IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ameriketak eta bertsolariak »  3. Deslilurapenaren mundua: a. Amets hautsien mundua

3. Deslilurapenaren mundua: a. Amets hautsien mundua

III Deslilurapenaren Mundua



Uka ezina da Ameriketara iritsi eta bertan bizi behar izan dutenak sarritan deslilurapenaren munduan murgilerazten dituela migralariak. Utopia islara zihoazen Mayfloweroko erromesei gertatu zitzaienaren antza, den denak ez dute jo helmuga desiatua. Euskal migralarien kasuan itxuragabe nabarmentzen dira porrotaren haurrak. Asko dira ametsen zakua ustutzen sentitu dutenak. Esan ere ausartu egiten gara baieztatzera, deslilurapen aitortzat direla bertsolariengan gehien azaltzen direnak baieztatzera. Askotan eta askotan inolako erreparorik gabe eskeintzen digute amets-gaztelu harribiratuaren irudia. Latza. Tristea. Gordina.

Beraz, nolabait mundu hori tajutzerakoan zazi arloen inguruan burutu daitekeela uste dugu:

a) Amets hautsien mundua.
b) Hauskura horren zergatiak.
c) Zenbait faktore eragile.
d) Ondorioak.
e) Ikuspegi baikorra.
f) Ameriketako errealitatearen ikuspegi orekatua.
g) Animalien rola.


A. AMETS HAUTSIEN MUNDUA



Beste arlo guztietan egin dugunaren arauera, orain ere adibide esanguratsuenak bakarrik aipatuko ditugu. Esan dezagun, migralariek egiten duten lehenengo gauza ikusten duten errealitatea deiadarkatzea dela. Hain zuzen ere porrotak berak definitzen duela hauskura hori esaten digu Mañex Etchamendy Esterenzubikoak.

"Laster nahi naiz ni ere
neure herrirat itzuli,
hemengo bizi moldea
nihaurrek baitut ikusi:
Fortuna egin ustean,
herratua naiz ibili,
Banua beraz hemendik
neure herrirat ihesi" (1)


Porrota hori, ametsen porrota baita eskuarki. Bertsolari berarenak dira hitzak.

"Negozioko jaunekin ez naiz batere hantatzen, Nihauren moltsa luzea ez baitut urrez haupatzen..." (2)

Sarri, amets hautsien mundu horrek zera esan nahiko du: Euskal Herritik urrutira abiatzean agintzariak ugari zirela... gero bete gabe gelditu zirelarik. Mikaela Zarramak dioen bezala:

"Barkurako jendea
biltzen duenean,
agintzeak aundiak
beren mingañean;
indarrik eziñ egiñ
uraren gañean,
jendea martxatu da
miseri aundian". (3)


Eta Mikaela Zarramaren bertsoak bidaia hasi orduko egoerari lotzen bazaizkio ere, garbi dago atzerrian urte mordoa eman ondorengo deslilurapena bortitzagoa dela oraindik eta gorriagoa ahoratzen den kexua. Bautista Galarregik bi modu ezberdinetan adieraziko digu arazoa. Alde batetik lehen El Dorado izandakoa dagoeneko ez dela esistitzen esango digu.

"... Europa aldean badira zenbait
aberastuta joanak,
orain ez dago orrelakorik,
alderantziz daude danak". (4)


Bestetik, amaitu dela utopia esango digu. Azken batez, bizimodu baten porrota onartzea da, utopia hori izan baitzen, hain zuzen, hemendik hara bultzatu zituena. Aipua dramatikoa da, bere sinplezian.

"... Ez gendun gauza iritxitzeko
betiko desio fiña,
lan egin eta dirua gordez
egitia alegiña,
utsegin degu bolara ori,
orain daukagu eziña". (5)


Zaila da hitz gutxiagotan porrotaren arima indar haundiagoz onartu behar izatea. Eta esperientzia batere atsegingarria izan ez denez gero, bertsolariak eredugarri gerta dakiola nahi du Ameriketan etortzeko asmotan legokeenari. Asko dira ideia horren inguruan aritu diren bertsolari nahiz idazleak. Ramon Artolak adibidez, honela dio:

"... bañan au desengañuz ta penaz beterik eztakart etxerako urteak besterik" (6)


Delilurapenaren ondoren Euskal Herrian utzi nahi dituela hezurrak, esango digu bertsolari berak, hezurrak uzteari, duen sinbolismo izugarria emanez. Dudarik gabe, hori adierazterakoan bi ildo ezberdinetik jotzen du. Alde batetik, hezurra bere gorputzaren egituraketa osatzen duen elementu iraunkorra da; bestetik muina dauka bere barruan, almendrarekin gertatzen den bezala.

Sendotasunaren, indarraren, bertutearen sinboloa, gogoratu besterik ez dugu Genesis liburuak hezurren hezurrari buruz zioena. Hilezkortasunaren hezurra noski, txamanek ere, gorputzaren elementu iragankorrak behin erauzi eta gero, halaxe bilatzen baitzuten egoera esentzialerako bidaia. Bizitza eta heriotza nozioaren gainditze nahia, hilezkortasunaren atzetik.

Ezin dugu ahantzi "argia" (sarri almendraren sinboloz azaltzen dena) hezur gisa aurkezten baldin bada, horrexegatik dela hain zuzen ere, hots, hezurduraren berbizipenak alde batetik aintzazko berbizkundea ebokatzen duelako baina, bestetik, -hezurrak muina bezala-, berbizkunde horren muina berak gordetzen duelako.

Zenbait lurraldetako jendek hezurretan ikusten dute gorputzaren esentzia, sorkuntza osorena. Nia, lehen Hatsa, da hezur-muinaren eraikitzailea eta munduaren lau norantzen erdiguneak, zainetik sortzen den hitz sortzailearen espirala, "Munduko erdigunearen hezurra" izena hartzen du.

"Miratu ditut milla
fama duten lurrak,
bañan an ere daude
alderdi laburrak;
sinisturik dirala
erdiyak gezurrak,
emen nai ditut utzi
nik nere ezurrak" (7)


Hezurrenganako begiruneak beraz, hezurren naturaranzko itzulerak, espezien jarraipena ziurtatzen du. Ez da harritzekoa nola tunpuek oholtza batetan berrosatzen duten basoan ehiztaturiko basauntzaren hezurdura eta mendebalderanzko, hildakoen loerriaren norantzan jartzen, gizon-emakumekin egiten zen bezalaxe.

Germaniar mitologian ere, behin baserritar batek gonbidatu zuenean, Thor-ek baserritarraren akerrak akatu, larrutu eta egosi egin zituen. Baina, otordua baino lehen, baserritarraren semeei sutondoan zabaldutako larruen gainean jarrerazi zizkien hildako akerren hezurrak. Hurrengo goizean, bere mailua hartu eta bedeinkatu egin zituen larruak: akerrak berbiztu egin ziren. Baina euren arteko bat errenka zebilen ordea, baserritarraren seme batek Thoren agindua bete beharrean, muina xurgatu ahal izateko, aker hari zango-hezurra hautsi ziolako. Su eta gar, Thor-ek berarekin eraman zituen baserritarraren semeak. Badakigu, Prometeo eta Luziferrekin gertatu zen bezala, betidanik izan direla Jainkoak jeloskorrak, hilezkortasunaz jabetu nahi zutenekin. Hain da boteretsua Artolaren bertsoaren iradokizuna.

Beste bertso batetan ere antzeko zerbait adierazten du, baina aurrekoan baino bortitzago azpimarratuz bere esperientzia ezkorraren balio eredugarria.

"Aruntz joan nintzalarik
toki oben billa,
eztet bat-txo arkitu
miraturik milla;
ala nator etxera
penaz erdi illa,
nitaz eskarmentu bat
gertatu dedilla" (8)


Hildo beretik joko du Hego Ameriketara abiatu zen Zubillaga bedaiotarrak. "Laister bururatu nintzan orain ez negoala Tolosan baño obeto". (9)

Eta berehala emango ditu baieztapenaren arrazoiak.

"Arkitu nuen gela koxkorra etxe aren atzeko baztarrean ol zarrakin eta latakin egiña zan, ta bera egiteko lana ta berak zeuzkan gaiak, guziak batean, etziran jaso-izan edo kostatu 40 pexo garai artan. Baña neri ederki dirua jasotzen ziraten, zakur txoko arrengatik" (10)

Amets hautsiak beste forma ugari ere har ditzake eta Zubillagak berak ematen digu hurrengoa, hiriak erakutsi dion bakardade izugarriaren bitartez.

Irakurri ditugun testu guztietan garbi azaltzen da migralariak jota gelditzen zirela hiri haundiarekin -Buenos Aires , Montevideo, Rio de Janeiro, Los Angeles nahiz San Franciscorekin- lehenengo aldiz topo egiten zutenean. Batzuentzat, laborarien bizimodutik artzaintzara zetozenentzat, iraganbide besterik ez ziren; baina besteentzat, bertan, esnesaltzaile edo beste edozein ogibidetan, gelditzeko asmoz zetozenentzat, nabarmenagoa zen oraindik efektoa.

Hiria, herrialde nomaden sedentarizatze keinu izanik, kristalizapen ziklikoa zen eta, egonkortasun sinbolo zelako, karratua; kanpamendu nomadak, aldiz, zirkularrak, mugimenduari dagokion bezala. Agian horrexegatik da paradisua zirkularra, zirkularra den bezala bere landaretza-sinbolismoa; eta horrexegatik da karratua eta minerala zikloa ixten duen Jerusalen hiri zerutiarra.

Ez dakigu noraino somatzen zuten gure migralariek hirietan egitura zerutiarraren islada eta eragiña. Nolabait bai, hain haundia baitzen migralariei tiraka ari zitzaien erakartasuna. Erakarpen horri dagokio Heliopolis eguzkiaren hiria; berari, Salem, bakearen hiria eta berari Luz, Jakobek Betel -Jainkoaren etxea- deitu zuen almendrondoa.

"Len esan det aspertu nintzala iñozo bat bezela bizitzen Buenos Aireseko uri zabalean. Ni ardin atzetik bakarrik ibiltzen nintzan garaian, ez nintzan uri ontan bezin bakarrik arkitzen" . (12)

Dena dela, ezin izango dugu ukatu, behin behineko lilura horren ondoren, sarritan nongotasunaren dei bortitzak iratzarrita, hasierara itzuli nahi izango duela artzaiak. Jakin ere badaki bi hirien arteko erromesaldian ari dela etengabe, ertaroko pentsakerak aintzinatik erakutsi zion bezala, eta erreinuko hiria dela erromesaldiaren azken helmuga.

Baina, beharbada, interesgarria litzateke, bestalde, nabarmentzea gure oraingo hiriaren sinbologiaren interpretapenean sekulako indarrez markatu direla migralariek susmatzen zituzten bi alderdiak: babesa izatearena eta muga izatearena une berean.Hastapen emearekin lotuko genuke. Hiriak bere biztanleak dituen bezalaxe ditu emakumeak bere haurrak. Horregatik margotzen dira jainkosak buruan harresizko koroa daramatelarik. Itun Zaharrean pertsona gisa aurkezten ziren hiriak eta horixe bera dio San Paulok galaziarrei eginiko gutunean: "Goiko Jerusalen askea da: bera da gure Ama, idatzirik baitago: poztu zaitez, erditu ez duzun antzu hori; has zaitez pozez oihuka, erditze-minik izan ez duzun hori" . (13) Goiko hiriak izpirituaren bitartez ernaltzen du eta haragiaren bitartez behekoak; bata eta bestea emakume eta ama dira, inon baino hobeto Apokalipsian azaltzen zaigunaren arauera.

Horrekin batera, toki arriskugarri gisa ikusten du, zitalkeriaren sabel, mesfidantza besterik merezi ez duena, berriro ere amets-hauste zentzua areagotuz.

"Nik ala egin nuen egun artan, zalditegiko nere laguna ere nerekin zegoan, eta arek ere aurrenengo aldiz ikusi zuen nere 25 pezetako urrea. Egun artatik illabete barru, ni oartu nintzan, urrezko dirua norbaitek ostu zirala. Nik ez nion inortsori ezer esan. Orra, Oyarzabal jaunak egin ziran opariak zer zori txarra iduki zuan Buenos Aireseko uri zabalean" . (13)

Deslilurapen horrek jota, ezagunen berotasunaren bila ihardungo du migralariak, nahiz eta horrek askotan komentatzen ari garen porrot-zentzua areagotu, kasu honetan bezala.

"Joan Kruz neregana etorri zalarik, orain lau euskaldun giñan gelu koxkor batean bizitzeko". (14) Eta bere egoera tamalgarriaz ohar gaitezen, Euskal Herrian hain izen txarra duten ijitoenarekin konparatuko du bere bizimodua.

"Euskal-errian, gure bizitza askok ikusi izan balute, ijitoak ginela esango zuten" (15)

Egoera horretaz guztiz nazkaturik, txikitatik ezagutu duen sinbolo antitetikora joko du migralariak: txoriarengana.

Lardaxketan txoria aipatzen zuen Zubillagak ongi aski zekien hegaldia dela batez ere, eta kantua, txoria zerua eta lurraren arteko harremanetarako izakirik egokiena bilakatzen duena. Grekeraz, izena bera, igarpenaren eta zeruko mezuaren sinonimoa da. Taoismoan ere Hilezkorrek txori itxura hartzen zuten arintasuna adierazteko, lurreko zamapetik lorturiko askapena. Brahmanek "zerura hegaz doazen txori" deitzen zituzten izena ematen zieten sakrifikatzaileei eta dantzari erritualeei. Gorputzetik ihesean dihoan arima zeregin intelektualen sinbolo izango da eta horrexegatik kontra-jarriko zaio mundu lurtarraren sinbolo den sugeari.

Horrekin batera, izakiaren estadio gorenenak sinbolizatuko dituzte, aingeruak, eta, Haren erresumako literaturan agertzen diren txori urdinak, adibidez, zeruaren mezulari hilezkorrak izango dira.

Munduaren Zuhaitzaren fruitutik jaten duen bakarnako arima aktiboaren sinboloa, eta "atma" bestea, jakituria hutsa den izpiritu unibertsalarena. Baina berez ezberdinak ez direnez, bi buruko txori bakar gisa aurkeztuko dira.

"Gaurko egiazko artean, basoko zugaitz gañean kantatzen duten egaztiak bakarrak dira noski". (16)

Bestalde, Fariduddin Attaren "Mantig al Tayo" eta Avicenaren "Xoriaren errelato"-ko xori bidailariak aurkikuntza iniziatikoan konprometuriko arimak dira. Erromako augureen kasuan bezala Saint-John Perse olerkariak ere garbi ikusi zuen erroetako garbitasun horren zentzua "txoriek kreakuntzaren kantuaren zerbait gordetzen dute gure artean" zioenean.

Ildo ezberdinetik joko dute Koramen hitzek. "Gizon bakoitzari lepoan lotu diogu bere txoria", gure patua adierazi nahiz, dudarik gabe.

Ezberdinetik ere afrikar tradizioko mozorroetan, xoriak boterea eta bizitzaren sinboloa hartuko baitu, ernalkortasunarena. Hortik dabil ejipziarren "ave fenix"-a, bizitzaren indarra zeraman purpura kolorezko xoriarena. Hortik dihoa, noski, Zubillagaren testuaren zentzua eta hain desliluraturik dagoen gizonarentzat, guztiz adierazkorra da desioen sinboloa. Azken batez, bat etorriko dira txoriak, koloreak eta giza-bulkada sikikoak. Horrela, belearen kolore beltza, adimenaren sinbolo izango da; indioilarraren berde eta urdina, amodio nahiarena; zisnearen zuria, logosaren bitartez izpirituaren bizitza eta libidoren bitartez gorputzarena sortzen dituenarena; eta fenix gorria, hilezkortasunaren eta jainkotasun gorenenarena.

Txoriak antitesi gisa azpimarraturiko ametsen hauskura hori bizitzaren arlorik garrantzizkoenetara ere hedatzen zen, ezkontzara adibidez. Bestalde, badirudi "hainbeste" ikusi behar izateak, giza izakeraren aldirik ilunenak egunero askotan begiztatu behar izateak, oraindik eroriago, kezkatiago, desliluratuago uzten duela migralaria.

"Ezkontzeko izu ni egotea etzan bada gauza arritzeko. Esne-banaketan ainbeste ibilaldi sukaldetik-sukaldera, sendi eta familiak ezagutzen ikasi nuen ongi ta batez ere emengo andereñoak. Etzan ezkontzearen beldurra bakarrik nik neukana; emen ni ezkontzen banintzan, Euskalerrira itzuliko ez nintzan beldurrak menperatzen ninduan, ala egiten banu". (17)

Txirritak berak ere orain arte adierazten saiatu garen amets hautsien mundua aipatzen digu behin baino gegiagotan. Adibide bakarra ekarriko dugu.

"Bai, amatxo, bai aguantatu dit
osasuna ta biziyak,
nerekiñ ara juan ziradenak
ez daude onla guziyak;
baditut aski lagun maitiak
ill da lurpian utziyak,
nerau txit ondo ibilliya naiz
Jaungoikoari graziyak". (19)


Horrekin, bigarren puntura joko dugu.

Oharrak:

1 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 46. orr.
2 Ibidem, 48. orr.
3 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 42. orr.
4 Ibidem, 113. orr.
5 Ibidem, 113. orr.
6 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 102. orr.
7
8 Ibidem, 107. orr.
9 Ibidem, 107. orr.
10 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 125. orr.
11 Ibidem, 135. orr.
12 Ibidem, 136. orr.
13 Gal. 4,26
14 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 141. orr.
15 Ibidem, 152. orr.
16 Ibidem, 153. orr.
17 Ibidem, 140. orr.
18 Ibidem, 204. orr.
19 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 42. orr.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org