|
B. HAUSKURA HORREN ZERGATIAK
Geroxeago landuko dugun ondorioen munduarekin batera, hau da gure migralariek zehaztasun haundienaz geroan analizatu ahal izateko utzi diguten puntua. Hain ugariak dira zergatiak ezen bost esparru ezberdinetan banatu behar izan ditugun:
B.1- Lanarekin zerikusirik dutenak.
B.2- Gorputzarekin erlazionatuak.
B.3- Sentimenduen munduarekin lotuta daudenak.
B.4- Bakardadearen eztena oinarrian dutenak.
B.5- Alderdi etikotik sorturikoak.
|
B. 1. Lanarekin zerikusirik dutenak.
Harrigarria badirudi ere, zenbait testuek LANGABEZIA aipatzen dute. Ez da herria utzi eta, lanaren ziurtasunez, lan bila abiatu den gizonarentzat kezkarik minimoena. Badirudi benetako arazoa zela eta batek baino gehiagok jasan behar izan zuela, zenbait unetan behintzat.
Artolarena da lehenengo aipua.
"... eta emen txit pozik
detanean lana;
soldatik eztet bañan
badaukat zer jana". (1)
|
Zubillagak behatza jarriko du zaurian, halako egoeraren motiboaren bila hastean. Hego Ameriketari buruz ari da noski eta, analista zuhur gisa, konturatu egiten da zernolako eragina duten munduko gertaera politikoek eta gerrak merkatuko ekonomian.
"Europako gudaketak aberri au garai artan erdi-gelditurik utzi zuan, ta, lan gutxi zegoalako, ozte edo jendea nunai arkitzen zan zori txarrean" . (2)
Batez ere berari egokitu zaiolako egoera jasatea. Hitz erdiragarriz aurreratzen digu bere egoera tamalgarria.
"Sei illabete neramazkin nik pexo bat irabazi gabe;
bi egun luzeak neramazkien nere itxaropenetako Bahia Blancan..." (3)
Baina bada hirugarren bertsolari bat ildo beretik jotzen duena. Gainera bere aitortza egitean harridurak ematen duen ukitu berezi hori erakusten digu, espero ez dugunak jotzen gaituenean bezalakoa.
"...nai arren ezin dute topatu
iñola ere lanikan,
askori esan ta ez sinistatzen
danik orrelakorikan
neronek ere ez nuben uste
oinbesterañokorikan" (4)
|
Bautista Galarregirena da bertsoa.
Egia esan, ez dira asko langabeziaz hitzegiten diguten bertsoak. Arruntagoa da Hego Ameriketan; batez ere Ipar Ameriketara joan zirenen artean ez baita halakorik gertatzen, idatzitako aitormenik utzi dizkiguten gehienak artzantzan ibili bait ziren, Virginia City-ko kanposantuan aurkitu dugun harlosa batek seguraski beste bizimodu batetan (mehatzari gisa!) aritutako euskaldun baten eta bere emaztearen izenak eman arren.
Zubillagaren aitormen guztiak, eta asko dira, alboratu eta Artolaren bati kontu egingo diogu lan askotan ibili beharra erakusteko.
"Ezta iya sayatu
ez naizen lanikan,
eta eztet sobratu
ezer lanetikan" (5)
|
Horrekin oso estu lotuta, lan askotan ibili izan beharraren ondorio gisa, mugikortasuna. Zubillagak emanda hartuko ditugu adibide guztiak, Ipar Ameriketako bertsolariek zehazten baitituzte toki batetik bestera eginiko bidaiak, beharbada larreen arauera burutzen zituztelako eta ia beti erruta berak jarraituz. Honek ez du inola ere mugikortasunik ez zegoenik esan nahi. Beharbada, ez zela hain nabarmena.
"...erri Bragado... Buenos Aires-tik Bragado-ira 230 Km. dira, Carlos Casares-era 300, ta Pehuajo-ra 360..." (6)
Beste testu batetan hala dio:
"Rosario-ko tren geltokira iritxi nintzan goiz artan bide-kutxa tren-geltokiko zaindegi edo depositoan utzita, oñez joan nintzan uri artako kayalde edo puertora". (7)
Eta hurrengo orrian:
"Alaxen, Rosariotik atera nintzan San Nicolas-a, erri au aundi xamarra zalako ustean" (8)
Baina bere kasua ez da bakarra. Bere anaia ere egoera berdinean aurkitzen baitzen.
"Lontxo bizi zan kanpoa ta abereak Belgatar edo Belgikatar batenak ziran ta aipatutako erritik 20 kilometro bide zeuden" (9)
"Berriro asi nintzan ibiltzale. Oraingoan General Villegas-ko errira jo nuen" (10)
Geroxeago, "Lincoln errira iritsi nintzalarik" (11) . Eta azkenik, "... atsaldean erri artatik irtentzeko General Pico-ra (Pampa Central)" . (12)
Baina inolako dudarik gabe, lanaren arloan gehien nabarmentzen dena, lanerako baldintza negargarriak da. Susmatu ere susma dezakegu migraziorako erabakia hartu zuten gizonek aurretik jakingo zutela zer espero zezaketen lurralde berrietan, baina hala ere, gure ustez, aurkitutakoak uste guztiak txiki uzten zituelakoan gaude. Aipuak amaigabeak dira.
Baldintza oinarrizkoenetatik hasi eta espezifikoenetara, alde guztietatik zinkurina besterik ez da irakurtzen. Zubillagak honela dio:
"Nere oyerako, maindire ordez, bi estalki zatar zaldi-bizkarrean emen ipintzen zitzaizkienak. Alaxe, ez neukan bada, maindire-garbiketa ordaindu bearrik" (13)
Edo, horren ondoren, lanera joan zenekoa.
"Baña nagusi arrek eskatu zidan nere lanerako tresnak eramateko; ta ezpalin baneuzkan, aiek erosita lanera joateko. Emen dijoaz erderaz beren izenak: una garlope, un serrucho, un cepillo, una chuela, un taladro, varias mechas (3 o 4), un formón, una escofina, un martillo, una tenaza, un destornillador, una escuadra, un metro y un lápiz" (14)
Baina lan hori ez zitzaion batere ondo joan eta Zubillagak berak dioenez:
"Nere nagusiei zerbait adieraztea nik lotsa gogorra neukan, arren aldi edo denbora gutxi aien menpean negoelako. Ta alaxe, nere azkenenengo bi asteko lan-saria jaso nuen larunbatean, nere nagusiei ezertxo ere iragarri gabe ta berak idazkolan zeuden bitartean, nere errimintan kaiola bizkarrean artuta, iñor oartu gabe atera nintzan karro-kotxe lantegi artatik" (15)
Beste lan batetan hastera noski, gogorragoa izan arren, irabazpen posibilitate gehiago emango ziona: esne banaketa. Aipua guztiz adierazkorra da.
"Esne-banaketa erosi nuelarik, jai ta aste 18 ordu gutxienez zutik ta lasterka egin bearra zan" (16)
Azpimarraketa, gurea da. Behin lan horretan, ez dira falta horri buruzko zehaztasunak.
"Ni Bahia Blancan bezela, banaketa ontan etzan 150 etxeetan sar-atera bearrik. Banaketa ontan etziran 40 zaipeko edo kliente iristen. Baña, goizean lo egiteko banaketa txarra zen. Bahia Blancan oituta negon goizeko zazpiretan jeikitzen, ta orain, goizeko lauetan, nai ta ala ez, jeki bearra zan" (17)
Ondorioak eta motiboak ere idazle berak aurreratzen dizkigu.
"Ni lo-goseak menperatuta bizi nintzan garai artan, baña ala jarraitu bearra neukan zerbait ongi aurreratzeko, gazte negoan bitartean" (18)
Gainera esne banaketa hura nahi bezain ongi ez zihoakiolako lana aldatu eta ostatuan sartu beharrak ez zion fortuna asko aldatu, egunean zehar ordu libre gehiago uzten bazizkion ere.
"Goizeko seiretatik zortzirak arte, 100 kafesne baño geiago erazo edo despetxatzen giñuzen. Eta eguerdian 312 arrautz eta beste janari ariñak, neronek adelatu edo preparatzen nituen laster" (19)
Zubillagak berak laburbildu egiten du bere ordurarteko ihardueraren istoria.
"Europako bigarren gerra asi zalarik, emen zerbait piztuta ari giñan altxatzen burua. Azkenengo lau urteetan, aurrengo amarretan baño geiago irabazi genuen. Bañan ala emaztea nola ni, geiegi nekatuak geunden, geren irabazpidea jarraitzeko. Buenos Aires-ko irabazpidean ia-ia eraman nituen 9 urte eta Ciudadelan 13-tik gora neramazkin 18 orduko lanetan, urtean egunik utsegin gabe. Eta zutik nebillela logaleak botatzen ninduen. Ez neukan gaitz au bakarra; lotara nijoan garaian, karranpek edo kalanbreak etzidaten lo egiten uzten" (20)
Argentinako lurraldearekin lotuta, Juan Mari Lujanbiok oso garbi uzten du zein ezberdina izan zitekeen lanbide liberaletan eta esku lanetan ari zirenen arteko egoera.
"Argentinan ez dira
lan danak politak,
aldegiten digute
noizian bein gaitak;
ez gaitu mantendutzen
pruma eta tintak,
esango det zer diran
gure erremintak:
paziya ta padera
eta kanibitak" . (21)
|
Bestalde, badira XX. mendearen lehenengo urteetara eramaten gaituzten bertsolari anonimo baten bertsoak, zehatzak eta ia ebakorrak gertatzen zaizkigunak. Izugarrizko xehetasunez adierazten dizkigute zeintzu ziren garai hartan batez ere kezkagarri zitzaizkien arazoak. Lehenengoz, zergaz josita zaila dela lan egitea esango digu.
"Milla ta beratzireun da
lenbiziko urtian,
sisa berri bat bada
gu geran partian.
Nik dakit oikatik zer
esango nukian,
lanian eztigue
utzi nai pakian,
artu naian dabiltza
danak ankapian" (22)
|
Aurrekoa bezain kezkagarria gertatzen zaie urrengo pausoa, patenteak atera beharra.
"Lenago pagatubak
ditut bi patente:
bat karruarentzako,
bestia anbulante.
Irugarrena sisa
dala mediante,
oiri guziyai batek
egitian frente,
norber'ezta gelditzen
diruz baliente" (23)
|
Bertsolariak ez du onartzen halako egoera eta eiatu dutenei buruzko erizpide etikoa aurreratzen du, sujeto zuzenak ez direnez, infernua merezi dutela adieraziz. Bertan jartzen du, beraz, esplotatzen duen ugazaba. Behin baino gehiagotan erabilitako sinbologia, infernuek gaua adierazi nahi du zenbait herrialdetan. Horrela azteken kosmologian, infernuak ifarrean kokaturik daude, gauaren lurraldean, hain zuzen horrexegatik "bederatzi lautaden lurra deituko dutena". Bitxia badirudi ere, gizaki guztiak, zenbait kategoria ezik (heroi sagaratuak, gudan eroritako gudariak, haurgintzan hildako emakumeak, haur jaio berriak) infernuetatik datoz eta bertara itzuliko dira zakur sikoponpoak eramanda.
Lehenengo zortzi infernuak zeharkatu ondoren, bederatzigarrenera iristen dira, non ezerezean desagertuko diren.
Gaueko Bederatzi Jaunen arteko bosgarrena da infernuetako jainkoa. Gaueko eguzki beltza darama bizkar gainean eta armiarma eta hontza dauzka sinbolotzat.
Turkiako Altaiko herrientzat, mendebaldetik ekialdera abiatuz hurbiltzen da pertsona infernuetako izpiritura, eguzkiaren bideak ezbezala bizitzaren mugimendu progresiboari uko eginez. Argiaren aurkako martxa honek iluntasunerako itzulera markatzen du.
Kristau tradizioarekin lotuz, argia bizitzarekin eta Jainkoarekin identifikatzen bada, infernuak Jainko eta bizitza eza adieraziko du. Giza esistentziaren porrot osoa, azkena, behin betikoa. Migralariak horrelakoekin konparatzen ditu, Doradon aurkitu dituen legegile eta patroi zitalak eta halako desira die beraiei.
"Pobriak irabazten
du asko penaturik,
oik ez dute ateratzen
orlako konturik,
kontzientzia txarreko
gizonak di orik.
...
sisa guk pagatzeko
ipiñi zuenak,
badakit etzirala
sujeto zuzenak
...
ipernun izango dira
oriek baino obiak" (24)
|
Azken batez, bizitzaren zubigintzaren aurkako zerbait izango litzateke. Nazareteko Jesusen hitz apokrifo batzuren arauera mundu osoa baita zubia, sorturiko ororentzat sortzailearenganako iraganbidea -Gottfried Been olerkariak bere malenkoniaz beteriko poesian idatzi zuen bezala:
"Uhinak, garrak, galderak...
eta gero errautsari begiraka:
bizitza zubiak eraikitzea da
iragaten diren korrente gainean" (25)
|
Zubi guztien deuseztapena, beraz, horientzat, bertsolari anonimoaren hitzetan, halako jokabide etikoa aukeratu duenak, hain zuzen ere, Jainkoaren epaiketatik pasatzea merezi duelako. Justizia eske ari da oihuka migralari bertsolaria.
Infernuko sinbologiarekin estu estu lotuta, epaiketara deitzen du esplotatzailea. Epaiketa igorriko duen aingeruaren aurrean, hitz erabakiorrez alea eta lastoa bereiziko dituenaren aurrean, biluzik aurkeztuko dira gizonak, gorputz gisa zuten hilobitik irtetean.
Utziak izango dituzte, arimaren kolorea adierazten duen ile urdina ezik, munduaren atributu guztiak.
Bertsolariak badaki Jainkoaren ahotsaren toki den urrezko turutaren deia beharrezkoa izango dela egiazko bizitzara jaio ahal izateko. Bertsolari anonimoak, dudarik ez, legegilea ez du ikusten ahots gozo horren destinatzaile gisa.
"... ezpada oientzako
emen ezta faltako
gauza gaiztorikan..." (26)
|
Eta hori, aberatsak lapurrak izanik, lapur gisa jotzen dituztelako euskal migralari pobreak.
"... egun guzitan bada
esne-errebisa,
atajatzen gaituzte
lapurraren gisa..." (27)
|
Lehen langabeziari buruz mintzatu zaigun Bautista Galarregik dakarkigu lanerako baldintzen arteko beste bi indar eraginkorren berri. Harrigarria da zernolako zuhurtasunez jotzen duen arazoaren barrenera ikustera. Konturatu egiten da izugarri haundia dela inflazioak bere egoeran duen eragina. Miketzak dira bertsoak, erabat.
"Kanpoan lana zertako egin
ezer ez baitu baliyo?
Errian ere berdin gabiltza
gauz ori dela mediyo;
estranjeritik datozen gauzak
doblatura dira iyo,
era onetan gijoazela
askok ere esango'yo
ezin bizi ta alde egitian:
Amerika'ri adiyo" (28)
|
Horrez gainera konturatu da nolabaiteko Crack beldurgarria gertatu dela eta depresioan sartuta daudela.
"Lengo modurik ez dago emen,
dana dago diferente,
aberats ziran asko ari dira
pobretutzen derrepente;
kontu atera nola biziko
diran orain zenbait jende,
famili-sailla daukan etxiak
lanik asko badaukate,
gosez oraindik ez dira iltzen
bañan gutxi falta dute" (29)
|
Bautista Galarregiren lurraldetako mundua utzi eta goraka joanda, Ifar Ameriketako Californian ere Juan Cruz Arrosagarai luzaidetarrak aipatzen digu beste zenbait arazo, nolabait Argentinako migralari anonimoarekin loturik haria, orain lege aldetiko arazoak daudelarik tartean.
Honela dio luzaidetarrak, abokatuak buruan dituelarik.
"Nere partitze ezin bestea sekulan ezin ahantzi,
neure aferen zuzentasuna ez nuen ere erdietsi;
ardi-bildotsak bi partidetan bidean nituen utzi,
nere abokat traidorea bestek zautaten erosi.
Hura ikusi beharrez nintzen joan azken egunian,
bainan ez nuen xantzarik izan segur zagon gordegian;
saldua zela ez bainekien nehondik ordu artian,
urran goizian partitu behar harek utzi tristezian" (30)
|
Horretaz gain, sarri inmigrazio ajenteekin ere izandako arazoak aipatzen dizkigu.
"Batian galde, edo izkiria ehun mila kestione,
abaildurikan ninduten beti kriminale baten pare;
beharrik nuen poliz-rekorra nihun tatxarikan gabe,
jende onestak sofritu behar tzarrengatik hala ere" (31)
|
Beraz, gizon salduaren traza hartzen dio bere buruari, duintasun ezaren zurubiko azken puntua bailitzan.
"Ez nakien zer egin orduan, bidez-galdua bainintzan,
neure artzainen despeditzeko ez nuen astirik izan;
bihotz jukutre infame heiek ni utzi ninduen gisan,
izan ez dakit nola hoinbertze urtez geroztikan bizi izan" (32)
|
Ondorioak ateratzen ditu, beharbada, bere eritziz bera bezala migrazioko bideetan abiatu direnei aplika dakizkiekinak. Migrazioa askotan, norabiderik gabeko bidaia dela baieztatuko digu.
"Luzaiden sortua eta gazte denboran han hazi,
hogei urte betetzian sorterri maitea utzi,
geroztikan Californian nabil harat-honat beti,
nekaturik ardurenian eta plazer arras guti" . (33)
|
Halere, eta gure Euskal Herri erruralean mendeetan jaso izan den konformidadearen bandera eskuetan hartuz, okerrago daudenekin konparatuta kontsolapen aurkitu nahi izango du.
"Nahigabe ainitzetan iragan bizi modua,
halarik ere oraino badut konsolamendua;
gaizkiago zonbait ikusiz, naiago neure gradua,
gainera zeruan sartzeko dut esperantza osua" . (34)
|
Bestela ere, arazo eta eragozpen horiek alboan utzita, ez dira falta lanaren beraren gogortasunari buruzko aipuak. Agian horiexek litzaizkiguke aipurik adierazgarrienetakoak, huts-hutsean ekiten baitiote lanari berari, aparteko ajente eragileak pakean lagata, ahal den neurrian, noski. Paulo Yanzik utzitakoak dira lehenengo hiru aipuak.
"...erriko biziya bat da eta
menditakua bertzia;
egunaz ardiyak zaitu biar ta
baita egosi eltzia;
gabaz ardiyan marraka eta
koiotian irrintzia..." . (35)
|
Horrez gainera, nekezia fisikoa gogoratzen digu eta eguralditik sorturiko eragozpenen mundua.
"... artzaiko lanpidea orretan
zuek ziñatenak jarri,
negu txarretan igarotuaz
amaika estillo gorri,
zenbatekua den neke ori
arraz ez laiteke neurri" . (36)
|
Elurra, hotza eta ahuleria direlarik etsairik okerrenakoak.
"... askotan elurra azpiyan eta
gañetik berriz uriya,
barrena auleriyak artua,
bizkarra berriz bustiya,
ara nolakua den artzai gi-
zajo oriyen biziya" (37)
|
Mendaro Txirristakak beste ildo batetik ekiten dio gaiari eta, umorea guztiz alderatu gabe, Ameriketan emandako eta egindakoen ondorioak dizkigu deskribatzen.
"Onelako gauzarik
ez nuan pentsatzen:
paraje guzietan
nitzan ibiltzen,
beste ezer egin gabe,
neskak kortejatzen;
batek arpegira ôin
ez dit begiratzen;
illia eroitzen,
bizarra zuritzen,
gerriyak okertzen,
indarrak urritzen,
belarriak gortu ta
bista laburtzen" . (38)
|
Mañex Etchamendyk, bertsolari askoz lirikoagoa delako, beste adigarri batzutan ematen digu lanaren gogortasunaren berri, ukitu nostalgikoak bertan toki duelarik.
"Hortakotz diot egia,
zeren den gauza argia,
guretzat dela legia:
aste guzia lanian artzia
irabazteko ogia,
begiratuz zuhurtzia,
iragaiteko bizia,
Aita-amez orroitzia" . (39)
|
Dena den, beharbada Sein Irigoienenak lirateke egoeraren gogortasunari buruz aurkitu ditugun bertsorik latzenetakoak. Historian zehar munduan izan diren jopuen zoriarekin bat egiten du berea, horrela urrikalkorra ikusiz bere zoria eta askapen oihu bilakatuz bere bertsoa.
"Nere aitak munduan
zerbait ekusten du,
zartzean Amerikan
fortuna egin du;
esklaboak bezala
betiko soldadu...
...
nor bere etxean bego
asi gabe onera,
esklabo serbitzeko
gerok aski gera" (40)
|
B.2. Gorputzarekin erlazionatuak
Gorputzarekin erlazionaturiko faktoreak aipatzerakoan, lehenengoz eta orohar hartuta fortuna eza aipatzen digute. Artolarena da bertsoa.
"Pobre, an beste asko
oi diraden gisan
ez naiz portunosoa
Amerikan izan" (41)
|
Baina gauzak oraindik gehiago zehaztuz, jan eza, jarriko digu motiboetako bat bezala. Etxean dagoelarik iragandako urteak gogoratuz egiten du komentaketa.
"... soldatik eztet bañan
badaukat zer jana,
Amerikan prankotan
paltatu zaidana" (42)
|
Juan Jose Arrietak aurreratuko digu hirugarren motibua, aurrekoak bezain garrantzizkoa, gaitzak joa izana.
"... eundik bat etortzen
bada zerbaitekin,
beste geienak bertan
ill dira gaitzakin" (43)
|
Dudarik gabe, osasun eza izango da kontura ekartzen direnen arteko arrazoi guztiz garrantzizkoa. Artolarena da berriro ere bertsoa.
"Bueltan nator urean
diruz ez txit sendo,
eta ez ere nere
osasunaz ondo,
molde onekoa naiz
ontzitik irtengo
ai zer kolpea detan
etxean emango" . (44)
|
Bertako bizimodu gogorra jartzen digute gehien errepikatzen den motibo gisa. Arlo honetan amai ezinak izango lirateke aipuak. Bakan batzuk hartuko ditugu, nabarmenenak, kontutan. Josetxo Yanzik dioenez,
"... oietik aski ez ta
txamizo-zoztorrak;
gorrituk sudurrak
baita're muturrak,
iltzeko beldurrak...
guk baño bizi obia
orko zakurrak!" (45)
|
Zakurrenekin konparatu badu lehengoz bere bizitza, bigarren aipua ez da batere gozoagoa eta metafora guztiz adierazkorrez erakusten digu bere pentsakera.
"... ezin ukatuta
au dago aitortuta,
ai au bizi puta!
gorputza oztuta,
ardiri segi eskuk
bolsan sartuta...
...
begiratuta buelta
guziyan mendiyak,
elur artin ageri
dire arri gorriyak;
gu eskintan jarriyak.
ok dira egiyak,
urrikigarriyak
geu ta animaliyak...
parerikan ez dauka
emengo biziyak!" (46)
|
Azken batez salbajeen moduko bizimodutzat definitzera etorriko da Josetxo Yanzi berea eta berearen antzekoena.
"... sarritan gaude kanpo barruan
oien (basapiztien) orruak aditzen,
salbaje-modura bizi gera,
ezerk ez gaitu izitzen...
esan laiteke geuren biziya
ez degula estimatzen" (47)
|
Txirritak ere izango du zeresanik arlo honetan eta ardo gabeziaren sinboloa erabiliko du gogortasuna adierazteko, eta herrietako jendeekiko harreman eza.
"Naiagatikan oiek bezela
ez dago errez irauten,
denbora askuan bajatu gabe
mendiyan dira egoten;
ango langille jendiak eztu
ardo askorik eraten" (48)
|
Mendaro Txirristakak, goseak eta zorriak medio, oso itxura txarreko ikusten du itzuleran bere burua.
"... gosiak eta zorriya ugari,
errukariya ibillera,
ez nintzan mutill bikaiña etorri
Kilimon errekaldera" (49)
|
Mendaro Txirristakak soldaduska eta gerra garaia jartzen ditu bere gorputzaren aldetiko ezbeharren motibo gisa. Egoera hain larria ez balitz, farregura sortzeko modukoa litzateke.
"Urte milla zortzi eun
noventa y cincuan
oñetiar baten ordez
soldau nintzan juan;
isla de Puerto Rico
ango ospitaltxuan
euki ninduten iltzat
ni deposituan
obserbaziuan;
il bear ez nuan
eta gero Cuba'n
gerrillero gerran
iru urte ta erdi
egin nituan" (50)
|
Eguneroko eginbehar guziak bete beharrean eta gauez lurrean lo egin beharrean jartzen du Mañex Etchamendyk gogortasunaren parametro bat, eguraldia ona naiz txarra, huts egiterik ez duelako hain zuzen.
"Denbora ona eta elurra
ere gertatzen denean,
Zure kozina egiten duzu
gusturik hoberenean.
Egunaz kurri ibili eta
gero gaua jin denean,
Zure ohia prest-presta duzu
berdin lurraren gainean" (51)
|
Bertsolari anonimo batek NATURA ere aurka izateak markatu egiten duela gorputza adieraziko digu.
“ Edurra eta euria
afrontu guztiak
pasatu biar ditu
gure espaldiak..." (52)
|
Guzti horren ondorio gisa, oso plastikoki, Ameriketan ere zakurrak hankutsik ibili behar izaten dutela dio J.R.Zubillagak.
"Ameriketara etorri nai badek, etorri ari, ik nai dekenean, baña emen, or bezela, zakurrak ankutsik zebiltzek. Neri or esan ziraten, emen otzik etzala, baña aurtengo neguan, izotzak nere belarriak oztutzen zizkiak, Bedayon bezala" (53)
Bestela, garbi dago Zezilio Basurkok zerriari ere ez diola opa berea bezalako bizimodurik, zerria ia unibertsalki harrapatzen duen oro jatearen sinbolo izanik ere, batez ere joera ilunen (ezjakina, jangura, lizunkeria, norberekeria) iruditzat jotzen baitugu. Heraklitok ez zuen alferrik idatzi: "Zerriak lokatz eta gorotzetan gozatzen du".
Tibetekoan esistentzian ere esanahi berarekin azaltzen da, bereziki ezjakina adieraziz. Nola ahantzi Itun Berriko parabolan esanahi bera duela zerriei perlak botatze horrek: izpirituaren egiak jasotzeko duin ez denaren sinboloa.
Eletzar grekoetan ere, Zirze aztiak zerri bilakatzen zituen nahigabeko amodioekin etortzen zitzaizkion gizonak.
Khirgui jendeentzako batez ere gaizkiaren sinbolo dira. Halako aberea hartzen du bertsolariak bere bizimodua adierazteko.
"Ondo kostia da emen orain
irabazten den dirua,
egun luzia lanerako ta
beti eguzki berua;
lendik ez nintzan listua baiño
ia galdu zait burua,
txerriai ere ez diot opa
olako bizi-modua" (54)
|
B.3. Sentimenduen munduarekin lotuta daudenak.
Gizon haien sentimendu hautsien munduarekin sartu baino lehen, zera esan beharko genuke, artzaina -gizon haiek, zeinen izkribuak aztertzen ari garen, batez ere artzainak bait ziren- herrialde nomaden tradizioan sinbolismo erlijiosoz kargaturiko figura dela. Jainkoa da Israelgo artzaina (55, 56, 57) , bere artaldea eraman eta zaintzen duena.
Jainkoak ordea, bere agintearen zati bat buruzagi politiko edo erlijiosoan ordezkatzen duenez, bera ere herriaren artzain deituko dute, Jainkoaren ordezkari izatearen zentzu hori inoiz ahantzi gabe.
Horregatik gogoratu egin behar dugu nola lantzen duen beranduko judaismoak sinbolika hau:
- Giza buruzagiak, herrien aingeru zintzo eta gaiztoen ejekutatzaile soilak izango dira
- Artzain-artaldea sinbolismoa ez da dagoeneko Israel eta bere jainkoaren harremanetan geldituko; Jainkoa gizadiaren artzaina da (58)
- Jainkoaren bihotzaren arauerako artzain baten itxaropenak salmoen mesianismoan sartuko gaitu.
Guzti honek artzainaren sinbolismo kristauan sartuko gaitu: "Ni naiz artzain ona...".
Apokalipsiak beste ikuspuntu bat atxekitzen dio, "burnizko makilaz" nazioak zuzentzen dituenarena. (59)
Artzaina, euskal artzain migralaria (Domingo Agirreren "Garoa" aztertuz gero) guzti hori da; intuiziozko eta esperimentuzko jakituria duen gizona. Zelatari, erne, dena ikusten du. Horregatik konpara dezakegu dena ikusten duen eguzkiarekin eta erregerekin.
Horrekin batera, nomadaren sinbolo da, errorik gabe mundu honetan atzerritar dabilena. Artzainak zerua eta lurra ezagutzen duenez, babestu egiten du artaldea etsai guztietatik. Artzain jakintsua, bere jakituria kontenplaziotik eta barneko ikuskizunetik atera duena.
Beraz, bada, esan dezagun migralari dabilen gizon horrek salduta ikusten duela bere burua, Mikaela Zarramak dion bezala.
"...bere itzen erdirik
kunplitu ez due,
barku ontako jendea
joan da saldue" (60)
|
Horren ondorio lez, eta Zarramaren beraren hitzetan, anparorik gabe aurkitzen da.
"... aruntz allegatu ta
anparorikan ez,
beren amets guzia
irtenik alrebes..." (61)
|
Baina Juan J. Arrietak jartzen gaitu, sentimenduen arloan, punturik larrienean, migralaria "inoren mendian" aurkitzen dela esaten digunean.
Metafora patetiko bihurtzen du, berarekin daraman sinbologia zama izugarria kontutan hartzen badugu: garaierarena alde batatik, erdigunearena bestetik. Garaia denez, bertikala eta zerutik hurbila, traszendentziaren sinbolismotik partaidetzen duelarik; hierofania atmosferikoen eta teofania askoren erdigune bezala, agerpenaren sinbolismoa hartzen du. Horrelakoa zeruen eta lurraren arteko topaketa da, Jainkoen egoitza, giza igoeraren helmuga. Goitik ikusita, bertikal baten puntu gisa agertzen da: munduaren erdigune; behetik ikusita, bertikal baten marra bezala, munduaren ardatza eta igo behar den mazela une berean.
Baina mendiak, egonkortasun eta garbitasun zentzua ere hartzen du. Hastapenetako mendi kosmikoaren sinbolismo mitologikoak oihartzun nahiko isilak ditu Itun Zaharrean. Gotorlekuen antzeko mendi garaiak ziurtasunaren sinbolo dira. (62)
Garizin mendiari "munduaren zilbor" (63) deituko zaio eta mendi zaharrak (64) "Jainkoaren mendiak" paradisuko mendiarekin loturiko Jainkoaren mendiari buruzko espekulazioak dira. Eta azken ideia hau Genesisen errelatoan aurkitzen ez bada ere, maiz azaltzen da beranduko judaismoaren idaztietan.
Baina sinboloak, egokitzearen prezioa ordaindu ondoren, judutarren erlijioaren bihotzean aurkitzen du bere tokia. Hastapeneko mendi jainkotiarraren ondorengo, mendiak Jainkoaren presentzia eta hurbiltasuna sinbolizatzen du; Sinain ematen den errebelazioa edo mendi gaineko Isaaken sakrifizioa. Eliasek karmel mendian otoitz egin ondoren lortzen du euriaren miraria (65) eta Horeb mendian agertzen zaio Jainkoa. (66) Dudarik gabe, judutarren apokalipsiek ugaritu egiten dituzte mendi gaineko teofaniak eta ikuskariak. Ildo horretatik jotzen du ere Itun Berriko Jesusen iharduerak.
Baina mendiak badu beste zentzu bat, alboratu ezin duguna: Jainkoaren omnipresentziatik ihes egin ezin duten gizonen haundinahikeriaren sinbolo bait dira. Kulto paganoak mendi gainetan egiten zirenez, judaismoak eta lehen kristautasunak mendien berdintzea espero izango dute. Munduaren amaiak mendien berdintzea eskatuko du lehenik.
Hauxe da, beraz, sinboloaren alde bikoitza, Jainkoa gailurretan komunikatzen da baina gizonak bere burua eta idoloak gurtzeko igotzen dituen mendiak erorketaren zantzu gertatuko dira.
Eta, esanahi boteretsu hauen erdian, artzain migralaria, non dagoen ez dakielarik!
"... aruntz allegatu ta
iñoren mendian
gelditutzen dirade
despreziyo bian" (67)
|
Horrela sorturiko egoera tamalgarriak, zoritxarra izango du izen, Bautista Galarregik aurkezten duen moduan.
"... sei urte dira lendabiziko
patata nuela senbratu,
arrezkeroztik galduan nabil,
irabazik ez det artu,
dudarik ez da, zoritxar orrek
neretzat neurririk eztu" . (68)
|
Utziak, abandonatuak izatearen sentimendu hori agertuko da edonon, ezerezaren ondorengo izatearena. Sentimendu hau ia bertsolari migralari guztiengan somatzen da. Nola Zubillagarengan:
"...aipatutako gelan bizi giñan bada, errementari bat eta iru zurgin, ta geroxeago, Ansorenak egun batzuk igarotzeko gure gelan ekarri zigun mutil Austriar bat. Oni etzizaion ezer kobratu" (69)
"Basarrian udazkenean gaztañak pertzean egosten diran bezala, guk alaxen egosten giñuzen patatak eta, aiek eta ogia janez, aski genuen beste ezertxo ere jan gabe" (70)
"Bizi giñan gelan ez genun mairik ta alkirik geron otordua egiteko. Oatzeko ertzea geiegi zan geron bazkari-apariak jateko" (71)
Hala Mañex Etchamendyrengan:
"Zuen ganik urruntzea
zonbat etzeraut gostatzen,
Gutiak dire hemengo
bizi moldeaz gustatzen!
Nik ere hunat jiteaz
ez zaituztet ez sustatzen" (72)
|
edo Juan J. Arrietarengan:
"Postura orretan bizi
dira Ameriketan,
mantenduko badira
guztizko penetan;
gaitzik bada anparua
dute hospitaletan;
ogeitatik amasei
iltzen dira bertan" (73)
|
Zezilio Basurkoren testigantza bera ez da askoz xamurragoa. Bere ustez Ameriketako esperientzia ezagutu arte ia ezinezkoa da benetazko bizimodu latz eta gogorra zer den jakitea.
"Geroko penak ekartzen ditu
aita ta ama uztiak,
bizi-modua zer dan guk emen
ikasten degu gaztiak..." (74)
|
Kuriosoki, ordea, errua ez dio beste inori egozten, bere buruari baizik; hau da, etorri izatean bertan datza kalamitatearen erroa eta errua.
"... neronen faltaz badaukat orain
emen bizitza tristia" (75)
|
Bautista Galarregik tonuera ia milenarista ematen dio bere sentimenduen egoerari, munduaren, beharbada mundu pertsonalaren amaian bailitzan.
"Beste asko ere arkitzen dira
emen nere inguruan,
beti lanian ta beti pobre
errukitzeko moduan;
lenago ere ikusten ziran
pobriak beti munduan,
baña sekula ez da gertatu
pasatzen dana orainguan,
zarrenak ere esaten dute
ez daukatela goguan". (76)
|
Halako bizitzak ezer gutxi balio duela esango digu Jose Mari Mendiburuk, ez duela merezi horrela bizitzeak. Konparazio baterako, otsoa eta hartzaren irudia ekartzen du, basakeriaren, ankerkeriaren eta bakardade izugarriaren sinbolo bezala, hoiek baitira, bere ustez, artzaiaren bizimoduarekin konpara daitezkeen sentimenduak. Baina otsoak, ankerkeriaren itxura deabruzko horrekin batera, zenbait kulturatan, argiaren sinboloa ere hartu du. Ez dugu ahaztu behar. Orduan eguzkiaren sinboloa hartzen du. Horregatik ezarri zuten mongoliarrek Gengis Khanen arbasoen artean. Txinako mitologian ere otso zerutiarra, Sirius izarra, izango da jauregi zerutiarraren, Hartza Haundiaren, zaindari. Beharbada, zaindari izate horrek eman dio itxura ikaragarri hori, gaizki neurtutako indarrarena.
Borrokarako duen indarrak herri askorentzako alegoria bilakatu du eta "ni naiz otso bakartia, lurralde askotan nabil", dio Ipar Ameriketako lautadetako kantu batek. Herri horientzat, poesia turkiar eta mongoliarrean ezartzen zaizkion metaforekin azaltzen da: otso urdina argi uranikoaren, tximistaren kratofonia da.
Horrekin batera, badu -zakurrak bezala- zeregin sikoponpoa. Gogoratu besterik ez dugu R. Cailloisek eta J.C. Lambertek (77) erakusten diguten kantu errumaniarra.
"Zure aurrean azalduko da
oraindik otsoa...
...
Hartzazu anaia bezala
berak ezagutzen baitu
basoetako ordena;
Berak eramango zaitu
bide errazetik
Erregeren seme batengana,
Paradisura" (78)
|
Baina Txanogorritxoren interpretapen posible baten arauera, ezin dugu ukatu lehen aitatu dugun otsoaren herio kosmikoaren sinboloa: astroak iresten baitituzte, eguzkia jaten duen ertamerikako jaguarrak bezala. Hala dio Mendiburuk:
"Beatzak legun eta
tristura biotzak,
arras guti balio'ik
olako bizitzak;
batian sobra bero
ta bertzian otzak,
gau ta egun bakarrik,
oiek gauza latzak,
ola bizitzen dire
otso eta artzak" (79)
|
Beharbada, berriro Basurkoren aitormenengana itzuli beharko genuke arlo hontako ikuspegi mindu, ilunena ikusi ahal izateko. Bizitzaren errekorridoa egin eta bere bizkarrean hartzen baititu gertatutakoaren sustraiak, ongi irabazitako gisa hartzera iritsi arte. Halere basatiki gogorra iruditzen zaigu bere burua piztigaiztoen parean jartzea. Agian bere egoera pertsonalaren islada bezala, esperientzia zuzenetik jasotako sinboloa.
Abereak, basapiztiak, printzipioen, indar kosmikoen, material nahiz espiritualen, sinboloak dira. Horregatik ukitzen dituzte unibertsoaren hiru mailak: infernua, lurra, zerua. Adibidez, mayen sinbologiak betagin izugarrizko krokodilo bat erakusten digu, ilunabarreko eguzkia iresten duela.
Victor Hugok, bestalde, ezin hobeto asimilatu du animaliaren sinbolismoa "La légende des Siècles" liburuan, basaberea bilakatuz gauza ororen lehen seme, Kaosaren emankortasunaren gehiegikeria, hitza baino lehen orroaka egon den infinitoaren senar.
"Poztu zaitez, Jainko, egizu amets aberea ikustean!
Ez baita eguna, ezta ere gaitza.
Lurraren indar ilun eta definigaitza
basaberean dago, ernari izugarri eta bakartia". (80)
|
Ametsetan eta artelanetan maiz agertzen diren abereek gizonaren identifikapen partzialak osatzen dituzte, bere izakera konplejoaren irudiak, bere pultsio sakonenen ispiluak, beren instinto hezitu edo basatienak. Migralariak inork baino hobeto daki zein arriskutsua izan daitekeen aberea pertsonarekin guztiz identifikatzen ez denean.
"... ez etortzeko esanagaitik
ez dirate galerazi
entzun txarreko pizti gaiztuak
ez du besterik merezi" (81)
|
Gainera, gurasoekiko harremanen ildoari eutsiz, migralaria bere egoeraren jakinean dago, halako sentimenduen dikotomia gertatzen dela, gurasoen aldetik uste izanarena eta atzerrian daudenen aldetik errealitatearena. Arrietak emango dio ahots sentimendu bikoitz horri.
"Utzirik aita ta amen
kariño gozuak,
dijuaz pasatzera
tratu penosuak;
esperantzetan bizi
dira gurasuak;
alibiyo ederra
ez dute gaxuak" (82)
|
Agian, migralariak izateagatik, hizkuntza ongi ez menperatzeegatik ridikulizatu egiten baitituzte euskaldunak, parregarri bihurtu, Zubillagaren bi testu hauek ongi erakusten duten bezala.
"Garai batean Tolosar batzuk baserritarrai irri egiten zieten bezelaxen, Argentinan ere gauza ber-bera gertatzen zitzaigun baserritar euskaldunoi, erderaz ain oker mintzatzen giñalako. Onela zioten: "Sí, sí: Mecanicó, dijo el vasco". Emen dijoa bestea: "El vasco le dijo al burro: Sí, sí, de sabiduría me ganarás, pero no en fuerza". Ta beste bat, ludi guziak dakiena: "Vasco, cabeza dura, sí, si" . (83)
Gure artean astoaren irudiak duen sinbologiari buruz ari da dudarik gabe Zubillaga, hain zuzen ere ezjakinaren sinbolo gisa azaldu zaigulako astoa mendeetan zehar. Eta iluntasunarena, joera satanikoena. Horrela ikusita, badu zerbait amankomenean Judeako eta beste zenbait lurraldetako pentsakizunarekin, bertan jainko gaiztoen garrailari gisa aritzen baita, batez ere Nairrita, hildakoen erresumako zaintzailearena. Ejipton bertan ere, asto gorria da arimak post-mortem burutu behar duen bidairako etsairik okerrena.
Bestalde, eta ildo beretik jarraituz, ismaeldarren esoterismoan, Dajjalen astoa ezjakinaren eta engainuaren hedakundea da, barneko ikuspegiari garapena uzten ez dion literalismoarena.
Horrela ikusten dutenak, ildo beretik jotzen dute astoek Nazareteko Jesusen bizitzan jokatzen duten rola. Belengo estalpeko astoaren eta idiaren presentziak alde batetik ongiaren (idia) eta gaitzaren (astoa) arteko borroka argitu nahiko luke eta gauza bera pasio bezperan Jesus Jerusalenen sartu zeneko historiak.
Sarritan, beste zenbait kulturatan ere (gogoratu besterik ez dugu Apuleyoren "Urrezko Astoa" edo "Metamorfosiak") gizonaren arlo instintiboaren ordezkari gisa agertzen zaigu, arlo erabat lurreko eta sentsualean burutzen den bizitzarena. Horren arauera, errenazimenduko arteak astoaren gorputz atalekin aurkeztu nahi izan ditu arimaren egoerak: monjearen adore-eza izpirituala, depresio morala, nagikeria, inozokeria, burugogorkeria, zentzurik gabeko esanekotasuna...
Beste muturrean, halere, zenbait tradiziotan abere sagaratu gisa azaltzen zaigu. Adibidez, rol guztiz garrantzizkoa jokatzen du Apoloren kultuetan: Delfosen sakrifizio gisa eskaintzen zituzten. Dionisosen sehaska bera asto batek garraiatzen zuen.
Eta, sinbolismoari bira osoa emanez, klabe kristauetan, apaltasunaren eta humilapenaren sinbolo azalduko zaigu. Richard de Saint -Victor-ek zera dio, gizonak eredutzat hartu behar duela astoari ematen zaion zentzua, apaltasuneranzko bidaia egitearren. Zentzu horretan hartzen da Jesusen bizitzarekin duen zerikusia: pakea, pobrezia, apaltasuna, pazientzia, kuraia... guzti hori astoarekin lotuta gelditzen da eta, horregatik, ez da harritzekoa Itun Zaharrean Samuel galdutako astoen bila abiatzea eta asto batek Balaani Yahvehren aingeruaren berri ematea. Itun Berrian, berriz, Joxek asto baten gainean eramango ditu Jesus eta Maria Ejiptorantz eta Jesusek astoaren gainean burutuko du Jerusalenen eginiko aintzazko sarrera.
Beraz, astoaren pare jarritako migralari euskalduna. Zubillagak berak dioenaren arauera, gainera, nahiko normaltzat jo daiteke halako jarrera.
"Bai, alako galdera eginda, nahiko parra egin izan baziraten ere, ez nintzan bada izango aurrenengo euskalduna, irri egin zitzaiona" . (84)
Baina amets hautsien munduko zergatien artean, dudarik gabe, hurrengo hau jo genezake erabakiorren gisa.
B.4. Bakardadearen eztena oinarrian dutenak.
Bakardadea, bakardade gorria. Ez dago migralaririk horretaz kexu ez denik. Bertsoak ere orduantxe jotzen du bere punturik gorenena normalean, gehien kezkatzen gaituen gaiarekin gertatzen zaigunean bezala.
Josetxo Yanzik horrela ikusten zuen:
"Mendiyan jartzen garelik
bakar-bakarrikan,
bakar-bakarrikan,
tristura beti biotzin,
pozik ez iñundikan,
esanaz: "Ola ez laike bizi,
guazen emendikan,
guazen emendikan!" (85)
|
Etsai gisa joko du David Aranburuk.
"Artzaiak duen gauzik txarrena:
mendi mortuan gaudela
egunak iñor ikusi gabe
animaliyak bezela..." (86)
|
Edo Leon Bereauek:
"Uda aldian mendi aldera
eldu gera berririk,
sei bat illaute urbilduxia
egon bearra bakarrik,
txakurra eta zaldiya arekin
ezta beste lagunarik...
garaia orretan aski luziak
dira eguna orik" (87)
|
Azken batez, desertuaren esperientzia. Berriro ere Esterenzubiko bertsolari haundia izango da artzaien esperientziarik ia garrantzitsuenari hainako definizioa emango diona.
Etchamendy gauaren minean gelditu da desertu batean, hastapenetako bereiztapen eza eta errealitatea ezkutatzen den azaleko hedadura izugarria adierazten dituen desertuan.
Desertura abiatu den artzainak, bertan bizi denak, arazo ugari gainditu beharko ditu bertan datzan esentzia aurkitu ahal izateko. Esoterismo ismaeldarrean esaten zaigun bezala, alde batetik kanpoko izakera ezkutua nabaritu gabe zeharkatzen dena, "martxoko gauaren minean". Baina, bestetik, Richard de Saint Victorek erakusten duen bezala, desertua barne bizitzaren bihotza da.
Etchamendyk aipatzen digun desertu hau, Nevadako desertu erreal eta egiazkoa, beharbada Bibliako eta literaturako sinbolorik garrantzizkoenen artean har dezakegu. Eta, agian, Etchamendyk berak, azkenean, terminoari aurkitu dio irtenbide iradokikorrena, hots, zirkunstantziak ez direla inoiz Jainkoa baino indartsuagoak izan eta desertuko esperientzia bera horrela har daitekeela, herriak, gizonak Jainkoagan bakarrik uste on izan dezakeen une gisa.
Esterenzubiko bertsolariak mila bidez adierazi diguna: bakardade izugarri honen sinboloa bikoitza dela: alde batetik Jainkorik gabeko antzutasuna; bestetik, Jainkoarekin dugun emankortasuna, berari bakarrik zor zaiona.
"Norte Ameriketako
eskualde batean
mendiz-mendi nabila
artalde artean.
Martxo ilabeteko
gauaren miñean
apur bat gelditzen naiz
desertu batean" (88)
|
Beste bertsolari batek, anonimoa kasu honetan, ematen digu bakardadearen bigarren sinboloa, bakardadea pertsonaren itzal eza gisa definitzen baitu. Pertsonaren itzalaren irritsetan dago bertsolari anonimoa, hain da latza mendi mortuetako bakardadea.
Itzala, ez produzitu ez orientatzen dena, berez ez esistentziarik ez legerik ez duena baita Lietserentzat ekitaldi ororen sinbolo, espontaneitatean aurkitzen duelako bere egiazko iturburua.
Asko dira itzala izakien eta pertsonen bigarren natura gisa jotzen dutenak, heriotzarekin lotu ahal izateko sarritan.
Hego Ameriketako yakutoentzat itzala pertsonaren hiru arimetako bat da; guztiz errespetatua; haurrek ezin dute ez jokatu itzalarekin, ez beste baten itzal gainean ibili.
Bere arima deabruari saldu dion gizonak galdu egiten du bere itzala eta nolabait dagoeneko ez dela esistitzen esan nahi du, arima bezala bederen; ez du itzalik ere, ez baitu izakerarik.
Horrela ikusten du, irudi dramatiko horretan, migralariak bere burua, izakerarik gabeko zerbait gisa, lagunaren presentzia jan dion bakardadearen bihotzean.
"Bakarta andiagaz
neguko otzetan
egon biarko degu
mendi mortuetan;
personian sonbria
illian birritan
ikusiko bagendu
gagoz gu pentsetan" (89)
|
Jose Mari Mendiburuk berriro ere guztiz grafikoki isladatzen digun bezala, abereena baino latzagoa baita euskal artzai migralariaren bakardadea.
"Ardi oiengatik
ni mendian nago,
aziendak baño
aunitz makurrago;
oiek launek baituzte,
ni bakarrik nago,
au erran izan dat
nik iri lenago:
zer poza ar nezaken
sor-lekuan banago" (90)
|
Horrela joko dugu amets hautsien munduko bosgarren zergatien multzora.
B. 5. Jarrera etikotik sorturikoak.
Pello Errotak bere ihardueraren hasieratik deiadarkatzen digu nolabaiteko ezadostesuna dagoela, batez ere arlo etiko eta moralean, Euskal Herritik emandako ereduen eta Ameriketan aurkitutakoen artean. Sarri gertatu ohi denez, ohituren mundua hartzen da ezadostasun horren erakustoki lez. Pello Errotak ere hala egiten du.
"Jaya zelebratutzen
dute arratsaldian,
lana egiten dute
eguerdi artian;
gero pikardiyara
mezaren ordian,
orra Amerikako
kontuak zer dian"(91)
|
Ezadostasun horren parametroak jartzean Elizarekiko jarrera izango da lehena. Agian XII. mendeko Hildegard Bringeneko alemandarraren ikuskarietara jo beharko genuke Pello Errotak elizari buruz dioena ahalik eta hobekien adierazteko, Pello Errotak ez baitu eraikuntza soilik ikusten, harrien barnean dagoen sinbologia guztia baizik.
"Hiriaren antza duen emakume izugarri baten irudia, ikusi dut. Koroe zoragarria zeraman buru gainean. Bere besoetatik zerutik lurrera jotzen zuten aintza-izpiak jaisten ziren; mila mailatako sarea zirudien bere sabelak eta bertatik milaka pertsona irteten eta sartzen ziren.
Argitasunez jantzita zirudien baina bere jantziak bereiztea guztiz ezinezkoa zen. Bere bular ondoan egunsenti diztiratsu batek su gorriak sortarazten zituen eta kantu batzuk egunsentiaren kanta ospatzen zuten. Bere aintza soineko gisa zabaldu zuenean "ama izan behar dut" esan zuen. Berehala agertu ziren aingeruak eta gizonentzako tokiak prestatzen hasi ziren; haur beltz batzuk lurretik zihoazen, beste batzuk airean igerika, arrainak bailiran. Emakumeak berarengana errestatzen zituen eta bere ahotik irteten ziren. Bapatean sugarra bezain aurpegi diztirakordun gizona azaldu zen, haurren soineko beltza erauzi eta txuriz jantzi zituen".
Dudarik gabe, Pello Errotarentzat Elizak Jerusalem berria sinbolizatzen du, hautatuen erreinua, paradisuko Eliza, mikrokosmosa eta giza arima Durand Mendekoak(92) zioen bezala. Edo Jainkoaren Herria, Achred de Rievaulx-en hitzetan.
Pello Errotak ongi ikusi zuen bezala, "kristauen Ama" izanik, amaren sinbologia osoa aplika geniezaioke.
"Ikusitzen banaute
sartutzen elizan,
atzetikan burlaka
txoratu al naizan,
nik berdin korritzen det
lenagoko gisan,
baita segituko 're
ez bildurrik izan"(93)
|
Aitortza ikusiko du jarrera etikoen arloko bigarren gatazka iturri gisa. Badirudi Pello Errotak aintzineko "meza gehi konfesiyoa" hartzen duela aintzakotzat. "oi t'amairu urte ontan konfesatu gabiak..." Pello Errotak ez du batere garbi ikusten Ameriketara joandako asko eta askoren portaera erlijiosoa, ezta bertakoena ere. Pello Errotaren aitortzari buruzko ikuspegiak aitortzaren zentzu kristaua dauka erraietan, garbitasun, purifikapen behar sakona.
Aitortza, ordea, ez da beti zentzu berean ikusia izan. Ejipziarren artean, adibidez, Hildakoen Liburuak eta beste zenbait testuk aitortza-eredu ugari aurkezten digute. Ia beti forma negatiboa hartzen dute, hildakoak egin ez dituen pekatu guztiak adieraziz. Beraz, psikostasian ematen den galdaketak ez du erruduntasun eta damu deklaraziorik lortu nahi.
Aldiz, hildakoak zera adierazten du, ez duela moralaren kontrako lege erritualen aurkako krimenik burutu; ondoren, bete dituen lege moralaren zerrenda luzeari ekiten diote. Beraz, zera ematen du, hildakoak galdera hau egiten diela epaileei: "Konponduko al zinatekete egin dudan gaizkia zuon Jainko horri ez helerazten?"
Azken batez, pentsakera sakon baten aurrean gaude: hildakoak, bere kontzientziak ziurtatzen diona besterik ez du gorde nahi berekiko? Beraz, arbuiatzen duena ez du berea bezela jotzen; ez du berarekin eternitatera eraman nahi.
Aitortza, berak testamentu gisa gizonei eta jainkoei utzi nahi dien bere irudia da.
Beharbada, Pello Errota ez dabil hortik oso urruti. Berak ere migralari orok bezala, bere irudia utzi nahi dio geroari. Bitartekoak, aldiz, guztiz ezberdinak dira. Kristau tradizioan oinarrituta, norberaren erruen adierazpena izango da pekataria askatuko duena, Esaeren liburuak zioen bezala.
"Bere erruak ezkutatzen dituenak ez du ezer lortuko. Behin ezagutu eta gero uko egiten dienak barkamena lortuko du" (94)
Hala ere, ejipziarren artean bezala, jainkoaren legeari izan zaion zintzotasuna ez dago erabat baztertuta.
"Benetan, Yahveh, ez al dizut ahalik eta hobekien zerbitzatu etsaiaren larrialdian bera alde zuri otoitz eginaz?" (95)
Baina, orohar, publikoki hotsegin beharra dago errua, eta sakrifizio baten bitartez ordaindua, Lebitiko 5.5n ikusten den bezala.
Aztekek, aldiz, beren pekatuak bizitzan behin aitortzeko eskubidea zeukaten eta aitortza honek garbitu egiten zizkien beren erruak bai bizitza hontan gizonen aurrean bai post mortem jainkoen aurrean. Bitxia bada ere, Tlazolteotl, lujuriaren jainkosari egiten zitzaion aitortza eta horregatik deitzen zitzaion izen horrekin: "zaborrak jaten dituena". Jainkosa bera zen, beraz, irrits makurrenak inspiratzen zituena eta berau barkatzen dituena.
Hau dio Pello Errotak, kristau tradizioan oinarrituta.
"Aitatutzen badet nik
konfesiyorikan
danak ibiltzen naute
ito bearrikan,
apaizak ez daukate
ortantxe lanikan,
gutxi ikusten ditut
joaten diranikan"(96)
|
Guzti hori, hain zuzen, "Jainkoa berdin jabe" ekuazioa aurkeztu ondoren Jainkotasunari buruzko ideia zehatza aurreratzen digulako, beharbada talka etiko horren oinarrian egongo dena.
Egia da gure lan honen laugarren atal osoa eman diogula arlo honi baina guztiz garrantzizkoa deritzaigu Pello Errotak eta beste migralariek, Ameriketan dauden bitartean, Jainkoa nola ikusten duten adieraztea, momentu puntualetan bada ere.
Lurreko enigma guztiak argitu eta kosmoseko belo guztiak eroriko balira ere, Jainkoak ez luke galduko bere haunditasunik. Bere izakera ezin da deskribatu espazioan eta denboran: guretzat haundia da eta ezezaguna. Eta, halere, migralariek bene benetan sinesten dute posible dela aurpegi eta izen ezkutuko hori bere lagunei agertzea.
Dudarik ez, guk ezin dugu gure zentzukiez neurtu bere haunditasuna eta gure adimenaz ez dugu inoiz ulertuko "ezezaguna"; baina susma dezakegu Jainkozkoa dena eta, zentzu sinboliko batetan, somatu ere, zera gogoratuz: adierazpen aberrantean izan arren, baieztapen erlijioso ororen atzetik "nia absolutuan ainguratu nahia" dagoela, Dietrich Bonhoeffer-ek zioen bezala.
Hontan zertxobait sakontzeko Buda eta Kristoren arteko konparaketa egin nahi genuke, bertsolariek barruraino nola jo zuten erakusteko. Sarri, Budaren argitasun izugarri honek liluratu egiten gaitu. Hala ere, bere irudiak badu itzal ertza, Kristorekin konparatu ondoren garbiago geldituko dena. Buda munduaren gainetik dago; Kristo, munduan. Budak, min eta ezbehar guztiak ikusten ditu; baina bere aurpegiak minatik ihes egin nahi du, ez du miseria ikusi nahi, Kristok, alderantziz, ez du sofrimendutik ihes egiten; munduko min guztiak jasan ondoren, humilapenik sakonena onartzen du, gizadia askatu ahal izateko.
Inor ez litzateke ausartuko Buda arantzezko koroe batekin margotzen, bere oin eta eskuak gurutzeari josita. Budak bere burua askatu egiten du lurreko eta materiala den orotik; bere bizitzako pausorik garrantzizkoenak, bere jarraitzaileentzat eredu denak, nirvanara eramaten du. Kristo, aldiz, sorkarien mundura jaisten da bere haragitzearen bitartez, gurutzea sorbaldan hartu eta horrela adierazten du jainkozko hastapenera birgaramatzakeen bidea. Kristogan fenomeno guztiek Jainkoa ikustea ahalegintzen digute; beragan den dena argitzen da eta horregatik esan dezake: Ni naiz munduaren argia, bizitzaren ogia, egiazko mahatsondoa, atea eta bidea, sustraia eta goizeko izarra. Honela adierazten zuen Fiedrich Rückert poetak:
"Eguzkitik izpi aunitz lurrerantz abiatzen diren
bezala,
horrela jotzen du Jainkoagandik izpi batek
gauza ororen bihotzera.
Izpi horretan Jainkoarekin bat egiten da gauza
bakoitza
eta bakoitza sentitzen da Jainkoagandik
sortua..."(97)
|
Bere modura, honela dio, aldiz, Pello Errotak:
"Oi t'amairu urte ontan
konfesatu gabiak
Pellok ikusi ditu
atso ta aguriak,
zer ikasiko dute
ayen landariak?
Erremedi ditzala
guztiyon Jabiak" (98)
|
Beste arlo guztiak, enbor honetatik sorturiko adarrak direla esango genuke, ohiturei buruz ari direnak ere bizitzari buruzko ikuspegi erlijiosotik sortuak baitira. J.R. Zubillagak adibidez, honela dio:
"On Blas Jaunak Amerikatik eraman zuen berria auxe zan: "Ameriketan ez da aipatzen mundu ontako eta diru izkuntza besterikan. An ezta kristautasunik maite izaten Euskalerrian bezela" (99)
Nikolas Lujanbiok gazteen munduan murgildu eta beraien eguneroko jarreren berri ematen digu, arlo erlijiosoan ezertarako erreparatu gabe. Dena dela, hau ezin da hain borobilki esan, azken batez gure migralarientzat zintzotasuna eta umiltasuna kristau hezkuntza eredu ezpezifiko baten fruituak izango baitira.
"Asko ikusten dira
oraingo mutillak
atorrante aundiyak
eta kajetillak,
izaten duten piska
gastatzen abillak;
oso banakak dira
zintzo ta umillak" (10)
|
Badirudi lana, lanerako zaletasuna, nolabaiteko arlo mistikora eraman dela urteetan zehar gure Herri honetan. Ez zigor gisa hartutako lana, paradisuko mitoarekin lot genezakeena, baizik gizonaren giza iharduerarekin lotuko genukeena, munduaren eta historiaren bilakaketa positibo batetara bultza gintzakeena; bizitza egitasmo gisa hartu eta egitasmo horren burutzera gonbidatzen gaituena. Eta eginkizun honek bere eguneroko arlo apalenean hartuta ere, prestakizun bat eskatzen digu, talante bat.
Paulo Yanzik ez du tenore hori ikusten gazte asko eta askorengan.
"Esan dezute nola zaudeten
oraindik beintzat erriyan
jan ta edan naikua egiñez?
ta aspertu arte oyian;
galderikan azaltzen ezpada
bertan igual eguerdiyan,
gero bazter guziyak iretxi
janikan bada mayian,
ez dakit orla izango zaten
artzai juatian mendiyan" (101)
|
Hurrengo bertsoan ere alperkeriaren aurkako deikuna egiten du bertsolari berak, nolabait alperkeriaren ondorioak zeintzu izan daitezkeen adieraziz:
"... zuekiñ zer pasatu biar duen
osaba zarrak badaki:
illundu orduko oiera juanta
loz ase arte ez jaiki...
koiote oiek izango dute
zuengatik naiko jai" (102)
|
Halere, Nikolas Lujanbiok onartzen du behin Ameriketara etorriz gero zenbait erizpide eta jarrera etiko alda daitezkeela, egokitu daitezkeela, eta horrela gertatzen dela, egoeraren-moralitate baten barruan sartzen direlarik.
"gure etxian kostunbre txarrak
beñere ez dira izan;
gaur Argentinan aurkitutzen naiz,
nonbait ala komeni zan" (103)
|
Oharrak:
1 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 103. orr.
2 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 157. orr.
3 Ibidem, 166. orr.
4 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 111. orr.
5 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 104. orr.
6 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 147. orr.
7 Ibidem, 155-156. orr.
8 Ibidem, 157. orr.
9 Ibidem, 158-159. orr.
10 Ibidem, 160. orr.
11 Ibidem, 160. orr.
12 Ibidem, 161. orr.
13 Ibidem, 124-125. orr.
14 Ibidem, 123. orr.
15 Ibidem, 126. orr.
16 Ibidem, 139. orr.
17 Ibidem, 196. orr.
18 Ibidem, 200. orr.
19 Ibidem, 200. orr.
20 Ibidem, 227. orr.
21 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 80. orr.
22 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 67. orr.
23 Ibidem, 68. orr.
24 Ibidem, 69. orr.
25 BEEN, Gottfried: Epilog, 1949
26 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 71. orr.
27 Ibidem, 72. orr.
28 Ibidem, 113. orr.
29 Ibidem, 112. orr.
30 ARROSAGARAY, J.C.: California-tik kantuz, 1983 Don., 26. orr.
31 Ibidem, 31. orr.
32 Ibidem, 39. orr.
33 Ibidem, 52. orr.
34 Ibidem, 53. orr.
35 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 126. orr.
36 Ibidem, 128. orr.
37 Ibidem, 129.orr.
38 ZAVALA, A.: Op. cit. (1974), 41. orr.
39 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 31. orr.
40 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 17-18. orr.
41 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 103. orr.
42 Ibidem, 103. orr.
43 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 48. orr.
44 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 105. orr.
45 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 251. orr
46 Ibidem, 252. orr.
47 Ibidem, 253. orr.
48 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 42. orr.
49 ZAVALA, A.: Op. cit. (1974) 31. orr.
50 Ibidem, 40. orr.
51 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972) 225. orr.
52 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 81. orr.
53 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 87. orr.
54 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 105. orr.
55 Dabid 23-1
56 Isaias 40,11
57 Jeremias 31,10
58 1. Enok 89
59 Eclo. 18,13
60 Apok. 2,27; 12,5; 19,15 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984) 44. orr.
61 Ibidem, 49. orr.
62 Salmo 30, 8
63 Epail 9,37
64 Gen 49,26
65 Salmo 36 eta 38; Isaias 14,22; Ezek. 28, 11-19
66 1 Erreg. 18,42
67 1. Erreg. 18,42
68 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 48. orr.
69 Ibidem, 110. orr.
70 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 132. orr.
71 Ibidem, 132. orr.
72 Ibidem, 132. orr.
73 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 45. orr.
74 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 48. orr.
75 Ibidem, 104. orr.
76 Ibidem, 105. orr.
77 Ibidem, 110. orr.
78 CAILLOISE, R. eta LAMBERT, J.C.: Trésor de la poésie miverselle, Paris 1958
79 CAILLOISE, R. eta LANBERT, J.C.: Trésor de la poésie miverselle", Paris 1958.
80 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 119. orr.
81 HUGO, Victor: La Légende des siècles. Nelson, Ed. Paris, 1900.
82 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 106. orr.
83 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 49. orr.
84 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 178. orr.
85 Ibidem, 181. orr. ZAVALA, A.: Op. cit. (1968),
86 Ibidem, 284
87 Ibidem, 295. orr.
88 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 81. orr.
89 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 80. orr.
90 Ibidem, 118. orr.
91 ZAVALA, A.: Op. cit. (1963), 126. orr.
92 Grom, 80
93 ZAVALA, A.: Op. cit. (1963), 127. orr.
94 Esaer. 28,13
95 Jerem. 15, 11
96 ZAVALA, A.: Op. cit. (1963), 127. orr.
97 RÜCKERT, F.: Weisheit der Brahmanen
98 ZAVALA, A.: Op. cit. (1963), 127. orr.
99 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 251. orr.
100 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968) 88. orr.
101 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 125. orr.
102 Ibidem, 126. orr.
103 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 76. orr.
|