IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ameriketak eta bertsolariak »  f. Ameriketako errealitatearen ikuspegi orekatua

f. Ameriketako errealitatearen ikuspegi orekatua

F. AMERIKETAKO ERREALITATEAREN

IKUSPEGI OREKATUA





Nahiko lan makurra da ispiluaren bi alderdiak isladatzen dituen ikuspegia aurkitzea gure migralarien idaztietan. Batzutan alde baikorra ere margotzen dutela ikusi badugu ere, garbi dago gehienetan askoz espazio gehiago hartzen dutela espazio beltz eta ilunek. Paulo Yanzirengan aurkitu dugu, alde onak eta txarrak nahiko orekaz ematen dituen bertsoa.

"Josetxo, gauza txarrak
badauzka mendiyak,
ondo zaitutzekotan
aurreko ardiyak;
artzaiari tristatzen
zaizkiyok begiyak
ikusten dituelakoz
kontrariyo aundiyak;
elur ta uriyak,
askotan bustiyak
gañ eta azpiyak
ok dira egiyak;
bañan saria artzian
urre gorriyak" (1)


Paulo Yanziren bertsoa irakurri ondoren zera ematen du, euria jotzen duela, onerako eta txarrerako, oreka horren sinbolo gisa, bera izanik larrentzako janari eta bera, sarri, artzaiarentzat etsai.

Badirudi Euskal Herri euritsutik etorritako gizonak normaltzat hartzen duela garaiz etorri behar duen euriaren presentzia eta agian ez dio behar hainako garrantzia ematen lurrak zerutik jaso dituen eraginen sinbolo pozgarri honi.

Nola ukatu euria dela lurra emankor bihurtzen duen ajente ernalkorra! Seguraski ondino buruan izango ditu aberri urrutian euri eske egiten ziren errogatibak.

Guk badakigu euriaren indar ernalkor hori beste zenbait arlotara ere zabal daitekeela. Indrak, tximistaren Jainkoak, euria ematen die soroei, baina bera da abereak eta emakumeak ernaltzen dituena. Ezin dugu Danaeren eletzar grekoa ahantzi. Haurdun gera ez dadin bere aitak altzeiruzko sotoan giltzapetuta dagoelarik, Zeusen bisita izango du, sapaitik sartzen den urrezko euri gisa. Euri honek ernalduko du.

Beraz, esperantza gisa hartutako euriaren sinbolismo sexuala eta loratzeko euria guztiz beharrezko duen landaretzaren sinbolismo agrarioa, biak estu lotuta daude.

Tradizio amerindien arabera, ekaitzaren jainkoaren hazia da euria, beraxe hazi ernalkorra zeru-lurraren hierogamian. Horregatik deiadarkaten du Itzanamek, mayen teogoniako jainko laborariak: "Ni naiz zeruaren sustantzia, hodeien ihintza".

Guzti honek zera, haruntzako bizitzaren eta paradisuaren esperantza duten herriak bizitzaren uraren izakera jainkotiarraz mintzatzen direla eta badakitela osasuna eta hilezkortasuna ematen diguten edariak jainkoen mundutik datozela adierazten du: hinduen soma, grekoen nektarra, Eddako zuhaitzari darion ur-eztia, Nazareteko Jesusen azken afariko ardoa... Ur zerutiarra argien erreinuko garaieratik dator, iluntasunen hondoenaraino jaitsi eta ostera izarren gainean dagoen erresuma argitsura itzultzen da. Ez da harritzekoa tradizio batzuk "uraren argia"-z hitzegitea.

Baina ura arra nahiz emea izan daitekeenez, goitik jaitsi ala hondoenetik sortu, bizitza ekar dezake eta baita heriotza ere.

Horregatik daude uholdeei buruzko tradizioak uraren alde txarrarekin lotuta. Beharbada, gure gaurko ikuspegitik gizadiak deuseztatzeari dion oinarrizko beldur baten adierazpena izango litzateke eta bizitzaren azken berriztapenaren esperantzarena.

Eta, bien artean, mendiko bakardadean bizi den artzainari egiten dion eragozpen puntualarena.

Oharrak:

1 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 121. orr.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org