A. UTOPIA ETA EUSKAL MIGRALARIAK
"Pozez Ameriketara
joan nintzen gazterik,
etzelako iñun lur
oberik besterik..."(1)
|
Utopiaren atzetik eta utopia gauzatu nahian abiatu ziren gure euskal migralariak Ameriketarantz eta mila era ezberdinetan amestu eta adierazi ziguten utopia eraiki nahia. Lurrekoak izaki, lur hobeago baten ametsa gizonaren bihotzean ernaltzeko gauza den bitartean lurretik espero baitugu Utopiaren Isla gauzatzea eta lurrean aurkituko utopia horren egituraketarako beharrezko dugun hats eta adorea.
Gure migralariei buruz mintzatzerakoan esparru ugari har dezakegu kontutan eta arlo guztiz ezberdinetan taiutu dezakegu beraien ihardueraren saioa. Alabaina, traizio egingo genioke migratzearen esperantza printzipioari bere oinarrian, hastapen eratzaile, fondatzaile gisa, egoera dinamiko orotan datzan utopia ezarriko ez bagenu bulkadaren hats adore-emale bezala.
Utopiaz mintzatzen garenean, zientifikoki mintzatzen garenean esan nahi genuke, gaia bi era ezberdinetan har dezakegula. Guk behintzat gure lanerako horrela ulertu nahi izan dugu: alde batetik kategoria ideologiko gisa eta bestetik espirituaren bizitzarekin loturiko sinbolo gisa. Ezin baititugu bereiztu alde batetik kategoria filosofikoa eta bestetik espirituaren bizitzaren eragile litzatekeen idealismo etikoa. Eta hori, hain zuzen, Ameriketara jo zuten gure migralarien irritsak eta ametsak ulertu ahal izateko eta beren esperantzaren partaide izateko bi arlo horiek ezinbestekoak zaizkigulako. Gero ikusiko dugun bezala, aipatuko ditugun testuek emango digute, gure intuizioek eta iradokizunek baino hobeto, norantza ildoa.
Utopia kategoria ideologiko gisa ulertu ahal izateko, dudarik gabe, Thomas Moreren pentsamenduari lotu beharko gatzaizkio. 1516an, Lovainian, bere "De Optimo reipublicae statu deque nova Insula Utopia libellus vere aureus nec minus salutaris quam festivus clarissimi disertissimi viri Thomae Mori" obra izugarria argitaratu zuenean, orduantxe egin zuen bere aurkezpena pentsakera utopikoak historian.
Gure ustez guztiz interesgarria gerta dakiguke momentuko xehetasunak aipatzea. Thomas More, Henry VIII.ren mandatariak, Pedro Gilles bere lagunarekin topo egiten du Anberesen, Americo Vespucioren bidailagun den Rafael Itlodeorekin harremanetan jarriko duen lagunarekin. Euren arteko elkarrizketa hasiera batetan bidaien inguruan mantendu bazen ere, berehala jo zuten beraiei, eta guri, benetan interesatzen zitzaien gaira, utopiaren oinarrian dagoen idealismo etikorako lehen aztarna: ea zilegi ote zaion gizon libre eta jakintsu bati erregeren kontseiluren bazkide izatea. Itlodeo kontrakoa da, erregek bere aholkuari ez diola jaramonik egingo pentsatzen bait du, erregek bere altxorra, erresuma eta boterea haunditu besterik nahi ez duelako... Thomas More ados dago Itlodeorekin, puntu honetan behintzat baina, beste zerbaiten faltan, hobe litzatekeela ahalik eta gehien parte hartzea uste du, erregek egin dezaken kaltea murriztu ahal izateko. Horrela formulatzen da orduko gizarte kristauari buruzko erizpide radikalki kritikoa, bertsolariek ere beren erara behin eta berriro egingo dutena; idealismo etiko batetan oinarriturik hain zuzen ere: eurek ezagutu duten gizartea ez da arrazoizkoa eta are gutxiago kristaua.
Horrekin batera deslilurapen sakon baten aztarna somatzen da Itlodeoren pentsakeraren harian eta barru barruraino, erroetaraino eramaten du bere oinarrizko baieztapena: Hain ustelduta dago politika ezen ezin izango bait da bizirik dirauten erakundeen egiazko erreforma burutzea. Galdurik dago erreformismoaren gudua. Erakundeen erroko aldaketaren bidea besterik ez da gelditzen eta horretarako, beharbada Apostoluen Eginetan azaltzen den eredu mesianikoa eredutzat hartuz, eduki nahiaren arrazoia deuseztatu beharko dela aldarrikatzen dute: jabego pribatua baztertu beharra dago, deuseztatu beharra.
Hori baieztatu ondoren, Libellus Aureus-en lehen aleak moralki beharrezko bezala aurkezten du aldaketa hau. Dudarik gabe, ebanjelioko urratsetan oinarrituriko gizonek ezin zuten zilegitasun moralaren arazoa alboratu, bizitza hastapen oinarriztatzailerik gabe ager ez zekien. Ondoren, bigarren aleak konkretuki posible dela baieztatuko du, badela elkarte jabegoa eta Mendebaldean aurkituriko lurralde horietan errealitate zehatza dela. Beraz, eta hau oso garbi utzi nahi genukeen puntua da, Utopiaren Isla, gero gure migralarien Ameriketak bezala, ez da irrealitate historikoaren keinupean jaiotzen, posibilitate historikoarenpean baizik.
"Zorion bila joanik
ainbeste bidean..."(2)
|
esango digu Ramon Artolak lehen aipaturiko Urrutiko Intxaurrak bertso saioan. Kontzientziak moralki beharrezko jotzen duen zorion bila joate hori, historikoki desiragarri eta posible egin nahi izango du bidaiak. Potentzialitate historikoaren figura berria sortzen da, gizarteak bere "telos", bere helburu gisa hartuko duena lortu ahal izateko.
Orduan Thomas Morerekin gertatutako fenomeno bera gertatuko da gure bertsolariekin. Gure bertsolariek jenero berri bati emango diote hasiera, herriak hain maite izan dituen Ameriketako bertsoei; eta geroa modu ezberdin batetan ikusteko aukerari bestetik, ilusio berri bati, "Amerikak egitearen" esperantza ia kolektiboari. Thomas Morek literatur jenero berri batez gain, pentsakera forma berri bat sortuko du. Nola ukatu bulkada berdinak eraginda abiatuko direla Mayflowereko erromesak eta gure migralariak mundu berri posiblerantz!. Erlijio aldetiko ezberdintasunak, eta momentuko politikak hain diferenteak izan arren, bada halako susmo sekretu bat, martxan jartzen diren herrialdeak kidetu egiten dituena. Ez dugu Ellis Island-etik Amerikak egitera sartu ziren migralari italiarren dokumenturik aztertzeko aukerarik izan, baina ez dugu uste adierazpenak bestelakoak izango zirenik.
Utopia Inglaterrako errege-islara orientaturik dagoen geroa da; kristau munduak erraietan daraman esperantza. Amauroto, Utopia Islako hiririk haundiena, Londoneko eredu hiritarretik kopiatuta dago, eta erakunde utopikoak Inglaterrako arazo zehatzei eman nahi zaizkien soluziobideak dira. Utopia ez da, beraz, fantasia bat, errealitate zehatzaren ahalbide historikoaren sondeoa baizik, egiazko arazoen konponketarako proposatzen dena eta arrazoiaren gidaritzapean, esperientzia ziurtagarriarenpean heldu dena.
Baina Utopia Islara joan ahal izateko, bidaian murgildu beharrean gaude, bidaia eta lur berria, bidaia eta zoriona, bidaia eta altxorra, nahiz urre gorriaren nahiz beste nolabaiteko izenpean, euren artean uztarturiko errealitateak direlako.
Hain zuzen ere, euskal kasua aztertzen badugu berehala konturatzen gara zerbait berria aurkitu ahal izatearen, zerbait berria eraiki nahi izatearen irritsak formulazio arras ezberdinak dituela. Diruaren deia izan daiteke horietako bat, Dabid Aranburuk adierazten digun bezala:
"Amerikara etorri ninyun
dolarra edo diruaz..." (3)
|
Gauza bera dio Salvador Etxartek, liburu beran bildutako bere bertso batetan:
"Nevadara nerama
urriaren famak,
ots aundiyakiñ dira
orai ango esanak..." (4)
|
Beste batzutan hemengo egoera larria izan daiteke Utopiaren Islarako bidaiaren motibo, Salbador Etxarte berak dioen bezala.
"...ikusiak dirade
emengo izanak,
ezer gutxi dakarra
egiten den lanak..." (5)
|
Nolabait hurbildu egiten gaitu Itlodeo eta Thomas Moreren arteko eztabaidara, egoeraren motiboari buruz ezer esaten ez badigu ere. Baina apika gehiegi izango litzateke gure bertsolari herritar bati analisiaren klabe guztiak azal ditzan eskatzea. Mendaro Txirristakak ere ildo beretik jotzen du bere ezagumen enpirikoaren berri ematen digunean, baina honek askoz gehiago hurbiltzen gaitu Itlodeoren argudiora, erregen izan nahiak, euren irabaziek eta agintzeko irritsak sistema bera gaitz bihurtzen duenarekiko adostasuna seinalatzerakoan.
"Burni-bidean goizian goiz ekiñ
ta illundu arte lanian,
aukera onik ez genduala
izaten jan-eranian;
nagusi zanak jornalikan ez
miñ artzen genduanian..." (6)
|
Eta hori ez da trenbide lanetan bakarrik gertatzen. Garbi dago egoera bizitzaren arlo gehienetara zabal daitekeela, bertsolari beraren bertsoen mezuaren arauera.
"Mendiyan ikatzgiñan
ibilli izandu naiz,
talua eta baba
janaz bi aldiz;
birigarruak txirt-txirt
deitzian jeiki goiz,
Aitaren eginda ekin,
txabolara illargiz;
ta kamaiña berriz,
txillar, garo t'almitz,
betiak txingurriz
ta arkakusu gorriz,
mantan ordez oiekin
gorputza estaliz" (7)
|
Ez da harritzekoa lanaren aldetik halako lanbide batekiko iraunkortasun edo fijazioa falta denean agian errazago egiten dela martxan jartzea, zerbait berriaren bila... azkenean hemengo iharduera berean iharduteko han ere, baina bizimodu emankorrago eta duinago baten esperantzaz. Honela kantatzen zuen Mañex Etchamendyk:
"...hortakotz utzi izan dut
behingoz neure herria,
Ameriketan bazela gauza
noizbait jakinik berria... (8)
|
Beste batzutan era guztiz prosaikoan poesiaren eta filosofiaren oinarrian dagoen harridurarekin topo egiteko aukera izan dela aurrera jotzeko beste motibo bat esango digute.
"Zer ikusi lezaken
mundun korrituak,
oso ta bizi gaude
gañera arrituak,
Dakar-en irten zaizkigu
larru gorrituak,
trapu bana aurrian
beste gabekuak,
gu gera mundu onetan
zorionekuak". (9)
|
Edo, bitxia iruditzen zaigun arren, eguneroko bizimoduarekin asper-asper dagoenak senti dezakeen lehorrarekiko erretxazoa izan daiteke bidaiarako proposatzen zaigun motibua. Juan Zabaletak hala dio behintzat.
"...legorrez aspertuta
itxasoetara,
irureun lagun guaz
Montevideo'ra..." (10)
|
Thomas Morek ez du begi irekiez amets egiten, eta gure migralariek ere ez. Moreren garaian arras ezaguna zen The Travels of Sir John Mandevilleko Bragman isla edo Cockaygneko lur zoragarria, espainiar literatur tradizioan "jauja" izenez etorri zaiguna, non dena denena izango den. Ezin dugu ahantzi ertaroko literatura herrikoiak eta juglarrenak betidanik mantendu zuela aberatsen eta ahaltsuen aldaketa sozialaren aurkako jarrera oso kritikoa kristautasun feudalaren magalean. Thomas Morek egoera hobeagotzeko, eraldatzeko esan beharko genuke, elkargo-jabegoa proposatzen du zientziak eta arrazoiak ordenamendu politikoari eman diezaioketen soluziobide gisa. Beraz, eta hau oso garbi utzi nahi dugu gure lanean, utopiko hitza guztiz oker legoke irrealaren sinonimo gisa ulertuko balitz, eta halako interpretapena ematen zaionean garbi soma daiteke agintean daudenek utopiak eman diezaguken ezagupen posibilitateari egin dioten zentsura. Beharbada ingeles jenialaren egiturapen ideologikorik gabe, gure migralarien jarrerak ere hortik jotzen du, gero demostratuko dugun bezala. Eta adierazi ere ongi adierazten digute beraiek hor mugitzen zirela, ziurtasunaren eta ezjakinaren landatan, hesia non bota jakin ezinean, fantasia positibo bat aurrean, baina momentuko erabakiaren gogortasun eta laztasuna baztertu gabe. Ikusi bestela Utopia Islara, Ameriketara, irten orduan nola iradokitzen diguten beren ezjakina eta beldurra, bai beharrezko hizkuntz berria ez jakitetik sortutakoa ala bestelakoa.
"Nik garai artan ez nekien "Cordillera" (itsasontziarena hain zuzen) izenak zer esan nahi zuen, baño urteak igaro ondoren nik ikasi nuen, izenak esan nai zuena: Montañas en cadena..." (11)
Bertsolari anonimoak era askoz barnerakoi eta zastadakorragoan esango digu bere momentuko larrialdi izugarria, arima iluntasun itxaropentsuan jarriko diona.
"Gaztetako oroipenak,
agur!, banua ni
berriyak eskatzera
etorkizunari;
zer billatzera nuan
iñortxok ez daki,
baña zer galtzen dedan,
ai, galdetu neri...! (12)
|
Hain zuzen ere oroimen berriak jaso ahal izatean datza utopiaranzko bidaia ororen zentzurik sakonena. Oroimenez bizi gara eta gure oroimenen taiuketak eta kalitateak eratzen dute gure bizitzako perzepzioen mundua eta beraiek definitzen dute gure egitasmo existentzialarekiko talantea. Benetan da zaila hitz gutxiagotan hain maixuki planteiatzea aztertzen ari garenaren zentzu ezkutua. Horregatik, esan ere boteretsuki esango digute aitzinako oroimenak, gerokoen egituraketarako guztiz definigarriak gertatzen zaizkigunak, utzi beharrak... edo agian zertxobait lausotu beharrak sortutako min gorria. Salvador Etxarteren hitzetan halako oihartzuna hartzen dute.
"...penakiñ uzten ditut
familiko denak
barkatuko al didate
aitak eta amak" (13)
|
Leon Bereauk, bestalde, sinbolo baten bitartez ematen digu bere egoeraren berri, munduko literaturak ezagutu duen sinbolorik boteretsuenaren bitartez. Eta Hesseren Sidhartaren oihartzunak dakartza gure bertsolariaren hitzak.
"Europa'tikan Amerika'ra
askok egin degu bisita,
gure famili ta amistadiyak
denak or berian utzita;
pasatu degun ibai ori
ezta, ez, oso polita...
negar-malkuak eskapatzen dira
ori pentsatzen asita!" (14)
|
Ibaiaren sinboloa, uren lasterketarena, ahalbide unibertsalaren eta formen inostearen adierazpen indartsua, emankortasuna, heriotza eta berriztapena. Korrontea, bizitzarena eta heriotzarena, menditik itsasorantz edo ertz batetik bestera. Itsasoranzkoa, uren batasunera eginiko bidaia, bereiztasun-ezara, Nirvanara. Edo ibaian gora, mendira, iturburu jainkotiarrera, hastapenetara buruturikoa. Judutarren goiko ibaia, dohainena, eragin zerutarrarena, bertikalki munduaren ardatzaren norantzan jeitsi eta horizontalki gero ipar, hego, ekialde eta mendebaldera hedatuz paradisuko lau ibaien sinbolo adierazkorra.
Misteriotsua, irents gaitzakeena, ureztatu, uholdetu, txalupa eraman ala hondoratu. Ez dugu inoiz ahantzi Hesiodoren hitza: "Etzazue inoiz zeharkatu emari hilezkorreko ibaien ura, etzazue gurutzatu, begiak emari izugarrian kokaturik, esan gabe otoitza...". Infernuko ibaien izenek adierazten dizkigute hondamendira joan direnen tormentuak: Aqueronte -minena-, Flegeton -erredurarena-, Kozito -aieriena-, Styx -izuena-, eta Leteo -ahanzturarena-. Baina guzti hauetatik zerbait hartu izan arren, bestelakoa dela uste dugu bertsolariek aipatzen digun ibaia, beste nabardurak dauzkala... giza existentzia eta bere iragatea, desioen, sentimenduen, intentzioen eta amaigabeko jirabiren aniztasunarekin...
Kaskazurik ere bere erara adieraziko du irteera orduko tristezia ia infinitoa.
"Uste gabe askori tokatu
zaio Cuba-ra juatia,
Españiyako jende guziya
dago tristuraz betia..." (15)
|
Egia da Kaskazuri Cubako gerrara joan behar izan zutenetaz ari dela eta motiboaren ezberdintasunak ere marka dezakeela tonua baina azkenean adierazten duten sentimendua besteen nahiko antzekoa da. Antzekoa bakarrik, ordea, beren borondatez Amerikak egitera joandakoengan tristeziarekin batera esperantza izpia somatzen bait da, bertsolari anonimo honen hitzetan somatzen den bezala.
"Triste daukat anima,
biyotza miñduba,
borondate argal au
agitz nagituba;
esperantza ez det izan
beñere urrituba,
fedia iñoz baño
gaur aundiyagua!" (16)
|
Thomas Moreren utopia kristautasunaren izenean kristaudiko erakunde politikoei eginiko kritika da, eta hemengoei eginikoa da bertsolariena. Thomas Morek ekiditu egin nahi ditu kristautasuna historikoki ezinezko egiten duten erakundeak, botere nahia bultzatuz, gizonak gizonaren gain burutzen duen agintera irrikitzen dutenak. Thomas Moreren eritziz jabego pribatua da erakunde horien oinarria eta saiatu egingo da elkarte-jabegoaren aurka historikoki eman diren arrazoiei aurre egiten bere irudimen sortzailaren bitartez, ez gizon berria baizik giza-erakunde ezberdinak eskatuz. Fantasiaren errealismoak gizarte alternatibo baten figura marraztu du.
Utopian elkarte-jabekoa botere politikoaren jite demokratikoarekin lotuta egongo da; herriak hautatua izatea da agintaritza ororen oinarria, baita bizitzarako agintaritzarena ere. Gure XX. menderarte europear politika menperatu eta tajutu duten ideia guztiak Utopian aurkezturik daude, bertan azaltzen bait da ez berehalatasun politikoa baizik bere "absconditum"-a, oinarritzen duen ahalbidea. Zentzu honetan Utopia Maquiaveloren Printzearen antitesia da.
Thomas Moreren intuizioak oraindik indar gehiago hartzen du berriztapena tradizio teologikoan oinarrituta burutzen dela pentsatzen badugu. More kultura klasiko-kristauan murgildurik dago humanista gisa eta fedegizon gisa. Eta halako ikuspegiaren iturburutik edan ondoren adierazten dizkigute bertsolariek, Thomas Moreren antza, utopia islaranzko bidaia garaiko arazoak, itsaso hori gurutzatzeak suposatzen duena.
Zorionezko isla horretarako bidaia itsasoz egin beharreko zerbait gisa aurkezten zaigu.
Jakinean behin baino gehiagotan bidailaria noraezean aurkituko dela, Platonen erreferentziak erakusten duten bezala, Moreren eta migralarien gizarte komunitario utopiko hori arrazoian eta egiazko filosofian oinarritzen dela, eta horrexegatik jakin ere badakiela sarri egokituko zaiola ahalbide horien alde ezkutuak jasatea, giza-egoera metafisikoaren egonezin, norantza eza eta larrimina, Indarrez adierazten zuen bertsolari anonimoak.
"Munduban badabiltza
ni bezela milla,
laukiya dan progatzen
edo biribilla,
zarrian aspertuta
berriyaren billa,
batian jo Erroma
bestian Antilla". (17)
|
Horrekin batera zera gogoratu beharrean gaude, aipatzen ditugun arrazoi horiek, benetazko arrazoiak, ebanjelioa posible egingo duten erakunde mota ezberdinen desiotik sortuak direla. Gure migralariak historikoki egin nahi du posible ebanjelioaren araua, bere eredu bilakatu nahi du, eta horregatik erreklamatzen du itsasoratzean argiaren laguntza, egoera larritan norberak zuhurki erabaki ahal izateko fede horren, erlijioaren eusgarria, eusgarri horri edozein izen ematen diogularik ere.
"...abereak bezela
onenbeste jende
bigaldu gaituala
kapellaurik gabe..." (18)
|
Arimaren arriskuei gorputzarenak batzen zaizkienean, bidaia latza bihur daiteke eta garestiegia ordaindu beharreko prezioa, bertsolari anonimoak dioen bezala.
"Armoni gaiztua
asi du jendiak,
nola gizonak eta
igual andriak:
"Ainbeste pagatu eta
onela juan biar!".
Iñork ezin mudatu
aren kostunbriak". (19)
|
Bidaiaren esperientzia elkartean egin beharreko zerbait da, utopiako islako elkarte berriaren eraikuntzari dagokion lez, denon arteko lana, giza sozialaren agerpen eta fruitu.
"Guztiyok badakigu,
nai badegu esan,
uraz gusto aundirik
ez degula izan;
gizon ori barkuban
ezpagendu izan,
gauza onik gurekin
ikusiko etzan". (20)
|
Dena dela arimaren bakardade hori bezain samina gerta dakieke migralariei jasan beharreko ezerosotasun fisikoa, gorputzarentzako baldintzapen penagarriena. Alderdi honek forma ezberdin asko har ditzake migralarien errelatoetan, bustidura eta iluntasunarena...
"...kubiertan legorrik ez,
bodegan txit illun,
guretzako gauza onik
etzeguan iñun..." (21)
|
haize faltarena, eguzkiaren berotasun kiskalgarriarena...
"Horizonte onetan
sartu giñanean,
aizerik ez genduben
zortzi egunean;
jendia aspertu zan
geldi egonean,
eguzkiyak erretzen
kubierta gañean". (22)
|
Juan Zabaleta da horretaz gehien mintzatu zaigun bertsolaria eta bereak dira aurreko bi bertsoak. Aipatutakoa egia izanik, janaria eta edariarekin loturiko kexak dira sarrien azaltzen dizkigutenak. Ezin dugu ahantzi utopia guztietan lurralde berriaren kantua egiterakoan jan eta edanaren ugaritasuna dela lehenik agintzen den segurantzaren promesa. Gogoratu bestela, zernolako indarrez adierazten digun hori John Steinbeckek The Grapes of Wrath liburuan, Oklahomatik Californiarako erromesaldi izugarri hura burutu behar zuten hautsaren haurren ezpainetan. Gogoratu ere aipuaren iturburuan dagoen agintzari biblikoa. Alde batetik janari ezak, edo Deuteronomioko XXXII. atalburuan lehenik eta Apokalipsiaren XIV.an Jeremiasen XXXI. atalburuko hitzekin bat eginik adierazten dituen "haserrearen mahatsak", zapalkuntzaren edontziaren sinbolo bortitz gisa. Baina bere beste aldea ahantzi gabe, hots, Zenbakien liburuko XIII. atalburuan mahatsek ugaritasunaren sinboloa hartzen dutela, migralariek irrikitzen duten ogi eta ardoarena. Moisesek Kanaango lurra miatzera bidaltzen ditu gizonak... lurraren fruituak ekar ditzaten, eta bi gizonen artean garraiatu beharreko izugarrizko mahats xortarekin itzultzen dira. Kanaango lurrari esnea eta eztia dario.
Halako zerbait espero dute gertatuko zaiela Kalifornian, Agindutako Lurrean. XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan Afrikatik Ameriketara eramaten zituzten jopuei ere hala agintzen zieten, zuhaitzetatik zintzilik zeudela zigarro puruak, norberak nahi haina har zezan. Guztiz interesgarria iruditu zaigu horretaz Bruce Chatwin bidailari eta idazle britainarrak argitaraturiko "The Viceroy of Ouidah". Ez da harritzekoa, beraz, halakorik ez gertatzerakoan, gure euskal migralarien lehenengo zinkurina, eta miketza gainera, horri dagokiona izatea. Itxura gabe aniztu genitzake gaiari buruzko testuak. Bakan batzu besterik ez ditugu jasoko, adierazkorrenak hain zuzen ere. Bertsolari anonimo batenak lehenak, gero sarritan azalduko diren razionamenduak lehenengo aldiz aipatzen dituenak.
"Don Nikolas jaun orrek,
barkuban sartzian,
ordenako paperak
zabaldu bai ziran,
gure errazioak
nola biar ziran,
pasajero guztiyak
orren eske ziran". (23)
|
Beste bat geroko eskasiaz kejatuko da.
"Asi ziran biberez
kargatzen fragata,
beriala aspertu
naikua zala?ta;
aitu zan aragia,
igual patata,
jendia larri giñan
zer jana falta-ta", (24)
|
Edo jakien monotoniaz.
"...goizian da arratsian
baratzuri-salda,
eguardirako zerbait
luzituko al da." (25)
|
Ondorioak benetan izango dira latzak eta penagarriak. Mikaela Zarramarenak dira bertso honetan azaltzen direnak.
"Gizakumeak ere
nai ainbat lanekiñ
galtzak eziñ eduki
gerriñ ubalakiñ;
jikara bana bana
galleta urdiñakiñ,
nor egon bizirikan
orien janakiñ?" (26)
|
Eta ez migralariek erosketarako dirurik edo gogorik ez zutelako, jana eta edana ezagatik baizik, Juan Zabaletaren bertso hauek adierazten duten bezala.
"Gizon konsejerua
genduben Juanes,
beñere kontenturik
ez digu eman janez...
...diruba bazan baña
bentarik iñun ez". (27)
|
Beste zenbaitetan arduradunen trebezia eza izango da nekaldien zioa.
"Lenengo jana eman ziguten
patata zuitu gabiak,
ogiya berriz ikazturikan,
erre gaberik erdian..." (28)
|
Joxe Iriarteren haserreari Zezilio Basurkok emango dio erantzuna. Guztiz bitxia benetan, gero maiz azalduko zaigun konformidadearen ideia aipatzen bait du, estoikoen filosofiaz kargaturikoa, guzti hori nonbait merezi izandako zerbaiten zigorra bailitzan.
"Prantzes barkuak ekarri nindun
irugarrengo klasian;
gutxi jan eta padezituaz
egarri eta gosiak,
nunbait merezi izango nitun
kastigu oiek guztiak..." (29)
|
Gure ustez, patuaren inguruko ideia hau kristautasunaren eta heriotzaren degradazio moralistaren adibide izango litzateke. Badirudi Donibane Gurutzekoarengan eta gure migralarien garaiko Maurice Blondelengan (ikusi L'Action, Paris 1893, orr 383-384), oraindik aurkitu egiten dugula Kreakuntzaren poztasunaren eta Kreatzailearen arteko oreka zoragarria, bizi honen baieztapenaren eta hilezkortasuna itxarotearen artekoa, Jainkoaren loriaren zentzuaren eta giza baldintzaren artekoa. Baina noizbait hasi ere hasiko da ordurarteko teozentrismo eta antropozentrismoaren artean zegoen sintesi sakonaren degradazioa; mundua Jainkoaren obra eta gizonaren eginbehar gisa ulertzearen aldeko pasioa, Absolutuak liluratzen gaituen bitartean. Gure herri honen tradizioan hain garrantzizkoak izan diren kietismoak, jansenismoak, teismoak, razionalismoak eta pietismoak desegin egingo dute oreka hori eta desitxurapen miketz eta bortxakor bihurtu. Gero sortutako zenbait gizon-emakumeen garrantzia -besteak beste Lisieuxeko Teresa, Trinitateko sor Isabel eta Charles de Foucauld- zera hontan datza hain zuzen ere: berreskuratu egin dutela Jainko Aitaren irudi kristaua, kreatzaile eta epaile eskatologiko huts gisa ikusten zuten teista eta jansenisten aurka.
Baina, gure migralariengan hainbeste somatzen ez bada ere, Jainkoa mundutik urrundurik gelditzen zen eta gizona Jainkorik gabe; arrazoiaren eta bere eskuen indar guztiarekin ari zen, baina bere bakardade absolutuaren minarekin era berean. Jainkotasunarekin identifikatu ziren argitasuna eta hauskura, nolabait Jainkoak ez zituela gizonak maitasunez sortu eta ez zituela pozez itxarongo susmatuz. Erromantizismoak urruntze honen ondorioak atera zituen. Gogoratu besterik ez dugu egin behar Alfred de Vignyren poema hau:
"Hélas; je suis, Seigneur, puissant et solitaire,
laissez-moi m'endormir du sommeil de la terre.
Dieu ne fait point de pacte avec la race humaine!.
Qui crea sans amour fera perir sans haine".
|
"Ai, Jauna, indartsu naiz eta bakarti,
utz iezadazue lurraren ametsarekin lo egiten...
Jainkoak ez du giza arrazarekin hitzarmenik egin!
Maitasunik gabe sortu gintuenak, gorrotorik gabe utziko gaitu hiltzen!" (30)
|
Esan beharrik ez dago zernolako kaltea egin dion halako pentsakerak gure migralarien kontzientziaren munduari, kristautasuna heriotzaren, munduaren mespretxuaren, alaitasun gabearen, kontzientziaren erruduntzearen erlijio bezala aurkeztuz. Gure ustez, platonismoa, jansenismoa eta kantismoa izan dira salbamenaren albiste zoragarri izan behar zukeen erlijioaren osagarri desnaturalizatzaileenak. Beharbada kantismoa batez ere, erlijioaren unibertso espezifikoa aurkitu ahal izateko, zentzua galdu ondoren, arrazoi esklusiboki moral baten mugetan integratu, legeztatu eta geroko belaunaldiei pasa nahi izan bait du. Legearen Jainkoak, aginte eta eskakizun, baztertu egin zuen bere burua dohain bezala eman digun Jainkoa.
Prozesu honen ondoren Jainko morala besterik ez da gelditu giza kontzientziaren aurrean (agintearena, legearena, eskakizunarena, gizonaren aurkako erreklamazioarena). Azkenik -eta hau batzutan nabarmenki somatzen da gure bertsolarien testuetan- jasan egin beharko da Jainko hori, askatasunaren, zorionaren eta gizonaren bizitzaren aurkako zerbait bezala. Hori da Feuerbachek eta Marxek egin zuten Jainkoaren eta kontzientzia erlijiosoaren diagnostikoa. Ez da harritzekoa bere deuseztapena edo heriotza askatasuna eta giza zorion eta duintasuna berreskuratu ahal izateko baldintza gisa jarri izatea. Nietzscheri ez zaio arrazoirik falta Jainko moralaz aparte besterik ez ote dagoen galdetzen duenean; ongiatik eta gaitzatik haruntza ez ote den posible batez ere edertasunarekin, egiarekin eta zorionarekin loturiko Jainkorik izatea.
Horregatik, Jainkoaren aurkako hainbeste erasoketa, madarikapen eta hobiratze desio ondoren, Nietzschek oraindik dei egiten dio Jainkoari. Jasangaitza egiten zaio bakardadea. Eta borrero deitu eta bere aurrean zakur gisa arrastaka ibilieraziaren salaketa egin ondoren jotzen du ostera Jainkoarengana. Jainkorik gabe, bakardadea zama infinito bihurtzen zaiola giza ahuleriari konturatu da. Gogoan ditugu, Rosalia de Castro edo Antonio Machadoren estiloan, nola bukatzen duen Nietzschek bere "Honela Mintzatu zen Zaratustra?
"Oi, itzul hadi
bakarti guztien arteko azkenarengana!.
Nire malkoen erreka guztiak
hiregana lasterkatzen dituk!.
Eta hiretzat altxatzen duk, kiskalgarri,
nire bihotzaren azken garra!
Oi, itzul hadi,
ene Jainko ezezagun hori!, nire min!,
nire azken zorion!" (31)
|
Nietzschek bizitzaren espontaneitatea erreklamatu zuen Platon eta Kanten aurka, errealitatean oinarritze injenuoa, aberearen inuzentziaren, boterearen, indarraren dastatzea, heriotzaren desagerpena. Baina dagoeneko ez dira posible ez haurtzaroranzko itzulera, ez aberearen inozentzia, ezta gaitzik, sofrimendurik eta heriotzarik gabeko munduko bizitza. Hor daude eta beraiek dira gizadiaren, askatasunaren eta egiaren arragoa. Dudarik gabe, gure migralariek hainbat aldiz aipatzen duten patuaren aurkako irtenbide bakarra heriotzarekin eginiko hitzarmena da, bera errealitatearen hastapen, erizpide edo helburu egin gabe.
Eta, nolahala, usaindu egiten dugu gure aurreko belaunaldiek konszienteki onartzen zutela heriotza, bizitzaren Jainkoa hastapen zutelako eta Kristo berpiztua historiaren helmuga. Esperientzia oinarriztatzaile hau galtzerakoan bilakatu zen heriotza, eta mina eta erlijioa berarekin batera, izu-iturri eta historiaren mespretxu.
Dena dela, ez dago ziurtzat jakiterik bi ikuspegi horietako zeinetan oinarritzen den beraien patuarekiko konformidadea. Baina arazoa guztiz garrantzizkoa eta larria iruditzen zaigu jaso dugun ondarea interpretatu eta gerorako indar berroinarriztatzaile eta eraginkor bilakatzeko.
Mikaela Zarramaren eskutik sartzen gara urrengo arrisku mota guztiz berezian. Kuriosoki garai hartan hain zabaldurik egon arren, bertso hau besterik ezin izan dugu aurkitu arazoari erreferentzia egiten diona. Izurritearen presentziaz ari gara. Ez da gure lanaren helburua hori ikertzea eta aipua egitearekin bakarrik konformatuko gara. Dena dela, lehen, Basurkorengan bezala, orain ere berriro datorkigu herri honetan hain sarturik egon den patuarekiko konformidadea, batzutan gainean jazkera erlijiosoa, Jainkoaren borondatearen forma hartuko duena; orohar, gehienetan.
"Nafar-eria ere
sartu zan barkura,
orduan artu zuen
jendeak tristura;
iru il ziran eta
artu ta putzura,
eriotza zor degu
jaioak mundura". (32)
|
Kohelet liburuaren hirugarren atalaren parafrasi zoragarria dugu Mikaela Zarramaren bertsoa.
"Gauza orotako garai berezia bada;
eta eguzkipean dena bere aldian egiten da.
Jaiotzeko aldi; eta hiltzeko garaia;
landatzeko aroa eta landareak biltzeko eguna,
erailtzeko aldia eta sendatzeko aldia,
iraultzeko aldia eta eraikitzeko aukera,
negar eguna eta barre eguna,
erosta aldia eta dantza aldia".(33)
|
Gure belaunaldiaren ezaugarri gisa jo dezakegu negarrerako, dolu eta lutorako ezintasuna. Berez gisa historiaren konstantea da estoizismoak, sokratismoak, ilustrazioak eta jarrera iraultzaileak loretzen direnean. Guztiek erizpide batzuren arauera maneia eta alda daitekeen materia gisa hartzen dute errealitatea eta giza historia; eta gizartea, jakite teoriko eta saiatze praktikoen ondorio gisa. Negarra nagikeria kolektibo baten seinale izango litzateke, errealitatearen aldaketarako errenuntzia pertsonalarena, arrazoiaren boterearekiko mesfidantzarena. Edozein kasutan, bai gizonaren umilapena zein destinoaren aurkako kobardia. Migralarien jarrera, aldiz, guztiz aurkakoa da, heriotza esan egin behar dela dakienarena. Eta hori gure hitzak bizitza eta ez heriotza esateko eginak direla jakin arren; presentzia eta ez ausentzia; denbora eta ez eternitatea; gizona, ez Jainkoa. Bertsolariak esan egiten du ordea, eta nolako dotorezia eta sinpleziaz!
Beharbada, egoera txarrenean eta pertsonak duintasuna izanik, duintasunez jokatu behar duela sinesten zutelako. Guztiz adierazgarriak dira Joxe Iriarteren bertsoak.
"Bapore dana sublebatu zan
uniturikan jendiak,
kapitanari esan zioten
aiek etzirala txerriak;
ondramentian pagau zutela
eta egiteko jan obiak,
bestela urera juango zirala
ango katxarro guziak". (34)
|
Harritu ere harritu egin gaituzte azkeneko bi bertso hauek, orohar, lehen adierazi dugun bezala, sofrimenduarekiko jarrera estoikoa bait da lege eta ez mehatxua. Eta hori, seguraski, utopia islarako bidaian doanak Jainkoa duelako arriskuetan laguntzaile. Horixe adierazteko ere maiz erabiltzen dituzte bertsolariek erreferentzia eta iruditeria biblikoak. Irakurri besterik ez dugu Juan Mari Lujanbioren bertso hau.
"...gu oinperatu nayian nunbait
asarre zebillen Judas,
Jaun Zerukuak oju egin ziyon:
"Oien ondotikan zuaz!".
Berak lagundu izan ezpalu
galduko giñan benturaz". (35)
|
Bertsolari berari dagokio urrengo irudia, uhinen gaineko San Pedroren irudimena aldarrikatzen duena.
"Itxasuaren erdiyan geunden,
urruti ziran bazterrak,
an iñon etzan bide zuzenik,
danak ziraden okerrak..." (36)
|
Ez da harritzekoa halako gaitzen sortzaileentzat migralariek inpernuko zigorra eskatzea, Sein Irigoienen bertso adierazkorrean ikus dezakegun lez.
"...gu saldu gaituena
onela tranpian
ez dago sarturikan
zeruko glorian". (37)
|
Halere, utopia islarantz doanak badirudi garbi duela helmuga eta ez diola amore emango tarteko une bateko liluraren deiari. Jose R. Zubillagarenak dira hitzak.
"Baita ere, erri artan, euskaldun bi agertu zitzaizkigun, geroni galdera egiñik ea guk nai al gendun Brasilen gelditu, berak guri emango zigutela lana, San Pabloko errian. Bañan euskaldun aien eskeintza, nere lagunak eta nik ez genduan onartu". (38)
Guzti honek berriro gure disertazioaren ildora ekartzen agitu, aipu guzti hauetan, barru barrutik Doneagustinen "De Civitate Dei"-ri eginiko erreferentzia kulturalak bait daude. Utopiak egiaztatu egiten du Hiponako filosofoak zuen herriari buruzko ideia: "coetus multitudinis rationalis rerum quas diligit concordi communione sociatus". Eta, gure migralarien deiadar hauek Itlodeok erregeren kontseiluei buruz zeukan ideia azpimarratzen dute, Doneagustinen perpaus honetan laburbilduta dagerkiguna: "remota itaque justitia, quid sunt regna nisi magna latrocinia?" Hitz apalagotan adierazi dute bertsolariek baina mezuak berdin dirau.
Morek berak sortzen den problematika berrian oinarriturik interpretatzen du kultura tradizionala eta bertsoek ongi jasoko duten ondare dotrinala erabiltzen du egoeraren kritika egiteko, kristaudiaren erakundeena bere kasuan. Ondorioz, orduantxe burutzen du kristautasunak lehenengo aldiz pentsakera bereiziki politikoa. Eta hauexek dira bere bi bereizgarririk garrantzitsuenak: arrazoia rebelazioaren izenean mugatzen duelako da kristaua eta pertsonaren onginahi espiritualaren izenean asmatzen dituelako erakundeak.
Utopia, zerbait bada, beraiek sortu ziren baino lehenago kapitalismora eta gizarte burjesera eramango duten erakundeen munduaren kritika da; eta hori ez iraganaren eta erakunde tradizionalen izenean, baizik historiak agerterazi beharko duen giza-naturaren indarraren izenean. Thomas Moreren bizitza eta heriotza izango dira, eta berarenaren antzeko migralari askorena pentsakera berri horren ziurtagirik fidagarrienak. Jose R. Zubillagak zioen bezala:
"...garai artako emengo oituretan, arrotzari laguntzen zitzaion, jana ta lotokia ukatu gabe"(39)
Utopiarekin, beraz, dimentsio berria ireki zitzaion pentsakera politikoari; pentsakera politiko errealistaren aurkako zerbait gisa geldituko da alternatiba utopikoa. Jakin ere badakigu Aristotelesen politeiaren positibismoak boterearen neopaganismoa ekarri duela. Hemendik aurrera bi betak, pentsakera utopikoarena eta pentsakera errealistarena paraleloki ihardungo dira historian zehar. Lehen Utopia eta Printzea kontrajarri ditugu. Berehala, XVI. mendearen amaieraldean, berriro kontrajarriko dira Boteroren Estadu Arrazoia eta Ludovico Agostiniren Irudimenezko Errepublika; halako zerbait gertatuko da Hobbesen Leviathan eta Harringtonen Oceanaren artean, Lockeren Treatise on Government eta Vairasse eta Fenelonen utopien artean. Horrela jarraituko dute, sintesis marxistak pentsakera utopikoa eta errealismoaren elkarketa egin duela uste izango duen arte, bata eta bestearen ondorioa bailitzan.
Thomas Moreren De Utopiaren ondoko utopiek eutsi egingo diote ingeles jenialaren obrari bai literatur jenero gisa bai beren egituraketa figuratiboan. Esplorazioen oraindik iritsi gabeko islei buruz mintzatzen dira eta analitikoki deskribatzen dituzte erakundeak eta bizimoduak. Utopikoek, gure migralariek Ameriketan bezala, zera uste dute, ordenamendu jakintsuen bitartez alda daitezkeela giza ohiturak, erakunde egoki batzuek bazterreraz ditzatekeela norberekeria, indibidualkeria eta aginte nahia, eta guztiz espontaneoa gerta dakiokeela gizonari ongi egitea. Jabego pribatuaren deuseztapenak eta ongien elkarjarketa dira utopia hauen bereizgarririk nabarmenenak. Eta harrigarri gertatzen zaigu gaiari zernolako garrantzia eman zaion historian zehar gogoratzea. Besteak beste, Ludovico Agostiniren "Lo infinito" (1585-1590), Johann Valentin Andreae teologo luteranoren Reipublicae Christianopolis Descriptio (1619), Tomas Campanellaren Eguzkiaren Hiria (1623), Denis Vairasse d'Allaisen Historie des Severambes (1667), Claude Gilberten Historia de L'Ile de Calajava ou L'Ile des hommes raisonnables (1700), Simon Berringtonen The Memoirs of Signor gaudenzio da Lucca (1738), Morellyren Basiliade du célebre Pilpai (1753), Nicolas Restif de la Bretonneren La Decouverte Australe par un homme volant (1798), Thomas Spenceren The Constitution of Spensonia (1801), Charles Fourieren Traité de l¨Association Agricole (1822); Etienne Cabeten Voyage en Icaire (1834) eta 1896n argitaratutako News from Nowhere. Jakinik, bidailariek zekiten bezala, bidaiaren amaia ez dela beti berdina. Behin Islara iritsi eta gero gizonok sarri gorde nahi izaten bait dugu abiapuntuarekiko lotura erreferentziala.
"Gu geramazkien ontziaren bosgarren egonaldia Montevideo izan zen. Eta gu geunden ontzira bi euskaldun (laburditarrak) igo ziran. Euskaldun aiek esan ziguten, Buenos Aires-etik zetoztela eramatera al zituzten euskaldunak aien nagusiaren ostatura" (40)
Puntu erreferentzial hori badaezpadaereko aingura gertatzen baita. Hori adierazten digute Zubillagaren urrengo hitzek ere.
"Joan Kruz, San Andres de Giles-eko errira zijoan, berak antxe aide ordezko bat zeukalako, ta ni, Carlos Casares-a nijoan, nere anai Lontxo erri artako kanpoan zegoalako beitalde aundi baten beiak jexten" (41)
Dena den ukaezina da migralarientzat zirraraz betetako momentua izan behar zuela bidaiaren amaierako argiak ikusten zituztenekoa, iluntzean normalki, hainbeste denborako iluntasuna urratuko duen esperantzaren argia.
"Atsalde artan, illuntzera zijoalarik, begiztatu giñuzen Buenos Aires uriko argiak eta erri artako naidira edo puertora iritxi giñan gaueko bederatziak igaro ondoren" (42)
Sarri helmugaratzean nahastu egin ohi dira iritsi izatearen zirrara, lehen esperantza betetzearen lasaitasuna eta lehenengo ustegabeek sortaraz dezaketen deslilurapen miketza. Etxeratze guztien ondoren gertatzen den zerbait, dudarik gabe, urrengo bidaia planteiatzera bultzatzen gaituena, etengabe bidaian egotea bailitzan giza izakeraren osagarri nagusiena. Honela adierazten zuen Josetxo Yanzik
"Nik egiyak esango ditut
nola fiñez bainagon,
nola fiñez bainagon:
leku au etor berriyin
iñôntzat ez dela on,
bañan sosik ezta izaten eta
bertan bear egon,
bertan bear egon". (43)
|
Beste batzutan lanaren gogortasuna izango da etorri berria kexu jarriko duena Mikaela Zarramaren bertsoetan ikusten den bezala.
"Kantatu naiagatik
gogoa non dago?.
Atzo indar gitxi ta
egun gitxiago;
zutik eziñ egonik
jende asko dago,
ezurrak jasotzeko
nai ainbat lan dago" (44)
|
Gutxitan aurkitu izan dugu helmuga iritsi orduko hain egoera mingarriaren lekuko den bertsorik, baina bertsolari beraren honako bertso hauek egoera berri orori dagokion hasierako mina baino zerbait gehiago ere iradokitzen dute, porrota agian, bidaia egina izatearen alperrikakotasuna. Halako zerbait sentitu behar zuten behar bada Savonarolak, Thomas Munzerek, Giorgy Doszak, Pugatchevek eta utopiaren atzetik abiatu ziren beste askok eta askok helmugan zer egon zitekeen ikustean, utopia islarik nahi duenak behar haina egin izan ohi baitu utopia hori deuseztatzeko historian.
"...indarrak juan eta
memoria flako,
kartzelakoen gisa
sufritu bearko..." (45)
|
Sarri, ordea, bertsolariek helmuga ederra lortu izatearen alaitasunaren berri ematen digute. Kuriosoki Josetxo Yanzirena da bertso hau ere, berak zertxobait lehentxoago idatzitakoaren hain ezberdina, beharbada egoerak nahastu egiten direla adieraziz.
"...gure etxetik ateri giñan
emen obeki biarrez,
bañan etorri errukituak
ez gaudezi gu negarrez..." (46)
|
Eta halakotan gertatzen den bezala, kontrajarketa izaten da medio egoera ezberdin horien berri emateko. Hauxe dio bertsolari anonimoak:
"Bidaje luze obek,
dutenez esaten,
irakasten digube
munduban bizitzen;
bizimoduba zer dan
aisa dakigu len,
Habanan sobran dana
ez balitz falta emen". (47)
|
Horregatik, sarri eman ziren utopia eguneroko bizitzan ezartzeko saioak. Historikoki eta kulturalki adierazkorrena, beharbada, Lugonek "Guaranien errepublika kristau komunista" gisa deituriko jesuiten "reducciones" izango litzateke, jabe espainiarrek bertako indioen aurka buruturiko esplotazio kolonizatzaile eta joputzaileari aurre egiteko. Ehun urtetik gora iraun zuen esperimentoak, 1612tik 1768ra. Espainiako koroak Konpainia debekatu zuenean joan ziren pikutara redukzioak. Baina hazia ez zen fruiturik gabe gelditu eta Ann Leeren gidaritzapean Ingalaterratik Estatu Batuetara joandako The United Society of Believers kuakero taldea saiatu zen Mount Lebanon inguruan halako esperientzia burutzen, 1950 arte. Cabet 1847an saiatu zen Icaria Nauwoon, Illinois, burutzen eta John Humphrey Noyesek halako zerbait egin nahi izan zuen Oneida elkartearekin, Utican, New York estaduan. Kibbutz israeldarrek ere badute utopiaren eragina eta gaur egun ere badira zenbait talde txiki beren modura ideal bera bizitu nahi dutenak, don Zeno Saltiniren Nomadelfia, esate baterako edo 1960an USAn sorturiko Twin Oaks elkartea. Hinduismoak berak jaso du Thomas Moreren utopiaren eragina eta Shiri Aurobindoren erakutsiak jarraituz 1968an sortutako Auroville bere utopiaren presentziaren lekuko da.
Egia da Agiri Komunistan Marx eta Engelsek "komunismo utopikoari" meritu bikoitza ematen diotela, hots, ordurarteko gizartearen oinarri guztiak iraultzearena eta langileen argitzerako balio haundiko elementoak ezartzearena: geroko gizarteari buruzko baieztapen positiboak besteak beste. Hauek izango lirateke: hiria eta herriaren arteko kontrastearen deuseztapena, familiarena, etekin pribatuarena, soldataren trukeko lanarena, giza-armoniaren igarpena eta Estadua produkzioaren administratzaile soila bihurtzearena. Baina guzti hori adierazi eta gero, utopiak geroko deskribapen fantastikoak besterik ez direla diote. Eta hain haundia izango da Agiriaren itzela ezen hortik aurrera utopia, fantastikoa eta irrealaren sinonimo izango den. Baina Marx eta Engelsek aipatzen duten komunismo kontzeptuak pentsakera utopikoaren erreferentziak ditu, goitik behera; marxismoak komunismoari buruz egiten duen kontzeptu "positiboa" utopiek emandakoa baino ez da. Historikoki ez zegoen besterik. Beharbada Marxen dialektikan egongo litzateke utopikoekiko aldaketarik haundiena, erakunde komunistak eta komunismoaren arteko harremanei dagokiena hain zuzen ere. Perspektiba utopikoan erakunde komunistak dira gizonen portaera berria erakartzen dutenak; Marxen ikuspuntuan, aldiz, kapitalismo helduak gizartea jarri duen jite jasangaitza izango da erakunde komunistak sortaraziko dituena. Baina pentsakera utopikoaren elementu berezkoa, hau da, erakunde komunistak, beti daude present Marxengan, baita bere azken idaztietan ere.
Paradoxikoki komunismoa Marxen dialektikaren izenean sartu da historian eta hori, sozialismo zientifiko gisa, sozialismo "utopikoaren" aurka. Baina Moreren estiloan, hau da, erakunde berriak eratzearen bitartez, non jabego pribatuaren deuseztapena eta komunismoaren ezarketa ekintza iraultzailearen bitartez emango diren.
Sobiet Batasunean eta inguruko estadu sozialistatan gertatukoek interes berria sortarazi zuten utopiaren inguruan bai zentzu kritikoan nahiz positiboan. Zentzu kritikoan antiutopiak sortu dira, hau da, Estaduaren egituraketa liberal-demokratikoa eta jabego pribatuaren deuseztapenari esker jaiotako gizarte negatiboen deskribapenak, manipulazioan eta gizonaren kontrol osoan oinarritutakoak. Eta hasieran utopiekin gertatu zen bestela, antiutopiak ere ez espazio ezezaguneko puntu batetan ezkutaturik baizik geroaldiko punturen batetan gauzatu nahi izan dira. Antiutopiak geroa mehatxu baten eramale gisa ikusten du, utopiak miatu gabeko espazioa esperantza gisa ikusten zuen bestela. Antiutopien artean gogora ditzagun E. Zamjatinen "We", 1922an idatzia izan arren 1952an argitaratu zena edo A. Huxleyren "Bai mundu berria" (1931) edo George Orwellen "1984", 1948an kaleratuta. Stanley Kubricken "Laranja Mekanikoa" filmea bera ez dabil hortik oso urruti.
Utopiaren kritikoek mitoarekin konparatzen dute. Benedetto Crocerentzat "utopia mitoaren osagarria da, gure irritsen egarriaren orobateko asetzea eta zanpatzen gaituzten arazo guztien soluziobidea irudietan gauzatuz". Eta mitoarekin gertatu den bezala, utopiak ere ezin izan dio ihes egin sikoanalisiari. Jean Servierentzat hiri utopikoen funtsezko eskemak amaren umontzia aurkezten du; zibilizazio teknologikoak galdu egiten du bere esanahia eta utopia atzeranzko mito gisa sortzen da. Baina Karl Popperek ez esanahi fantastikoa baizik ezkorra eman dio eta bat egin ditu utopia eta bortxakeria. Popperentzat jarrera utopikoa "jolistikoa" da; osotasun gisa erreformatu nahi du gizartea; utopiak horregatik gauzatzen dira Estaduaren boterea mugarik gabe hedatuz. Bere ustez utopia da totalitarismoaren oinarri teorikoa.
Dahrendorfek zera idatziko du: "Utopian ez dira gailen ez askatasuna ez gero ezezaguneranzko proiekzioa, izuaren eta nazka absolutuaren susmoa baizik". Tesi guzti hauek behin planteiamendu politikoaren arlora eramanak, milenarismoarekin identifikatu dute utopia (Vögelin) edo "herexia etengabearekin", behin teologiaren esparrura eramanak izan ezkero (Molnar).
Guzti horretatik urrun, eta gizarte zientzien arloan, positibismoa eta soziologia baloratiboa gainditu ahal izateko saio gisa onartu izan da utopia. Karl Mannheimek bere Ideologie and Utopie obran kontrajarri egin zituen ideologiaren izakera estatikoa eta utopiaren izakera dinamiko eta sortzailea. Halere, bere ustez, industrialismoaren azken etapan desagertu egingo litzateke elementu utopikoa langileriaren erosotasun eta ongi izanaren ondorio gisa. Baina ez da halakorik gertatu, alderantzizkoa baizik; utopia indartu egin da gizarte teknologiko bezala ulerturiko gizarte burjesari egin zaion kritika moduan. Utopiaren rol kritikoa urrundu egin da alderdi iraultzaileak boterea hartzearen eredutik eta gizon izatearen modu berri baten figura bihurtu da. Orain inbertituta gelditzen da Thomas Moreren gizona eta erakundeen arteko eskema. Orain utopia gerorantz zuzenduriko mito gisa ulertzen da, eta horrexegatik orainan termino sortzaileetan adierazi ahal izateko gauza. Honela ikusi zuten gure migralariek eta ildo horretatik abiatzen dira adierazpen guztiak Utopia Isla horren osagarriak aurkezterakoan.
Oharrak:
1 ARTOLA, R.: "Sagardoaren graziya". Urrutiko Intxaurrak. Auspoa, 1 zb, 1961, Donostia, 102. orr.
2 ARTOLA, R.: Ibidem, (1961), 102. orr.
3 ZAVALA, A.: Paulo Yantzi ta bere lagunen bertsoak, Auspoa, 77-78. Zb., 1968 Don. 279. orr.
4 Ibidem, 261. orr.
5 Ibidem, 261. orr.
6 ZAVALA, A.: Mendaro txirristaka. Auspoa, 120-121-122 Zb., Tolosan, 1974, 30. orr.
7 ZAVALA, A.: Paulo Yantzi ta bere lagunen bertsoak, Auspoa, 77-78. Zb., 1968 Don. 279. orr.
8 Ibidem, 261. orr.
9 Ibidem, 261. orr.
10 ZAVALA, A.: Mendaro txirristaka. Auspoa, 120-121-122 Zb., Tolosan, 1974, 30. orr.
11 Ibidem, 40. orr.
12 LAFITTE, P.: Mañex Etchamendy bertsularia. Auspoa, 109-110. Zb. 1972 Don., 43. orr.
13 ZAVALA, A., ELIZEGI, M..: Pello Errotaren bizitza. 1963, Donostian, 126. orr.
14 ZAVALA, A.: Ameriketako bertsoak, Auspoa, 176. Zb. 1984 Don., 57. orr.
15 ZUBILLAGA, J.R.: Lardaxketa (parrez ta negarrez, Bedaio'tar batek Argentina'n idatzia), Auspoa 40/41 zb., Donostian, 1964, 85. orr.
16 ZAVALA, A.: Op. cit., (1984), 26. orr.
17 ZAVALA, A.: Paulo Yantzi ta bere lagunen bertsoak, 1968 Don., 261. orr.
18 Ibidem, 291. orr.
19 ZAVALA, A.: Kaskazuri bertsolaria, 1973 Don., 88. orr.
20 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 23. orr.
21 Ibidem, 24. orr.
22 Ibidem, 37. orr.
23 Ibidem, 33. orr.
24 Ibidem, 34 orr.
25 Ibidem, 58. orr.
26 Ibidem, 58. orr.
27 Ibidem, 33. orr.
28 Ibidem, 35. orr.
29 Ibidem, 36. orr.
30 Ibidem, 42. orr.
31 Ibidem, 91. orr.
32 Ibidem, 91. orr.
33 Ibidem, 104. orr.
34 SABARTIER-ek, R. aipatua: Histoire de la poésie francaise. Les romantismes. Paris 1977, 171-172. orr.
35 NIETZSCHE, F.: Así habló Zaratustra, Madrilen, 1985, 342. orr.
36 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 43. orr.
37 Kohelet, 3, 1-4
38 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 91. orr.
39 LUJANBIO, J.M.: Iru anai bertsolari, 1968 Don., 76. orr.
40 Ibidem, 77. orr.
41 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 15. orr.
42 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 111. orr.
43 Ibidem, 139. orr.
44 Ibidem, 111-112. orr.
45 Ibidem, 113-114. orr.
46 Ibidem, 112. orr.
47 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 249. orr.
|