia kontzeptua guztiz urruti gelditzen da R.Tamamesek bere obran "Jauja lurraldea" (45) deitzen duen lur idiliko, akatsik gabe eta magikotik. Aldiz, askoz hurbilago leudeteke Thomas Mororen "zaila izan arren lor daitekeenetik" (46) .

Bestalde, Tamamesek perfekzio ideal gisa aurkezten du, borroka eta iraupenaren bitartez lor daitekeena, desegokitzat jotzen duena aldatua ahal izateko hain zuzen. Horrela hartuta, benetan zerbait har bagenezake euskaldunen ezaugarri gisa, horixe izango litzateke: lan fisikorako joera. Filosofia honek ideia baten barruan hartzen ditu lan, zoriontasun eta diru kontzeptuak. Berarentzat "bizimodua ez da berriketa, ezta zorioneko kontua ere, baizik eta, lan da lan" (47) . Beraz, har dezagun berriro nazio hartzaileen aldetik esku lan eskaerak euskal migrazioan duen garrantzia. Batez ere Argentinara zuzenduta ikusiko dugu lehen etapan eta Estatu Batuetara gero.

Hasiera hasieratik kanpoko merkatura begira jarri zen ekonomia argentiniarra, esportazioei esker batipat. Europatik zetorren artile eskaerak alde batetik eta Argentinako ardientzako larreen kalitateak bestetik, bertako komertzioaren eusgarri garrantzizkoenen artean jarri zuten artile esportazioa 1840tik aurrera.

Irabazpenak lortzeko aukera ezin hobeek kanpoko inbertsioak erakarri zituzten, britainiarrak eta belgiarrak lehenengoz; "soldata onek eta giza mugikortasunaren perspektibek, berriz, migralariak erakarri zituzten" (48) .

Hala eta guztiz ere, 1869-n, Independentziaren ondorengo lehenengo erroldak, oraindik "lurralde oso gutxi populatua erakusten zuen, estantzia haunditan bizi ziren abeltzain bakan batzu eta merkatalgune sakabanatu batzurekin, hauen artean Buenos Aires nabarmentzen zelarik" (49) .

1853-ko konstituzioan nabaritzen den gobernuaren politika populaziotzaile eta libretruketzaileak, batez ere Rosasen garaian desertua konkistatu eta mugak zabaldu zituztenetik, bultzatu egin zuen etapa berria, hain zuzen larogeiko hamarkadan indarra hartuko duena.

Lur emankorrak lanean jartzearen aldeko erabakiak zera lortuko du, Pampa munduko abelazkuntza eta laborantza gunerik emankorrenetakoa bilakatzea, gariari, artoari eta, zer esanik ez, burnibidea sortzea ahalegindu zuten inbertsio atzerritarrei esker.

1880-tik aurrera aleak izango dira esportazio argentiniarren protagonista nagusiak, eta behiki konjelatuarena 1900-tik aurrera.

Ekinen hauen gehikuntzak, zalantzarik gabe, langile multzo itzela eskatu zuen, eta ez laborariena bakarrik, "kanpora saltzen ziren produktu agropekuarioek eta behin landuta ekartzen ziren produktuen inportazioak merkatal sare garrantzizkoa suposatzen baitzuten, biltzeko, partitzeko, konpontzeko eta mantendu ahal izateko, horrela eskulan kualifikatua sortaraziz" (50) . Horrela intentsifikatu ziren tasa demografikoak eta Argentina "jatorrizkoekiko proportzioan kanpotar gehien zituen nazioa bilakatu zen" (51) .

Migralarien eskulanaz gain, kanpoko merkatalgoa eta kanpoko inbertsioak izan ziren Argentinako ekonomiaren hazkundearen eragile nagusiak. Halere, nazioari aurrerakada eman zion kanpoko kapitalarekiko lotura honek, era berean, gehitu egin zuen ekonomiaren ahulezia kanpokoekiko, 1889-ko Baring krisialdiarekin gertatu zen bezala.

Larria izan arren, denborarekin depresioa baretu egin zen, zeren Argentinak oraindik izugarrizko lur-erretserbak zeuzkan Pampan. Baina mendearen amaian, laborantzaren aldakuntzak eta demografiaren gehikuntzak lurraren prezioaren igokadari eragin zioten.

"Lur-eremu batzuren prezioa hamar aldiz biderkatu zen urte baten buruan" (52) ; Halere, fenomeno honek etzion modu berean eragin Euskal elkarteari. Artilearen negozio barruko osagarri gisa lurrak erosten arriskatu zirenei oso ongi etorri zitzaien, izugarrizko fortunak pilatzea ahalegindu baitzien. Aldiz, Euskal Herrira aberastuta itzuli ahal izateko artaldeetan soilik dirua inbertitu zutenek arazoak izan zituzten, ez baitzeuden lur-erosketan interesaturik, gobernuak estantzia gisa alokatzen zizkienetan bakarrik baizik. Hauek, lurraren prezioaren inflazioa zela ta, gero eta zailtasun haundiagoak aurkitu zituzten larreak prezio onean alokatu ahal izateko. Prezioen igoera hau, ardien prezioaren beherakadarekin batera etorri zen, ardien kopuruaren gutxitzea erakarriz. 1900-ren ondoren ardiak eta laborantza behiarekin loturiko ekonomiarenpean geltituko dira.

Egoera honek eraginda euskaldun askok ardien negozioa laga behar izan zuen ala irabazpidea beste norabait eraman, Ipar Ameriketara eta Patagoniara besteak beste.

Hala eta guztiz ere XX. mendeko lehen hamarkadan Argentinak gorantz eutsi zion inmigrazio tasari, batez ere "enara" gisa ezagutzen ziren aroz-aroko migralariei esker. Garai hartan euskal migralari ezkualifikatuen kopurua zertxobait jeitsi egin zen; ez, ordea, industrigizon eta merkatariena. Ezkualifikatuen emigrazioak Amerikar Mendebalerako bidea hartu zuen.

Ipar Ameriketara heltzen ziren "euskal argentiniarrak", horrela deitzen baitituzte W.A. Douglass-ek eta J. Bilbaok, ardi hazkuntzaren bitartez beren ekonomia hobeagotzeko nahiaz gain, Argentinako Pampan ikasitako lur zabaleko artzantzan erakusten zuten maixutasuna zekarten eurekin. Esperientzia honek, itxura gabe lagundu zion ardi industriaren gorakadari; batzuek euskaldunak industria horren fundatzaile gisa hartzeraino hain zuzen.

Amerikar Mendebalean burutzen zen artzantzak ez zeukan zerikusirik Euskal Herrian egiten zenarekin, orain gutxi baitziren "mila arditik beherako artaldeak, eta klimak urruneko aroz-aroko trashumantziara bultzatzen baitzituen" (53) . Oso gutxi izan ziren euskaldunen artean lur eremu zabalak erosi zituzten ardi-jabeak. Gehienak bidailari ziren eta, Argentinan egiten zuten bezala, alokairuan hartzen zituzten lurrak, erosi beharrean. Ezin dugu ahantzi, lurra erosteak etorkizunerako lurrarekiko -Amerikarekiko- konpromezua suposatzen zuela, lotura, gehienek inola ere nahi ez zutena. Euskaldun gehienentzat, eta bertsolariak dira horren lekuko, Ameriketako esperientzia iragankorra zen; inoiz ez ama lurrarekin zituzten loturen hauskura.

Egoera hau XIX. mendearen amaiako Argentinako euskaldunen artean somatzen zenaren islada besterik ez da, haiek ere "etengabe baitzeuden Mundu Zaharreko euren lurrari begira" (54) . 1891-tik aurrera hartzen den basoen garapenen politikaren ondorioz, non "jabego publikoko edozein baso izaera publikoko ondare gisa hartuko den"(55) abereei debekatu egin zaie baso horietan larretzea. 1897-rako sortuko da batez ere ardien aurka eratuko den lehenengo legedi ofiziala; bitartean, euskal artzaiek jarraituko egingo dute euren artaldeak basoetan sartzen. Ezkutuan, noski.

Gauzak horrela, Basoen Zerbitzuek zergak ezarri zizkion ardi bakoitzaren larratzeari; horretaz gain artzaiaren ameriketar nazionalizatzea esijitzen zuen. Zenbait euskaldunek eskatu egin zuten, nolabait atzerritarren eta bidailarien aurkako politikaren ertzak biguntzearren. Politika horrek I. Munduko Gerratearen garaian jo zuen bere gailurra.

Garai horretan Iparraldeko euskaldunen Mendebalerako migrazioa eten egin zen. Badirudi "euskal-frantses" asko eta asko Europara itzuli zirela frantziar armadan sartzeko. Gertakizun honek artzantzan ari zen eskulanaren beherakada izugarria sortu zuen.

1917-an, Amerikarekiko itsas-trafikoa etenarazi zuen gerrak bere zurrumbilora eramango du errestan kontinente berria. Orduz geroztik bere ekonomiak esku lanaren eskaeraren beherakada jasango du eta emigrazioari mugak ixtea erabakiko du.

Defentsarako industriak izugarrizko gorakada ezagutuko du eta armadara deituko dituzte gizonak. Euskaldun asko eta askok ezetza emango diote amerikar armadan sartzeari, lurralde neutraleko biztanleak zirela esanez. Jarrera honek kritika ugari sortarazi zuen. Hitz hauekin deskribatzen dute Douglassek eta Bilbaok 1919-ko argitalpenean National Wool Grower-ek kaleratzen zuena:

"...Estatu Batuetako hiritar ez den edonori ez litzaioke utzi behar jabego publikoko larrak erabiltzen eta lar hauek erabili eta, Estatubatuarra ez dela esanez, armadan sartu ez duena egotzi egin beharko litzateke" (56).


Estatu Batuek nazio guztia errestan zeraman gerra jokatzen ari zen. Etsai armatu baten aurka lehian ez zeudenen eritziz "euren eginbeharra zen espioi nahiz traidoretzat jo zezaketen edonoren aurka borrokatzea" (57) .

Keinu xenofoboak zirela ta, euskaldun askok Europara itzultzea erabaki zuten, gerrak zirauen bitartean. Halere, gerra bukatu ostean, eragozpenik gabeko emigrazioren egunak amaitzear zeudela pentsatuz, uholdeka abaitu ziren mendebaleko Europako migralariak Amerikara.

Geroxeago, 1924-ko legearekin batera, hain zaila bilakatu zen europear migralarientzat Amerikan sartzea ezen ia ezinezko bait zen bertan ahaiderik ez zuten euskaldunentzat amerikar-mendebalera jotzea.

1940 inguruan, ordea, krisialdi gorriak joko du ardien industria eta "Sheepherder Laws" (Artzai legeak) martxan jarri ondoren, Bigarren Munduko Gerratea amaitzeko momentuan kontratoen bitartez hartuko dituzte migralari berriak. Hauxe zen, hain zuzen, nazioaren beharkizunen arabera, emigrazio kualifikatu eta aukeratua ziurtatzeko modua.

W. Paul Adamsek zenbait datu eskaintzen digu: 1911-tik 1920-ra 5.736.000 inguru migralari sartu ziren Estatu Batuetan. Horietatik gehienak (4.107.000), hogeiko hamarkadan. Aldiz, emigrazio mugatzen zuten legeen aplikapenarekin batera (zeinek jatorrizko lurraldeei kuotak ezartzen zizkieten), zenbakiak behera jo zuen, 528.000-ra jaisteraino. (58) Hego Ameriketarako euskal migrazio masiboa, batez ere Argentinara zuzendurikoa, Lehenengo Munduko Gerratearekin batera amaitu zen.

XX. mendearen bigarren hamarkadan dagoeneko bukatuta zegoen laborantzaren hedapena panpatan. Mendearen hasieran eman zen lurraren prezioaren gorakada izugarria izan zen. Honek zaildu egin zien migralariei igoera sozial eta ekonomiko azkarra lortzea. Gainera, panpatan batipat, laborantzaren mekanizazioak jaitsiarazi egin zuen langile ezkualifikatuen eskaera; XX. mendearen hasieran jada sentitzen hasia zen.

Gerra garaiko nazio neutral gisa, Argentinak etzuen gaitz fisikorik jasan, baina ezin izan zuen ondorioetatik ihes egin.

Merkataritza transatlantikoaren aurrerapen ezak -gerraren haina 1913-14-ko uzta txarraren ondorio- beheraka bidali zituen aleen prezioak.

Argentinak, ordurarteko Europarako aleen esportatzaile nagusiena dudarik gabe, hankaz gora ikusi zuen bere egoera, bere esportapen %90-a laborantzaren ekoizpenena baitzen (59) .

1913-tik aurrera Argentinak atzerritar inbertsio gutxiago hartu zituen, gerra aurrekoen bosten bat besterik izaterarino. Ekoizpen argentiniarren nazioarteko eskaeraren beherakadak defizita sortarazi zuen ordeinketa balantzan. Soldatak jaitisi egin ziren, lan ordutegia luzatu eta baldintzak guztiz penagarriak izan ziren langileentzat.

Aukera ekonomikoen gutxitzearekin batera eta barne produktuaren promozioa zela-ta, nazionalismo xenofoboa sortu zen -Estatu Batuetan 1929ko krisialdiaren ondoren sortu zenekoaren antzekoa; horrekin batera emigranteen sarreraren aurkako legedia eman zuten. Espainiako Gerrate Zibilaren ondorengo urte arte jarraitu zuen egoera honek. Orduan erbesteko milaka euskaldunek utzi egin zuten Euskal Herria.

Egoera horrela, gure erbesteko migralariek ez zuten aukera haundirik, egoera jasateaz aparte; amerikar mendebala bezalako lurretara jotzea ala Europara itzultzea.

B.Sanchez Alonsok, aldiz, datu garrantzizko bat eskaintzen digu azken ohar honi buruz. Berak dioenez, Europarako migralari espainiarren kopurua, bertara iristen zirenena baino haundiagoa zen. Adibidez, 1914 bitartean 52.286 migralari heldu ziren Argentinara Iberiar Penintsulatik; aldiz, 77.646 izan ziren irtendakoak.

Orohar hartu eta migralari espainiarrei buruzko datuak izan arren, uste dugu erreferentzi datu kualitatiboki garrantzizkoa dela (60) . Guzti hauetatik ez dakigu zeintzu izango ziren euskaldunak baina ziur gaude faktore guzti hauei industrializazioa atxekitzen badiogu, berarekin ekarri zuen urbanizazioa eta beste ondoriak eta guzti, Euskal Herrian ematen den migralarien joan-etorriak baduela argibide logikorik.

Gogora dezagun, Euskal Herriko industri metalurgikoa Aintzineko Erregimenaz geroztik ezin izan zuen barne merkatua ornitu; hain zen izugarria orduko burnigintza aurreratuenaren, britainiarra, eta gurearen arteko desfase teknikoa.

Halere, 1856 inguruko Bessemer prozesuaren ondoren eta britainiarrek egin zuten mineral eskaerarekin batera, 1870-ko hamarkadan Euskal Herria batez ere lurralde esportatzaile bilakatuko da.

Kalitate goreneko mineralen ugaritasunari esker eta ikatz egokien eskariagatik, burniaren industria "lehenengo fusioko lingotea esportatzera kondenaturik zirudien eta, horren truke, kanpotik zetozen materiale elaboratuagoen etorrerarenpean egotera"(61) .

Bizkaiko burni-minerala garraiatzen zuten ontziak "Galeseko hegoaldeko" (62) ikatzez beteta etortzen ziren eta honek merketu egiten zuen errekinaren prezioa. Honek eta kanpora eginiko salmenten irabazpenek itxuragabe lagundu zuten euskal kapitala gehitzen.

1870-ko hamarkadaren amaian Euskal Herriko gizarte kapitalistak burnigintzaren "take off" horretan jarriko ditu bere oinarriak. Egoera hau, ordea, aurrez aurre Espainiko laborantza azpigaratuaren eredu kapitalistaren aurka egongo da, Espainiako haziendaren egoera tamalgarriak okerragotu zuena.

Oroi gaitezen mendearen amaiak espazioaren birrorganizatzea ekarri zuela munduan, eta nazio boteretsuenek euren artean banatu zituztela nazio pobreagoen koloniak. Horixe izan zen Espainiaren kasua eta, kolonietako gerren ondorio bezala, batez ere Estatu Batuen aurkako gerra zela eta, Haziendak defizit ikaragarria izan zuen. 1898-ko desastrearen ondoren, non galdu ziren itsasoz haruntzako inperioaren azken aztarnak, Espainiak izugarrizko esfortzua egin behar izan zuen bere presupuestoa orekatu eta zorrak ordaindu ahal izateko.

Rezesio ekonomikoa izan zen krisiaren ahorapena eta Euskal Herriarentzat 90-ko hamarkadan kanpoko merkatua galtzea guzti horren ondoria. Orduan, merkatuen aldaketa gertatu zen eta asko indartu zen barne merkatua. Berarekin batera ekonomi-politikaren aldaketa gertatu zen, libretrukatzailetik babestailera pasatuz. 1891-ko Aranzela izan zen emaitza.

Neurri honek birmatu egin zuen jatorrizko kapital industriala atzerrikoaren gainetik eta birmatu ere arlo babestaileen interesak (euskal burnigintzaren industria eta oihalgintza katalandarra), orain barne merkatuarekin zeharo lotuta zeudenak.

Honela, Espainiako ekonomiak etapa berri bat hasi zuen eta hauexek ziren bere berezitasunak: "gero eta autarkia haundiagoa, ekonomiaren nazionalizatze eta monopolizatzea, patronal euskal-espainiarra izanik agintaritza-klasekoen artean prozesua lideratuko duena" (63) .

Manuel Gonzalez Portillak azpimarratu egiten du Lehenengo Munduko Gerratearen aurreko hamarkadan Euskal Herrian finantziar kapitalismoak jokatzen duen rola "kapitalismo monopolistarako joera nabarmentzen zaiolarik" (64) .

Bestalde, burjesia kapitalista honen eskuetan industria indartzen ari zen bitartean, laborantzek ahaleginak egiten zituen bere hortan mantentzeko XIX. mendean zehar jasandako okertzearen ondoren.

XX. mendearen hasieran hobekuntza txiki bat somatu zitzaion, batez ere Aldundiak autonomoak zirela eta, Kontzertu Ekonomikoei esker. Gipuzkoa eta Bizkaiko errepide sareak hautsi egin zuen mundu errulararen isolamendua eta merkatu hiritarrek gero eta lur-ekoizpen gehiago eskatu zuten.

Egia esan, lurraren hobekuntzaren ondoren, industriako kapitalistek interesgarritzat jo zuten lurrean inbertitzea, gero industrian pilatu zitzaketen lurraren errenten pilaketa posible gisa, irabaspenak gehituz. Horrela eskuratu zituzten Euskal Herriko elkarte-lur gehienak, bertan maizterra jarri eta errenta jaso ahal izateko.

Fernández de Pinedok eskaintzen digu XIX. mendearen bigarren erdirako datu hau: badirudi Bizkaiko maizterren kopurua %64,3-koa zela, eta %72,45-koa Gipuzkoakoa (65) . Beraz, garai hartan maizterren kopurua jabeena baino haundiagoa bada, hauxe da gure ondorioa: Lehenengo Munduko Gerratearen bezperan ere berdin xamar jarraituko duela maizter eta jabeen arteko proporzioak, batez ere garai hartan laborantzak izan zuen eboluzio tamalgarria eta burjesia industrialak burutu zuen lurrarekiko espekulazioa kontutan hartzen badugu.

Jabegoa kapitalista hauen eskuetan pilatzeak lurraren balioa eta errentena nabarmenki gehituaraziko du; ez, ordea, produkzioa. Ondorioz, laborariaren egoera zitalago bilakatuko da. Egoera hau laborariaren egonkortasunaren aurkako atentatua zen. Hain zen haundia laborariak jabearekiko zuen menpekotasuna ezen "bere hautagaien alde botoa emanarazten baitzion hauteskundetan, asmo euskaldun eta katolikoen aurka". Laboraria azken hauekin identifikaturik egon arren, indartsuagoa zen egozketaren mehatxua. (66)

Horrelaxe zioen garaikide batek orduko testu batean:"laborari guztiek, batez ere maizterrak direnak, sentitzen eta pairatzen dute egoera tamalgarri hori; halabeharrezko zital gisa onartzen dute ordea" (67) .

Beharbada fenomeno naturalak behatzen dituzten fatalismo berarekin behatzen zituzten giza fenomenoak eta hortik zetorkiekeen eramanpen sentimendu hau. Denok dakigu baserrian ekidiezinak direla zenbait eta zenbait gauza, eguzkia, euria eta kazkabarraren eraginpean dauden heinean. Ramón de Belausteguigoitiaren eritziz, "laborariaren mentalitateak erraz onartzen du dena halabeharrezko bezala" (68) . Agian horrexegatik gailentzen da eramanpen sentimendua protestarenaren gainetik.

Manuel Chalbaud Errazquinek, Egonkortasunari buruz hitzegiterakoan, zera zioen "gizona birmatzea, familia birmatzea zela denboran nahiz espazioan". Denboran, berau zelako, belaunaldietan zehar, jarraipen historiko sozialaren oinarri; espazioan, bere egoitzari lotuz, hots, "etxeari josiz, lurrari, aberriari". Nolabait euskal familia baserritarrarekin identifikatzen den Egonkortasun kontzeptu hau guztiz kontrajartzen zaio hiriaren izakera mugikorrari.

Bere ustez familiaren iraupen motzean somatzen da "mutilak lantegietan irabazten hasten diren momentuan, familia desagertu egiten baita unitate ekonomiko gisa" (69) .

Bestalde, Etcheverryk dioenez, lurraldean edo beharbada herrian, familiak izan dezakeen giza-itzela denbora eta espaziorarekiko iraunkortasunarekin lotuta dago. Hain zuzen ere, Oinetxekotasuna da Euskal Herriako lurrari buruzko legedi zibilaren oinarrietako bat.

Erakunde honek, Oinetxekotasunarenak, honako hau du helburu gisa: odolaren lotura, hau da, familia, baserriarekin bat egitea.

Le Play-k Oinetxekotasun-familiaren eredu bezala hartu zuen euskal familia. Honek mendeetan zehar ziurtatu egiten du oinarrizko ondarearen garraioa, oinetxekotasunetik kanpo zatituezin eta transferiezina jotzen baita.

Baserria da familiaren jabego oinetxekoa eta "behin behineko jabeak" familiaren ondasunen administratzaile lana betetzen du. Hori soilik. "Aurreko belaunaldiak pasa ziren bezala eta datozenak pasako diren bezala pasatzen da bera baserritik" (70) .

Euskal gizartea bereizten duen jabego sistema honek badu gainera halako izakera traszendentala. Baserriak bete behar dituen eginbeharren artean bertan dagoen eta lan egiten duen familia babestea aipatzen du Barandiaranek, eta hildakoak bere "hilobian" hartzearena. Adibidez, Bizkaiko Foruko atal batek hauxe agintzen zion ondorengoari: "ez debekatzea anaiak familiko hilobian hobiratzea, ez etxearen jabegoa ez hilobiarena ez baitzituen alboratze zentzuz jasotzen" (71) . Beraz, bai etxea bai hilobia familiarenak ziren.

Honen arabera, familiko ondarea zatitugabe pasatzearen praktikak oinarri erlijioso batean du sorburua. Agian hastapen erlijioso hau izango da etxea toki sagaratu gisa, urraezin gisa, eliz gisa hartzera bultzatzen duena.

Baserria, gainera, "laborantza-ekoizpenerako unitatea" da (72) , ekonomikoki zatiezina den familia izakerarekin. Halaber nahiko izango da laborantza eta abelazkuntza bat eginten dituen hazkuntza intentsiboaren bitartez familiaren beharkizunak asetzeko.

Langintza mota honek dakarzkin abantailak oso dira eskasak kontutan hartzen badugu normalean jabea zela, bere errentei aurre egiteko, "lurrak ematen zuen guztia iresten zuena, lantzen zutenak nekez elikatzeko gordetzen zena ezik" (73) . Honi laborantza-unitate kaxkar hau banatzeko aukera batuko bagenio famili-ondare gisa, desagertu egingo litzateke.

Horregatik, famili-ondarearen erabileak askatasun osoa izango du semeen artean ondorengoa aukeratzeko orduan; ondorengo bakarra ordea, baserriak ekoizpen-unitate gisa duen izakera zatituezinagatik.

Baserri osoaren transmititze hau, aintzinean, Foruen babesean egiten zen Euskal Herri guztian. Foru horietatik Nafarroakoak, Bizkaiakoak eta Arabako Aialakoak dira bakarrik XX. mendearen hasieran oraindik eraginean dirautenak.

Garai hartan Euskal Herrian, Bizkaiko foruko Oinetxekotasunak defendatu zuen baserriaren iraupena, Bizkaian; hilburukoa egiteko askatasunak, berriz, Nafarroan eta Araban; eta ohiko legeak Gipuzkoan eta Iparraldean.

Gogora dezagun zuzenbide arruntapean egon zela Gipuzkoa 1200-n Gaztelako Koroarekin bat egin zenetik eta, horregatik, Herri-legedian ezarritako zuzenbidezko erregimenarenpean gelditzen zela. Iparraldeko probintziek, berriz, Frantziako legediaren arabera jokatu zuten, legedi hori Gaztelakoaren antzekoa izanik.

Bi legediak ondarearen banakako erregimenaren aldekoak ziren, hots, ondorengoen arteko banaketa igualekoaren aldekoak. Hau aurrez aurre Euskal Herriko baserri osoaren aldatzearen aurka zegoen.

Halere, mugaren bi aldetan ondarearen famili izakera izango da ezarriko dena "ohiturak legediak baino askoz eragin haundiagoa zuelako" (74) . Horrela, semeen arteko baten hobekuntza nagusituko da eta seme honek baserria uztea erabakitzen duten anaiei legezko diru kopurua ordaindu behar izatea edo dotea arrebei, ezkontzen direnean.

Badirudi, eta hala diote Euskal migrazioaz idazten duten egile gehientsuenek, legezko kopuru hauek ahalegindu zietela migralari askori Ameriketarako bidaia ordaintzea. Ezin dugu ahantzi XIX. mendearen amaian eta XX.aren hasieran askok eta askok proletarizatzeari zioten gorrotoaren aurrean, bizimodua hobeagotzeko zeukaten bitarteko bakarra fortuna bila abiatzea zela. Momentu hau, behin eta berriro aipatu dugun bezala, bat dator 1880 eta 1930 bitartean Ameriketara ematen den emigrazio masiboarekin.

Bestalde, uste dugu hauek sorterrira bidaltzen zuten diruak asko lagundu ziela etxekoei maizterren egoera hori hobeagotzen. 1914-ko Gerra Europearraren ondoren batek baino gehiagok baserriaren jabe izatea lortzerik izan zuen, laguntza horiei esker.

Aitak, jabeak edo baserriaren maizterrak semeak ezkontzea erabakitzen duen momentuan eskuratzen dio seme horri baserria. Orduan halako bizitza-elkartea sortzen da nagusi zaharren, nagusi gazteen eta ondorengoen artean. Baserria eskuratu den momentutik aurrera bertako guztiak senar-emazte gazteen ardurapean geldituko dira.

Orduan deuseztatze-ituna burutzen dute. Honen arabera "eskuraketa bertan behera geldituko da ezkonterriek nagusi zaharrekin hartutako akordioa hautsi eta baserria uzten badute; baserriari laborantzarako esplotazioa izateaz aparteko beste norabiderik ematen badiote ere deuseztaturik geldituko litzateke" (75) .

Ondare eta familia zabal sistema honen bitartez emaleak familiaren jarraipena ziurtatzen du alde batetik eta ondasunen zatitze-ezintasuna bestetik.

Jabegoan eta baserriak adierazten zuen familiaren unitate ekonomiarekiko loturan gauzatzen da balore tradizionalek definitzen duten Euskal Herriko "gizarte tradizionala" (76) . Industrializazioarekin batera sarturiko bizimodu berriek mehatxatuko dutena.

Munduko Lehen Gerratearen ondoren, lurraren egoerak zenbait aldaketa jasan zuen Euskal Herrian, Espainiaren neutraltasunak industrigunetan eragin zuen ekonomiaren hobekuntzari esker.

Gerra honek bultzatu egin zuen aurreko hamarkadan protagonismorik izan zuen euskal kapitalismoa. Euskal enpresariek irabazpen haundiak egin zituzten esportazioen gehitzeari esker. Horrez gainera, gerra materialen salmenta eta barne merkatuko inportazioen ordezketa ere garrantzizkoak izan ziren. Guzti honek 1915-tik aurrera Espainiarentzat goranzko abagadunea erakarri zuen eta "euskal kapitalismoak toki pribilegiatua" (77) izango du prozesuan.

Zenbait politikok, ordea, Zergen Erreforma erabaki zuten enpresari klase honen etekinak gutxitzeko, oihalgintza katalandarra ere tartean zegoelarik.

Zera pentsatu behar dugu, laborariek jasaten zutela zergen zamarik haundiena eta "industria eta merkataritza aurrera jotzen ikustea beraiek lurjotzen ari ziren bitartean, tratuera ezberdinaren ondorioa iruditzen zitzaien" (78) . Beraz, 1916-ko Santiago Albaren zergen-erreforma zera honen atzetik zebilen, hots, gerra garaian egindako irabazpenei zergak jartzearen atzetik. Baina enpresariek asmoari erakutsi zioten arbuiapenaren aurrean erretiratu egin zuten Plan Alba delakoa. Ondorioa, zazpi urte luzeko egonkortasun eza politikoa izango da.

Bestalde, ezin dugu ahantzi euskal nazionalismoa erruralgunetan hartzen ari zen indarrak ere izan zuela zerikusirik. Gogoratu besterik ez dugu Aranaren garaian, hasieran behintzat, zernolako itxura hartu zuen baserritarra eta euskal proletalgo industrialaren arteko ezinikusiak.

Guzti horren ondorio gisa, Munduko Lehen Gerratearen aurreko urteetan gehitu egin zen Ameriketaranzko migrazioa. Gerrate garaian ordea, gutxitu egin zen, lehen aipatzen genituen arrazoiengatik batipat: merkataritza interatlantikoaren beherakada, nazio hartzaileen xenofobia eta gerra sasoiko euren egoera ekonomikoa. Euskal Herriaren ekonomiarentzat, bestalde, lagungarri izan zen "muga inguruko herrialdeei kontrabandoak emandako ekonomia hobeagotzeko abagadunea" (79) .

Neutraltasunaren ondorio gisa emango den pilatze kapitalistak aldatu egingo du euskal nazionalismoaren eboluzioa. Nazionalismoak agerian jarriko ditu ordurarte burjesia kapitalistak euskal laborantzan egindako espekulazioa eta nomopolioa.

Familiaren sostengorako esplotazio unitatea izateaz gain, baserria "euskal nazionalitatearen santutegia izango da, non gordeko eta betierekotuko diren gure hizkuntza, gure ohiturak, eletzarrak eta aholkuak, gure folklorea... eta non gordeko diren araztasun haundienez gure herriaren bertuteak" (80) .

Planteamendu horretan oinarriturik eta balore tradizionalak jasaten ari ziren krisialdia zela eta, maizterrek baserria erosi izatearen bitartez saiatuko dira zulotik irteten.

Aldiz, zilegi zaigu pentsatzea, dagoeneko gerra aurretik ematen hari zen industrigunetako gorakada ekonomikoak, eragin haundia izan zuela mundu erruralean.

Irabaziak burgesiaren eskuetan pilatzeak eta industriko soldaten egoerak, batez ere Bizkaian, lurreko produktuen eskaeraren gorakada erakarri zuten eta eskulan errulararen erabilpena. Douglassek eta Bilbaok diotenez, "laborari askok baserriak utzi eta hirietara jo zuten, merkatari bezala ala industri lanetan hasi ahal izateko. Baserrian jarraitzen zutenak joandakoek bezala jokatzen saiatzen ziren, produktu bukatuekiko menpekotasunean behintzat" (81) .

Antonio Elorzaren eritziz badirudi hiriranzko bidaia hau nabarmena dela, "egoitza errurala eta hirigunetako lanaren arteko lotura erakarriz" (82) . Ondorioa, maizterren ekonomiaren hobekuntza izango da, baserriak erostea ahaleginduko diena. Halere zenbait jabek, diruak eraginda, onartu egin zuten baserriak saltzea. Salneurria ordea oso zen garestia eta honek zaildu egin zituen gauzak.

Gerra ostean krisialdiaren lehen ezaugarriak azalduko dira Europan. Lehen esan dugunez, kapitalaren pilatzea espekulatiboa izan zen, langileen bizkarretik eta laborariei ezarritako errenta eta zergen bitartez egina izateaz gain. Euskal burjesia industrialak "industria oinarritik egituratu beharrean, beren kontu korronteak loditzera destinatu zituen irabaziak, lur erruralak eta hiritarrak erosiz" (83) .

Baina 1920-ko hasiera arte luzatu zen euskal industriaren garapena itzaltzen joan zen, Primo de Riveraren diktadura garaiko babeste politikagatik ere.

Gerran parte hartu zuten nazioen ekonomiek poliki poliki deuseztatu egin zituzten euskal industriaren aukerak. Kanpoko eskaerak murriztu egin ziren eta berriro agertu zen barruko lehia.

Ekonomiaren Egonkortasun ezari dagokion egoera honen aurrean industri-burgesiak berriro lurraren jabegoan inbertituko du bere kapitala. Ondorio bezala, lurraren prezioak oraindik gorago jo zuen eta prezio haundiagoa jasan behar izan zuen maizterrak, errenten igoera periodikoa zela eta.

Hain zuzen, 1920-n hasitako krisialdia erruralgunetan ere garbi sentitu zen eta zaila gertatu zitzaien errenten igoerari aurre egitea. Baserritarren ziurtasun eza izan zen erreakzioa eta baserritik egotziak izateko arriskuan zeudenen Ameriketarako migrazioaren bizkortzeari eragin zion, batez ere Ameriketako Mendebalerakoari.

Errepublika garaian erabakitako 1932-ko Lurraren Erreformak, nahiz eta ez zituen konpondu laborarien arazoak, badirudi, nazionalisten presioei esker, arrendamenduei buruz hartutako erabakiak bigundu egin zuela egoera.

1923-an Laffite jaunak lurraren jabe izateko baserritarren gogoa adierazi zion Gipuzkoako Aldundiari. Hain zuzen lurra, Errepublikarekin, lantzen duenaren eskuetan geldituko da; honek jabeari eginiko indemnizazioaren ordainketa eskatuko du.

Jabeak, desjabetzearen aurrean eta inbertsioaren fruitua galtzeko arriskua ikusi ondoren, saldu egingo du. Maizter erosleei, berriz, Aldundiek eta Aurrezki Kutxak luzatu zizkieten erosketarako behar izan zituzten kreditoak.

Hala eta guztiz ere, Gerrate Zibilaren leherketarekin zitaldu egin zen egoera, berriro ere Ameriketarako euskal migrazioari eraginez. Gogora dezagun karlistadatan jasandako porrotaren ondoren bi aukera izan zituztela euskaldun askok eta askok, politika zentralizatzailearen aurrean amore ematea ala emigratzea. Bigarren aukera nahiago izan zuenik etzen falta izan.

Historigile gehienek diotenez, horrekin batera, euskaldunei inposatu zitzaien halabeharrezko soldaduskaren aurrean, 1876-tik aurrera gazte askok Ameriketako bidea hartu zuten. Hegoaldean nahiz Iparraldean, "biak bait zeuden politikoki Pariseko eta Madrileko gobernu zentraletatik urruti" (84) . Gerrate Zibilaren ondoren, berriz, beste motako migralaria azalduko da, erbesteko bidea halabeharrez hartu behar izango duena: exiliatua. Baina hau beste historia da eta oraintxe bertan ez dagokigu horretaz mintzatzea.







Oharrak:

1 ISPIZUA, S. de: Los vascos en América. Biblioteca de autores vascos, Donostian, 1918. 1.go edizioa, I-V ale
2 FERNANDEZ DE PINEDO, E.: "Estructura de los sectores agropecuarios y pesquero vascos (1700-1850)". Begiratu: IX Congreso de Estudios Vascos. Donostian, 1983, 105-106. orr.
3 GARATE OJANGUREN, M.: La Real Compañía Guipuzcoana de Caracas.Sociedad Guipuzcoana de ediciones y publicaciones, Donostian, 1990, 279. orr.
4 VAZQUEZ DE PRADA, V.: Begiratu NADAL, J.: La población española. Ed. Ariel, Bartzelonan, 1971, 168. orr.
5 DOUGLASS, W.A. ETA BILBAO, J.: Amerikanuak. Basques in the New World. University of Nevada Press. Reno, NV, 1975
6 AZCONA PASTOR, J.M.: "Los atractivos de El Dorado". Begiratu: Los paraísos posibles: Historia de la emigración vasca a Argentina y Uruguay en el siglo XIX. Deustoko Unibertsitatea, Bilbon 1992.
7 DOUGLASS, W.A. ETA BILBAO, J.: Op. cit. (1975), 405. orr.
8 DOUGLASS, W.A.: Cultura vasca y su diáspora: ensayos técnicos y descriptivos.Ed. Baroja, Donostian, 176. orr.
9 DOUGLASS, W.A. ETA BILBAO, J.: Op. cit. (1975) 402. orr.
10 ZENBAIT EGILE: "La Historiografía sobre la emigración vasca a Ultramar: breves conclusiones". Begiratu: Rev. Mundaiz, Deustoko Unibertsitatea, Donostian, 1993, 45. zb., 81. orr.
11 SANCHEZ ALBORNOZ, N.: Españoles hacia América: La emigración en masa, 1880-1930. Alianza ed., Madrilen, 1988.
12 NARANJO, C.: "Análisis Cuantitativo". Begiratu: Historia General de la emigración española a Iberoamérica. Historia 16, Madrilen, 1992, 180-181. orr.
13 RODRIGUEZ OSUNA, J.: Población y territorio en España. Siglo XIX y XX. Ed. Espasa Calpe, Madrilen, 1985, 23. orr.
14 SANCHEZ ALBORNOZ, N.: Op. cit. (1988), 28. orr.
15 RODRIGUEZ OSUNA, J.: Op. cit. (1985). Orr. 25.
16 Ibidem, 22. orr.
17 PERPIÑA Y GRAU, R.: Corología: Teoría estructural y estructurante de la población de España (1900-1950). Ed. Instituto de Economía "Sancho de Moncada", Madrilen, 1954., 69. orr.
18 GARCIA CORTAZAR, F. ETA MONTERO, M.: Historia Contemporánea. De las Cortes de Cádiz al Estatuto. Txertoa, Donostian, 1984, 56. orr.
19 FERNANDEZ DE PINEDO, E.: Crecimiento económico y transformaciones sociales del País Vasco, 1100/1850. Ed. Siglo XXI, Madrilen, 1974, 177. orr.
20 Ibidem, 156. orr.
21 AZCONA PASTOR, J.M. eta besteak: "Aumento de población en el País Vasco (1900-1936)". Begiratu: Historia de la emigración vasca a Argentina en el siglo XX. Amerika eta Euskaldunak. Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 1992, 40. orr.
22 FERNANDEZ DE PINEDO, E.: "Los movimientos vascos en especial hacia América". Begiratu: Españoles hacia América: La emigración en masa, 1880-1930. Alianza América, Madrilen, 1988, 112. orr.
23 HERNANDEZ MARCO, J.L. ETA PIQUERO ZARAUZ, J.: "Demografía e industrialización en el País Vasco". Begiratu.: La industrialización del Norte de España. Euskal Herriko Unibertsitatea, 1988, Bartzelonan, 209. orr.
24 FERNANDEZ DE PINEDO, E.: Op. cit. (1988), 113. orr.
25 NADAL, J.: Op. cit. (1971), 128. orr.
26 LHANDE, P.: La emigración vasca. Auñamendi, II ale, Donostian 1971, 12. orr.
27 DOUGLASS, W.A. ETA BILBAO, J.: Op. cit. (1975), 169. orr.
28 Ibidem, 170. orr.
29 FERNANDEZ DE PINEDO, E.: Op. cit. (1988), 112. orr.
30 NARANJO OROVIO, Consuelo: Estados Unidos: de la Independencia a la I Guerra Mundial. Ed. Akal, Madrilen, 1992, 24.orr.
31 KUZNETS (1955:89.orr). Begiratu: SANCHEZ ALONSO, Blanca: La emigración española a la Argentina, 1880-1930. Alianza Ed., Madrilen, 1988, 207.orr.
32 GONZALEZ PORTILLA, Manuel: La formación de la sociedad capitalista en el Pais Vasco, (1876-1913). II ale, Ed. Haranburu, Donostian, 1981, 120.orr.
33 HARRISON, Joseph:"La industria pesada, el estado y el desarrollo económico en el Pais Vasco, 1876-1936". Revista de Economía. Ministerio de Economía y Hacienda, 598 zb., Ekaina, 1983, 21.orr.
34 NADAL, Jordi: Op. cit., (1971), 183. orr.
35 ELORZA, Antonio: El tema agrario en la evolución del nacionalismo vasco. Ed. Edicusa, Madrilen, 1968, 469. orr.
36 ARANA GOIRI, Sabino de: Obras completas. Buenos Airesen, 1965. 442. orr.
37 ELORZA, A.: Op. cit. (1968), 469.orr.
38 ARANZADI "KIZKITZA", E. de: La casa solar vasca. Donostian, 1932. 273.orr.
39 ZAVALA, A.: Ameriketako bertsoak. Auspoa, 176 zb., Tolosan, 1984. 25.orr.
40 USTARIZ, G.de: begiratu VAZQUEZ DE PRADA, V. eta AMORES, J.B.: "La emigración de navarros y vascongados al Nuevo Mundo y su repercusión en las comunidades de origen". La emigración española a Ultramar, 1492-1914, Ed. Tabapress, Madrilen, 1989, 142. orr.
41 FERNANDEZ DE PINEDO, E.: "Los movimientos migratorios vascos en especial hacia América". Españoles hacia América. La emigración en masa, 1880-1930. Alianza ed., Madrilen, 1988, 113.orr.
42 FERNANDEZ DE PINEDO, E.: La emigración vasca a América, siglos XIX-XX. Ed. Júcar, Gijonen, 1993, 150.orr.
43 ibidem, 146.orr.
44 DUPLA, Antonio: Presencia vasca en América, 1492-1992. Una mirada crítica. Ed. Gakoa, Donostian, 1992, 110.orr.
45 TAMAMES, Ramón: La reconquista del PARAISO. Más allá de la utopía. Ed. Temas de Hoy, Madrilen, 1993., 60.orr.
46 Ibidem, 61.orr.
47 FERNANDEZ DE LARRINOA, Kepa: Estatu Batuetako mendebalde urrutiko euskal jaiak. Amerika eta Euskaldunak, Gasteizen, 1992. 33.orr.
48 ROCK, David: Argentina, 1516-1987, desde la colonización española hasta Raul Alfonsin. Ed. Alianza, Madrilen, 1988. 182.orr.
49 SANCHEZ ALONSO,Blanca: La inmigración española en Argentina, siglos XIX y XX. Ed. Júcar, Asturiasen, 1992. 40.orr.
50 FERNANDEZ DE PINEDO, E.: Op. cit. (1993), 59.orr.
51 GERMANI (1970). Begiratu, SANCHEZ ALONSO, B.: Op. cit. (1992), 59.orr.
52 ROCK, D.: Op. cit. (1988), 227.orr.
53 DOUGLASS, W.A. eta BILBAO, J.: Op. cit. (1975), 281.orr.
54 Ibidem, 289. orr.
55 ROBBINS (1962).Begiratu, DOUGLASS, W.A. eta BILBAO, J.: Op. cit. (1975), 350.orr.
56 The National Wool Grower, July, 1919, 39.orr. Begiratu, DOUGLASS, W.A. eta BILBAO, J.: op. cit. (1975), 370.orr.
57 ASIMOV, Isaac: EE.UU.: De la Guerra Civil a la Primera Guerra Mundial. Ed. Alianza, Madrilen, 1984, 268.orr.
58 ADAMS, W.P.: Los EE.UU. de América. Ed. s.XXI. Argentina, 1985, 171.orr. "U.S. Bureau of de Census Historical Statistic of de United States"-etik hartutako datuak. Washingtonen, 1972.
59 ROCK, D.: op. cit. (1988), 222.orr.
60 SANCHEZ ALONSO, B.: Op. cit. (1992), 215.orr.
61 FONTANA, J. eta NADAL, J.: "España 1914-1970". Begiratu, CIPOLLA, C.M.: Historia económica de Europa. Ed. Ariel, vol. 6 (II), Bartzelonan, 1980, 102.orr.
62 TORTELLA, G.: "La economía española, 1830-1900". Begiratu: Revolución burguesa, oligarquía y constitucionalismo 1834-1923. VIII, Historia de España. Bartzelonan, 1981, 76.orr.
63 GONZALEZ PORTILLA, M.: Op. cit. (1981), 118.orr.
64 Ibidem, 123.orr.
65 FERNANDEZ DE PINEDO,E.: Op. cit. (1974), 267. orr.
66 ELORZA, A.: Op. cit. (1968), 498.orr.
67 BELAUSTEGUIGOITIA, Ramón de: La cuestión de la tierra en el Pais Vasco. Ed. Viuda e Hijos de Gujelmo, Bilbon, 1918, 12.orr.
68 Ibidem, 12.orr.
69 CHALBAUD ERRAZQUIN, Manuel: Estabilización de las clases sociales vascas. Ed. La Editorial Vizcaína, Bilbon, 1919, 6.orr.
70 URIARTE BERASATEGI, J.: Proyecto de Real Decreto-Ley de la Comisión de Agricultura, de la Excm. Diputación, ante el problema del caserío vasco. Bartzelonan, 1929, 60.orr.
71 Ibidem, 27.orr.
72 NAVAJAS LAPORTE, Alvaro: La ordenación consuetudinaria del caserío en Guipúzcoa. Sociedad guipuzcoana de ediciones y publicaciones, zb.3, Donostian, 1975, 171.orr.
73 BELAUSTEGUIGOITIA, R. de: Op. cit. (1918), 35.orr.
74 URIARTE BERASATEGI, J.: Op. cit, (1929), 36.orr.
75 NAVAJAS LAPORTE, A.: Op. cit. (1975), 148.orr.
76 ARPAL, Jesus: La sociedad tradicional en el Pais Vasco. Ed. Haranburu. Zarautzen, 1979.
77 ROLDAN, S., GARCIA DELGADO, J.L. eta MUÑOZ, J.: La formación de la sociedad capitalista en España, 1914-20. II ale. Madrilen, 1973. 75.orr.
78 FONTANA, Josep: Cambio económico y actitudes políticas en la España del siglo XIX. Ed. Ariel, Bartzelonan, 1975, 197.orr.
79 DOUGLASS, W.A. eta BILBAO, J.: Op. cit., (1975), 216.orr.
80 II. Congreso de solidaridad de Obreros Vascos, S.O.V., Maiatza, 1933. Begiratu: ELORZA, A.: Op. cit. (1968), 485.orr.
81 DOUGLASS, W.A., eta BILBAO, J.: Op. cit., (1975), 216.orr.
82 ELORZA, A.: Op. cit, (1968), 486.orr.
83 FONTANA, J. eta NADAL, J.: Op. cit., (1980), 105.orr.
84 DOUGLASS, W.A. eta BILBAO, J.: Op. cit., (1975), 171.orr.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org