ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


c. Utopia eta izpirituaren bizitza

C. UTOPIA ETA IZPIRITUAREN BIZITZA:

AMETSA BETE AHAL IZATEKO BALDINTZAK





Frankfurteko eskolan, Horkheimerek, Adornok eta Marcusek eskeini dituzte perspektiba utopikoaren birragerketarako bitarteko kontzeptualak. Adornok dioenez, "Etsipenaren aurka filosofiak oraindik ardurakizunik baldin badu, den dena erredentzioaren ikuspegitik ikustearena da". Horrela, nolabaiteko argi mesianikoak tindatzen du utopia. Marcuserentzat utopia posibilitate zehatza da; bere ustez benetan heldu dira baldintzak gure gizartea benetazko gizarte libre bihurtu ahal izateko eta horregatik uste du, utopikoki, noski, "utopiaren amaiaz" mintza daitekeela.



Gai utopikoa eta eskatologiko-biblikoaren uztartze gisa, oso interesgarria da Blochen pentsakera. Blochen ustez komunismoa ez da historiaren halabeharrezko irtenbidea, bere potentzialitateetako bat baizik. Blochentzat utopia materian dautzan potentzialitateen garapena da. Bere ustez hiru dira pentsakera dialektikoaren kategoria-ardatzak eta hirurak oinarritzen dira esperantzan: frontea, denboran aurreratuenik dagoen ekintza, non erabakiko den datorren denbora; berria, hau da, ondiño ezagutzen ez denaren posibilitate erreala, nolabait Novum Bonum hori azpimarratuz haruntza garamatzan joera aktibatzen badugu; materia, ez harkaitz latz gisa, baizik oraindik bere burutzapenera heldu ez den zerbaiten modura ulertuta.

Agian Blochen pentsakeraren koherentzia teorikoa eta bere planteiamendu metafisiko eta antropologikoa ez dira guztiz bidezkoak izango, baina Moltmanek egin duen aplikapen teologikoak ekarpen interesgarria eskaini digu. Blochen potentzialitate historiko kontzeptuak eta utopia kontzeptuarekin egin duen uztartzeak marxista disidente honek duen materialismoaren erreformatik haruntza doan perspektiba osatzen dute. Pentsakera utopikoak errebisioa jasan du bere muga eta bere kritikatan baina oraindik arazo gisa jarraitzen du bai arlo teologikoan nahiz filosofiko eta politikoan.

Aurrekoa ikusita edonork pentsa lezake utopiak garrantzi gehiago duela filosofia, politika eta sozoiologia arloan erlijioan baino. Pentsakera utopikoak eta antiutopikoak, utopia positiboak eta negatiboak alternatu egiten dira honako galdera honen inguruan: zernolako gerorantz dago zuzenduta gure gizartea?. Halako arazoetan "regimen condemdum" unibertsalarena da nagusiena. Ikusi ditugun utopiaren inplikapenak, edonola ere, ez dute ahitzen bere osotasuna. Egitan, Thomas Morerekin sortu eta bere epigonoetara (iluministak, erromantikoak, positibistak eta abar) heldu arte sortu diren eredu utopikoen parabola aztertzen badugu, zera honetaz konturatuko gara, gero eta murrizte nabarmenagoa duela utopiaren balio semantikoak eta bere traszendentzia objetiboak.



Paraleloki utopia aldendu egiten da problematika erlijiosotik. XVI. mendeko egitasmo utopikoak oraindik estilo teistako erlijio naturalean oinarritzen baziren ere, poliki poliki razionalismoa nagusitzen joan zen eta utopia erlijioaren mundutik urruntzen. Hain zuzen ere, esanahi teknikoago, murritzago honen aurka altxatu da utopiaren kontzepzio zabalago bat.

Hau da ahantzi ezin duguna: utopiak, dagokion literatura baino historia askoz luzeagoa duela. Espezifikoki utopia hiri lurtarra zerutiarrean proiektatu nahi duen giza izpirituaren jarrera setati baten arloa baino ez da, arlo bat, azpian Jainkoaren hiri aldagaitza duena. Mendebaldeko tradizioa da, batez ere, geroan etor dakizkigukeen toki eta garai espiritualki akasgabeen gaiaz gainezka agertzen zaiguna. Gogoratu bestela honetaz W. Nigg-ek "Das Ewige Reich" (Munich, 1930) lanean esaten diguna edo N. Cohn-ek ×En pos del milenio" (Barral-Barna, 1972) saioan nahiz R. Mucchielok "Le Mythe de la cité idéale"-n (Paris, 1960).

Baina horrekin batera, paradojikoki zera esan daiteke, utopian bere hastapenetako baliagarririk garrantzizkoenetakoak galtzen hasi eta gero hasi dela izaten itzela eta berezko tradizio literarioa. Utopiaren inplikapen erlijiosoak aurkitu ahal izateko bere erraietara jo behar dugu, sinboloak, mitoak, erlijioa, poesia eta pentsakera sortzaile bezala. "Fictio utopica" hori sinboloen bitartez iharduten duen irudimen sortzailetik dator. Eta utopiaren razionalizatze progresiboa, Mendebaldeko pentsakeran "fantasiak" jasan duen debaluazio izugarriaren ondorioa da. G. Durand-ek bere "La imaginación Simbólica" (Amorrortu, Buenos Airen-1971) liburuan erakusten duen bezala, ezagupen sinbolikoa aurrez aurre jarrita dago azken hamar mendeotan Mendebaldean instituzionalizatu den pedagogiaren aurka. Horrela ezagupen sinbolikoaren aurkako izugarrizko ikonoklastia gertatu da. Hala eta guztiz ere, gure garaia berriro irudi sinbolikoek gure adimenaren bizitzan duten garrantziaz jabetzen hasia da. Bi izan daitezke horren zioak: bat, patologia sikologikoak erakarri duen sinboloaren birbalorapena, bi, etnologiak erakarri duena, gizarte primitiboetako ugaripen mitologiko, poetiko eta sinboloen balorapen baiezkorra egiterakoan.

Gaur egun garbi ikusten dugu zientzia ez dela mundua salbatzeko bitarteko bakarra; poesia zientzia bezain beharrezko eta eraginkorra dela. "Utopia ala heriotza" da René Dumonten liburu baten izenburua. Deslilurapen zientifikoren ondoren esperantza gero eta haundiagoz begiratzen diogu irudimenari planetarizatzen ari den zibilizazio faustikotik defenda gaitzakeen "arimaren osagarria" eman diezagun. Irudiak ez daude kontzeptuekin haserre; biek batera osatzen dute gizadiak denboratasunaren bulkada deuseztatzaileen aurka jasotako bizitzaren hesia.

Irudimen sinbolikoaren balioa eta zeregina behin berreskuratuta, jarrita daukagu utopiaren kontsiderapen zabalago batetarako presupuestoa, eztabaida filosofikoan deskuidaturik gelditu ziren arloak jasoko dituena. Honela ezarriko dugu erlijioa eta utopiaren arteko ahaidetasuna. Kontzeptu askorengatik erlazionatzen dira bata bestearekin. Hasteko, biak horizonte ultrahistoriko bati buruz ari dira. Irudimen utopikoaren produktuei dagokien status akasgabearen armoniak, pakeak, orekak, pentsakera erlijiosoak historiaren hasiera edo azken mugazia absolutua markatzeko erabiltzen dituen sinbolo mitikoetan aurkitzen dute dagokien elementua.

Afinitatea oraindik nabarmenagoa da oraingo mundu enpirikoaren enfoke utopiko eta erlijiosoan datzan hondoko jarrera kontutan hartzen badugu. Bietan "renversement d'optique" bati buruz hitzegin dezakegu, R. Ruyeren adierazpena erabiliz. Inbertsio hau errealitatearen ikuspegi berria da, pentsakera biblikoak "metanoia" hitzaren bitartzen adierazten duenaren azntzekoa. Bai gizon erlijiosoak bai utopiaren haurrak arbuiatu egiten dute erreaalitate azkeneko eta aldagaitz gisa azaltzen zaigun oraingo mundua. Erlijioa eta utopia egiazkoak direnean, mundu honen izakera absolutua ukatzen duen ikuspegia garatzen dute. Egiaztasun klausula guztiz garrantzizkoa da, bai erlijioa bai utopia askotan erabili izan baitituzte boterean daudenek beren zanpaketaren forma sozial eta politikoak justifikatzeko. Esperantza elikatu dute baina benetazko askatzaile izan gabe, horrela alienapen beldurgarria sortaraziz.

Horregatik, alienapen hori ekiditu ahal izateko migralariek, beren modura eta beren hizkera herrikoiaren bitartez adierazi egin dizkigute utopia hori betetzeko baldintzak.

Orain arte aipatu ditugun ametsaren osagarriak, garrantziari begiratu gabeko orden ezean idatzi baldin baditugu ere, bertsolarien idaztietan azaltzen diren moduan, nahasturik den denak, utopia bete ahal izateko baldintzen munduan sartzerakoan maiztasuna hartuko dugu erreferentzi puntu bezala, horrela nolabait migralarien erizpidea sailkatzerik izango dugulakoan.

Eta kuriosoki, nostalgia eta errealitatearen arteko lehia bizia somatuko dugu testuak aztertzen hasi eta berehala. Alde batetik, migralariek jada ezagutzen dutena berrezarri nahi dute beso zabalez onartu dituen herrialde berrian. Euskal Herrian ezagutu eta, teorian, atzean utzi duten bizitza estiloa. Hemen jasan behar izan dituzten estuasunetatik urrun, noski, baina hemendik joan direnekiko elkarte berri eta estua osatuz. Badirudi migrazio fenomeno guztien ezaugarri dela, norberak bereari eutsi ahal izateko aingura, txalupak hondoa jo ez dezan. Behin arbasoen etxetik urrun, bilatu egiten dira ordurarteko bizitzaren egituraketa eihotu duten sareak, beraiekin lotu ahal izateko hori gabe gogorregia gertatuko litzaikeen behin behineko egokiketa. Hau sarritan azpimarratu beharko genukeen puntua izanik, hots, utopia islara abiatzen den gehiengoak duela halako probisionaltasun zentzua. Badirudi migralarien utopia islaranzko bidaia gehienetan edo ia beti banakakoa dela eta banakakoa ere lortu nahi den utopia, norberak bere ametsak bete bezain pronto irrikitzen baita itzulera bidaia. Beraz, etengabe utopiaz mintzatzen ari bagara ere, ez dakigu noraino jo dezakegun utopiatzat migralarien bidaia eta iharduera, elkarte, talde, komunitate zentzu hori falta denean. Agian hau azpimarratu beharko genuke: migralaria bere ustez beste nonbait dagoeneko eraikita dagoen utopiaren bila abiatzen dela, utopia horretaz baliatu eta gero abiapuntura itzuli eta sorterrian ezarri ahal izateko nolabait, noski, eta, sarri, modu guztiz banakako eta pertsonalean, urrutiko utopia haren urratsak. Puntu guztiz eztabaidagarria iruditzen zaigu, bestela ulertezina baita osagarriak ezartzerakoan utopia islan EUSKAL ELKARTEA OSATZEKO AHALBIDEA izatea lehenengoa.

Txundigarria da zernolako maitasunez aurkitu dugun puntu hau baldintzen artean, bai Hego Ameriketako Argentinan, Uruguayen... bai Ipar Ameriketako Estatu Batuetan. J.R. Zubligallak adibidez honela dio:

"Nik banekien emengo euskaldunak nun eta nola elkartzen ziran pillotan jokatzeko tokira, ta musean jokatuta aldi alaiak bazekitela igarotzen, baña nik alako bildegitik iges egiten nuen, diru apur bat gorde egin nezan". (98)

Baina ulertzeko gauza da, guzti hori nolabaiteko "arnas hartzea" gisa hartzen baitute migralariek, Dabid Aranburuk dioen bezala.

"...esan laitake danok batera
artzen degula arnasa;
iduritzen zait emen degula
euskera denen baratza,
pobre onela bizi ezkero
ez degu nai aberatsa!". (99)


Arnasa da denontzako bizitzaren hastapena, uraren gainean bizikor ibili zen Jainkoaren hatsa. Hamsa, Vedaren arraultz kosmikoa errultzen duen zisnea. Bizi-energia kontrolatu nahi bait dugu gizonok, transustantziatu. Horregatik da Yahvehren "ruah" bere ahotik sortzen den hatsa, bizitza sortu eta mantentzen duena. Migralariek ongi ezagutzen zuten 104. salmoaren mezua:

"Aurpegia gordetzen baduzu, ikara dira,
arnasa kentzen badiezu, hiltzen,
beren hautsera bihurtzen.
Izanik daude Zure arnasa bialtzen baduzu
lur-azala berrierazten duzu" (100)


Hori da migralari langile amorratuak arnas hartu nahi izatearen motibua, bizi ahal izateko, energiaren bitartez bizitzaren sortzaile izateko... eta nekeetatik atseden hartzeko.

Eta arnasa denek batera hartu nahi dute eta arnas bera. "Esne banatzaile geunden tokian iru euskaldun besterik ez ginen bizi. Beste gañerakoak gallego ta riojanoak ziran". Zubillagarena da aipua eta desio sakon gisa adierazteko gauzak beste modu batean egon nahi izatea. (101)

Migralariari ez dio axolarik horrela eratutako gizarte mugatu harek ghetto itxura hartzea, bertan sentituko baita benetan gustora. Hala dio Juan Mari Lujanbiok.

"Apirillaren bosta,
ura zan eguna,
Mar de Platan gustora
pasatu deguna;
arrotza gutxi giñan,
jende ezaguna,
Baigorriko semia
zan nere laguna,
Napar eskiñakoa,
frantzes euskalduna". (102)


Badirudi gainera migralariak normaltzat jotzen duela halako joera, bertako amerikarren artean beraiekiko jarrera baikorra ikusten baitu, Ipar Ameriketan batipat. Dabid Aranbururenak dira hitzak.

"...bai eta amerikanuk
pozez geurekin nastuta,
mundu guzian geure izkuntzak
entzute garbiya du ta". (103)


Bertsolari berak adierazten digu zenbait kasutan behintzat noraino iristen zen elkarte horren itxidura, ia amerikarrik ez sartzeraino alegia; baina ondoren elkarren arteko konponketa bi taldekideen ahalegina dela baieztatzen du. Bihotz onetik sorturiko zerbait.

"Batenbat emen gerta liteke
euskera ezin egiñik,
danok euskaldun izan litake,
ori dakigu geronik;
baiñan elkar guk nola agurtu?.
esku zabala emanik,
biotz oneko jendia da ta
ez dago ezer esanik". (104)


Dena dela beste askotan bezala Mañex Etchamendy izango da bene benetako arrazoiaren erroetara joko duena. Bere ustez "eskualdunen banderari" zor zaion zintzotasuna da bihotz berotasunerako, adostasunerako motiborik garrantzizkoena. Denok susma dezakegu zer dagoen Esterenzubiko bertsolari haundiaren espresiopean. Mendeetan zehar herri honek jaso izan duen bizitza-estilo baten egituraketari dagokion izate tradizional fidagarria, lanean, fedean eta hizkuntzan oinarritutako eredu antropologikoa. Gizarte eraketa horren sinbolotzat jotzen du Etchamendik "euskaldunen bandera".

"Zer berri onak izan ditugun
erran behar dut orori.
Hango anaiak fidel daudela
eskualdunen banderari.
Ikas-etxeak edo eskolak
omen dituzte zer nahi,
Gure eskuara erakasteko
nahi duten guzieri". (105)


Mastan jartzen direnak baitira totemak, pendoiak, banderak, estandarteak... Gerrarako zeinu, agintearena, batzarrarena, agintariarena. Hori da hain zuzen ikonografia hinduan ematen zaiona eta, ondorioz, gaitzaren indarren aurkako sinbolo zaigu.

Baina ez hori bakarrik. Horretaz gain, bandera, euskaldunok ere, babesaren sinbolo dugu. Bandera daramanak buru gainetik altxatzen du, zeruari deiadar eginez, zerua eta lurraren arteko lotura ezarriko balu bezala. Horrela dio Bibliak Exodo liburuan: "Yahveh da nire bandera" (106) , bera nire geriza. Eta ez dezagun ahantzi gure migralariek edan duten kristau tradizioan Kristo berpiztuaren garaipena sinbolizatzen duela.

Lurraren gainean dagoen bandera sekretu jainkotiarren partaide da eta migralariak badaki euskaldunen banderak hori guztia jakinerazi beharko duela bere borroka latzean eraginkor gerta dakion.

Banderak erabakior izateko, ordea, jasoko duten besoak behar ditu, bere zentzuren arauera biziko diran bihotzak, iraupena ziurtatuko dioten "landareak". Haritzak ondoren ezkurrekin konparatuko ditu Etchamenduk oraingoan, bizitza-heriotza joko horren erritmoan. Hil eta anizten den landaretzaren gorabeheren sinboloa da eta askotan aipatzen da landarea zentzu horretan gorazarre homerikoetan. Hala ere bere esanahia, oraintxe aipatu dugun bezala, landaretzaren erritmoen gainetik jartzen da bizitza eta heriotzaren alternantzia markatzeko, lurpeko bizitzarena eta egunargiko bizitzarena; azaldutakoarena eta azaldu gabearena. Zenbait hastapen erritoek, batez ere Eleusiseko misteriotan, alternantzia horretatik askatu eta arima argian tinkotzea dute helburu. Hori da hain zuzen Etchamendyk ematen dion zentzua.

"Haritz ondoen ezkurretarik
beti sortzen da landare.
Eskualdunaren arraza, nasai,
hedatzen zauku han ere.
Hola segituz ez nindaiteke
ez ni estona batere,
Ameriketan Euskal-herriak
laster izaiten balire". (107)


Eta bertsolari beraren eskutik etorriko zaigu Ameriketako euskal elkartea egiteko beharko duten azken elementuaren aipua, "argiarena" hain zuzen. Gutxi inporta du bertsolariak hori adierazi ahal izateko hemendik hara joango zaien aldizkariaren izena erabiltzea. Argia aldizkariaren izena da eta, hedapenez, hitz magiko horrek xuxurlatzen digun beste guztia. Horregatik egiten du bertsoaren bigarren zatian esanahi semantiko zehatzaren eta konnotazio guztien arteko jokua.

"Hango berrien guri heltzeko
igorri dute Argia.
Gainetik eta behereraino
dena eskuara garbia...
Amerikatik Argia eta
Eskual-herritik Herria!
Batasunaren atxikitzeko
guretzat zer lotkarria!". (108)


Beraz, argiaren sinboloak hain ugariak eta sakonak izan arren, guk aldizkariaren esanahiarekin loturikoa aipatu nahi genuke. Zeruko argia edo izpirituaren argia bezalako adierazpenek Ekialde Urrutiko sinbolismo oso aberatsa iradokitzen digute. Argia jakituria da, funtsean. Genesiseko "fiat lux" hura ere argipen gisa uler daiteke, bibrazioz, dardarizoz buruturiko kaosaren ordenua. Donibaneren eritziz, Hitzarekin identifikatzen da lehen argia, nolabait "munduaren egiazko bihotza den eguzki izpirituzkoaren diztiraketa" adierazten duena (Guenon). Eta Saint Martinek erakutsi zuenez, artekaririk gabe hartu behar da egiazko Eguzkiaren argi hori, errefrakziorik gabe, intuizio zuzenez.

Eta argia beti iluntasunaren ondoren etortzen da bai manifestapen kosmikoan nahiz gure intimitatearen argitzean. Eta gure migralarientzat Genesisen, Indian eta Txinan bezala, ebakuntza kosmikoa hasieran nahasturik zeuden iluntasuna eta argiaren arteko bereizketa da. Eta gogora dezagun hilezkortasunak azkenik argitsu bihurtzen duela gorputza.

Ametsa bete ahal izateko bigarren baldintza bezala BERTAKO HIZKUNTZA ETA KULTUR ERREFERENTZIETARA JARTZEA aipatuko genuke. Egia da ez dela lehenengoa bezain sarritan azaltzen, ezta indar berdinez ere, baina eraginkortzat jo dezakegu bere presentzia migralarien idaztietan. Modu ezberdinak hartuko ditu. Batzutan arrakastatsu izateko eragozpenak bazter ditzakeen bertako hizkuntza ikastea bezala formulatzen dute, J.R. Zubillaga kasu "Ta zer egin bat baserritarra dela ez ezagutzeko...? Erdaraz ikasi behar erdaldunak bañon hobeto" (109) . Haatik badirudi Hego Ameriketan irain gisa ikusten den baserritar itxura estali nahi izate hori ez dela beharrezkoa Ipar Ameriketan, beharbada estimazio soziala beste maila batekoa delako.

Apika egin nahi den lanaren arauerako izango litzateke behar horren eztena indar gehiagoz ala gutxiagoz sentitzea, guztiz ezberdina baitzen, adibidez, Buenos Aires edo Bahia Blancako kaleetan esne-partitzaile bezala ihardutea ala Kaliforniako mendietako bakardade izugarrian artzaingoari ekitea. Beraz, lanak markatuko luke beharraren gorritasuna. Horregatik esaten digu Zubillagak zernolako garrantzia zeukan bera bezalako egoeran zeudenentzat bertako hizkuntzan iaioa izateak. "Egunero bost edo sei ordutan irakurtzen nuen, ta ordu aiek geienak gabaz. Erderaz ari nintzan zerbait laguntzen, ta erderaz ulertzen ez nituan itz norbaitek esanak, ongi gogoan artuta, etxera irixten nintzalarik, iztegitik laister bai ikasi ere". (110) Eta aurreraxeago: "Ikasi bezate erderaz eta prantzesez, al dan egokiena. Mintzo oiek al dan egokien ikasten badituzte, euskera ere, obeto ikasita maiteago izango dezute". (111)

Bitxia da, arlo guztiz puntualean ingelerak bertsolarien euskeran izan duen eragina aztertzea. Lan hau ez da horretarako lekurik egokiena, baina nolahalako integratze nahi baten desioa adierazten duenez, gogora ekarriko ditugu zenbait adibide, bestelako tesirik demostratu nahi gabe, noski. Paulo Yanziren bertsoetan aurkitu dugu lehena:

"...lana au goizetik,
aurre egiteagatik,
lenbaizeko itzetik
ziken map atzetik
al banu zaituko di-
tuzkek etxetik". (112)


Ziken map hori ingelerazko "seek them up" espresioaren transkripzio berezia da dudarik gabe, "bila itzak". Halako zerbait gertatzen da honako Josetxo Yanziren bertsoarekin:



"Sarritan gaude kanpo barruan" (113)

"kanpo" hori "camp", oihaldenda izanik.

Eraginak nahiko markatua eta zabala izan behar zuen, halako hitz klabeetan beste zenbait bertsolariengan ere somatzen baita. Salbador Etxartek berak hauxe dio:

"...gañera berriz sierran ere
Jesukristoaren mazela,
oriyek aski eztirela berriz
Josetxori ere trela..." (114)


"Trela" hitza, bertako "trail", ildoa, bidezidorra, urratsa da.

Baina ez dira erreferentzi bakarrak, Paulo Yanzik esaten digunaren arauera. Herriak badu mendian bizi denarentzat beste estiloko eraginik.

"...erriko bizitzatik mendira
izango dira mudantzak...
or guziyori anzten zaizkiyo
musik-sonyo eta dantzak". (115)


Hirugarrengo tokian, aurreko bi puntuen arauera bizitza parametro fidagarrietan kokatu eta aukera egiterakoan, oinarriak ezartzeari dagokiona izango litzateke. Eta oinarriak -hontan ez dago inolako dudarik-, EUSKAL HERRIKO PARAMETRO ETIKOETAN bizitzen saiatzean dautza, eta oinarri etiko hori predikatzean. Zubillagarena da lehen aipua:

"Ni gogoratzen naiz, nik goiz artan ez nuela bete, gure aitak beti esan zigun agindua. Ta, zer zan ba aitaren agindua?. Inoiz gezurrik ez esatekoa!". (116)

Horixe, hemengo parametroen arauera bizi ez zirenekiko mesfidantza nahiko nabaria da sentimendu bezala.

"... ta berealaxe ni zerbait konturatu nintzan etzala banaketa edo "erreparto" ona ta ustegatu edo "deskonpiatu" nintzan banaketaren jabe ez-euskaldunak ziria sartu nai zirala".(117)

Eta parametro horietatik atera eta era ez hain zintzoan bizi izanaren ondorioa lotsa da, hain zuzen.

"Euskal Erriko oiturak garai artaraño bete nituan, baña, andik aurrera, San Carlosen bezela utsak egin gabe, ez nintzan bada bizi". (118)

Ikusgarria da nola egokitzen zaizkion parametro horiek ebanjelioaren ereduari, batez ere San Mateoren bosgarren atalburuko zorioenekoenari eta ebanjelio bereko 28. atalean eskaintzen zaigun azken epaiketako errelato eskatologikoari. Zubillagarekin jarraitzen dugu.

"Garai artako emengo oituretan, arrotzari laguntzen zitzaion, jana ta lotokia ukatu gabe". (119)

Gauza garbia dirudi giza egoera sinbolizatzen duela "arrotza" terminoak. Adan eta Ebak Paradisua utzi behar izan zutenetik migralari, atzerritar estatutua baitugu. Alejandriako Filonek hauxe adierazten digu, Adanen haur oro bidean doan maizterra dela, edozein lurraldetan dagoelarik, nahiz eta lurralde hori berea izan, atzerritar. Horrela hartuta Jainkoa bakarrik da herri edo hiritar.

Baina agian nahiago genuke Baudelaireren ikuspegitik ikustea. Iradokikorragoa da, ederragoa... eta beharbada errealagoa migralarien kasuan. Poeta haundiarentzat edozein gizartean bere amodioa beste nonbait daukana da atzerritarra. Ez ditu besteen interesgune berak. Horrela dio bere "Le spleen de Paris" poemategian:

"Nor maite duzu gehiago, oi gizon enigmatiko?.
Aita, ama, arreba, anaia
eta lagunak, aberria, edertasuna, urrea?.
E!, zer atsegin duzu, oi atzerritar izugarri hori?.
.- Hodeiak maite ditut, han urrutian pasatzen diren hodeiak,
hodei zoragarriak..."(120)


Gauzak horrela, migralarien egoera egokiena, beraiek irrikitzen zutena behintzat, elkarrekiko hurbiltasuna izango da, Zubillagaren hitz hauek adierazten dutenaren arauera: "Joan Kruz neregana etorri zalarik, orain lau euskaldun giñan gela koxkor batean bizitzeko". (121)

Nolabait euskaldunen hurbiltasunak ziurta dezakeen parametro etiko oinarriztatzaileen presentzia bermagarri gertatzen zaie, satisfakzio pertsonalerako, destino baten sortzaile arduratsu izateko eta mundutik haruntza ere espero duten zorion eskatologikoaren itxaropenari eutsi ahal izateko. Txirritarena da urrengo bertsoa:

"Mutill zintzuak Ameriketan
sobra lezake dirua,
ura daukanak seguratzen du
mundu ontako zerua..." (122)


Edo Mañex Etchamendyk zioenaren arauera:

"Anitz atsegin egingarri da
orai jakiten duguna:
aiten ohiturak fermu atxikiz
bizi dela eskualduna..." (123)


Bitxia badirudi ere, hain irmoki sinesten du euskal migralariak bere jarrera etikoaren balioan, ezen beraien arauera bizitzen saiatzeaz gain, jarreraren egokitasuna predikatzeari emango zaion:

"Uste gabian etortzen zaizkit
pentsamentuak burura,
predikatutzen astera nua
misio baten modura..." (124)


Horrek buru belarri sartzen gaitu ametsa bete ahal izateko hurrengo baldintzan, txingurriak bezala LANA DELA ABERASTASUNERAKO BIDEA sinestu eta deiadarkatzean.

Txingurriaren eredua jarriko digute lehengoz. Berriro ere Juan Mari Lujanbiorena da bertsoa.

"Txingurriyaren gisan
badabil jendia,
Errenteri aldera
batzuak juan dia;
lenago ezin mantendu
zutenak andria,
orain oso aberats
bizi omen dia,
aientzat Amerikak
onak izan dia". (125)


Gure migralariek seguraski Iturriagaren eta Zaldubiren alegietatik jasotako sinbolo honek, txingurriarenak alegia, esanahi boteretsua dauka, lan gogorrarena, gizartean eraturiko bizitzarena, aurrikustearena... La Fontainek norberekeria eta xuhurkeriaraino eraman bazuen ere. Proberbioen liburuaren aipua eginez, honela zioen Alejandriako Klemente deunak: "Hau ere esana dago: hoa txingurria ikustera, hi, nagi, eta saia hadi bera baino zuhurrago izaten. Txingurriak, uzta garaian, neguari aurre egiteko janari ugari eta aniztua biltzen baitik".(126) Budismo tibetarrak, ordea, beste osagarri bat atxekitzen dio, mundu hontako ondasunekiko gehiegizko lotura, hain zuzen ere. Maliko pentsakera kosmogonikoan sexuaren rola jokatzen du txingurritegiak eta ernaltze ritoak horrekin lotuta daude: emakume antzuak txingurritegietan esertzen dira, Amma, jainko gorenak ernalkor egin ditzan. Haatik, badirudi migralariak mendebaldeko tradizioarekin loturiko interpretapenari lotzen zaizkiola. Hori da Txirritaren bertso honen mezua.

"...lana egiñaz aberastuak
dabiltza ondo jantzita,
gaur ez lituzke ezagutuko
beren amak ikusita" (127)


Eta berea da ere hori zenbat kostatzen denari buruzko gogartea.

"...Ameriketan aberasteko
eztira basta bi ordu,
an ere zerbait izango bada
berak saiatu biar du" (128)


Eta aberastasun horren seinale adieazkorrenak aipatzerakoan, ardiak eta behiak nabarmentzen ditu, halako aberastasunen izakera kontingente eta iheskorraz ere erreparatuz.

"Ameriketan euskaldun askok
dauzka begiyak argiyak,
an daude beren aziendakin
mendi-ixkiñan jarriyak,
izanagatik eunka beiak
eta millaka ardiyak,
urte batetik bestera igual
galdukok zaizka erdiyak". (129)


Behiak betidanik izan du, aberastasuna adierazteko eiteaz gain, esanahi anitz bere sinbologian. Hasteko, behi esnekaria lur elikariaren sinbolo da. Behia emankortasuna da, aberastasuna, berriztapena, Ama, eguzkiaren ama zerutiarra Egipton. Grekoek Afroditaren hiriak ikusi zituzten toki guztietan dago; neskatxa alai eta irribarretsua, alaitasunaren jainkosa, dantzarena eta musikarena. Eta udaberri bakoitzeko esperantzak haruntzago hartan proiektatzen dituenez, Niloren ezkerraldean, bai Menfisen nahiz Tebasen hildakoen mendiaren zaindari egin da. Sumerioen artean, aldiz, ilargiarekin loturik dago, adarrarekin, ugaritasunarekin. Bi behi-adarrez errepresentatzen da ilargia eta ilgora gisa behia. Zezenak menperaturik dauka gau izartsua eta ilbetea da bere Behi ernaldua; esnebidea behitaldea. Zenbait poematan Behi ilargitsuaren esne-txorrotadarekin konparatu dute ilargiaren argizpi islada. Behitaldea migralarientzat ugaritasun eta emankortasun parametro horietan sartzen da. Baina horrek, oinarri bezala beti eramango du Paulo Yanzik indarrez azpimarratzen zuen lan gogorraren beharra.

"Ezagutzen det nolakua den
Amerika'ko Nortia,
orko oiturak artu bitarte
naiko paraje torpia;
bañan gaztiak or lana egiñez
irabazten du dotia..." (130)


Horrekin estu loturik baitago urrengo baldintza: SAKRIFIZIORAKO GAITASUNA.

Sofritzeko gauza izatea, jasapenaren mistika, inola ere masokeriarekin nahasi ezin daitekeena, migralariek iragan beharreko zubi gisa hartzen baitute eta ez berez gustagarri daitekeen helburutzat. Paulo Yanzik ongi ezagutzen zuen belaunaldi orotako gazteen jaiarako joera eta deiadarkatzen bere egokitasuna eta balioa.

"Gaztiaren gogua
da beti jostetan
beste gauzarik eztu
bere kasketan;
dibertsiyorik bada
inguru oietan,
ik juateko miñarik
ez yuke anketan;
lana izanik bertan,
gogua bestetan;
egongo yaiz izketan
gero modu obetan;
zartziaz oroi adi
orai gaztetan"(131)


Hain zuzen, deigarri gertatzen zaigu zenbat bider ekarrerazten diguten burura zahartzaroa, gaztaroaren zentzatze bitarteko bezala, gaztea berez aurkezten zaion tentaldi-munduari aurre egiteko gauza ez bailitzan. Behinik behin, ezin ukatu hontan ere nabariak direla liburu sakratuen oihartzunak. Nahiko genuke Tobiasen liburuarekin gogoratzea. Beraz, ildo beretik abiatzen da Joxe Mari Mendibururen bertsoa.

"Etzakela pentsatu
segiduan joaitia,
zigorrendako duzu
aundie kaltia;
adin untan deus ezta
emen egoitia,
gizona gazte delaik
diru egitia,
zartzean goxo izain da
alfer egoitia".(132)


Zubillaga bedaiotarra urrutiago joaten da, ezen migralariei hain beharrezko zitzaien euren artean elkartzeari uko egiteko prest azaltzen baitzaigu bere xedeari eusteagatik; euskaldunak pilotan eta musea egiteko biltzen ziren euskal etxeei, lehen ekarri dugun testu berak dioenez:

"Nik banekin emengo euskaldunak nun eta nola elkartzen ziran pillotan jokatzeko tokira, ta musean jokatuta aldi alaiak bazekitela igarotzen, baña nik alako bildegitik iges egiten nuen, diru apur bat gorde egin nezan".(133)

Apika jarrera horren etekina zitzaiekeen zintzo jarrai ahal izateko bultzagarririk indartsuena; bestela ez diote zentzurik aurkitzen hainbeste sakrifiziori.

"Ala ibili izan ez banintz, ez nituen gordeko 600 pexo, gorde nituen bezela, lan-sari gutxi nik irabazi arren".(134)

Dabid Aranbururen bertso batek sartzen gaitu urrengo baldintzan, AMERIKANO ETA EUSKALDUNEN ARTEKO ARMONIAN hain zuzen. Oso gutxitan aurkitu dugun ideia da, eta ia beti Ipar Ameriketako eremuarekin lotuta. Gainera Paulo Yanziren inguruko bertsolarien ahotik datorkigu. Edonola ere, sentimenduaren hedapenari buruz ditugun zalantzak erabat baztertu gabe, lerroetan zehar susmatzen den zerbait dela uste dugu eta hemen aipatzea merezi duela.

"Amerikano eta euskaldun
danok alkarrez nasturik,
nolako poza bat bestiakin
alkar besotik arturik;
ez dakit iñork esan lezaken
beste oinbeste egirik,
edertasun au ikusi eta
nor egongo da isillik?"(135)


Halako egoeratan badirudi hizkuntzaren muga ez dela hain bereizgarria eta badirela beste zenbait bitarteko elkarren arteko bizimodua jasankor baino pozgarri bihur dezaketenak. Aipu hau ere lehen ekarritakoa da.

"Batenbat emen gerta liteke
euskera ezin egiñik,
danok euskaldun izan litake,
ori dakigu geronik;
baiñan alkar guk nola agurtu?
esku zabala emanik,
biotz oneko jendia da ta
ez dago ezer esanik".(136)


Hunkigarria da egoera gorrienean lan egitea egokitu zaion artzaiak ere nola dakien bere gizatasunari eusten ikustea. Bederen parametro horietan ulertu beharko genituzke urrengo bertsoak, DUINTASUNA ametsa bete ahal izateko baldintza gisa jartzen digutenak.

"... gero beretzat jana egiñ eta
arropa're biar garbitu...
Nevada'ko artzai gizajuak
lana ok denak baditu".(137)


Sarriago azaltzen dira OSASUNA ETA SUERTIA amets horretarako osagarri lez. Milaka ekar genitzake aipuak baina bat besterik ez dugu azalduko, Salbador Etxarterena hain zuzen.

"... martxa onetan laister nerekin
dauzkat aberastasunak,
orai arte bezala laguntzen badit
suertiak eta osasunak".(138)


Aipatzekoa da ere bizitza alai dezaketen BROMA ETA MUSIKARI ematen zaion garrantzia. Ezin uka, aintzineko kulturetan gertatzen zen bezala, migralarien artean ere musika, bere tinbre, tonuera, erritmo eta tresna ezberdinak medio, bizitza kosmikoaren betetasunean parte hartzeko bitarteko ezin hobea dela. Bizitza sozial eta pertsonaleko ekintzarik garrantzizkoenak musikak gidaturiko manifestapenez gainezka daude, rol artekaria beteko balu bezala, komunikazioa jainkozkoaren mugetaraino eraman arte. Ez da harritzekoa gure artean ere halako inportantzia izatea.

Eta Amerikan dauden hauek badakite munduaren musika, astroen armoniari dagokiona, kosmosaren perfekzioari dagokion kontzertu zoragarria eta gizonaren musikaren arteko ezberdintasuna ulertzen, gorputz eta arimaren arteko akordioaren atzetik hau ere, armoniaren orekan bizi ahal gaitezen. Honela adierazten zuen Salbador Etxartek:

"... etxi onetan momentu batin
ez da faltatutzen bromik;
Beñardok ere egunik eztu
eiten jo gabe kordeonik,
etzait iduitzen iñor badela
gu baño obekio dagonik..."(139)


Arlo honi amaia emateko utzi dugu aipatzen ari garen baldintzen artean guri bitxiena iruditu zaiguna. Hain zuzen, Zubillagaren ahotik etorriko zaigu gizonak gizon denetik izan duen amets baten oihartzuna, HIZKUNTZ BAKAR ETA UNIBERTSALARENA. Ulertzekoa da, euskera hutsarekin utopia irlara abiatutako artzai eta laborari haien lehenengo estuasunetan erreparatzen badugu.

Bestalde, denok dakigu hizkuntza, ahozkatua nahiz idatzia, balio sinbolikoz beteta dagoela: irudiak, ideiak, zirrarak, ozentasunez, grafismoz... bai adierazten duen horretan nahiz adierazten ez duenetan ere. Gizonen arteko komunikaziorako bide izanik, horretaz gain, otoitzaren bitartez, xarmariaren bitartez, jainkotasunarekin komunikatzeko dugun bitarteko ederrena baita. Hitzaren sinbolo dugu, Logosarena. "Hasieran Hitza zen..." dio Donibanek (1,1) eta "Hasieran Brahma zen..." diote textu bedikoek.

Jakituria tradizionalarekin lotuta sinbolismo bikoitza ezarri zen: hizkuntzen nahasketarena eta hizkuntz-dohainarena. Babeleko saioaren ondorengo nahasketak hizkuntzaren aniztasuna markatzen du, dibertsifikazioa eta, beraz, oinarrizko tradizioaren urratzea. Adimenaren iluntasun prozesuaren ondorioa da, batasunetik aniztasunerako urratsa bizkortuko duena: eboluzio normala alde batetik eta Jainkoaren zigorra soilik. Mallarmék zioen bezala: "Asko zirelako, hizkuntz akasdunak, gorenena falta baita..."

Hizkuntz-dohaina aldiz, hasierako erdiguneko batasunera eginiko itzulia litzateke eta Izpiritu sainduak apostoluen gain ixurtzen duen dohaina kristau unibertsalismoren giltzarria izango da.

Baditugu gure zalantzak, baina agian azkeneko interpretapen hau ez legoke hain urruti gure migralarien utopiaren formulaziotik:

"Nere ustez, ludi ontan bizi geranok, bear genuke ulertu izkuntza bat bakarra, bakoitzak berea gorderik. Ta ez mintzoa bakarrik, diru bat bakarra ere bai, salerosketako gora-berak berdin-berdin erabiltzeko. Au etorriko zaigu bost eun urte baño lenagotik. Ta, ainbeste urteri itxoiñ baño len, aberri guziak erabaki lezakete adimen au"(140)

Besterik ez bada ere, interpretapen posiblea da. Zentzu honetan interpretatzen du hizkuntza Ernst Crassiserek eta zentzu horretan ere "izatearen etxea" deitzen zion Martin Heideggerek. Mundua egiterakoan Jainkoak ez zuen akordiorik gabeko ezer egin eta horregatik Plotino zaharrak bere Eneadatan (III 2, 17) mundua egiazko poema (poema = poesia) deitzen duenean ideia berri bat formulatzen du, Jainkoa lehen poeta gisa hartzen duena. Edozein izakiren pean hor datza kreatzailearen hitz boteretsua, armonian, zentzurik hoberenean magikoa.

Joseph von Eichendorffek zioen bezala:

"Amets eta ametsetan dauden gauza orotan
lotan dago abesti bat,
eta mundua abestian lehertuko da
aurkitzen baduzu hitz
magikoa".(141)


Beraz, mundu batetik besterako klabea da hitza, hizkuntza, Jainkoaren arnasak balitutako mundua ez baitago isilik, bizirik baizik, eta harriek eta astroek adieraz diezagukete ezkutukoa. Gogoratu Baudelaireren bertsoa:

"Tenploa da natura, lerden
zutabe biziak,
eta beraiengandik noizean behin oihartzunetan
datozkigu hitz uztartuak,
ibiltzen dugun
zeinu gorenen basoa,
eta bertatik, guri beha, ezkutuko begirada ezagunak..."


Alienapena ukatu ezinezko arriskua da,baina erlijioaren eta utopiaren forma patologikoei dagokiena, ez beren funtsari. Beraz, egiaztasun baldintzetan, bai utopia bai fede erlijiosoa errealitatera eginiko hurbilketa dira, egoera enpirikoaren gainditze ideialean oinarrituta. Ikustezina ikuskor eta operatzaile egiteko ahalmena fede erlijiosoaren bereizgarri esentziala bada, hori bera gertatzen zaigu utopiarekin. Badirudi irudimen sinbolikoaren alabak diren erlijioa eta utopia gaztetasun berri baten atarian daudela.

Hain zuzen ere hauexek dira mezu kristauaren gai utopikoak, mundu biblikoan identifikatu daitezkeenak. Biblia alde batetik bestera zeharkatzen duen Jainkoaren erresuma eta Jerusalen zerutarraren ideia zerumuga utopikoaren adibide ezin hobea da. Bibliak proposatzen duen gizarte eredua ez da gizonak berezko jotzen dituen ezagumen eta borondatearen ondorio, baizik errealitatean esistitzen denekiko errealitate "ezberdina", kritiko eta traszendentea. Ez Jainkoaren erreinua ez beraren sinbolo den salbamena ez dira eraikitzen; gizonaren berezko ahalmena gainditzen dituen dohain gisa hartzen dira.

Gogoratu Babiloniako erbestean, Deutero-Isaiasen garaian Jerusalem Jainkoaren erresuma eskatologikoaren sinonimo bihurtua zela eta gogoratu Pentekosteren ondoren Jesukristori eta bere Elizari ezarri zizkiotela kristauek Jerusalemen aberastasun teologikoak. Salbamen espazio bezala, O. Cullmann-en hitzetan, jadanik burututa dago eta oraindik burutzeke; "dagoeneko" eta "oraindik ez" horren dialektikan. Dagoeneko present dagoen geroko hiri akasgabearen gai utopiakoak kristau kerigmaren funtsezko mezua traskribitzen du; Jainkoak Jesusengan sinesdunen herriak erreferentzitzat jotzen duen iragana sortu du eta baita itxaron dezakeen geroa ere. Kristoren pertsona eta bere ekintza dira kristau mezuan salbamenaren toki utopikoa.

Beraz, Jainkoak Kristorengan bizierazi du "betetasun" osoa eta betetasun horretan parte hartzera deituta daude bai sinesdunak eta bai kosmosa. Gogoratu besterik ez dugu mezu honek Teilhard de Chardinengan aurkitu zuen oihartzun ozena.

Sinesdunak Kristorekin lotzen dituen fede-maitasun-esperantza harremanak sinesdunek hiri zerutiarrarekin hartzen duten jarreran islaturik daude. Ebanjelioko moralaren erradikaltasunak ez du zentzurik utopiaren zerumugatik kanpo. Baina utopia ez da ahitzen kerigmaren mintzaera formalean nahiz etika erradikalezkoaren mintzaera esistentzialean. Kultoak berak ere, sinboloen iturri amaiezina izanik, igarri egiten du "eschaton"-en errealitate akasgabea, eta bere aurregite figuratiboa da.

Guzti horrekin lotuta aztertu beharko genuke utopiak izpirituaren bizitzan duen eragina. Lehenik zera esango genuke, pertsonari ikuspegi dinamikoa eskaintzen diola eta heldutasun beteranzko garapen prozesua posible egiten duela. Utopia erlijiosoaren rola ez da hitzez hitzezko imitaziorako eredu ideialak proposatzea. Utopiak -irudiak, inperatibo moralak eta bizikizun kulturalak bitarteko direlarik- sinboloak zehazten duen zerumuga ziurtatzen du, balizkoen dimentsioak hedatzen dituena.

Gure portaera oraingo errealitateak eskainiriko datuen estrapolazioaren eta gizadiaren esperantza eta beldurren eraginenpean iristen da izpirituaren heldutasunera. Utopia heldu-aroko jakituriaren alaba da. Komunitarioki ere orantza dinamiko gisa iharduten du utopiak. Iraun nahi duen edozein erlijioak berriztapen karismatikoari toki utzi behar dio, esklerosiserako joera konpentsatu ahal izateko. Gauzak diren bezala, halako utopia komunitario batek zeharkatzen du kristautasunaren historia. Batzutan, milenarista bilakatu eta orainean hiri teokratikoa eta akasgabeen elkartea ezarri nahi izaten dute. Beste batzutan dejenerazioak ere eman dira, baina gehienetan oihartzun mistikoak hartu ditu.

Gure bertsolariengan usnatu duguna laburbilduz, beharbada, hau esango genuke, begien aurrean zerumuga utopikoa zabalik edukitzeak, beste zenbait gauzen artean, sintesi sotilegiak ez egiten laguntzen duela. Eternitatea, denbora deuseztatu gabe, denborarekin artikulatzen den bezala, horrela artikulatzen dira ideial utopikoak soluziobide zatikatuekin. Utopiaranzko polarizazioak ez du ezintzen pluralismoa.

Hats erlijiosoaren magalean sorturiko utopiak ezin du baztertu askatasuna, Kristoren jarraitzaileei etorkizun hain aberatsa eskaini zaienez gero ezin baita orainaren irudi zehatz bakar batetan ahitu. Horregatixe arbuia dezakete integralismoa.

Agian Jesusek irribarre misteriotsuaz Natanaeli zuzenduriko hitz haietan laburbil daiteke Kristauaren bizitzan utopiak duen zentzua eta zeregina: "Pikondopean ikusi zaitudala esan dizudalako sinesten duzu?. Gauza haundiagoak ere ikusiko dituzu... Bene benetan diotsuet, zerua irekita ikusiko duzuela"(142) . Gauza hobe eta haundiagotan, behin betikoaren sinbolotan jarritako begirada da utopiaren sekretua.

Beraz, ikusi dugun guztiaren arauera, ezinezkoa zaigu euskal migralarien utopiari bere konotazioak kentzea, sozialak batez ere eta eremu erlijiosori dagozkionak. Horregatixe baiezta dezakegu utopia isla hortaranzko bidaia, El Doradora buruturikoa, funtsean esperantzara eginikoa dela.

Ortegarekin batera migralariek zera erakusten digute, ez dela posible itxaropenetik kanpo giza bizitzarik. Askok eta askok uste izan dute esistentziaren analitikari ez zaiola posible galderaz aparteko abiapunturik. Aitzitik, honela kantatzen digu Emeterio Arresek:

"Etorkizun on bat neukalarik
iritxi nayaz obea
euskal-erritik urrundu nintzan
amets-irudiz betea..."(143)


Eta galderaren izate modutik abiatu beharrean sinistearen izate modutik abiatuko bagina, zer?. Ziur gaude, gure arbasoak bezala, itxarotea giza esistentziari buruzko galderaren aurre-orientapen gisa hartuko bagenu, beste modu ezberdin batetan ikusiko genukeela gure bizitza, nolabait gainditu egingo genukeela bere mugazia hori eta erakutsi gure mugaziaren kontzientzia ez dela esistentziaren halabeharrezko baldintza fondatzailea, baizik bizitzaren izateko balizko modu bat.

Beharbada hori egongo litzateke gure migralarien lehen pausoa emateko momentuan beren kontzientzian eta beren bihotzetan, adierazpenerako arazoak bazituzten ere. Eta hori, futurizioa, etorkizun izateko posibilitatea giza esistentziaren momentu esentziala delako, Diltheyk, Ortegak, Heideggerek eta Lain Entralgok erakutsi diguten bezala. Zubirik ere hala dio, "norantza" dimentsioa errealaren forma guztien elementu konstitutiboa dela, nahiz eta bidaiarako erabakia gogorra izan:

"...Arrezkero beltz-
iluna nere bidea.
Zerk bururazi, zer aizek Euskal-
erritik aldegitea?...
Leze bat emen, utzirik ango
babes ain goxo maitea!"(144)


Eta hortaz mintzatzen garenean ez dugu Troxleren "turgor vitalis" (bizi-tonuera, Braun eta Ewalden "biotonoa) hori bakarrik kontutan hartzen, ingurunearen estimuloei gizabanakoak eman diezaiokeen erantzunean oinarritutakoa.

"Zergatik onuntz etorri naizen...?
Mundu auxe borobilla
ote dan jakin t'arindu nayaz
nere buruko naspilla.
Ta i... bazekiat joan eitzala
-azterle bizkor, abilla-
Iparragirre'k or utzitako
saku-diruaren billa".(145)


Hori, abereei ere aplika dakieke eta, migralariengan oso nabarmen ikusten badugu ere, gu aipatzen ari garena hori baino gehiago da. Espezifikoki giza itxaropenaz ari gara. Apika San Paulok Erromatarrei eginiko epistolan adierazten zuenari buruz:

"Izadia bera zai dago, Jainkoaren seme-alaben agerkunde beteari itxadoten. Hutsapen menpeko egina baitago; ez, ordea, bere nahiz, menperatu zuen harengatik baizik. Baina beti ere, izadiak berak badu itxaropen, ustelkeriaren morrontzatik aterata, Jaungoikoaren seme-alaben aintzazko askatasunera iritxiko dela. Badakigu, jakin ere, izadi osoa, orain arte, erdi minez eta intzirika dagoela(146) . Edo Arreseren hitzetan:

"Mitxirrika bat ega ta ega
argi baten inguruan
ari dan antzez ni ere noiznai
griña zoro setatsuan
ametsen egoz ega-iraulka
larri nenbillek munduan.
ikusten danez pinpilinpauxa
geyegi nere buruan"(147)


Giza itxaropena, suprainstintiboa da, transestimulikoa, supraegoerazlea eta irekia. Horregatik deitu zuen Max Schelerek "bizitzaren aszeta" gizona, medioen estimuloei ezetza emateko gauza delako. Eta auskalo zenbat aldiz azaltzen den ideia hau gure bertsolarien hitzetan!!. Nietzschek berak gizona agindu dezakeen animalia dela esan zigun, promesa egiteko gai dena.

"Euskal-erritik urruti nago,
bañan gogoz ni beti an...
an nabil pozik egunez eta
gaberoko lotaldian.
Argitasuna zetorren garaiz
egun txintatik batian
!o, zeñen amets zoragarriya
egin detan gaur goizian!.
Itzez nork esan, nork amets ori
piztu lerro soil tartian?.
Ez... ez; oparo, sortu dan eraz,
bego nere biotzian!
Amets maitea, amets urdiña,
ostera gaurko zorian
!atoz... atozkit betiko loaz
nere begiyak ixtian!"(148)


Beraz, gizonari buruzko nolabaiteko ziurtasunik baldin badugu, honako hau da, aldioro orain dena baino gehiago izan daitekeenaren esperantzaz bizi dela gizona. Eta honek zera erakusten digu, giza itxaropenaren izakera mugagabea eta etengabe irekia.

Horregatik esan dezakegu giza itxaropena, funtsean, asmo baten elaboraketa esplizito edo inplizitoa dela. Hori, alde batetik, eta egitasmo horrek sortarazten dizkigun galderekiko erantzun operatiboa bestetik. Proiektatutakoaren burutzapen egokia azkenik. Horrela uler genezake gure migralarien iharduera.

"Urruti dago gaztea nitzan
sasoi artako denbora;
oroimen zarrak, zertan zatozte
gau t'egun nere gogora?,
argi-zale dan altxora?.
Len irudimen-txingar zoliaz
pizten zitzaidan burua;
orain... txingarrik ez baña bertan
irudi auts biyurtua,
errekai baten geldua.


Oraindio ni zergatik nagon
ain bakar mutil-zarturik?:
elur gañean txoriyak iñoiz
ez du egiten kabirik,
orlegi batean baizik.


Erle txuri ta leyari batek
ikutu zidan barrena;
!ez nekin zer zan ikutze leun
ark ondoren zekarrena:
listor beltzaren eztena!"(149)


Beraz, ikus dezagun hori pausoz pauso.

Edozein giza ekintzak oinarrian gure esistentziaren ezaugarririk funtsezkoena dauka: errealitatean konszienteki egotea. Zerbait proiektatzen duena errealitatean dago eta era batean nahiz bestean errealitateaz jabeturik bizi da. Honela adierazten du Arresek.

"Etorkizun bat ona eukala
irichi nayaz obea
Euskal-erritik urrundu nitzan...
urrundu... doakabea!
utzirik ango baserricho ta
nere kuttun xar maitea" (150)


Bere osotasunean ikusita, galdetzeak giza esistentziaren erroetako anbiguitatea darama bere erraietan, aurrera begiratzeko estilo eta adore bat erantzun egoki eta asekorraren konfidantza daramana alde batetik, eta hori ez lortzearen beldurra bestetik, galdera egiten duenaren arauera bi arlo horietako bati besteari baino enfasis gehiago ematen zaiolarik. Alde batetik ez izateari diogun larrimina eta espero genuena haina edo gehiago izatean dugun esperantza.

"Beraz bazoaz orain emendik
nere lagun zar maitia
sorterriya utzi t'ezagutzera
itsas-arunzko lurdia.
Bañan... zergatik uzten dituzu,
euskaldun omengarria,
zu gabe onik ez duten mendi
zelai eta baserria;
noiz lezakete, nun oiek entzun
emengo koblakaria?.
Ez al dakizu len ere zer dan
daramakizun bidia,
t'arantza billa nola zoazen
utzirik lore-tokia?...
Etzaitezela maisu goitiya,
etzaitezela ordia
gugandik orren urruti egon
luzaro beintzat gordia!.
Ondo dakizu zenbateraño
jayo zeraden erria
maite dezuan ta zuretzako
berau dala pozgarria;
ongi dakizu nola choriyak
zapuztu zaion kabia
utzi lezaken antzera gaur zuk
uzten dezula zeria".(151)


Hori definitu ondoren, gure migralariengan nabarmenki somatzen den zerbait adierazi nahi genuke: noraino dauden lotuta sinismena eta esperantza. Gure ustez, gizon batek nabaritzen duen errealitatearen izakeraren genesian gaurkotu egiten dira bere errealarekiko harremanaren loturak: sentsazioa, jakitea, sinismena, esperantza eta maitasuna. Gertatzen dena da, emandako une batetan gizonarengan eragin gehiago izan dezakeela batek edo bestek momentuko egoeraren faktore baldintzaileengatik, edota bere nortasunagatik edo bere iraganaren biografiagatik edo...

Baina ez da hori bakarrik. Sinismenarekin bezain lotuta baitago sorkuntzarekin uztartuta esperantza. Galdera bati erantzuna emateak galderak oinarrian zuen egitasmoa baieztatzea bultzatzen nau edo beste berri bat asmatzera: “ni neu izateko, nire arimaren "argitalpen berri bat egitera. Arreseren hitzetan:

"Argatik, Pello, lertuko zaizu
zorigaitzez barrunbia
t'argatik oso miñtsu, larriro,
begitatik iturria
dariyozula joango zera
asperen aundiz betia.
Orla... zuk gero arkitutzean
sapaya zeru t'ur bia
noizbait ikusten baldin badezu
beronen apar churia
ots ariñ leun batez amilka
maitatzen itsas-ontzia...
nere agur bat an dijoala,
Pello, gogora zaitia". (152)


Ondorio bezala zera esango genuke, etorkizuneranzko joera benetan gizakia eta pertsonala denean, joera hori hiru ekintza sikikoen burutzapenean egiaztatzen dela: egitasmo baten elaborapen edo baiztapenean, zenbait galdera zehatz edo adierazgabeen formulazio intimoan eta gure geroko jarrera etikoan eragin izango duen nolabaiteko ekintza sortzailean. Hau egunargia baino aratzago soma daiteke gure migralariengan.

Horren arauera zenbait gauza argitu nahi genituzke analisirako abiapuntu gisa:

Bat, futurizazioa joeratzat hartuta, itxarotea giza errealitatearen osagarri funtsezkoa dela. Bi, geroranzko joera horrek bera dena izaten jarraitzeko pretentsioa duela, nolabaiteko fidantza batetan oinarritutako eusgarria, alde batetik errealitatean oinarritua (errealitatea nitaz fidatzen da), bestetik itxaroten duenagan oinarritua (errealitateaz fidatzen naiz). Arreserekin jarraituz:

"Amabost egun luzena dala
ur-zelai arro batian
arkituko aiz gora ta bera
apardi sallen gañian;
goyen... utsuna bakar-bakarrik,
itxas ondokaya bian,
euskal mendirik iñondik ez ta
beti muga bat aurrian.
I berriz anche beste geyokin
urdinkera zabalian
buru, biotza, gogo t'ardura,
jarririk emen... lurrian..." (153)


Hiru, egoera zehatz batetan jokatzen den joeraren eta pretentsioaren burutzapenak zera honetara bultzatzen du gizon itxaropentsua: errealitatearekiko konfidantza haundiagoa ala txikiagoa izatera, ziurtasun edo ziurtasun-eza absolutuak ezinezkoak baitira. Lau, ziurtasuna gailentzen denean, fidantza konfidantza bilakatzen da; ziurtasun eza gailentzen denean, berriz, mesfidantza. Horrek adierazten du konfidantza edo mesfidantza absolutuak ezinezkoak direla. Bost, konfidantza edo mesfidantza noizbehinkakoak izan daitezke edo ohitura bihurtu, egitasmo zehatz eta okasionalarekin lotuta daudenean ala bizitzaren eguneroko talante bilakatzen direnean.

Esperantza izena bigarren giza izakeraren ohiturari, habitoari deituko genioke, munduak eta norberaren bizi-itxaroteak eskeintzen dizkigun geroan-izatearen modu ezberdinekiko konfidantza adierazten denean.

Honek ez du esan nahi esperantza eta baikortasuna, optimismoa, gauza bat eta bera direnik. Inola ere, batzutan egiazko esperantza bat etor daiteke porrotarekin. Emeterio Arreseren hitzetan:

"Lur ontan iñoiz izan nezaken
aldirik egokinian,
orain, biotz ta begirakuna
jasorik dauzkatanian,
oroitz ugari piztutzen dira
izar churi bakoitzian...
...
O, zenbat oroitz ernetzen diran
nere biotz barrenian
iñoren ots ta karraxi latzik
entzuten ez dan gaubian". (154)


Gabriel Marcelek zioenaren arauera, egiturapen bizidun bat bere osotasunean birrezartzea da egiazko esperantza. Baina ez dugu ahantzi behar egitasmorik gabe ez dagoela esperantzarik ezta esperantzarik ere egitasmorik gabe. Beraz, egiazko esperantza hori hiru helburu hauen atzetik abiatuko litzateke: bizirik jarraitzea, nor bera izatera, gehiago izatea.

Beren buruaz beste egiten dutenentzat ezik, bizirik jarraitzea ona da; bizitza berez da ona nahiz eta sarri zorigaitzak ia ontasun hori ahanzteraino erasotu. Baina bizitzen jarraitze hori ez da proiekta dezakegun zerbait; gugandik at dagoen botere batek ematen digun zerbait da, botere horri nahiz natura, adur ala Jainko deitu. Baina edonola ere bizirik jarraitzeko esperantza hori guztiz inkonszientea izango litzateke gorputza behar bezala zaintzean eta abar oinarrituta egongo ez balitz. Beraz, egiturapen biziduna bere osotasunean lortzeko bizirik jarraitzea beharrezkoa izango da, baina ez nahikoa.

"Emen ikusten diran gauz asko
alayak izan litezke,
alayak emen goi-urdiña ta
ugare pollit au ere;
bañan oparo zeru ta lurra
naiz parrez arkitu, nere
biotz gaxua oien tartian...
illun dago, doakabe..." (155)


Antzeko zerbait esan dezakegu nor bera izateari buruz. Nor bera izatearen lorpena ezin da proiektatu; itxaron egin dezakegu soilik. Baina esperantza horren lorpena... balizko izango ote litzateke zenbait egitasmoen burutzapenik gabe?. Esate baterako, sustantzia despertsonalizatzailerik hartu gabe?.

Garrantzi gehiago ematen diogu gehiago izateari. Beharbada hiru modu ezberdinetan lor daitekeen zerbait da: norberago izatearen bidez, gizonago izatearen bidez, mugarik gabekoa izatearen bidez. Gure ustez, hirurak elkarrekin lotuta daude. Eta Unamunoren "Hacedor de mi límite, Dios mío" hura bezain egiazkoa da guk Kant parodiatuz esan dezakeguna: "Gizona naiz eta nire muga gainditzearren egiten dudan saioa ezin dut arrotzatzat jo". Horrek sortzen duen nostalgiarekin.

"Ta zaill izanik aruntz joatia
berriz maite arengana
ez dakit zer dan eziñ orregaz
pechura sartu zaidana;
alaz guztiyaz zerbaiten poza
irichi leike nigana
baldin zuk egin albazenduke
nik orain ezin detana..." (156)


Lehen esandakoarekin batera zera ere gogoratu nahi dugu, Unamunok berak idatzitakoa: "Ikusten dudan unibertso hau estu datorkit... Gehiago, gehiago, gero eta gehiago; ni neu izan nahi dut eta ni izateari uko egin gabe, besteak izan, ikus daitezkeen eta ikus ez daitezkeen osotasunean sartu, espazioaren mugaezeraino luzatu eta denboratasunaren amaieraezineraino garatu... Dena ala ezer!. Izatearen egarri, gehiago izatearen egarri!". Arreseren hitzetan doinu hau hartuko duten sentimenduak.

"... Bere begien
urdintasunak itzali dira;
emen itzali bañan... an piztu,
ara zer alai!, gorontz begira!...
zerua lendik zegoan baño
urdiñago gaur ageri da!". (157)


Eta Unamunorentzat bezala, Ernst Bloch ateo marxistarentzat ere esperantza sentimendu pertsonala baino gehiago da, errealitate kosmikoaren hastapena da. Gizona natura gizatiar denez, beragan batean itxaron dute naturak eta gizadiak. Beraz, gizon bezala espero dudanean natura osoa dago itxaroten; nigan espero du, ni unibertsoaren eboluzioan zehar itxarotze gauza den materia kosmiko bilakatu naizelako; nirekin espero du, nirekin batera jotzen duelako lanak eta gizonen adimenak emango dioten gizatasunerantz; eta nigandik espero du, nire itxaropenaren burutzeari esker bakarrik burutuko delako berea, gizonaren naturak bere betetasuna iritsiko duen gizadiaren estadio horretan.

"Urruti dauden gauz aiek beti
inchaur alien modura
bakan izanik artzen oi dute
pilla galantan ichura;
Ameriketan zorion guzik,
Ameriketan au t'ura,
gero... ezer ez bertaratzian
ainbeste gauz dan lekura". (158)


Beraz, asko esatea baldin bada ere, gizonaren esperantza ez da giza kontzientziaren ezaugarri funtsezkoa bakarrik; konszienteki sentituta eta horren arauera justifikatuta, esperantza osotasunean hartutako errealitate objetiboaren oinarrizko bereizgarria da.

Horren arauera, eta ideia hau migralariengan irmoki sustraituta dagoenez, zera pentsatzen dugu, egiten duguna egiten dugularik ere badakigula milaka eta milaka urte pasa eta gero ez dela munduan inor geldituko gure lana ezagutuko duenik, nahiz lan hori Beethovenen Bederatzigarren sinfonia ala Shakespeareren The Tempest izango den. Baina, halere, zerbait baliagarri egin duenaren kontzientzia duen edonork, zerbait horrek aipatu ditugun maixulan horien garrantzia ez izan arren, beti darama bere barruan, konszienteki nahiz inkonszienteki bere ekintza horrentzako betikotasun desioa. Badirudi giza bizitzak bere erraietatik eskatzen duela betikotasuna, betikotasunaren inguruan dagoela eta iharduten dela. Ingurugune hori marxisten arauerako intrahistorikoa edo intrakosmikoa izatea ala kristauek sinisten duten bezala, transhistorikoa eta transkosmikoa izatea, esperantzaren berezko antropologiatik haruntz geratzen da.

Laburbilduz, egiazko esperantzak, egitasmo guztietatik haruntza egonik isilean aldamenetik laguntzen dituenak, bizirik jarraitzea, nor bera izaten jarraitzea eta mugarik gabe gehiago izatea ditu helburutzat. Errealitate pertsonalaren egoera non, osoro eta definitiboki, -itxaroten duenaren heriotzetik haruntza ere, noski- asetasun osoa aurkituko duten giza naturaren irrits guztiak.

"Zer da sortitza, zer gure soña,
zer gogo t'irudimena;
nola ta nundik dator gizona,
nora dijoa, zer gera?.
Ozgarbi eder zoragarriya!:
zure bitartez lurrera
betor... betorkit biotz gaxoen
pozgarri dan aditzera,
entzun gau ixil ontan egiten
ari naizen galdeera!.
..........
..........
O, mutu dago; baña zer aundi
an goiko eskutamena!" (159)


Dudarik gabe zerikusi haundia du honetan norberaren aiurriak. Badira pertsonak etorkizunarekiko konfidantzarako joerarik ez dutenak. Seguraski eragin haundiagoa du norberaren destino pertsonalak, bizitzan suerte ona ala txarra izateak. Baina, aurreko hori egia izan arren, horrek bezainbateko garrantzia dauka norberak bere buruarentzat bizitzan zehar osatu duen izakerak, askatasuna medio. Horregatik, uste dugu badirela hiru habito edo ohitura esperantzaren habito sikologikoa eraikitzeko guztiz baliagarriak direnak eta gure migralariengan izugarri garbi azaltzen direnak: emana izatearen nahia, sorkuntzarako nahia eta sakrifiziorako jarrera, hain zuzen utopia isla eraiki ahal izateko osagarrietan behin eta berriro adierazita gelditu direnak. Antonio Machadok zioen bezala:

"En el ambiente de la tarde flota
ese aroma de ausencia
que dice al alma luminosa: !nunca!
y al corazón: !espera!" (160)


eta Unamunok:

"... la vida, nuestra vida verdadera;
la vida, esa esperanza que se inmola
y vive así, inmolándose, en espera".


Azken esparru hau eraikitzeko hainbeste bider aipatu dugun Emeterio Arresek bere modura ideia bera adierazten zuen:

"Eche-inguruko pagoen orri
bakanak orain udazkenean
aizeak jo ta michirrik illen
antzera zurbil datozenean
chanchangorri bat ni beziñ eri
adar billuztu baten gañean
kantari dakust maitaro bere
kabi sollaren aldamenean.
Chori gaxua, etzaite ixildu;
biyok eretsu jardun gaitean;
doakabe naiz, ta zu bezela
nere barrengo negu beltzean
zorigaitzaren chanchangorriya
negarrez dabill arantz tartean!"






Oharrak:


98 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 135-136. orr.
99 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 276. orr.
100 104. salmoa, 29-30
101 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 197. orr.
102 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 113. orr.
103 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 276. orr.
104 Ibidem, 277. orr.
105 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 236. orr.
106 Ex. 17, 15
107 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 236. orr.
108 Ibidem, 237. orr.
109 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 178-179. orr.
110 Ibidem, 183. orr.
111 Ibidem, 254. orr.
112 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 122. orr.
113 Ibidem, 253. orr.
114 Ibidem, 270. orr.
115 Ibidem, 126. orr.
116 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 128. orr.
117 Ibidem, 137. orr.
118 Ibidem, 139. orr.
119 Ibidem, 151. orr.
120 BAUDELAIRE, Charles: Le spleen de Paris.
121 Ibidem, 152. orr.
122 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 41. orr.
123 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 236. orr.
124 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 75. orr.
125 Ibidem, 128. orr.
126 Stromata, 1
127 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 39. orr.
128 Ibidem, 40. orr.
129 Ibidem, 40. orr.
130 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 131. orr.
131 Ibidem, 122. orr.
132 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 116. orr.
133 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 135-136. orr.
134 Ibidem, 136. orr.
135 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 275. orr.
136 Ibidem, 277. orr.
137 Ibidem, 129. orr.
138Ibidem, 265. orr.
139 Ibidem, 266. orr.
140 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 186. orr.
141 Eichendorff, J. Von: Episodios de una vida tunante
142 Jn. 1, 50
143 ARRESE, E.: Olerki berrizte, 8. orr.
144 Ibidem, 9. orr.
145 Ibidem, 46. orr.
146 Errom. 8, 19-22
147 Ibidem, 46
148 ARRESE, E.: Txindor, 43. orr.
149 Ibidem, 45-46. orr.
150 ARRESE, E.: Nere bidean, 1913, Tolosan, 2. orr.
151 Ibidem, 88-89. orr.
152Ibidem, 89. orr.
153 Ibidem, 98. orr.
154 ARRESE, E.: Nere bidean, 115. orr.
155 Ibidem, 117. orr.
156 Ibidem, 117. orr.
157 ARRESE, E.: Ibidem, 120. orr.
158 Ibidem, 125. orr.
159 Ibidem, 136. orr.
160 MACHADO, A.: "Soledades VII". Soledades, galerías y otros poemas. Colec. Universal, 27. Zb., Madrilen, 1919, 17. orr.