C. ZENBAIT FAKTORE ERAGILE
Beharbada zergatien munduan zuten euren tokia orain aztertzera goazen puntu hauek, baina apika, neurri batetan behintzat, besteak baino eraginkorragoak izan direlakoan edo, aparte aztertu nahi izan ditugu. Alde batetik, oso gutxitan aztertu izan direlako eta, bestetik, beraiei buruz jaso ahal izan dugun dokumentazioa, laburra izan arren, esanguratsua dela uste dugulako. Hain zuzen ere, hiru dira landuko ditugun arloak: sexuarekiko ikuspegia; bizitzaren iragankortasunari buruzkoa eta hizkuntzaren aldetik sortutako eragozpenena.
C.1. Sexuarekiko ikuspegia
Sinbolo batekin eman nahiko genioke hasiera. Loreen sinboloarekin. Juan Mari Lujanbiok primeran daki zein boteretsua den nesken "petxuaren gaineko lore-pilla". Lorea, orohar, hastapen pasiboaren sinboloa baita, zeruko ekitaldien harle, bere petalo irekien artean euri tanta eta ihintza... guzti horrek daraman zama erotikoarekin.
Horrekin batera, oinarrizko hastapenetako naturari dagokion amodio eta armoniaren sinbolo, haurtzaroarekin eta egoera edenkorrarekin lotuko genuke. Bestalde, eta Lujanbioren kezka izugarria gehiago areagotzeko, hor daukagu taoisten "urrezko lorea", egoera espiritual baten esperoan dagoenaren lekuko: loraketa barne-alkimia baten ondorio izango da: esentzia eta hatsaren, ura eta suaren bat egitearena. Lorea eta bizitzaren elixirra bat egiten dira: loraketa erdigunera itzultzea da, batasunera, hastapenetako egoerara.
Ez dakigu zentzu horretan ikusiko zuen Lujanbiok irudi zorabiakorra ala zelten munduak ematen dion egonkortasun ezaren aldetik, ez emakumeari bakarrik baizik izeki orori dagokiguna, etengabeko eboluziora kondenaturik baikaude, lorearen edertasun iheskorra bezala.
Beharbada, lorearen zentzu erotikoari lotuko zitzaion batez ere, maya zibilizazioan bezala; sexu-harremanen sinbolo baita, eguzkiaren rola hartuz oinarrizko eguzki-ilargi hierogamian.
Hortik zertxobait urrutiago geldituko litzateke zibilizazio aztekaren ikuspegia, loreetan unibertsoaren aniztasuna jarriz: Jainkoen dohaien edertasuna, aro kosmogonikoen joan etorri erregularra eta jainkoen eta gizonen arteko harremanak sinbolizatuko lituzkeena, lorea harreman horien nolabaiteko neurria baita. Agian Lujanbiok, eta berarekin batera sexuaren erakartasun izugarria adierazteko, loreak, emakumearen bularrean kokaturiko loreak, zeukan indarrari beldur zioten migralariek soberan zekiten naturatik, edonondik begiratzen dugula ere, infinitoa sortzen dela. Apalkiago esanda, gauza txikitan ikusten dela haunditasuna, miresteko ahalmena galdu ez duenarentzat behintzat.
Ernaldu, loratu eta hazten den orotan somatzen dugu bizitzaren miraria eta lorean, zeinu iheskorra izanagatik ere, gorputz hartzen du, ezkutuko idazkera ideografikoa bailitzan, aldagaitzak. Ejipziarren aintzineko kosmogoniak adierazten duenaren arauera, lotoa, hasierako lorea; alde batetik lurretik sortu baitzen eta eguzkitik bestetik.
Baina garbi dago sexualitatearen garapen ongarri eta orekatua guztiz zaila gertatzen zitzaiela gure migralarien arteko asko eta askori, beraien ikuspegiagatik haina bizitzea egokitu zitzaien bakardade egoeragatik.
"Argentinan badabiltza
neskatxa-kuadrillak,
tontuak engaņatzen
bastante abillak.
Soņeko motzak eta
bistan pantorrillak,
petxuaren gaņian
oien lore-pillak!...
eroturik dabiltza
oiekin mutillak". (1)
|
Dudarik gabe sexuaren izakiaren bikoiztasuna ikusten zuten; eta, agian gehiago oraindik, izakiaren bipolaritatea, bere barne tentsioa.
Ez dakigu, ez baitigute adierazi, nola ikusten zuten bat-egite sexuala, batasunaren bilakuntza sinbolizatzen duena, tentsioaren baretzea, izatearen burutze betea. Migralarien artean nekez aurki daiteke batasun adierazgaitza kanta dezakeen poema erotikorik.
Dena dela, Juan Mari Lujanbiok berak utzi digu idatzita batzuren jarrera emakumeekiko.
"Neronek ikusi det
lengo igandian
neskatxa oiek nola
ibillitzen dian;
bi zentabo etziran
ariyen mendian,
mutillen bolsillotik
bueltako tranbian...
Jaungoikuak badaki
noraino juan dian" (2)
|
Gizon eta emakumea. Izaki guztien batasunaren ezagumenak, zeinen azken oinarria izaki absolutuaren batasunean dagoen, ezin gaitu ezberdintasun sustantzial batzuren ukapenera eraman. Izpirituak eta gorputzak beren legeztapen esistentziala dute; eguna eta gaua konplementatu egiten dira, gizona eta emakumea bezala.
Bertsolarientzat, mundu guztia Jainkoaren ekintza da, bere borondatearena. Eta Jainkoaren sorkari denez, gizona kreakuntzaren tentsio barruan dago. Zerua eta lurraren artean bizi da, eguna eta gauaren artean; behin baino gehiagotan, lurrean narraztaka dabilen sugearen antza du eta zeru gainean hegaka dabilen arranoarena. Izakiaren polo batetik bestera, gizona Mikel Deuna eta Luzifer zelatari mistikoek ordeztatzen dituzten poloetan dago. Baina biek Jainkoagan dute erroa, espazio eta denborarik gabeko erdigunean.
Pekatuan eroriz, gizonak berak irabazi zuen Jainkoarekiko amodiozko laguntasunaren desagerketa, paradisuaren galera. Geroztik sortzen da berarentzat polaritatea eta ezagutzen du ongia eta gaitza. Geroztik ezagutzen dira Adan eta Eba, gizon eta andre, bere berezitasun sexualean.
Beharbada, lehenengo bikoteak eginiko bekatua ez zegoen sexualitatearen esnatzearekin bakarrik lotuta, baina badira Jainkoaren aginduaren haustea erabakiorra izan zena uste dutenak. Ezin da ukatu azpigune sexuala.
Amodioaren, ernaltzearen eta erditzearen sinbolo den fruitua jatea kultur tradizio askotan agertzen den gauza da. Esanahi hau are eta gehiago indartzen da sugearen itxura falikoarekin, zeina Ebari mintzatuko zaion lehenik. Harrigarria, bantuen mito batetan sugeak gizona liluratzen du lehenik, Jainkoak debekaturiko fruitua jan dezan; eta guztiz esanahikorra da fruta eta emakumearen sexu organoak adierazteko hitz bera erabili izatea.
Pekatuan erortzearen ondorio bezala bihurtu ziren tabu sexu-organoak, santu eta zikinak une berean. Jaso berri den jakituriaren ondoren begiak irekiko zaizkie, piku hostoak hartu eta biluztasuna estaliko dute. Beraz, sexuaren sustrai metafisikoari buruzko susmoek, sentimenduek eta ezagumenak jaso egingo dute gizona animaliaren gainetik.
Erorketarekin hasten da gizonaren egiazko historia; paradisutik egotzia izan ondoren kokatzen da denbora eta espazioan. Orduan hasten da Lujanbioren bertsoek isladatzen duten drama haundia, Calderķn de la Barcak munduaren antzerki nagusia deituko duena. Eta ezin dugu ahantzi izakiaren batasuna sexuen bikoiztasunean burutzen dela. Betidanik antitesiak markatu du harra eta emearen arteko harremana.
Bestalde, gauza garbia dirudi historia aurretik datorkigun emakumea eta landarearen arteko identifikapenari harra eta aberearen arteko lotura dagokiola. Gizona ehizean aritzen da edo maila goragoko abelazkuntzan; andreak, aldiz, basa landareak jasoko ditu eta lurra landuko du gero.
Erlijio politeistatan deidadeak polaritateen eskemaren arauera banatzen dira eta, ondorioz, sexuari dagozkion atributo espezifikoak dituzte. Oihalgintzarako gailuak jainkosen ondoan azaltzen dira eta, aldiz, tximista -harraren sinbolorik bereziena- Jainkoen esku gelditzen da soilik. Pentsatu ere, tximistak osatzen zituela perlak pentsatzen zuten maxkorra urratu eta gero. Eta Alejandriako Klementek berak "Birjiņak tximista Jainkotiarraren bitartez erdituriko" perla zoragarri gisa jotzen du Kristo. Mihien modura igotzen zen suan har-elementoak ikusten zituzten; lurra eta ura, aldiz, emeak ziren.
Unibertsoaren fenomeno, forma eta aldaketa guztiak polaritatearen ikuspuntutik aztertzen dira, harrarekin nahiz emearekin erlazionatuz. Baina ezin dugu ahantzi fenomeno bakoitza bi aldeetatik azter daitekeela, sinbolo bakoitza anbibalentea den bezalaxe. Garra, esate baterako, berotzen duen heinean, har gisa jo dezakegu eta eme bezala elikatzen duen heinean.
Oso ezkutuan bada ere, gure bertsolarien bertsoetan somatu egiten da tentsio hori eta ez da garbi ikusten zernolako irtenbidea ematen zioten Nevadako mendietako bakardadean.
Euren ametsak ere alde horretatik bideratu daitezkeela uste dugu, David Aranbururen bertso hauek adierazten duten bezala.
"Enteratu nauk ondo
bizi zeratela
jan-eran ederrakin
nekerik eztela,
neskatxakin gozatuaz
nai zuten bezala,
urte askuan, motellak
segitu orrela,
gazte izatik eztik
baliyo bestela" (3)
|
Edo, zertxobait geroxeago:
"Gu emen gabiltza geure
onetik aterik,
illabetiak neska bat
ikusi bagerik...
nik eztiat agontzen al
denbora luzerik,
gaņera au osasunak
gonbeni ote dik?
gutxiago irabaziaz
neskakin obe dik" (4)
|
Erotismoa, gai bezala, finezia haundienaz batzutan eta amorruz bestetan, azkeneko bertso honetan, adibidez, bertsolariek ukitzen duten gaia da. "Kantu Ederrenaren" bitartez zaigu ezaguna amodioaren sinbolismoa eta bertatik edan dute bertsolariek, neurri batetan, eta bertatik atera dute beste zenbaitzuek -Donibane Gurutzekoak batez ere- Kristautasunari atxekitu zaion estiloa.
Tradizio luzea da eta Seudo Dionisio Areopagitak San Hieroteoren Goratzarre Erotikoak aipatzen ditu, adibide bezala, non batasun eta lotura gisa interpretatzen den amodio irritsa. Sinbolismo bera aurki daiteke Upanishadetan.
Unibertsalki, bat egite sexuala da lehen hierogamiaren errepikapena, izaki guztiak sortarazi dituen zeru eta lurraren artekoarena. Armoniaren zeinua da, aurkakoen loturarena, emankortasunarena. Uste dugu horrela irakurri behar direla goiko bertsoak.
Aintzineko Ejipton ere, interpretapen sinbolikoak aparte, ez dira falta errepresentazio erotikoak: gizonak eta emakumeak beren sexu-organoen izena hartzen dute eta beren bat-egitea bi hieroglifikoen gurutzapenaren bitartez adierazten da. Ikusi besterik ez dago Isis eta Osirisen besarkadak, ikusi idolo falikoak, larrujotzen dauden jainkoak.
Sarri, erotismoak sexu irritsa edo obsesioa besterik ez du adierazten; halere bizitza-bulkaden izakera inperatiboa erakusten digu bai lizunkeria pornografikoan bai bat-egite barnekoi eta izpiritualenetan.
Horrela ere neska gehiegi kortejatzearen arazoak:
"...Antonek esan ditu
Nikolasen tatxak,
berak ere baditu
aspaldiko mantxak,
ez dizkanak kenduko
urak eta plantxak;
kortejatu zituan
geiegi neskatxak,
gero pasa zitzaizkan
ziņetara txantxak" (5)
|
Bitxia badirudi ere, bertsolari anonimo batek argi pixkat emango digu behin eta berriro iradokitzen ari garenari buruz. Antza denez, baziren pertsona komisionatuak neskak bilatzeko. Bertsolariak ez du begi onez ikusten horien betebeharra, beharbada zintzo jokatzen ez zutelako.
"Zenbait komisionatu
dirade ibiltzen,
aruntz eramateko
neskatxak billatzen;
itz leun batzuekin
dituzte engaņatzen,
orra zer moduetan
diran abek galtzen" (6)
|
C.2. Bizitzari buruzko ikuspegia.
Guk uste dugu migralarien bizitzak eta pentsakerak batasun organiko bat osatzen dutela. Nolabait hain zen baterazlea eta boteretsua euren bizitzako errelato nagusien mundua non ez den halako hauskurarik, artesiarik ikusten.
Beharbada, Jainkoagan oinarrituriko bizitza gezi zentzuemale gisa ulertzen zuten, hastapen ezagun batetik itxaropenezko helmuga "ezagun" batetara; historia zentzuduna, Nietzscheren amaigabeko itzuleratik urruti. Orduan, denboraren iheskortasuna, bizitzaren higadura, onartutako zerbait da, halabeharrez agian eta beste erremediorik ez dagoelako, baina errebeldia zeinurik gabe, beren idaztiek diotenaren arauera bederen.
Beraz, aintzinako "tout passe!" malenkoniatsua jarriko genuke bereizgarririk nagusienetako gisa. Maņex Etchamendyrena da aipatuko dugun bertso saila osoa. Hilerria izango da "tout passe!" horren azalpen adierazkorra.
"Urte zaharrak egina du
bere turra:
Ongaitzekin jautsia da
hil-herrira.
Haren esperantza guziak
galdu dira" (7)
|
Baina horrekin batera, eraginkor gerta dakiguken definizioa eskeintzen digu: argi-iluneko ikuspegi honetan, gizona egitasmo da, geroaren egile.
"Urte berriak on eta gaitz
hartzekoak;
Ederrak asma detzazkegu
gerokoak...
Horrat lerrakor bai bihotzak
bai gogoak" (8)
|
Esperantza, beraz, oinarri, eta edontzia, esperantza horren sinbolo guztiz adierazgarri. Sinbolismo izugarria, ugaritasunarena eta hilezkortasunarena; eta ugaritasunarena sarri emea ematen duen amaren bularrarekin konparatu bada ere (Antuneko idazkun galo-erromatarrak halaxe dio: "grazia darion edontzia da hirientzako esne elikagarria darion bularra"), Ertaroko GRAAL-en sinbolismoa dagokio hobekien, lehenengo esanahi horri hilezkortasunaren elisirra ere atxekitzen baitio.
Edontziak (Graalek Kristoren odola bezala) odola gordetzen du, bizi-hastapena; bihotzaren homologoa beraz, erdigunearena. GRAAL-a etimologikoki edontzia da (grasale) eta liburua (gradale), bere zentzu bikoitza azpimarratzeko: errebelazioarena eta bizitzarena. Etchamendyk hain sarritan ikusi duen eukaristia. Kopak ere horixe adierazi nahi du: atxekitze erritoa (odol batasunarena) eta hilezkortasuna.
"Arno onetik baso bana
dugun edan
Elgarren osagarriari
lorietan,
Esperantza lora dakigun
bihotzetan" (9)
|
Etchamendyk, eta berarekin batera artzai migralariek altxatzen duen kopa salbamen edontzia da, errealitate kultuala eta esker oneko sinboloa, Biblian giza destinoaren arloan jartzen baita bereziki: edontziaren sinboloa: gizonak edontzi gisa hartzen du Jainkoagandik bere destinoa. Onespenez betea izan daiteke (10) edo zigorraren suaz gainezka, (11) orduan Jainkoaren haserrearen edontzi bilakatzen delarik. (12)
Etchamendyk, dudarik gabe, bietatik lehenengoari ekin nahi dio. Eta hori, Jainkoak bakarrik eman diezagukeela zoriona dakienaren jarreran.
"Funtserat-eta agur diot
urteari,
Gomendatzen diotalarik
Jainkoari;
Harek du bakarrik eginen
xoragarri" (13)
|
C.3. Hizkuntz aldetiko arazoak.
Lehen ere nolahala ukitu degun puntu honi amaia emateko, berriro ere J.R. Zubillagaren esperientziara joko dugu, Hego Ameriketan izandako esperientziara. Dudarik gabe Ipar Ameriketako mortuetara etorri ziren artzaiek ere halako arazoari aurpegi eman behar izan zioten, baina, gure ustez, elkarte itxiagoan, hurbilagoan, lehenengo kapituluan honela deituriko "gizarte ahalik eta euskaldunenetan" bizitzen saiatu zirenez, gutxiago somatu zutelakoan gaude. Horrez gainera, bizimodu askoz bakartiagoan ari ziren, Buenos Aires eta Bahia Blancako esne banaketan ari zirenekin konparatzen baditugu.
"Nik erderaz mintzatzen jakin izan banu, atsalde artan ez nuen bada idukiko alako estuasunik" (14)
Estuasun hoiek, dena dela, badirudi hasieratan somatzen zituztela larritasun haundienez, ta eguneroko bizitzarekin lotuta.
"Sartu nintzalarik burdian, toki ugari bazegoan garai artan, eta exeri nintzalarik, burdi-zaia inguratu zitzaidan bide-dirua jasotzeko. Baiņa nik, diru ordez, nere igarobidea luzatu nion, arrekin ordaindua neukalakoan. Burdi-zaiak edo diru-biltzaileak irakurri zuen nere igarobidea, ta par egiņez esan zidan igarobide arrek etzuela balio burdi artan joateko. Erritaldu edo inmigrazioan, goiz artan eman zizkidaten txindi aietako batekin, nik ordaindu nuen amar zentabo balio zuen bidea" . (15)
Hurrengo gertakizunak gaur egungo edozein migralari kanpotarrari gerta dakiokeen arazoarekin jartzen gaitu, umore klabean gainera.
"Mutil arrek esaten zidan bide-kutxak edo baulak nun zeuden baņa nik ongi ez nion entzuten, aien tokia nun zegoan. Alaxe, mutillari bere besotik artuta, altxatu-arazi nion alkitik, eta mutil arek eraman ninduan nere bidezorroa zegoan tokira". (16)
Oharrak:
1 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 91. orr.
2 Ibidem, 91. orr.
3 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 272. orr.
4 Ibidem, 272. orr.
5 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 129. orr.
6 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 50. orr.
7 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 94. orr.
8 Ibidem, 94. orr.
9 Ibidem, 95. orr.
10 Salmoa 16,5
11 Salmoa 11, 6
12 Apok. 16,19
13 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 94. orr.
14 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 115. orr.
15 Ibidem, 115-116. orr.
16 Ibidem, 117. orr.